Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 25 otsaila, 2020 Ekintzailetza Eraldaketa digitala Industria adimenduna Smart Industry Programa Start up UP Euskadi

Muon Systmes: muoien tomografia mantenimendu industrialerako

Barakaldoko enpresa aitzindaria da partikula muonikoak erabiltzen galdaketako labeen, galdaren eta hodien dentsitatearen analisian
Muon systems
Ezkerretik eskuinera Aitor Orio, Muon Systems-eko Ingeniaritzako arduraduna, eta Carlos Díez, enpresako sortzailekide eta CEOa

Barakaldoko enpresa aitzindaria da partikula muonikoak erabiltzen galdaketako labeen, galdaren eta hodien dentsitatearen analisian

Muoien tomografia ez da 4.0 Industriaren esparruan gehien ezagutzen den teknologia. Halere, tamaina eta dentsitate handiko objektuak aztertzeko duen gaitasuna dela medio, konponbide berritzaileak eskaintzen ditu hainbat sektoretan. Bizkaiko Muon Systems konpainia aitzindaria da Estatuan teknologia horren industriarako aplikazioan. Carlos Díezekin hitz egin dugu, enpresako sortzailekide eta CEOarekin.

 

Nola sortu zen Muon Systems?

Bi fisikarik sortu genuen enpresa: Pablo Martínezek eta nik. Gure jatorria partikulen fisikako ikerketan dago, eta labe garaietan analisi teknika ez-suntsitzaileetan lan egiten zuen gure hirugarren bazkide Pablo Gómezen bidez, muoiak erabiltzeko aukera sortu zen, galdaketako labe horien barruan zer gertatzen den ikusteko. Horretan hasi ginen, ezagutzen genituelako muoiak; bagenekien nola detektatzen diren eta nola elkarreragiten duten materiarekin, eta orobat bagenekien aukera ematen dutela aztertzeko zer gertatzen den objektu handi eta trinkoetan eta muturreko baldintzen pean dauden objektuetan, esaterako tenperatura altuetan, zeren horrelako baldintzetan ezin baitaitezke erabili beste neurketa-teknika batzuk. Denbora batez ikertzen aritu ondoren, 2015eko martxoan ekin genion enpresari, merkataritza-sistema bat sortzeko eta hainbat arlotan, zehazki, industrian izan zezakeen aplikazioa aztertzeko. Denbora honetan erakunde hauek babestu eta finantzatu gaituzte: Repsol Fundazioak, Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak (CDTI), Zientzia eta Berrikuntza Zentroak, Eusko Jaurlaritzak SPRIren bitartez eta Bizkaiko Foru Aldundiak.

 

Zeintzuk dira muoien tomografiaren ezaugarri garrantzitsuenak?

Muoiak partikulak dira, elektroiak bezala, baina 200 aldiz masa handiagoa dute. Modu naturalean sortzen dira atmosferan, Lurraren gainazalera iristen dira eta parean duten guztia zeharkatzen dute. Sartze-ahalmen handia dute, eta zerbait zeharkatzen dutenean objektu horrekin elkarreragiten dute, haren ibilbidea desbideratuz eta objektuaren dentsitatearen arabera energia galduz. Aztertzen baduzu muoi horiek nola galtzen duten energia eta nola desbideratzen diren, objektu horren barnealdea berreraikitzen has zaitezke, eta erradiografia bat egin, erradiazio gehigarri bat sortu beharrik gabe. Baliagarriak dira objektu handiei erradiografiak egiteko, gamma izpiak edo x izpiak erabili gabe, eta aukera ematen dute altzairuak edo beruna bezalako objektu oso trinkoak aztertzeko. Zenbait kasutan, berau da horrelako analisiak egiteko gai den teknologia bakarra.

 

Zein prozesu jarraitu behar da muoiekin analisi bat egiteko?

Lehenik eta behin, muoiak detektatzeko gure “hardware”a egokitzen diogu konpondu nahi dugun arazoari. Muoiak leku guztietatik pasatzen ari dira uneoro, eta milaka muoik zeharkatzen gaituzte konturatu ere egin gabe. Detektagailu batekin neurtzen dugu nola iristen den muoia objektura, eta beste detektagailu batekin neurtzen dugu nola ateratzen den muoia objektu horretatik. Gero, gure berreraikitze ‘softwarearekin’ tomografia irudi bat osatzen dugu objektuaren lodiera ezagutzeko. Lortzen duguna da hiru dimentsioko dentsitate-mapa bat, non objektuaren dentsitatea ikus baitaiteke. Geuk egiten ditugu hala erradiazioa atzemateko detektagailuak, nola informazio hori aztertzeko sistemak.

 

Zein esparrutan erabiltzen da muoien tomografia?

Batez ere ikerketa zentroetan, ez hainbeste enpresetan. Industriari aplikatutako muoi-tomografian esklusiboki diharduen Espainiako lehen enpresa gara, eta bakarra gainera.

 

Adibidez, erabil daiteke isolatuta dauden altzairuzko hodien barnealdea aztertzeko eta jakiteko nolako higadura- eta korrosio-maila duten. Eta hori isolatzailea kendu gabe. Orobat erabil daiteke galdaketa-labeen dentsitatea neurtzeko eta horrela ikusteko badagoen dentsitate-murrizketarik labearen hormetan. Muoi bidezko tomografiak neurri ez-intrusiboa ematen du, bertatik igarotzen ari den erradiazioa neurtzen dugulako.

 

Geologian erabiltzen da sumendietako aldagai ezberdinak neurtzeko, muoiek tenperatura altuak jasan ditzaketelako. Arkeologian ere bai. Adibidez, hainbat proiektu egiten ari dira mendiak bezain handiak diren piramideetan, jakiteko ba ote dagoen haien barruan orain arte sekula aurkitu ez den kamera ezkuturik. Era berean, interes handia dugu segurtasunaren arloan; zehazki, aztertu nahi dugu posible den muoi bidez eskaneatzea portuetako itsasontzien edukiontziak, metodo ez-intrusibo eta erabat kaltegabea baita jakiteko edukiontziaren barruan badagoen egon behar ez lukeen elementurik.

 

Badakigu 4.0 industriaren helburuetako bat dela Zero Akatseko Fabrikazioa. Lagungarri izan daiteke muoien tomografia helburu hori lortzeko?

Muoien tomografiak gauza oso handi eta dentsoak neur ditzake, baina ez da teknikarik onena akats txikiak eta azkar antzemateko. Ezin baituzu atmosferatik iristen den muoi kopurua azkartu. Neurri bakoitzak bere denborak eskatzen ditu eta ezin duzu ezer egin hori kontrolatzeko. Adibidez, ez da aukerarik onena ekoizpen-kate batean, non garrantzitsua baita soldaduretako akatsak edo pitzadurak azkar detektatzea.

 

Zeintzuk dira zuen etorkizuneko erronkak?

Enpresa bezala, erronketako bat da gure negozio-eredua baliozkotzea lehenengo aplikazioekin, hazten jarraitzea behar adinako egitura bat edukitzeko eta gure algoritmoak garatzea. Teknologiari dagokionez, erronka asko ditugu, besteak beste, hobetu egin behar dugu gure konponbideen kalitatea,  irudien bereizmena eta neurketen fidagarritasuna, eta gai izan behar dugu neurketak gero eta baldintza muturrekoagoetan egiteko. Beste helburu bat da teknologia horren estandar bat sortzea, ziurtagiri bat  behar dugulako, erabilerari ikuskaritza-zerbitzu zabalagoa eman ahal izateko. Oso erronka garrantzitsua da ziurtagiri hori lortzea. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak monitorizatzen du mundu osoko enpresa eta ikerketa-zentroak estandar bat sortzeko egiten ari diren lana. Asko eskertzen dugu ahalegin hori, uste baitugu oinarrizkoa dela.

Lotutako albisteak

GLO910 13 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Elkarrizketa ‘glo910’-eko Ixone Elosegui eta Miren García-Chazarrari
Irakurri gehiago
José Luis López de Ciordia. Urberri 16 urria, 2024 Ekintzailetza
Zure negozioaren webguneak Interneten arrakasta izateko behar duen guztia eskaintzen dizu UrBerrik
Irakurri gehiago
Jorge García Betanzos, CEO de RUNNEA 11 iraila, 2024 Ekintzailetza
Runneak bere 10. urteurrena ospatuko du eta Awin Power 100ean aitortua izan da
Irakurri gehiago
25 ekaina, 2024 Ekintzailetza
Vrainhax: “Min iraunkorra duten pazienteak tratatzen ditugu, haien bizi-kalitatea errealitate birtualaren bidez hobetzeko”
Irakurri gehiago
17 ekaina, 2024 Ekintzailetza
Paturpat: “Produktu naturala egiten dugu, patatarekin errezetak egitean denbora eta kostuak murriztea lortzen duena”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak