Euskal enpresaren blog-a Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa
Elkarrizketak 28 abendua, 2021 EIKTak

Oribay Group, sentsorika eta haizetakoak abangoardia teknologiko gisa

ETE gipuzkoarrak  lideratzen du merkatu-nitxo hori, abiapuntutzat harturik I+G-ren aldeko apustu argia, segmentazio oso markatua eta nazioartekotzea
José Muñoz, Oribay Group-eko sortzailea.

 

Laurogeiko hamarkadan TECNUN unibertsitatean trebatutako José Muñoz ingeniari mekanikoak 30 urterekin eta ilusioz beterik sortu zuen Oribay Group. Egoitza Donostiako Igara industrialdean duen enpresa horrek gidatze autonomoaren arlora bideratu du bere jarduera, batik bat haizetakoetan instalatzen diren sentsoreen diseinu eta fabrikaziora. Hala, gaur egun mundu mailako erreferente bat da merkatu-nitxo hain espezializatu horretan. Automobilgintza sektorerako abangoardia teknologikoa garatzen eta fabrikatzen duen Oribay Group ingeniaritzaren sustatzaile honek Euskal Enpresari Onenaren saria jaso du berriki, urte hauetan guztietan izan duen konpromisoagatik, berritzeko gaitasunagatik eta etengabeko hazkundeagatik. I+G-ren aldeko apustu irmoa eginez (bere diru-sarreren % 25 baino gehiago bideratzen ditu sail horretara), eta ehun lagun inguruko plantillarekin, Oribayk merkatu berriak ireki ditu Kanadan, Estatu Batuetan, Mexikon, Japonian, Indian eta Txinan, hazkunde-marjina handia izan baitezake herrialde horietan automozio sektorearen potentzial handiagatik. “Herrialde honetan 27 milioi autotik gora saltzen dira urtero” dio Oribay Group enpresaren sortzaileak.

 

Zure ustez, zein pieza dira ezinbestekoak enpresari on baten profilean?

Ausardia, ikuspegia eta  norbere ezaugarri berak dituen lantalde indartsu batez inguratzen jakitea. Oinarri horrekin eta epe luzerako gaitasun koherente batekin lortu du Oribayk gaur dagoen tokira iristea.

 

Eta non zaudete?

Iragan bikaina eta etorkizun hobea duen enpresa batean. 1994an hutsetik hasi ginen, ingeniaritza soil bat bezala, eta gaur egun hazkunde-aukera handiak ditugu gidatze autonomoarekin lotutako arlo guztietan, bereziki haizetakoen arloan.

 

Zergatik haizetakoa?

Esan dezakegu senak gidatu gintuela. Orduan pentsatu genuen ibilgailuaren zati oso garrantzitsu bat izango zela etorkizunean, eta zorionez, asmatu genuen. Garai hartarako teknologikoki oso aurreratuak ziren piezak diseinatzen hasi ginen gure ingeniaritza sailean, esaterako, euri sentsoreak, eta hori asko gustatu zitzaien Peugeot edo Renault bezalako markei.

 

Zein puntutan dago enpresa une honetan?

Oso urte arraroa izan da, ziurgabetasunez betea. 2020ko martxo zorigaiztoko hartan, pandemia iritsi zenean –enpresa itxi baino egun bat lehenago Gipuzkoako Enpresa Esportatzaile Onenaren saria jaso genuen-, nola erreakzionatu ez genekiela geratu ginen hasieran, harri eta zur… Urte zaila izan da, eta orain, zulotik indartsu ateratzen hasi garenean, badugu beste arazo bat, lehengaiena, mundu mailako logistikarena… Halere, uste dugu ilunpetan argia bilatu behar dela beti, eta geure burua berrasmatzen hasi behar dugula ingeniaritza berriekin, prozesu aldaketa berriekin…

 

Eta ziztu bizian gainera…

Hori da arazo handienetako bat. Pentsa, lehen mikrotxip batek 0,32 € balio zituen, eta harekin osagaien milioika pieza egin zenitzakeen; orain, aldiz, mikrotxip berak 25 € balio ditu, hau da, 75 aldiz gehiago. Eta horri beste arazo bat gehitu behar zaio, entrega-epeena, lau egunetik 50 astera luzatu baitira. Nola horrelako pieza gehienak Txinan egiten diren, eta mundu mailako kolapso bat gertatu den, ez dago norbere burua ziztu bizian berrasmatzea beste erremediorik.

 

Zure ustez, zein da Oribay gainerakoengandik bereizten duen balioa?

Gure ingeniaritza- eta zientzia-mailak oso altuak dira. Horren aldeko apustu irmoa egin dugu hasieratik, eta malgutasun handiz jokatzen dugu inguruko testuingurura egokitu ahal izateko. Kontua da ingurura begiratzen dugunean gaizki pasatzen ari diren enpresa mordoa ikusten dugula; globalizazioa hain da bortitza, enpresa guztiei eragiten diela modu batera edo bestera. Ohartu behar dugu ibilgailu batek 40.000 pieza dauzkala, eta bakar bat behar izatea nahikoa dela produkzio-lineatik atera ezinik geratzeko. Sinestezina dirudi, baina horixe da egia gordina. Osagai guztiak oso konektatuta daude elkarren artean, eta horregatik da menpekotasuna hain handia.

 

Eta badirudi berrikuntza derrigorrezko pasaportea izango dela…

Badakigu hori hasieratik, horregatik daukagu 40 langile baino gehiagoko I+G-ko lantalde bat, 170 profesionalez osatutako plantillaren % 30 inguru ordezkatzen duena. Berrikuntzaren aldeko filosofiarekin hasi ginen 2003an, eta oraindik ere filosofia horri eusten diogu. Gure asmoa da ikerketako kontzeptu akademikoak amaierako produktu bihurtzea albait azkarren.

 

Badago enpresan inflexio-puntu bat markatu zuen produktu edo prozesuren bat? 

Beharbada 2003. urtean garatu genuena. Barne-proiektu bat abiarazi genuen prestazio handiko itsasgarri estruktural bat garatzeko, munduan bakarra izango zena. Zazpi urteko ikerketa eta garapen lana egin behar izan genuen, UPV/EHU eta Polymat-en laguntzarekin. Hala, itsasgarri izugarri indartsu bat lortu genuen, produktu teknologikoak beiran itsasteko balio duena eta gutxienez 25 urte irauten duena edozein baldintzatan.

 

1994tik ari zarete abangoardia teknologikoa bultzatzen, batik bat automobilgintza sektoreari aplikatuta. Zertan ari zarete zehazki?

Haizetakoak lantzen ditugu, besteak beste. Duela hamar edo hamabost urte pieza sinple bat zegoen, auto barruko atzerako ispiluari eusteko erabiltzen zena, baina hori guztiz aldatu da, kaxa ñimiño horretan gauza mordoa baitaude: optika, sentsoreak, elektronika, konektagailuak, kamerak, islapenen aurkako sistemak…, denak dira lagungarriak ingurunearekin eta ibilgailuarekin elkarreragiteko.

 

Bide horretatik doa Smart bracket-a?

Proiektu izugarria da, eta konpainiaren etorkizuna markatuko du. Teknologia maila handiko euskarri adimentsu bat da, haizetakoari itsatsita doan pack bat, eta asmoa da pack hori hemen, Donostian, diseinatu eta garatzea mundu osorako. Autoaren ordenagailuarekin konektatutako sistema bat, gai izango litzatekeena bere inguruko informazio guztia atzeman, prozesatu eta lainora bidaltzeko.

 

30 urte eskasekin sortu zenuen enpresa, oinarritzat harturik ingeniaritza eta esportazioa, baina bezeroaren figura ahaztu gabe, bera baita guztiaren hasiera eta bukaera…

Apustu handia izan zen, merkatu-nitxoa hain zen zehatza eta segmentazioa hain argia… Baina aurrera atera zen, lan eskerga eginaz eta nazioartekotzeari arreta jarriz. Horri esker, 2008ko krisiak ia ez zuen eraginik izan gugan eta indartzeko balio izan zigun. Zergatik? Gure zabalkunde eta dibertsifikazio geografikoagatik (une honetan produkzioaren % 99 esportatzen dugu). Horixe da mundu osoan zabalduta dagoen merkatu-nitxo estu eta espezializatu bat izatearen abantaila. Arrain-ontzi txiki bateko arrain handia gara, eta horrek indarra ematen digu plantillan 300.000 pertsona dituzten multinazional handien aurka borrokatzeko.

 

Eta beste zein tresna dituzue eszenatoki horretan lehiatzeko?

Batetik, epeak betetzea, bai denboran eta bai forman. Guretzat Biblia bezalakoa da hori. Garai zailak bizi ditugu, baina malgutasun handiz jokatzen dugu eta horrek gaitasun logistiko handia ematen digu munduko edozein tokitara iristeko. Bezeroak hornigaia astelehenerako behar badu, asteburuan lan egiten dugu, eta biharko behar badu, gauean. Zentzu horretan, gure langileek sekulako konpromisoa dute. Bestalde, esango nuke bezeroarentzako zerbitzua erabakigarria dela lehiatu ahal izateko. Gure lehen faktura Frantziatik iritsi zen hain urrun geratzen zaigun 1994 hartan, eta harrezkero atzerrian hazten jarraitu dugu. Asko ikasi behar izan genuen logistikaz, zerbitzuaz eta enbalatzeaz, gure salgaiak arazorik gabe irits zitezen jomugara eta zorrotz bete zitzaten fabrikatzaile handien (PSA, Renault…) just in time kontrol neurriak; sekulako presioa da hori. Atzerapen puntualak izanez gero, arriskua dago zigor ekonomikoei aurre egin behar izateko, hori dela eta, albait azkarren ikasi behar izan genuen. Hortik dator gure zerbitzu-bokazioa.

 

Zein dira zuen epe laburreko planak?

Markatutako bidean jarraitzea urrats irmoz. Berrikuntzan berrinbertituko ditugu irabaziak, gidatze autonomoaren arloan aurrera jarraitzeko. Datozen hiru urteetan 20 milioi euro bideratuko ditugu gidatze autonomoan eragina izango duten eta erabakiak ahalik eta modu efiziente eta eraginkorrenean hartzen lagunduko diguten pieza adimendunak garatzeko (adibidez, zilar eta grafitozko nano-hariak haizetakoen egungo berogailuen alternatiba gisa).

 

Eta Elon Musk etorriko al da inoiz Igarara?

(Barreka…). Tesla eta, besteak beste, Space X konpainien presidente den Elon Musk erreferente handia da guretzat. Gizakia Martera iritsiko da, Lurretik 60 milioi kilometro ingurura, eta badago bisionario bat, gai dena ideia horren inguruan jende askoren ilusioa konkistatzeko eta haraino iritsiko diren ontziak garatzeko. Hori akuilu bat da guretzat ere, eta bultzada handi bat gure erronka lortzeko, hau da, Smart bracket-a diseinatzeko. Horregatik, gizon horrek jartzen duen ilusio eta pasio berbera jarri behar dugu guk ere.

 

Elkarrizketak 20 urtarrila, 2022 Digitalizazioa
Jolasek joko interaktiboen aldeko apustua egin du eskola-ingurunean kirola eraldatzeko
Irakurri gehiago
Elkarrizketak 14 urtarrila, 2022 Digitalizazioa
85 enpresak hartu dute parte SPRI Taldeak digitalizazioa bultzatzeko antolatzen duen ekitaldiaren laugarren edizioan
Irakurri gehiago
Elkarrizketak 14 urtarrila, 2022 Digitalizazioa
Javier Del Ser (Tecnalia): “Enpresek Adimen Artifizialeko ereduetan konfiantza izan behar dute”
Irakurri gehiago
Elkarrizketak 11 urtarrila, 2022 Digitalizazioa
Ermuak biki digital bat txertatu die igogailu publikoei euren funtzionamendua hobetzeko
Irakurri gehiago
Elkarrizketak 11 urtarrila, 2022 Digitalizazioa
Pintuberrik 4.0 kategoriara eraman ditu bere pintaketa-prozesuak
Irakurri gehiago

Linkedin-a

Eguneroko informazioa, jarduera-sektoreka eta intereseko
hartzeko.

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak