Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 15 urtarrila, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna Adimen artifizial aplikatua programa

Dinycon, ibilgailuen eta pertsonen mugikortasun jasangarria hobetzeko soluzioak garatzen dituen Donostiako ingeniaritza

Enpresak hirietako aparkaleku libreei buruzko datuak ematen ditu, eta SPRI Taldearen adimen artifizialeko programaren laguntza bat jaso du
Roberto García.

Dinycon Sistemas Donostiako ingeniaritza bat da, soluzio teknologikoetan eta hiri inguruneetako ezarpenean espezializatua. Haien zerbitzuek aukera ematen diete gidariei plaza libreak dituzten aparkalekuak ezagutzeko (lurpekoak eta kanpokoak), udalerri bateko hainbat eremutako pertsonen zirkulazioa ezagutzeko edo espazio publikoetako eta ekitaldietako edukiera kontrolatzeko. Adimen Artifizialak azken urte hauetan izandako aurrerapenak mugikortasun adimenduneko soluzioetan aplikatzearen bidez, haren zerbitzuen eskaintza hobetzen eta zabaltzen ari da Dinycon. SPRI Taldearen adimen artifizialeko programaren laguntza bat jaso du enpresak. AAn oinarritutako EAEko enpresen proiektuei laguntzea da programaren helburua. SPRI Taldeak haien proiektuak ezagutzera emateko aukera ematen die euskal enpresei, “Zutaz mintzo gara” egitasmoaren bidez.

2000an sortu zuen enpresa Roberto Garcíak, egungo CEOak, egitasmo pertsonal gisa. Kontrolaren eta automatizazioaren sektoretik zetorren. “Pertsonen eta ibilgailuen hiriko mugikortasunaren arloko proiektu bati ekiteko nahia nuen”, esan du Garcíak.

“Merkatuak mugikortasunaren inguruan eskain zitzakeen aukerak aztertu nituen, eta bakarrik hasi nintzen, mugikortasuna hobetu zezaketen soluzioak garatzeko”. Enpresak bi negozio ildo ditu, bata pertsonen mugikortasunari bideratua, eta bestea ibilgailuei.

“Pertsonen zenbaketak eta edukieraren kontrolak pertsonen fluxuen gaineko datu estatistikoak ematen dizkigute, bai barruko eremuetan, bai kanpokoetan. Gainera, esparru itxietako edukiera kontrolatu dezakegu, segurtasuna bermatzeko. Eta, orokorrean, esparru edo espazio horietako bisitarien jarreraren gaineko erabaki informatuak hartzeko aukera ematen digute datu horiek kudeatzaileei”.

Beste ildoa ibilgailuetan ardazten da. Hala, ibilgailuak zenbatzen eta sailkatzen dituzte, edo matrikulak irakurtzen dituzte. Era berean, aparkalekuen okupazioa kontrolatzen dute, erabiltzaileei plaza librerik dagoen jakinarazteko, informazio-panelen eta udal-webguneen bidez. “Hala, hiri batean libre dauden aparkalekuen berri izan dezakete gidariek, bai lurpeko aparkalekuetan, bai aire zabaleko eremuetan”.

Garapen propioa

Garapen propioa duen software-plataforma batean zentralizatzen da informazio guztia. Plataforma horrek diseinu modularra eta eskalagarria du, eta Dinycon Plataforma izena jarri diote. API bat dute beste plataforma batzuekin integratu ahal izateko, eta Business Intelligence geruza bat dute aginte-koadroak sortu ahal izateko.

Dinyconek informazio-bolumen handia kudeatzen du. “Datuen munduan sartu gara. Algoritmoekin eta adimen artifizialarekin, balio handiagoko datuak eskuratu daitezke, hala nola portaera-patroiak, joerak edo iragarpenak”.

Hori dela eta, I+G arloa da enpresaren zatirik garrantzitsuena, giltzarria baita mugikortasun-plataforma garatzeko. SPRI Taldearen laguntza eskertu dute: “Haziteken gisako programek aukera ematen dute zentro teknologikoekin lan egiteko eta soluzio prediktiboak garatzeko”.

Haien bezeroak, batez ere, administrazio publikoa (udalak, aldundiak edo kabildoak) edo sektore pribatuko xehekako enpresak, jatetxeak, hotelak, eraikuntza-enpresak, Biltzar Jauregiak eta garraio-enpresak dira. “Orokorrean, bere negozioa hobetzeko jende kopuruaren eta okupazio mailaren datuak ezagutu nahi dituen oro”.

Haren lanaren baitan, mugikortasunarekin lotutako hainbat soluzio eskaintzen dizkio Donostiako Udalari. Esaterako, hiriko aparkalekuen gaineko datuen zentralizazioa, eta udal-kiroldegien sare osoko igerileku eta gimnasioetako edukieraren kontrola; hala, okupazio mailaren arabera batera edo bestera joan erabaki dezake erabiltzaileak. “Datu horiei esker espazio horien kudeaketa hobetzen da, erabiltzaileen banaketa egokiagoa lortzen delako”.

Donostiako Sustapenak sustatutako SmartKalea proiektua ere nabarmendu du. Proiektu horren baitan, hiriko hainbat eremutako pertsonak, bizikletak eta turismoak zenbatzen dira. Datu horiek, gero, aukera ematen diote udalari hiriko dinamika hobeto ezagutzeko eta zerbitzu egokiak eskaintzeko, pertsona kopuruaren arabera.

Gaur egun 19 langile ditu Dinyconek, eta 1,5 milioi euroko fakturazioarekin itxi du 2023a. “Hazkunde-fase garrantzitsuan gaude, neurri handi batean administrazioek smartcityen garapenari emandako babesarengatik, indar handiz ari baikara arlo horretan sartzen. Maila nazionalean, proiektuak ditugu Tenerifen, A Coruñan, Benidormen, Mallorcan eta Katalunian. Duela bi urte delegazio bat ireki genuen Madrilen, eta handik nazioarteko eremua ere kudeatzen dugu”.

Latinoamerika eta Dubai

Latinoamerikako merkatuan ere badu presentzia enpresak, eta negozio-aukera berri bat garatzen ari dira Dubain, luxuzko bizitegi eremu batean sentsoreak jartzeko. “Garrantzi handiko proiektua da, eta duela urte batzuk Teherango (Iran) parking baterako egin genuen beste proiektu baten osagarria izango litzateke. Hala, gure marka finkatuko genuke Ekialde Hurbilean”. Gutxi gorabehera, negozioaren erdia dago une honetan Euskadin.

I+G sailean 6 pertsona daude (plantillaren % 35) horretan bakarrik lanean. Eta fakturazioaren % 20, ia 300.000 euro, ikerketara eta garapenera bideratzen dute.

Sentsore birtualak garatzeko eta oinezkoen pasabideetan abiadura hautemateko eta ibilgailuak zenbatzeko erabili dute SPRI Taldearen adimen artifizialeko programaren eskutik jasotako laguntza, segurtasuna handitzeko helburuz.

Etorkizuneko erronka nazioartekotzea da, tokiko kolaboratzaileen bidez Latinoamerikako eta Ekialde Hurbileko merkatuak indartuta. “18 enpresaz eta zentro teknologikoz osatutako partzuergo baten barruan, Horizon programaren baitako Europako proiektu bat irabazi dugu, Regeneration of Neighbourhoods (REGEN) izenekoa, eta hainbat hirik parte hartzen dute, hala nola Milanek, Dublinek, Luxenburgok eta Laredok”.

Gainera, datuen harpidetzan oinarritutako negozio-erdu bat aztertzen ari dira. “Orain, gure negozioaren zati handi bat ‘prest’ dauden proiektuetan oinarritzen da, eta gure asmoa datuen harpidetza-eredu baterantz joatea da. Horrek balio erantsia duen informazioa ematea ahalbidetuko liguke; era berean, egonkortasun handiagoa emango lioke negozioari”.

Lotutako albisteak

22 apirila, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
SUDS Drenaje Sostenible, hiri-eremuan euri-uren kudeaketa jasangarriago baten aldeko apustua egiten duen enpresa donostiarra
Irakurri gehiago
18 apirila, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Net-Zero Basque Industrial Super Cluster ekimenak EPRIren European Workshop Weeken hartuko du parte aste honetan
Irakurri gehiago
11 apirila, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Arquinea, eraikinak birgaitzeko bazkidea da, etxebizitza eraginkorragoak eta jasangarriagoak lortzeko helburuarekin
Irakurri gehiago
Ser b-CORP libro Comunidad NORTE 11 apirila, 2024 Berrikuntza
B Corp izatea, enpresen indarra mundua aldatzeko erabiltzea da
Irakurri gehiago
9 apirila, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Elirecon, hiru hamarkada hondakin sanitarioen tratamenduan
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak