Eraldaketa digitala
Elkarrizketak 9 apirila, 2021

Bere egokitzeko gaitasunari esker Herrekor indartuta aterako da pandemiatik

María Herrerok zuzentzen duen ingeniaritza-enpresa familiar honek Astigarragan du egoitza, eta potentzia-transmisioko eta “converting”eko proiektuetan espezializatuta dago
-

Herrekor ingeniaritza-enpresa familiarrak Gipuzkoako Astigarragan du egoitza 1978tik. Urte hartan bertan sortua, gaur egun 25 profesional enplegatzen ditu (% 40 ingeniariak) eta zuzenean operatzen du, besteak beste, Portugalen eta Marokon. Euskal konpainia honek potentzia-transmisio, “converting” eta elektronika industrialeko konponbideak eskaintzen ditu. “Baldin inon badago biratzen duen zerbait, hortxe dago Herrekor” diote. Eta berdin jogurt tapa baten sorkuntza-prozesurako konponbide bat behar bada. Enpresaren azken ilusioa Kentu da, duela urtebete sortutako spin-off bat, zeinak bezero bakoitzaren neurriko “traje digitalak” egiten baititu sentsorika adimendunaz baliatuz.
Enpresaren sortzaileen alaba eta iloba, María Herrerok lideratzen du familia-konpainia honen kudeaketa; 2009an iritsi zen kargura hamar urteko esperientzia bildu ondoren ingeniaritza mekanikoaren arloan, besteak beste Tecnalian eta AirControl enpresan. ASPEGIk “Gipuzkoako Emakumezko Enpresari Onenaren Saria” eman zion 2019an hamar urte horietan eginiko lan eta ahaleginagatik.

 

Nabarmentzekoa da 25 langileko enpresa familiar bat zuzentzen duen emakumezko ingeniari mekaniko batekin ari garela, jakinik oraindik ere oso zaila dela horrelako profilak aurkitzea…

Iristen zaizkigun curriculum gehienak gizonenak dira, baina lanean jarraitu behar dugu, zeren izan genuen emakumeen goraldi bat, garai gozo bat, baina esango nuke joerak okerrera egin duela berriz…

 

Zergatik ote da?

Agian betiko errezeta berdinei jarraitu diegulako. Ingeniaritza bezalako karrera tekniko bat zer den ez jakitea, enpresen eta unibertsitateen edo enpresen eta ikastolen arteko urruntasuna… Horri gehitu behar zaizkio haurtzarotik markatzen gaituzten estereotipoak eta Zientziaren arloko emakume erreferenteen ikusgarritasun eza. Horra gaur egungo errealitatearen osagaiak. Baina ez dugu etsiko! Emakumeok gai gara, gizonak bezalaxe, ingeniaritza ikasketak amaitzeko eta ingeniaritzatik bizitzeko.

 

2020a bezalako urte batek eman digun ikuspegiarekin, zure ustez nola tratatu zaituzte pandemiak?

Oso urte trinko eta intentsoa izan da, bai emozionalki eta bai profesionalki. Betirako gogoan iltzatuta geratuko den urte bat. Eta zorionez aise irten gara urte zail honetatik, nire iritziz, oso ongi egokitu garelako. Lehenagotik ere eginda geneuzkan etxeko lanak, izan ere digitalizatuta geunden eta hainbat arlo estrategikoren aldeko apustua egin genuen; horietako bat izan zen zibersegurtasuna, eta telelana iristearekin batera argi geratu da behar-beharrezkoa dela enpresa guztientzat, tresna oso eraginkor eta segurua baita. Horrekin guztiarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta SPRIren laguntzarekin, eta 4.0 Industria Digitalaren bitartez, gai izan gara inguruabar berrietara egokitzeko; aldaketazko itsaso nahasian nabigatzen ikasi dugu kostuak murriztuz, Herrekorreko pertsona guztiei ikusgarritasun handia emanaz eta etengabeko jarraipena eginaz, horrela egoeraz jabetzeko. Master bat egin dugu familia-kontziliazioan.

 

Orain indartsuago zarete?

Indartsuago gara, aldaketetara egokitzeko gaitasuna hobetu dugulako eta teknologia berriekin mugitzen ikasi dugulako. Bezero batekin hitz egin dezakegu Teams, telefonoa edo whatsapp-a erabiliz eta, beraz, kostuak izugarri aurreztuz; egia da nahiago genukeela aurrez aurreko tratua izatea, harreman pertsonalen bitartez enpatia sortzen delako, baina oso ongi eta oso azkar egokitu gara testuinguru berrira.

 

Diozuenez, “Baldin inon badago biratzen duen zerbait, hantxe dago Herrekor”… Nola azaldu genezake zertan datzan zuen jarduera?

Gure negozio-ildoetako bat da, industrian gauza asko daude birak ematen dituztenak, adibidez, motorrak, erreduzitzaileak edo akoplamenduak. Horixe da gure lan-eremua.  Mugimendua transmititzen duen oro sartzen da gure unibertsoan. Halaber, esperientzia handia dugu “converting” arloan, hau da, material malguen eraldaketan. Adibidez, jogurt tapa bat egiteko prozesua material bobina erraldoiekin hasten da eta gero material hori eraldatu egiten da. Gure lana da eraldaketa horretan parte hartzen duten osagaiak kalkulatu eta saltzea gure bezeroei, hots, makina fabrikatzaileei eta materialen ekoizle eta eraldatzaileei, konponbideak eskainiz tentsioaren kontrolerako, luzeran ebakitzeko eta produkzioan kalitatea ziurtatzeko.

 

Zuek garatzen duzuen sentsorika adimendunak ere lotura estua du trazagarritasun prozesuekin, esaterako, makina baten tenperatura kontrolatzeko. Azkenaldian asko entzun dugu txertoei eta haien tenperatura kontrolatzeko eskakizunei buruz, inoiz lan egin duzue eremu horretan? 

Hain justu, duela urtebete jarri genuen abian Kentu, gure enpresatik ateratako spin-off bat, eta saiatzen ari gara txertoentzako tenperatura kontrolaren nitxoan sartzen. Gainera, badugu esperientzia antzeko beste hozkailu batzuekin, zeintzuk trazagarritasun oso fidagarria behar baitute elikagaien tenperatura zehatza ezagutzeko. Prozesu horiek araudi berria bete behar dute eta digitalki eta modu seguruan erregistratu behar dituzte tenperatura aldaketa guztiak, inork ez ditzan aldatu datuak eta kontserbazioa bermatu dadin. Beste aplikazio-eremu bat da makinetatik datuak ateratzea. Kentu-Product ildoarekin osagaiak (multzo hidraulikoak edo konpresoreak) sentsorizatzen eta konektatzen ditugu datu objektiboetan oinarritutako ekintzak abiarazteko. Horrela posible da makinak urrunetik martxan jartzea, mantenimendu aurreratua egitea, kontsumoak optimizatzea, makinaren funtzionamendu ona segurtatzea eta, ondorioz, produkzioaren segurtasun, kalitate, disponibilitate eta errendimendu estandarrak bermatzea.

 

Zertan zaudete zentratuta orain?

Hainbat fronte dauzkagu. Horietako bat pertsonena da, asmoa da bezeroekin eta beste enpresa batzuekin lankidetzan eginiko proiektuetan oinarritutako konponbide osoak eskaintzea, bezeroak gure esku utz dezan dena. Beste arlo batzuk dira banda eta uhalen tailerraren sustapena, konponketak, produktu propio baten sorkuntza, talde gisa hazteko aukera emango digun I+G+B…

 

Zuen bezeroak nola aldatu diren azaldu beharko bazenu, zer esango zenuke?

Esango nuke eboluzionatu egin dutela euren lankidetzarako gaitasunean eta erabakitasunean, eta oso motibatuta daudela digitalizazioan oinarritutako proiektuak martxan jartzeko, eta horrela mugikortasunaren arazoa konpontzeko, ezin baitute iritsi munduko edozein txokotan dauden azken bezeroenganaino. Baita ere esango nuke egokitu egin behar izan dutela arazoak urrunetik konpontzeko, askotan ezinezkoa zelako lantegira joatea, eta ikasi behar izan dutela ekoizpenaren jarraipena etxetik egiten. Pandemia baino lehen hori ez zen batere ohikoa. Era berean, ikusi dugu pandemian zehar geldirik egon diren inbertsioak, hots makinak eta prozesuak digitalizatzeko proiektu berriak, aktibatzen ari direla. Jendeak badu gogoa lanean jarraitzeko!

 

Lotutako albisteak

Roiward:  “Txandakatzea  da  ETE  baten  kostu  ezkutu  handienetako  bat”

Roiward: “Txandakatzea da ETE baten kostu ezkutu handienetako bat”

Roiward Bilbon jaio zen, eta enplegatuen ongizatea enpresentzako aktibo bihurtzeko erronka hartu zuen bere gain. Horretarako, fintech, HRTech eta lan-ongizatea geruza teknologiko bakar batean konektatzen dituen eredu bat proposatu du.

Formesa,  digitralizazioaren  aldeko  apustua  egin  duen  forjaketako  eta  mekanizazioko  enpresa

Formesa, digitralizazioaren aldeko apustua egin duen forjaketako eta mekanizazioko enpresa

Mungiako enpresak SPRI Taldearen laguntza jaso du Industria digitala programaren baitan, eta negozioaren % 1,5 I+G arlora bideratzen du

Betsaide,  adimen  artifizialaren  bitartez  digitalizazioa  sustatzen  duen  Bizkaiko  galdaketa-enpresa

Betsaide, adimen artifizialaren bitartez digitalizazioa sustatzen duen Bizkaiko galdaketa-enpresa

Elorrioko enpresak eskari komertzialen automatizazio-sistema adimenduna garatzeko erabili du SPRI Taldearen dirulaguntza.

Bilenko  startupak  konektagarritasuna  eskaintzen  du  landa-eremuetan  eta  industria-eremuetan

Bilenko startupak konektagarritasuna eskaintzen du landa-eremuetan eta industria-eremuetan

Bizkaiko enpresak proiektuak garatu ditu dagoeneko Euskadin, Nafarroan, Kantabrian eta Kanarietan.

RK  Solutions  handizkako  informatikako  denda  da  eta  ETE-entzako  software  soluzioak  hornitzen  ditu

RK Solutions handizkako informatikako denda da eta ETE-entzako software soluzioak hornitzen ditu

Gernikako enpresa lau langiletik 80ra igaro da lau urtetan eta zortzi aldiz gehiago fakturatzen du orain, urtea bost milioi eurora iritsi arte.

Hermeneus  World,  liderra  saltoki  txikien  eraldaketa  digitalean

Hermeneus World, liderra saltoki txikien eraldaketa digitalean

Bizkaiko enpresak SPRI Taldearen Kloud programako laguntza jaso du eta ETEak digitalizatzeko softwarea garatu du

Bideroad,  adimen  artifizialaren  bitartez  azpiegituren  mantentze-lanen  kudeaketa  asmatu  duen  startupa
12/11/2025 Ekintzailetza

Bideroad, adimen artifizialaren bitartez azpiegituren mantentze-lanen kudeaketa asmatu duen startupa

Top 101 Spain Up Nation Errekonozimenduen II. edizioko finalisten artean egon diren Euskadiko sei startupetako bat da enpresa

Kata  School  Euskadik  laguntzaile  digital  adimenduna  eskaintzen  du  industriako  ETE-en  lehiakortasuna  hobetzeko

Kata School Euskadik laguntzaile digital adimenduna eskaintzen du industriako ETE-en lehiakortasuna hobetzeko

Enpresak I+G arlora bideratzen du urtean fakturatutakoaren % 15.

D  &  A  Innovative  Systemsek  beren  digitalizazio-prozesuan  laguntzen  die  enpresei

D & A Innovative Systemsek beren digitalizazio-prozesuan laguntzen die enpresei

Enpresak sektore anitzeko soluzio berritzaileak eskaintzen ditu, bezeroen esperientzia eta teknologia aurreratuenak batuz

Ikasgelatik  fabrikara:  Innovaek  prestakuntza  eta  eraginkortasun  industriala  bultzatzen  ditu  Errealitate  Birtual  eta  Areagotuarekin

Ikasgelatik fabrikara: Innovaek prestakuntza eta eraginkortasun industriala bultzatzen ditu Errealitate Birtual eta Areagotuarekin

Gipuzkoako enpresak errealitate hedatuko soluzioak garatzen ditu, Lanbide Heziketa eta prozesu industrialak eraldatzen ari direnak, berrikuntza teknologikoa eta pertsonak ardatz dituen ikuspegi praktikoa bateratzen dituztenak.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.