Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 7 abendua, 2023 Digitalizazioa

Eider Sánchez: “Minbizia duten gaixoen bizi-kalitatea hobetu nahi dugu adimen artifizialaren bidez”

Donostiako Naru Intelligence enpresak biomedikuntzarekin konbinatzen ditu Big Data eta AA sistemak

Biomedikuntzaren arloan Big Data eta adimen artifizialeko sistemak erabiltzen dituen ETE gipuzkoarra da Neru Intelligence. Eider Sánchez eta Maider Alberich ingeniariek sortu zuten 2016an, eta Donostian dago. Bizitzak maila profesionalean batu zituen bi emakumeak, pertsona maite bati minbiziaren aurkako borrokan lagundu ondoren. Ia hamar urte beranduago, 20 pertsonako taldea osatzea lortu dute. Algoritmo adimendunak garatzen dituzte, minbizia eta gaixotasun kronikoak dituzten gaixoen bizi-kalitatea hobetzeko.

Adimen artifiziala eta biomedikuntza lotzen dituzue?

Bai. Naru sortu genuenetik, adimen artifizialaren bidez minbizia duten gaixoen bizi-kalitatea eta emaitza klinikoak hobetzea izan da gure helburua. Zehazki, oraingo eta etorkizuneko gaixoen emaitzak hobetu nahi ditugu, oraingo eta iraganeko gaixoei gertatu zaien guztia ikasteari esker. Tratamenduaren emaitzei buruz eta tratamenduan zehar izan dituzten konplikazioei buruz ikasten dugu. Horri esker, antzeko ezaugarriak dituzten gaixoei etorkizunean zer gertatuko zaien aurreratzea lortzen dugu, baita konplikazio larriak eta ospitaleratzeak murriztea eta gaixoen bizi-kalitatea hobetzea ere. Eta, aldi berean, ospitaleko talde klinikoei laguntzen diegu, gaixo bakoitzari hurbiltze terapeutiko pertsonalizatuagoa eskaintzeko, protokolo klinikoak hobetzearen eta erabaki klinikoak hartzeko protokoloak hobetzearen bidez.

Zer eskaintzen duzue, zehazki?

Batetik, gaixoari aplikazio bat eskaintzen diogu. Haren bidez, zer sintoma dituen, zer osasun-egoera duen eta nola sentitzen den komunikatu diezaioke edozein unetan ospitaleko lantaldeari. Bestetik, arriskuaren edo larritasunaren arabera gaixoak lehenesten laguntzen diogu ospitaleko lantaldeari, gaixo bakoitzari tratamenduaren une bakoitzean behar duen arreta eskaini ahal izateko. Kontuan izan behar da minbiziaren aurkako tratamenduak oso bortitzak direla eta gaixoak ondorio ugari izan ditzakeela etxean dagoen bitartean; ondorio horietako batzuk larriak dira. Gure sistemaren bidez, ospitalearen erantzun goiztiarra jasotzeko aukera du gaixoak, konplikazioa larriagotu aurretik. Bestetik, adimen artifizialeko algoritmo aurreratuetan oinarritutako tresnak eskaintzen dizkiogu ospitaleari. Gaixoen populazio handietatik ikastea ahalbidetzen dute tresna horiek eta, hala, ezagutza berriak eskuratzen laguntzen dute, etorkizuneko gaixoekin emaitzak hobetzeko.

Badira urte batzuk enpresa eratu zenutenetik. Gauzak asko aldatu al dira?

Maiderrek eta nik duela sei urte sortu genuen enpresa, eta dagoeneko 20 langile gara. Urte hauetan zehar teknologia garatu dugu, baliozkotze klinikoak egin ditugu ospitaleekin, Sendagaien Espainiako Agentziarekin ziurtatu dugu produktua Europa mailako arreta medikoan aplikatzea, gure lehen bezeroak izan ditugu eta, gaur egun, pazienteek gure tresnak erabiltzen dituzte ospitaleetan. Bide luzea izan da, baina gogobetegarria.

Zein da zuen merkatu hobia?

Gure bezeroak, batetik, ospitaleak eta osasun-sistemak dira. Gaixoen emaitzak klinikoak eta bizi-baldintzak hobetzeko helburua dute horiek. Eta, bestetik, industria farmazeutikoa. Hark ospitaleei eskaintzen die gure sistema, tratamendu berriak kaleratzean gaixoek eta hainbat profilek izango dituzten konplikazioak eta emaitzak neurtu ahal izateko.

Zer duzue orain esku artean?

Une honetan, gure sistema ahalik eta paziente gehienei iristea da gure helburu nagusia. Gure teknologian asko landu ditugu zibersegurtasuna eta datuen pribatutasuna, eta gaur egun eskaintzen dugun sistema berritzaileak aukera ematen du ospitaleek haien datuak partekatu beharrik ez izateko, egitasmo oso handietan parte hartu arren.

Eta etorkizunari begira?

Ospitaleen arteko egitasmo handiak jarri nahi ditugu martxan, batez ere Europa mailan, minbizia eta tratamenduen ondorioak eta konplikazioak ezagutzeko bidean aurrerapauso bat emateko.

Lotutako albisteak

17 apirila, 2024 Digitalizazioa
Trakek lidergoa indartu du fisioterapia digitalaren arloan, Adimen Artifizialari esker
Irakurri gehiago
Aitor Alapont. 12 apirila, 2024 Digitalizazioa
P4Q, 25 urte eta aurrera jarraitzeko 100 milioi arrazoi
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
15 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Infoboxek kongresu perfektua eskaintzen du, klik bakarrean
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak