Tubacex ek 100 milioi eurotik gorako eskaerak lortu ditu hodi umbilikalen negozioan 2026an, eta bere posizioa sendotu du itsaspeko merkatuan
- Eskaera berriak Tubacexen hodi umbilikalen gaitasun-zentrotik gauzatuko dira, Ternitzen, Austria Beherean, eta Taldeak Espainian dituen industria-gaitasunetatik.
- Operazio horrek Tubacexek offshore aplikazio kritikoetarako material aurreratuzko soluzio tubularretan duen posizioa indartzen du.
- Otsailean negozio berean iragarritako eskaerei gehituta, Tubacexek 100 milioi eurotik gorako kontratazio metatua lortu du hodi umbilikaletan 2026ko ekitaldian.
Tubacexek 80 milioi eurotik gorako eskaera berriak lortu ditu hodi umbilikaletan, itsaspeko teknologiaren hornitzaile global nagusietako batentzat. Eskaera berri horiek Tubacexen posizioa sendotzen dute subsea merkatuaren balio erantsi handieneko nitxoetako batean. Merkatu horretan, fidagarritasuna, trazabilitatea, industria-koherentzia eta ezagutza metalurgikoa faktore erabakigarriak dira. Otsailean, konpainiak dagoeneko iragarri zuen negozio bereko beste eskaera-sorta bat; horrenbestez, hodi umbilikalen kontratazio metatuak 100 milioi euroak gainditu ditu 2026an.
Hodi umbilikalak osagai kritikoak dira itsaspeko sistemetan. Azaleko instalazioak eta itsas hondoan kokatutako azpiegiturak lotzen dituzten kable umbilikaletan integratuta, putzuen eta itsas hondoan instalatutako ekipoen funtzionamendurako beharrezkoak diren fluido hidraulikoak, produktu kimikoak eta kontrol-seinaleak garraiatzea ahalbidetzen dute.
Aplikazio horiek material oso espezializatuak eskatzen dituzte, sakonera handiagoak, presio altuak, nekea, korrosioa eta muturreko baldintza operatiboak bizitza erabilgarri luzeetan jasateko gai direnak.
Kontratazio-bolumen berri hori jarduera positiboko testuinguru batean kokatzen da offshore eskualde estrategikoetan, hala nola Ipar Itsasoan eta Mexikoko Golkoan. Eskualde horietan, energia-segurtasunak, autonomia estrategikoak eta gaitasuna handitzeko beharrak inbertsio berriak bultzatzen ari dira. Horri beste geografia garrantzitsu batzuetako dinamika positiboak gehitu behar zaizkio, Brasilen kasuan bezala, non offshore proiektuen garapenak zehaztapen handiko subsea soluzioen eskariari eusten jarraitzen dion.
Testuinguru horretan, tieback proiektuek gero eta garrantzi handiagoa dute gaitasuna handitzeko eta lehendik dauden azpiegiturak optimizatzeko bide gisa. Soluzio horiek putzu berriak edo eremu-luzapenak dagoeneko martxan dauden instalazioetara konektatzeko aukera ematen dute, baita linea zaharrak ordezkatzeko eta gaitasuna handitzeko ere, plataforma guztiz berriak garatu beharrik gabe. Horrek exekuzio eraginkorragoa ahalbidetzen du ikuspegi tekniko, ekonomiko eta operatibotik.
“Hodi umbilikalen kontratazioaren bilakaerak berretsi egiten du Tubacexek eskakizun handiko subsea aplikazioetan duen posizioaren sendotasuna. Proiektu horietan materialaren kalitatea, industria-fidagarritasuna eta bezeroari ematen zaion laguntza teknikoa funtsezkoak dira, eta horrek aukera ematen digu berme osoz erantzuteko offshore ingurune konplexuetarako soluzio tubular aurreratuen eskariari”, adierazi du Josu Imaz konpainiako kontseilari delegatuak.
Negozio horretan duen lidergo-posizioari gehitu behar zaio Tubacex berriro ere Orkestrak, Lehiakortasunerako Euskal Institutuak, identifikatutako Txapeldun Ezkutuetako bat dela berretsi izana. Aitortza horrek nazioarteko merkatu-nitxoetan edo sektore oso espezializatuetan lider diren enpresak nabarmentzen ditu; industria-, B2B-, berrikuntza- eta nazioartekotze-osagai sendoa dutenak, eta, aldi berean, lurraldean errotuta daudenak.
Proiektuen dibertsifikazioak, konpainiak material aurreratuetan duen espezializazioak eta balio erantsi handiko aplikazioetan jarritako fokua Tubacexen aurreikuspenak indartzen dituzte negozio honetan, bai 2026rako, bai datozen urteetara.