Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 22 iraila, 2022 Nazioartekotzea BasqueTrade & Investment

“AUZOLANA buruan eta ibili munduan”: INTERGUNE 2022 urriaren 26 eta 27an egingo da BECen

Nazioartekotzeko Adimena eta Lankidetza: euskal instituzio, erakunde eta enpresei zuzendutako topagune honek ezagutzera emango ditu aukera berriak eta Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu, argitalpen nahiz laguntzei buruzko informazio baliotsua    
  • BasqueTrade & Investment-SPRI Taldearen Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen Sailak antolatu dute ekitaldi hau
  •  Intergunek aukera emango du harremanetan jartzeko finantza-zerbitzuak eskaintzen dituzten erakundeekin, merkataritza-ganberekin, foru aldundiekin, ICEXekin, kluster eta elkarte sektorialekin edo aholkularitzekin
  •  Konpainien erronkak aztertuko dira nazioartekotze arloko adituekin eta baita ere Kanpo Sareko kideekin eginiko bilera pertsonalen bidez, tresna eta konponbide indibidualizatuak eskaintzeko
  •  Hitzordua urriaren 26 eta 27an izango da, eta zabalik dago izena emateko epea

Intergune 2022, euskal enpresen Nazioartekotze Foroa, urriaren 26 eta 27an egingo da Bilbao Exhibition Centre-n (BEC). Hauxe da atzerrira irteteko bokazioa duten konpainien topagune nagusia, eta bertan biltzen dira Eusko Jaurlaritzak SPRI Taldearen bitartez alor horretan eskaintzen dituen zerbitzu, finantzaketa-aukera eta laguntza guztiak. Zabalik dago izena emateko epea.

Ekitaldi hau BasqueTrade & Investment-SPRI Taldearen Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak antolatu dute. Foro honek mundu osoko enpresa-liderrak, nazioarteko adituak eta arduradun politiko nahiz akademikoak biltzen ditu, munduko ekonomiaren egoeraz eta perspektibez eztabaidatzeko.

AUZOLANA buruan eta ibili munduan: Nazioartekotzeko Adimena eta Lankidetza

Intergune 2022 ekitaldiak aukera emango du harremanetan jartzeko hogeita hamar bat erakusketarirekin, hala nola banku-erakundeekin, finantza- eta aseguru-zerbitzuak eskaintzen dituzten erakundeekin, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako merkataritza-ganberekin, hiru lurralde historikoetako foru aldundiekin, Kanpo Merkataritzako Institutuarekin (ICEX), klusterrekin, elkarte sektorialekin edo nazioartean espezializatutako aholkularitza enpresekin.

Deialdia bereziki zuzentzen zaie enpresa esportatzaileei, dagoeneko atzerrian kokatuta daudenei eta enpresa multilokalizatuei, baina baita ere oraindik nazioartekotzeko jauzia egin ez dutenei. Aldi berean, foroaren bidez erakarri nahi dira nazioartekotzearekin lotutako eragile publiko eta pribatuak, eta baita ere euskal enpresek eskatzen duten nazioarteko espezializazioa ezagutu nahi duten ikasleak.

Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea

BasqueTrade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak ekitaldi hau aprobetxatuko du bere ekintza-plan berria eta haren baitako programak, zerbitzuak eta jarduerak azaltzeko. Helburua da euskal enpresen produktuak eta zerbitzuak kanporatzeko proiektuak bultzatzea.

Intergune 2022 ekitaldiaren beste xede bat da euskal enpresaren erronkak aztertzea, abiapuntutzat hartuz nazioartekotze arloko adituen ezagutza. Hitzordu honek aukera ematen du harreman indibidualizatua izateko Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Sareko adituekin eta nazioartekotze arloko beste profesional batzuekin, enpresa bakoitzak bere beharretara ondoen egokitzen diren tresnak eta konponbideak eskuratu ditzan. Era berean, aztergai hartuko da munduko egoera geopolitikoa, eta baita ere nola egin behar dieten aurre enpresek azken joerei eta gertaerei.

Sektore estrategikoentzako tailerrak

Enpresei baita ere eskainiko zaizkie sektore estrategikoetara bideratutako tailerrak, besteak beste energia berriztagarriei, osasunari eta biozientziei edo manufaktura aurreratuari buruzkoak. Eta barne hartuko dituzte sektore garrantzitsuenetako batzuk, euskal enpresek nazioartean lortutako protagonismoagatik nabarmentzen direnak, hala nola automobilgintza, makina-erreminta, aeronautika eta IKTak. Hori guztia sinergiak sortzeko, lankidetza-sareak ehuntzeko eta ezagutzak partekatzeko, sektore bakoitzean lider diren enpresekin egingo den networking gune baten bitartez.

Egitarauan jorratuko diren gai espezifikoen artean aipatzekoak dira Europako automobilgintza industriaren trantsizio teknologikoa, trantsizio energetikoaren aro berria EBn edo ingurumenaren eta biozientzien euskal sektoreentzako aukerak. Era berean, arreta berezia eskainiko zaie Asian hedatzeko aukerei, eta batik bat fokua jarriko da Korea, Turkia, Japonia eta Indiako merkatuetan.

Talent Spot: Ride the Global Wave

Enpresak nazioartekotzeko ibilbide profesionalak: Intergunek aukerak emango dizkie berriro ere kanpo-proiekzioko erronka berriei heldu nahi dieten gazte nahiz enpresei.

Talent Spot –INTERGUNEren barruan antolatuko den “Talentu Foroa”- beraizik zuzentzen zaio talentu gazteari, urrats hori emateko azken bultzada bat behar dutenei: gure harrobiko profesionalak lehen mailako enpresentzat.

Gune honetan hizpide hartuko dira laguntza-tresna publikoak (besteak beste “Beint” eta “Global Training”), eta atzerrira irteteko unibertsitate-tresnak, eta baita ere Euskadira itzultzeko erronkak eta laguntzak.

Azkenik, aipagarria da ALUMNI SAREAren aurkezpena. Plataforma berri horrek bere baitan biltzen ditu esperientzia eta ezagutza, eta komunitate bateko kide izatearen abantailak eskaintzen ditu.

 

Lotutako albisteak

25 Marzo, 2024 Nazioartekotzea
100 urteko esperientziak gainazalen tratamenduaren sektoreko erreferente bihurtu du JAZ
Irakurri gehiago
WindEurope Inauguración 21 Marzo, 2024 Basque Trade & Investment
Basque Trade & Investment-ek enpresen arteko networkinga sustatuko du sektore eolikoan Wind Europe 2024 topaketan
Irakurri gehiago
21 Marzo, 2024 Basque Trade & Investment
Basque Trade & Investment-ek 100 beka atera ditu nazioartekotzearen arloko profilak prestatzeko
Irakurri gehiago
Australia Basque Trade 19 Marzo, 2024 Basque Trade & Investment
Euskadik energia berriztagarrien Australiako merkatura zabaldu du bere etorkizuna
Irakurri gehiago
14 Marzo, 2024 Basque Trade & Investment
Kanpo merkataritzari buruzko prestakuntza behar duzu? Eman izena lehenbailehen nazioartekotzeko BEINT beketan
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak