Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 27 urria, 2023 Berrikuntza Women in industry

SPRIk egindako ikerlan baten arabera, genero-berdintasuneko maila handiena duten enpresak lehiakorragoak dira eta, fakturazioari eta enpleguari dagokienez, emaitza hobeak dituzte

Cristina Oyónek aurkeztu ditu emaitzak Leaders in Tech konferentzian eta “genero-berdintasuna giza baliabideekin lotura duen gaia izateaz gain, lehiakortasuna eta susperraldi ekonomikoa bermatzeko funtsezko gaia ere” badela adierazi du

Emakumeek lehiakortasun industrialean duten inpaktuaren inguruan SPRIk egindako ikerlanak ondorioztatu duenez, “genero-berdintasun handieneko enpresak lehiakorragoak dira”. Ikerlanaren datuek, gainera, agerian utzi dute “berdintasun handiena duten enpresek fakturazioan, enpleguan, I+G+b arloan eta nazioartekotzean emaitza onenak” izaten dituztela.

SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun arloko zuzendariak, Cristina Oyónek aurkeztu ditu txostena eta emaitzak “LEADERS IN TECH CONFERENCE” egitasmoaren laugarren edizioan. Bertan, erreferentziazko enpresa eta erakundeetako 15 adituk baino gehiagok berrikuntza arloko joera teknologiko nagusien inguruko ikuspegi orokorra eskaini dute eta industria arloan erabilera aurreratuagoa bultzatzeak eta sustatzeak duen garrantzia azaldu dute.

SPRIren txostenaren abiapuntua Cristina Oyónek Women in Manufacturingeko Talde Adituan izandako esku-hartzea izan da. Erakunde horrek 2021ean erabaki zuen UNIDOk (United Nations Industrial Development Organization) 2019an nabarmendu zituen premisetako bat frogatzeko helburua zuen ikerketa-lana abiaraztea: “Genero-berdintasuna giza baliabideekin lotura duen gaia izateaz gain, lehiakortasuna eta susperraldi ekonomikoa bermatzeko funtsezko gaia ere bada”.

Emakumeek Euskadiko industriako enpleguaren % 21,7 bakarrik biltzen dute

Hala, SPRIk metodologia bat garatu du genero-berdintasunaren eta industria-lehiakortasunaren arteko korrelazioa aztertzeko, eta genero-berdintasun handiagoak industria-lehiakortasunari mesede egiten dion frogatzeko datuak lortzeko azterketa-kasu bat ere garatu du.

Diseinatutako metodologiari esker, enpresa industrialetan genero-berdintasunarekin eta lehiakortasunarekin lotutako kontzeptuen dimentsio anitzeko ebaluazio integrala egin daiteke. Horretarako, bi indize konposatu sortu ziren: bata lehiakortasunarekin lotuta eta bestea berdintasunarekin, azpiindize eta aldagai ponderatuen multzo batez osatuak.

Eredua diseinatu ondoren, 2022ko abuztuan, SPRIren datu-baseko Euskadiko industria eta horri lotutako zerbitzuetako 2.500 enpresari inkesta igorri zieten eta haietatik 474 erantzuneko lagina lortu zen.

Cristina Oyónek eman ditu lagin horren ezaugarri nagusien inguruko azalpenak. Horrekin lotuta, emakumeek Euskadiko industria arloko enpleguaren % 21,7 bakarrik biltzen dute eta, Euskadiko lan-merkatuaren % 44 ordezkatzen dutela kontuan hartuta, datu kezkagarria da zalantzarik gabe. Oro har, emakumeen presentzia txikiagoa da enpresetan, prestakuntza maila edo saila edozein izanda ere, baina nabarmen jaisten da lidergo-posizioetan. Izan ere, inkestan parte hartu duten konpainien % 13k bakarrik du emakume bat zuzendari.

Sortutako ereduan enpresen erantzunak sartzeak erakusten du genero-berdintasun handiena duten enpresak lehiakorragoak direla. Gainera, datuek agerian uzten dute berdintasun handiena duten enpresek fakturazioan, enpleguan, I+G+b arloan eta nazioartekotzean emaitza hobeak dituztela.

Bestalde, enpresa lehiakorrenek genero-berdintasuneko maila altuenak ere badituzte. Zehatzago esanda, azterlanak berdintasunetik abiatuta lehiakortasuna sustatzeko gako hauek identifikatu ditu:

  • Bereizketa horizontala (saileka).
  • Bereizketa bertikala (erantzukizun mailaren arabera).
  • Laneko eta noerberaren bizitzaren arteko kontziliazio-neurriak (ordutegi-malgutasuna, telelana, zaintzetarako baimenak…).
  • Berdintasuneko barne-politikak (planak, batzordeak, prestakuntza eta berdintasun-protokoloak).

Amaitzeko, Cristina Oyónek honako bi datu hauek azpimarratu nahi izan ditu: zer-nolako garrantzia duen emakumeek lehiakortasun industrialean duten inpaktu positiboa erakusten duen metodologia izateak eta azterlan horrek enpresetan genero-berdintasuneko politikak ezartzeko garaian motibazioa sortzeko tresna gisa duen potentziala; izan ere, bere hitzetan, “genero-berdintasuna giza baliabideekin lotura duen gaia izateaz gain, lehiakortasuna eta susperraldi ekonomikoa bermatzeko funtsezko gaia ere bada”.

 

 

Lotutako albisteak

2 abendua, 2024 Berrikuntza
Mongar, lau hamarkada Bizkaiko galdaragintzari eskainiak
Irakurri gehiago
28 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Eskualdeen lehiakortasuna sustatzeko topaketa batean parte hartu du SPRIk Belgikan
Irakurri gehiago
28 Azaroa, 2024 Berrikuntza
EMA Ergonomiak lan-inguruneetan kargak manipulatzeko irtenbideak eskaintzen ditu
Irakurri gehiago
27 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Lehendakariak Pepe Barreira, Begoña Castro eta Josean Murori eman dizkie Joxe Mari Korta 2024 sariak
Irakurri gehiago
26 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Bizkaiak bigarren Berrikuntza Funtsa bultzatuko du, % 15eko zerga-kenkariarekin, ETEetan berrikuntza sustatzeko
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak