Albisteak 2 Marzo, 2023

Antec, liderra airesorgailuentzako balazten mundu mailako merkatuan

Portugaleteko ETEak Marcelo Gangoiti saria jaso berri du berrikuntzaren alde egin duen apustuagatik
-

Euskadiko airesorgailuen sektorean erreferentziazkoa den ETEetako bat Portugaleten (Bizkaia) kokatuta dago 1961etik. Antec famili enpresaz ari gara, zeina haize-errotentzako balazten diseinu eta fabrikazioan espezializatuta baitago. Jarduera horrek mundu mailako lider izatera eraman du, eta berriki Marcelo Gangoiti saria jaso du sariketaren 26. edizioan, berrikuntzaren alde egin duen apustuagatik. Konpainia hau 2006an hasi zen atzerriko merkatuetan ezarpenak egiten, eta orain 50 herrialde baino gehiago (besteak beste Frantzia, Alemania eta Estatu Batuak) barne hartzen dituen sare komertzial bat dauka. Antec-en ekoitzitako milioi erdi bat balazta baino gehiago daude martxan mundu osoko turbina eolikoetan, dio Javier Zarauz enpresako zuzendari komertzialak.

 

Testuingurua jartze aldera: zertarako balio du balazta batek airesorgailu batean?

Lehenik eta behin, kontuan izan behar da airesorgailu baten barruan errotaziozko hainbat sistema daudela, eta errotazioa dagoenean, normalean, balaztatze-sistemak ere beharrezkoak izaten direla mugimendu hori geldiarazteko. Antec espezialista da bi motatako sistemetan: hegalak edo errotorea balaztatzeko sisteman eta gondola edo yaw delakoaren biraketa-mugimendua balaztatzeko sisteman. Errotoreari dagokionez, badaukagu balaztatze-sistema aerodinamiko bat, zeinaren bidez hegalek euren ardatzean biratzen baitute pixkanaka abiadura galdu dezaten. Ondoren, ia geldirik daudenean, balazta bat edo gehiago akzionatzen dira, normalean hidraulikoak direnak. Hala, hegalak guztiz geratzen dira eta geldirik jarraitzen dute, esaterako, mantenimenduko operazioak egin bitartean. Azken balazta mota hori diseinatzen eta fabrikatzen dugu guk, hau da, balazta hidraulikoa.

Beraz, esan liteke pieza kritikoa dela airesorgailu baten funtzionamendurako…

Hala da. Kontuan izan behar da airesorgailuak bi norabideetan biratu behar duela egunero, beti haizearen araberako orientazioa izateko. Bada, orientazio hori abiadura konstante eta kontrolatuan egin behar da, eta hori lortzeko hainbat balazta kokatzen dira dorrearen diametro osoan. Horiei esker, airesorgailua egonkor mantentzen da haizearen norabiderantz orientatzen denean. Balazta horiek bereziki kritikoak dira, beti daudelako martxan, dela presio baxuan haizearen norabiderantz orientatzeko edo dela presio altuan dorreari eusteko, hau da, beti daude funtzionamenduan eta, hortaz, eskakizun handiak bete behar dituzte etengabe funtzionatu ahal izateko. Mota horretako balaztak hidraulikoak edo mekanikoak izan litezke, edo bi metodoak konbinatuz eginikoak.

Onshore edo offshore sorgailuentzat egiten dituzue sistema horiek?

Gure sistemek berdin funtzionatzen dute onshore nahiz offshore airesorgailuetan. Gaur egun, onshore merkatua da garrantzitsuena, hartara bideratzen baitira munduan egiten diren airesorgailu gehienak, baina argi dago offshore merkatuak hazteko joera duela, eta hor airesorgailuak indartsuagoak direnez, balazta kopuru handiagoa behar da.

Zenbat haize-errota behar dira, adibidez, 100 MW inguruko parke bat sortzeko?

Airesorgailu baten potentzia zenbat eta handiagoa izan (offshore sorgailuek 15 MW inguru dituzte jadanik), orduan eta unitate gutxiago instalatu behar dira parkeak guztizko potentzia jakin bat izan dezan. Hau da, duela urte batzuk 100 MW inguruko offshore instalazio batean 5 MW-ko 20 bat airesorgailu behar ziren; gaur egun, ordea, baldintza logistiko eta klimatiko egokiak badaude, nahikoa litzateke 15 MW-ko zazpi airesorgailurekin.

Zerk bereizten zaituzte besteengandik?

Antec-en balio bereizgarri nagusiak dira produktuaren fidagarritasuna eta salmenta ondorengo zerbitzua. Lehen esan bezala, balazta-sistema gehienak hidraulikoak dira eta, balaztatu behar dutenean balaztatzeaz gain, garrantzitsuena da ihesak saihestea. Zeren, demagun, ihes bat dagoela itsasertzetik 15 kilometrora dagoen offshore parke batean, soilik itsasontziz edo helikopteroz iritsi daitekeen toki batean, eta gainera aldian-aldian gertatzen dela, baldintza klimatikoen arabera. Horrek sekulako produktibitate-galera eragingo luke, eta konponketa gastu handiak ere bai. Beraz, balaztak diseinatu, baliozkotu, fabrikatu eta probatzeko prozesu guztia biziki garrantzitsua da, horrela bermatuko baita funtzionamendua egokia dela eta ez dela gertatuko aipatu duguna bezalako egoerarik.

Baduzue elementu bereizgarri gehiago?

Beste balio bereizgarri garrantzitsu bat da industria eolikoko hornitzaile globala garela. Arreta eman diezaiekegu Europan, Asian zein Amerikan dauzkagun bezeroei Bizkaia, Txina eta Brasileko lantegien bitartez.

Zuena multinazional bihurtutako famili enpresa bat da, oraindik ere erroak Portugaleten dituena. Zergatik?

Hirugarren belaunaldiak gidatutako famili enpresa bat gara, beti apustu egin duena dibertsifikazioaren eta nazioartekotzearen alde, baina, aldi berean, beti eutsi diona Antec Taldearen (Ingeniaritza, Merkataritza eta Finantza arloak barne) erabaki zentroa Portugaleteko instalazioetan mantentzeko hautuari. Gainera, bertan daukagu gure hiru produkzio-lantegietako bat; horrek laguntzen digu gure erroak bertan atxikitzen, gure ingurunearen garapen sozio-ekonomikoa sustatzen, enplegua sortzen eta berrikuntzaren eta ingurumena zaintzearen aldeko apustua egiten.

Zeintzuk dira konpainiaren epe laburreko helburuak?

Gure helburua da balio erantsi handiko produktu fidagarri baten aldeko apustua egiten jarraitzea, argi eta garbi offshore merkatu eolikora zuzenduta. Esan dezagun gaur egun onshore merkatua gehiago zentratzen dela prezioan, eta offshore merkatua, berriz, fidagarritasunean, sentsorizazioan eta besteak beste monitorizazioan. Hau da, merkatu horrek ez bakarrik ematen dizu aukera produktua berritzeko eta hobetzeko, baizik eta exijitu egiten dizu.

Nolako intzidentzia izango du parkeen mantenimenduko arloak zuen Plan Estrategikoan?

Parkeen mantenimendua gure negozioaren parte bat da, eta hazten jarraitu nahi dugu arlo horretan. Urtetik urtera gero eta potentzia instalatu gehiago dago, eta beraz, airesorgailu gehiagoren mantenimendua egin behar da: balaztak aldatu, pastillak aldatu, konpondu, etab. Proiekzio handiko negozio garrantzitsua da guretzat epe ertain eta luzean, bai Estatuan eta bai nazioartean.

Zuen jarduera (balaztak) airesorgailuen merkatura mugatzen da?

Antec-en bestelako balaztak ere ekoizten ditugu: industriarako, tona askotako zamak mugitzen dituzten garabietarako edo zinta garraiatzaileetarako. Hortaz, arlo horretan gure helburua da nazioarteko merkatuetan hazten jarraitzea, hala nola Alemanian, Estatu Batuetan edo Txinan. Eta aplikazio elektromagnetikoak garatzen dituen Antec Magnets dibisioari dagokionez, apustu bat egin dugu eta bestelako produktuak garatzen hasi gara Europako eta Euskadiko (Hazitek programaren barruan) funtsak baliatuz: energia elektrikoa biltegiratzeko sistemak, adibidez SMES (Superconducting Magnetic Energy Storage) biltegiratzaile super-eroaleak, itsasorako aplikazioak dituzten inertzia-bolanteak, eta baita ere abiaziorako motor elektriko super-eroaleak.

 

 

Lotutako albisteak

Euskal  sektore  aeronautikoa  Txinara  joan  da  Asiako  merkatua  gertutik  esploratzeko
25/06/2025 Nazioartekotzea

Euskal sektore aeronautikoa Txinara joan da Asiako merkatua gertutik esploratzeko

Euskal enpresa-ordezkaritza bat herrialde hartan dabil bisitari aste honetan, Basque Trade lagun duela, industria horretako eragile estrategikoekin harremanak finkatzeko

Euskadiko  ikerketa-azpiegiturak  indartzen  Azpitek  programarekin
25/06/2025 I+G+B

Euskadiko ikerketa-azpiegiturak indartzen Azpitek programarekin

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak atera berri du Azpitek laguntzen programa berri bat, alegia, azpiegiturak eta ikerketa-ekipamenduak eskuratu, instalatu eta eguneratzen laguntzera bideratutako ekimena. Programa hori bat dator 2030erako Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planarekin (ZTBP 2030), eta haren helburua da I+G+b garatzea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren...

Japoniako  Gobernuak  goi  mailako  bisita  instituzionala  egin  du  Euskadira  berrikuntza,  energia  eta  lurralde-garapen  arloko  lankidetza  indartzeko
24/06/2025 Nazioartekotzea

Japoniako Gobernuak goi mailako bisita instituzionala egin du Euskadira berrikuntza, energia eta lurralde-garapen arloko lankidetza indartzeko

Bisita ofizial hau Fukushimako prefekturak eta Eusko Jaurlaritzak energia berriztagarrietan, garapen jasangarrian eta elkartruke instituzionalean oinarrituta 2019an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan kokatzen da.

Zabalik  dago  jadanik  Europatik  kanpoko  eskualde  estrategikoekiko  lankidetza-proiektuetarako  laguntzak  eskatzeko  epe
23/06/2025 Nazioartekotzea

Zabalik dago jadanik Europatik kanpoko eskualde estrategikoekiko lankidetza-proiektuetarako laguntzak eskatzeko epe

Eskabideak, uztailaren 10a baino lehen

Eusko  Jaurlaritzak  Tzitzikostas  komisarioaren  aurrean  defendatu  du  eskualdeek  automobilgintzaren  sektorearen  eraldaketan  duten  funtsezko  zeregina

Eusko Jaurlaritzak Tzitzikostas komisarioaren aurrean defendatu du eskualdeek automobilgintzaren sektorearen eraldaketan duten funtsezko zeregina

Andoitz Korta industriako sailburuordeak parte hartu du Estrasburgon egindako Automobilgintzarako Eskualdeen Aliantzaren Konferentzian

Eusko  Jaurlaritzak  70  milioi  euroko  zuzkidura  duten  Emaitek  Industria  Hobea  eta  Azpitek  programak  onartu  ditu,  Zientzia,  Teknologia  eta  Berrikuntzaren  Euskal  Sareko  zentro  teknologikoei  laguntzeko
17/06/2025 I+G+B

Eusko Jaurlaritzak 70 milioi euroko zuzkidura duten Emaitek Industria Hobea eta Azpitek programak onartu ditu, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologikoei laguntzeko

Bi programa horiek 58,5 eta 9 milioi euroko zuzkidura dute, hurrenez hurren, eta foku anitzeko zentro teknologikoen emaitzak eta gaitasunak hobetzea eta merkatura bideratzea dute helburu

Euskal  enpresek  Marokoko  automobilgintza  sektorea  esploratu  dute  web-mintegi  batean
16/06/2025 Nazioartekotzea

Euskal enpresek Marokoko automobilgintza sektorea esploratu dute web-mintegi batean

Web-mintegiak, hedatzeko, esportatzeko zein lehiatzeko aukerengatik Maroko merkatu estrategikotzat jotzen duten osagaien sektoreko (TIER 1, 2 eta 3) eta makineriaren sektoreko euskal enpresei zuzenduta

Euskadik  eta  Australiak  harremanak  estutu  dituzte  industriaren  eta  energiaren  arloan

Euskadik eta Australiak harremanak estutu dituzte industriaren eta energiaren arloan

Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak aldebiko bilera egin du gaur Rosemary Morris-Castic Australiako enbaxadorearekin

Europar  Batasunak  zigor  ekonomiko  eta  energetiko  berriak  onartu  ditu  Errusiaren  aurka
10/06/2025 Nazioartekotzea

Europar Batasunak zigor ekonomiko eta energetiko berriak onartu ditu Errusiaren aurka

Hamazazpigarren neurri-sorta honek Ukrainako gatazkari lotutako ontzi eta erakundeei eragingo die, eta pixkanaka-pixkanaka Errusiako erregai fosilekiko mendekotasuna ezabatzea aurreikusi du

Poloniako  Wielkopolska  eskualdeak  berrikuntza  eta  transferentzia  teknologikorako  ereduak  esploratu  ditu  Euskadin
10/06/2025 Nazioartekotzea

Poloniako Wielkopolska eskualdeak berrikuntza eta transferentzia teknologikorako ereduak esploratu ditu Euskadin

BasqueTradek hartutako misio hau bat dator agentziak euskal enpresen nazioartekotzea sustatu eta Europako eskualdeekiko lankidetza bultzatzeko finkatua duen helburuarekin.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.