Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 7 Azaroa, 2023 Digitalizazioa

Teknologia eta berrikuntza arloko adituak “Leaders in Tech” ekimenean elkartu dira joera teknologikoen orainaldia eta etorkizuna erakusteko

SPRIk babestuta, ekimenaren 4. edizioan, teknologia eta enpresa mailako egoeran gertatu diren aldaketak erakutsi ditu

Bilboko Udalak eta SPRI Taldearen bidez Eusko Jaurlaritzak lagunduta INNOLAB Bilbao sektore anitzeko eta teknologia anitzeko berrikuntza-plataforma irekiak antolatutako “LEADERS IN TECH CONFERENCE” ekimenaren laugarren edizioa baliagarria izan da “gizartearen eta erakundeen orainaldia zuzentzen duten eta etorkizuna zuzenduko duten teknologien azken berritasunak eta aukerak adituen eskutik ezagutzeko”, INNOLAB osatzen duten bazkideen eta kolaboratzaileen ordezkariek ekitaldiaren hasieran aipatu duten moduan.

Ane Miren Ibáñezek, Bilboko Udaleko Modernizazioko zuzendariak adierazi duenez, “Teknologia aurrerapenaren eta gizartearen teknologia da; beste nolabait esanda, gure enpresa-ekosistema bultzatzeko babes handia da. Ezin dugu industriaren aurrerapena ulertu teknologiarik gabe; izan ere, horixe da berritzaileak eta lehiakorrak izatea ahalbidetzen digun zutabeetako bat”.

Konferentzian izan da iCristina Oyón, SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko zuzendaria.  Emakumeek lehiakortasun industrialean duten inpaktuaren inguruan SPRIk egindako ikerlana aurkeztu du; lan horrek ondorioztatutakoaren arabera, “genero-berdintasun maila handiena duten enpresak lehiakorragoak dira”. Ikerlanaren datuek, gainera, agerian utzi dute “berdintasun handiena duten enpresek fakturazioan, enpleguan, I+G+b arloan eta nazioartekotzean emaitza onenak” izaten dituztela.

Leyre Madariagak, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko eta Ekintzailetzako zuzendariak, nabarmendu duenez, “eraldaketa digitala gizartearen eta ekonomiaren dimentsio guztiak aldarazten ari da. Bizi behar dugun aldaketarako prestatu beharra dugu”. Era berean, digitalizazioaren eta ekonomia berdearen aliantzak eta akoplamenduak duten garrantzia nabarmendu nahi izan du.

Hitzaldi nagusietako bat Yaiza Rubiok, Telefónicako Chief Metaverse Officer-ak, eskaini du. Bere hitzaldian, metabertsoa eta web3 izenekoa zer diren azaldu eta “telekomunikazio-enpresak web3an duten rola eta metabertsoa garatzeko sarea erabiltzeak duen garrantzia” azpimarratu nahi izan ditu. Bestalde, Oracleko Senior Director Technology Consulting Country Leader for Iberiak (Iberiar penintsularako teknologia-aholkularitzarako herrialderako zuzendari nagusia), Sonia Fontek, datuaren garrantziaren inguruan hitz egin du. Horrekin lotuta, “datuarekin bat datorren teknologiak enpresen segurtasuna, eskuragarritasuna, eskalagarritasuna eta aplikazioetarako errendimendua eta analitika aurreratua areagotzea ahalbidetzen” duela azpimarratu du. Bestalde, María Morak, Fujitsu enpresako Head Of Esg, Risk And Fraud Solutions-ek (ESG, Arrisku eta Iruzurrarekin lotutako soluzioen arloaren burua), Adimen Artifizialaren fusioa eta jasangarritasuneko txostenak izan ditu hizpide. Hala, Jasangarritasun Korporatiboko txostenen (CSRD) inguruan laster Europar Batasunak onartuko duen zuzentarauak eragingo duen inpaktua azpimarratu nahi izan du. Aipatutako araudi berriak 55.000 enpresarengan izango du eragina.

 

Adimen artifizialari eskainitako zatia Cristina Arandaren, Big Onionen sortzaileetako bat eta teknologia, berrikuntza, dibertsitatea eta inklusioa gaietan erakunde askoren eta nazio eta eskualde mailako gobernuen aholkulariaren, hitzekin hasi da. Cristinak azaldu duenez, “enpresen eta administrazio publikoen datuen % 80 dira egituratu gabeko datuak eta, gehienak, hizkuntzalaritzako izaera dutenak. Ondorioz, hori eta hizkuntza produzitzeko sorkuntzako AA-etarako sarbide masiboa eta teknologia mota horietan egindako inbertsio handia direla eta, hizkuntzalaritza konputazionala protagonismoa hartzen ari da”.

Adimen artifizialarekin aurrera jarraituta, Lucía Arriolak, LKS NEXT Legaleko Datuen Babeserako eta Informazioaren Segurtasunerako arduradunak, AAk aurre egin beharko dien erronka juridikoak eta Europar Batasuneko lehen araudia eta lege-eskakizunak zein diren azaldu ditu. “Europar Batasunaren araudi berria dela eta, enpresek garatzen ari diren edo erabil ditzaketen adimen artifizialeko sistemak mapeatu beharko dituzte. Hori dela eta, arrisku mailaren arabera, betebeharrak eta debekuak ezarri beharko dituzte eta, horretarako, beharrezkoa izango da erabilitako datuen inguruko gobernantza eta kudeaketa ezarrita izatea. Horiek guztiek, gainera, kalitatezkoak izan beharko dute diskriminazio-joerak ekiditeko”.

Gainera, hainbat mahai-inguru ere egin dituzte. Haietako batean, Euskadiko industriarekin eta energiaren sektorearekin lotutako teknologiarekin lotutako aukerak jorratu dituzte. Mahaia osatu dutenak izan dira hauek: Estebaliz Goñi, i-DE Redes Eléctricas Inteligentes-eko, Iberdrola Taldeko banaketa-enpresako, Prozesuetako eta Teknologiako zuzendaria; Diana Mier, Sidenoreko I+G arloko Prozesuetako arduraduna, eta Jone Echazarra, Tecnaliako Computer Vision Taldeko arduraduna. Trantsizio energetikoaren erronkak eta deskarbonizazioaren helburuak landu dituzte mahaian. Gainera, honako gai hauetan oinarritutako kasuak ere azaldu dituzte: adimen artifiziala, sentsorikoa, ibilgailu elektrikoa, biki digitalak edo datuen kudeaketa, besteak beste.

Beste mahaietako batean, aldiz, trengintzako berrikuntza izan dute hizpide. Mahaia Pilar Gorrizek, Renfeko Berrikuntzako kudeatzaileak; Leire Aguirrek, CAF Startup Stationeko Co-managerrak (zuzendarikidea); eta Cristina Lópezek, ETSko (Euskal Trenbide Sarea) I+G+b-ko, Kalitateko eta Ingurumeneko zuzendariak, osatu dute. Sektore horretako adituek eredu jasangarriagorako mugikortasunaren eraldaketari buruz eztabaidatu dute, teknologia berriak erabiliz eraginkorragoak izateko eta, besteak beste, deskarbonizazioan, ibilgailu autonomoan eta zibersegurtasunean oinarritutako erabilera-kasuak erakutsi dituzte.

Konferentziari amaiera bikaina emateko, “Adimen artifiziala, moda ala errealitatea?” izeneko mahai-ingurua eskaini dute honako hauek: María Mora, (Fujitsu), Sonia Font (Oracle), Cristina Aranda (Big Onion) eta Lucía Arriola (LKS NEXT Legal). Moderatzaile-lanak Laura Marrónek, BAICeko (Basque Artificial Intelligence Center) zuzendari nagusiak, egin ditu eta denak ados agertu dira honekin: “adimen artifiziala geratzeko etorri da”.

Lotutako albisteak

20 maiatza, 2024 Digitalizazioa
Proiektu batek parke eolikoen mantentze-lanak optimizatu nahi ditu software baten bidez
Irakurri gehiago
16 maiatza, 2024 Digitalizazioa
Arkikusek denboran zehar bidaiatzeko aukera ematen du, errealitate birtualari esker
Irakurri gehiago
14 maiatza, 2024 Digitalizazioa
Kerrek informazioa bateratzen duen, zereginak automatizatzen dituen eta erabakiak hartzea hobetzen duen ERP bat eskaintzen du
Irakurri gehiago
8 maiatza, 2024 Digitalizazioa
Layde Steelek isuririk gabe modu berritzailean altzairua produzitzeko aukera sustatu du
Irakurri gehiago
6 maiatza, 2024 Digitalizazioa
BAICek Euskadiko Adimen Artifizial Aplikatuaren lehen kongresua egingo du maiatzaren 15ean
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak