Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 29 iraila, 2020 Digitalizazioa Industria adimenduna Smart Industry Programa

Tecnipesa-k ahots bidezko picking konponbideak eta RFID teknologiak eskaintzen ditu biltegiak kontrolatzeko

Enpresa donostiarrarentzat funtsezkoa da denbora errealean ezagutzea biltegian gertatzen dena
 Joan Mari Bonet, Tecnipesa-ko zuzendari nagusia.

 

Tecnipesa konpainia, Gipuzkoan sortua 1962an, biltegien automatizazio sektoreko erreferenteetako bat da. Egoitza soziala Donostian duelarik eta bulegoak Katalunia, Madril, Andaluzia eta Mexikon, berrikuntzaren aldeko apustua egin du, ahots bidezko picking-a eta RFID teknologiak erabiliz.  Tecnipesa-ko zuzendari nagusi Joan Mari Bonet-ek euren kasu arrakastatsu batzuk azaldu dizkigu, eta logistikari aplikatutako teknologia berrien abantailez mintzatu zaigu.

 

Zer egiten duzue Tecnipesa-n?

Hornikuntza-katerako konponbideak eskaintzen ditugu, bai produkzioko logistikarako eta baita ere biltegikorako, betiere tresna modernoetan zentraturik, hala nola, barra-kodeak, RFID teknologia eta ahots bidezko kudeaketa-sistemak edo voice pickinga. Denak oinarritzen dira software eta hardware garapenetan. Azken finean, ingeniaritza bat gara, logistika eta tresna teknologikoak oinarri harturik, hornikuntza-katerako konponbideak eskaintzen dituena.

 

Horrelako konponbideen adibideren bat eman dezakezu?

Ahots bidezko picking tresna ahotsezko interfaze digital bat da. Papera hartu eta apalez apal kaxa bila ibili beharrean, sistema honek aginduak ematen dizkio langileari, nora joan behar duen jakin dezan. Behin hara iritsitakoan, sistemak berak baieztatzen dio behar den tokian dagoela, eta eskatutako unitate-kopurua hartzeko agintzen dio. Langileak haririk gabeko kaskoak erabiltzen dituenez komunikatzeko, libre dauzka eskuak, eta produktiboagoa da. Lehen kode-barra irakurle batekin ibili behar izaten zuen, eta irakurleari begiratu behar zion zer jaso behar zuen jakiteko. Orain, berriz, aginduak ahotsaren bidez iristen zaizkio eta libre izan ditzake eskuak. Hala, bere produktibitatea % 20-30 inguru handitzen da. Txorakeria bat dirudi, baina biltegi bateko 30 langileek bina segundo aurrezten badituzte operazio bakoitzean, urteko 230 lanegunak kontuan hartzen baditugu, diru asko da hori.

 

RFID teknologia irekiagoa da. Orain hainbat konponbide garatzen ari gara landa eremuetarako, nekazaritzarako, ontziak kontrolatzeko, baita ere industriako moldeak eta pneumatikoak kontrolatzeko, saskien mugimendua kontrolatu eta pieza lapurreta txikiak saihesteko, e.a. Hauxe da RFID txipen eta barra-kodeen arteko -bigarren horiek ere erabiltzen ditugu- aldea: RFID txipek, barra-kodeek ez bezala, gaitasun handiagoa dute eta informazio gehiago har dezakete; gainera, aukera ematen dute kontsultatzeko eta informazioa berriz grabatzeko. Barra-kodeak baditu bere aplikazioak, eta RFID txipak ere bai. RFID txipa barra-kodeak baino garestiagoa da, eta horregatik, beti izango dira bateragarriak. Argi dago RFID txipek askoz gehiago eboluzionatu dutela, eta lehen pentsaezinak ziren konponbideak eskaintzen hasi dela.

 

Nolako garrantzia du logistikak 4.0 Industriaren testuinguruan?

Ongi aplikatutako logistika errentagarriagoa da, eta bidea ematen du diru gehiago irabazteko. Gure konponbideei esker, gure bezeroak eraginkorrago eta errentagarriago egiten ditugu. Barra-kode bat edo RFID etiketa bat irakurtzen dudanean, informazioa eskuratzen dut segundo bat baino gutxiagoan eta, gainera, informazio hori zuzena da kasuen % 99,99an. Beraz, informazioa eskuratzen dut azkar eta akatsak drastikoki murriztuz. Tresna hori guk garatutakoa bezalako software konponbide batekin (Biltegien Kudeaketako Sistema) aplikatzen bada, hau da, software bat aukera ematen duena datuak kudeatzeko eta informazioa emateko denbora errealean, orduan enpresak eraginkorrago bihurtzen dira. Funtsezkoa da denbora errealean ezagutzea biltegian gertatzen dena. Izan zaitezke denik eta fabrikatzaile onena, eskain ditzakezu akabera eta kalitate onenak, baina txarra bazara entregetan, hau da, denboran huts egiten baduzu, porrot egingo duzu, eta kalitate okerragoa baina logistika hobea duen norbaitek irabaziko dizu.

 

Logistikaren eta biltegiratzearen munduan, azken urteotan hitzetik hortzera darabiltzagu etorkizuneko hainbat joera: garraiorako ibilgailu autonomoak, AGV, edo dronak erabiltzea lokalizazio-lanak egiteko biltegiratze-azalera handietan. Nola ikusten dituzue joera horiek?

AGV-ei dagokienez, ez gara sartu mundu horretan. AGV-ak elikatzen ditugu merkatu-gaiak mugitu ditzaten lantegi barruan. Dronei dagokienez, badaukagu proiektu pilotu bat arlo horretan, baina ez da erraza. Dron batekin irakurketa bat egiten bada inbentario baterako, dron horrek % 100eko eraginkortasun bermea eman behar du. Hau da, drona gai izango da inbentarioa irakurtzeko, baina kontuan izan behar da badaudela sakonera handiko apalak, eta drona ez dela iristen barruraino, beraz, irakurketak % 40-60 inguruko zehaztasuna du. Oraindik lanean jarraitu behar da eraginkortasuna hobetzeko.

 

Nolakoak dira zuen bezeroak? Zein sektoretakoak dira?

Edozein enpresa izan daiteke. Beste kontu bat da konpainia bakoitzak nolako politikak, printzipioak eta pentsamenduak dituen. Badauzkagu bezeroak automozioan, industria astunean, elikaduran, logistikan, farmazia nahiz medikuntza sektoreetan, eta baita sektore publikoan ere.  4.0 teknologia hau eta bere bertsio guztiak edozein enpresatan aplikatu daitezke, hala nahi bada.  Adibidez, berriki ikastetxe bat hurbildu zaigu, otorduak, mantelak eta ahozapiak kontrolatu nahi zituelako. Kirolaren munduan, maratoietan erabiltzen dira RFID txipak: korrikalariek dortsalean eramaten dute txipa euren denborak kontrolatzeko. Izan litezke enpresa handiak edo txikiak, eta egiten dutenaren arabera, inpaktu handiagoa edo txikiagoa lortuko dute. Logistika kontrolatzea, ematen den urrats bakoitza kontrolatzea, zerbait egiteko zenbat denbora behar den jakitea, ordutan zenbateko kostua duen ezagutzea… informazio hori guztia baliagarri da produktiboago izateko. Mundu guztiak aplika dezake gelditzeko iritsi den teknologia hau. Eta 5Gak sekulako aldaketa eragingo du, informazioa alde guztietatik eta abiadura bizian etorriko baita.

 

Zeintzuk dira zuen etorkizuneko erronkak?

Ilusioz beterik begiratzen diogu etorkizunari eta gogotsu gaude koronabirusak ekarri duen krisiari aurre egiteko. Latinoamerikan zabaltzen jarraitu nahi dugu, eta bultzada bat eman nahi diogu gure I+G+B sailari, ikertzen jarraitzeko eta mundu industrialak planteatzen dituen premiei erantzuteko puntako konponbideekin. Halaber, merkatu-kuota irabazten jarraitu nahi dugu, bezeroek gero eta hobeto balora gaitzaten.

Lotutako albisteak

17 apirila, 2024 Digitalizazioa
Trakek lidergoa indartu du fisioterapia digitalaren arloan, Adimen Artifizialari esker
Irakurri gehiago
Aitor Alapont. 12 apirila, 2024 Digitalizazioa
P4Q, 25 urte eta aurrera jarraitzeko 100 milioi arrazoi
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
15 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Infoboxek kongresu perfektua eskaintzen du, klik bakarrean
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak