Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 18 urtarrila, 2019 Nazioartekotzea BasqueTrade & Investment

Ainhoa Ondarzabal: “Estrategia bat jarriko dugu martxan Afrikan, arlo multilateralean eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzeko”

Elkarrizketa El Economista egunkarian Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren zuzendariari

 

Elkarrizketa El Economista egunkarian Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren zuzendariari

 

El Economista egunkariko kazetari Maite Martínezek elkarrizketa egin dio Ainhoa Ondarzabali, enpresen nazioartekotze-politika osoa kudeatzen duen Eusko Jaurlaritzako Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren zuzendariari. Nazioartekotzeko Euskal Agentzia 2018ko urtarrilaren 1ean abiarazi zen eta pixkanaka bere baitan txertatu ditu Euskadiko Administrazio Orokorreko nahiz SPRI-Enpresen garapenerako euskal agentziako giza-baliabideak, baliabide teknikoak eta ekonomikoak. Urtebeteren buruan, prozesua arrakastaz gauzatu da eta une honetan, Agentziak zerbitzu-zorro segmentatu eta pertsonalizatua eskaintzen du, programa guztiak berrantolatu ditu eta tresna berriak sortu ditu ETEentzat, batez ere, merkatu gorakorretan eta azterketa-prozesuan dauden merkatuetan sartzen laguntzeko. Basque Trade & Investment agentziako zuzendari nagusi Ainhoa Ondarzabalek aurreratu duenez, Kolonbia, Mexiko, Argentina, Txina eta Afrikako kontinente osoa izango dira Agentziaren estrategiaren jomuga 2019ko ekitaldi honetan, eta ekintza zehatzak garatuko dira.

 

Zein da euskal enpresen posizionamendua atzerrian?

Orain arte enpresak hasiberriak izan dira nazioartekotze-prozesuetan eta oso zerbitzu orokorrak behar izan dituzte, hala nola, merkatu- nahiz sektore-azterketak, hornitzaileak eta agenteak bilatzea, e.a. Orain, ordea, enpresa-sare horren zati handiena nazioartekotuta dago eta horrek esan nahi du enpresek beren etxeko-lanak egin dituztela azken 15 urteetan. Euskadin ekonomia irekia dugu, gure BPGaren %30 inguru esportatzen baita, eta 1.250etik gora konpainia dauzkagu mundu osoan ezarrita daudenak: 226 Txinan, 210 Mexikon eta 146 Estatu Batuetan. Gaur egun, ETEek oso zerbitzu desberdinak eskatzen dituzte: merkatuei buruzko informazio kualifikatua, aukera zehatzak identifikatzea erabakiak sasoiz hartzeko eta laguntza jomugako herrialdeetan harremanak egiteko enpresa, sektore nahiz instituzio mailako erakunde eskudun guztiekin.

 

 

Zeintzuk dira Agentziaren jomuga herrialdeak?

Gure planak baditu lehentasun eta arreta-gune geografiko batzuk, Eusko Jaurlaritzaren RIS3 espezializazio adimenduneko estrategiarekin lerrokatuta daudenak eta esportatzen duten enpresetan zentratuta daudenak, horiek direlako gehien hazten ari direnak. Badauzkagu 1. Lehentasun mailako herrialdeak, non baditugun bulegoak, eta Euskadik eurekin egiten du truke komertzial handiena:  Alemania, Italia, Erresuma Batua, Txina, Mexiko, Estatu Batuak; euskal enpresek presentzia handia dute herrialde horietan eta hantxe garatzen ditugu proiektu gehien. 2. Lehentasun mailako herrialdeak dira Frantzia, Brasil, Errusia, India eta Kolonbia, zeintzuek plataforma espezifiko bat baitute Agentziaren barruan. Eta hauek dira aztertzen ari garen herrialdeak: ASEAN, Ekialde Ertaina, Maroko, Japonia, Iran eta Hego Korea.

 

Bilatuko al dira euskal enpresentzako aukerak Afrikan?

Aztertzen ari garen merkatu bat da, badauzka aukerak, eta ekintza zehatzak gauzatu nahi ditugu enpresei Afrikako ateak irekitzeko. Quebec ere antzeko kasua da, dagoeneko badaude sinergiak eta Adimen Unitatearen helburuetako bat da estrategia bat garatzea, datozen bi urteetan ekintza zehatzak gauzatzeko konpromisoarekin. 2019an estrategia bat jarriko dugu martxan Afrikan, askoz sakonago ezagutzeko Kontinentea, eta hortik abiatuta erabakiko dugu zein herrialdetan egingo dugun lan, eremuak mugatuko ditugu eta aztertuko dugu nola has gaitezkeen ekintza zehatzak garatzen. Ghana, Etiopia edo Nigeria herrialde interesgarriak dira eta ahalegina egingo dugu “Basque Country Lizitazioak” plataformak begiak jar ditzan Afrikako arlo multilateralak eskaintzen dituen aukeretan. Study trip formula ere egokia izan liteke Afrikako herrialde batzuetan aukera sektorial zehatzak identifikatzeko. Euskadik Marokorekin egiten ditu truke komertzial gehien eta euskal enpresek badute presentzia hango merkatuan, baina bilakaera desberdina da sektoreen arabera.

 

Badago nabarmentzeko moduko beste merkatu interesgarririk?

Bai, Txina. Ez da merkatu berria, dagoeneko 226 ezarpen dauzkagulako bertan, baina herrialdea aldatzen ari da eta euskal enpresek Txinan duten presentzia ere bai. Euskal enpresak 2004an hasi ziren han ezartzen, beste merkatu batzuetarako fabrikazio eta salmenten goraldiarekin batera; Danobat, Mondragon eta Gestamp bezalako enpresak indartu egin dira merkatu hartan eta instalazioak zabaltzen ari dira. Gainera, orain Txinan bertan fabrikatzen dute Txinako merkaturako. Txinak 1.000 milioitik gora biztanle ditu eta %7-7,5eko erritmoan ari da hazten, oso urrun garai bateko %15eko hazkundetik; izan ere, ekonomia aurreratu batek bezala garatu nahi du, balio erantsiko produktuak fabrikatuz, digitalizazioan eta 4.0 arloan indartuz, eta soldatak ere igo dira. Euskal enpresa horien meritua da jakin dutela beren txokoa aurkitzen, kontuan izanik zein zaila den Txinan saltzea txinatarra izan gabe. Laguntzak, tokiko bazkideak, joint-venture formulak edo ezagutzadun lantalde txinatarrak bilatu dituzte merkatuan sartzeko pentsaera eta ikuspegi txinatarrekin. Eta hor dago Txinako bulegoa ere, historikoetako bat gure sarean. Txinako merkatuak aukerak eskaintzen ditu hainbat sektoretan, esaterako, ingurumenarenean, batik bat kutsaduragatik eta araudi aldaketagatik: sostengarritasunarekin lotutako produktu, zerbitzu eta teknologiak, energia berriztagarriak, e.a.  Euskadik potentzial handia du arlo horietan, eta hala Agentziatik nola Energia Klusterretik animatzen ditugu euskal enpresak horrelako proiektuetan parte hartzera.

 

Zeintzuk dira 2019 hasiberri honetarako erronka garrantzitsuenak?

Oso zentratuta, pertsonalizatuta eta segmentuka lan egitea, ez bakarrik merkatuekin, baita ere bezeroekin, haiengandik hurbil. Saiatuko gara enpresenganaino iristen modu integralean, programak eta zerbitzuak eskainiz. Zerbitzu-zorro berri bat diseinatu dugu, eta programak birdiseinatzen eta berrantolatzen hasi gara, bost gai desberdinetan oinarrituta: esportatzeko potentziala duten ETEentzako laguntza, eskuarki esportatzen duten ETEentzako laguntza, enpresa arteko lankidetzaren sustapena, atzerriko ezarpenetarako laguntza eta talentuaren bektorea. Zentzu horretan, gogoratu nahi dut bi beka programa dauzkagula eta nazioartekotze arloko prestakuntza ematen diegula urtero 500 gazteri, 100 nazioartekotze-beka eta 400 Global Training mugikortasun-beka eskaintzen ditugularik. Programa horien helburua da enpresei langile kualifikatuak eskaintzea eta talentuaren arloan lan egiten jarraitzea. Beka horien gutxieneko epea 6 hilabetekoa da eta gehienezkoa 12 hilabetekoa, eta egin daitezke Brasilen, Mexikon, Estatu Batuetan, Txinan edo Japonian, besteak beste.

Lotutako albisteak

21 otsaila, 2024 Nazioartekotzea
Inmaculada Ugarteche (Uniport Bilbao): “Erronka guztietara egokitzen jakin izan dugu, merkataritzak funtziona dezan lagunduz”
Irakurri gehiago
30 Azaroa, 2023 Berrikuntza
Pablo Izeta, Bellota Herramientaseko zuzendari nagusia Europa, Asia, Afrika eta Lationamerikan
Irakurri gehiago
23 urria, 2023 Basque Trade & Investment
Iñigo Alonso: “Urtero, mundu osoan produzitzen ditugun elikagai guztien heren bat alferrik galtzen da”.
Irakurri gehiago
17 urria, 2023 Basque Trade & Investment
Worldpats: “Gure helburua da atzerrira lan egitera doan langilea ahalik eta azkarren produktiboa izatea, beste kontu batzuez arduratu gabe”
Irakurri gehiago
3 urria, 2023 Nazioartekotzea
Iratxe Las Hayas: “Emakumeok enpresaren erabaki estrategikoak hartzen diren lekuan egon behar dugu”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak