Arson Metering, tele-irakurketa adimenduna uraren kudeaketarako

19 otsaila, 2019

 

Euskal enpresaren teknologia dagoeneko instalatu da Formenterako 2.400 kontagailuetan

 

Aqualia multinazionalak oraintsu bukatu du ur-kontagailuen sarerako tele-irakurketa sistema baten instalazioa Formentera uhartean. Proiektu horrek oinarritzat du tele-irakurketa adimenduneko sistemetan eta baliabide hidrikoen kudeaketan espezializatutako Arson Metering enpresa bizkaitarraren teknologia bat. Hala, Formenterako 2.400 ur-kontagailuek badute sistema bat sarearen egoera denbora errealean monitorizatzeko.

 

Arson Metering enpresak garatutako AquaCity teknologiaren ezaugarri garrantzitsuetako bat da bateragarria dela merkatuko ur-kontagailu guzti-guztiekin eta komunikazio protokolo desberdinekin. Oinarritzat hartuz softwarea eta sare finkoko ekipoak, etengabe bidaltzen ditu kontagailuetako datuak, egunean 24 irakurketa oso egiteraino. Hala, posible da sareko irregulartasunak detektatzea (isuriak eta matxurak) eta uraren kontsumoari buruzko datu askoz zehatzagoak izatea.  Zerbitzu horrek kontagailuak geo-kokatzen ditu eta Datuen Kontrolerako Zentrora bidaltzen du informazioa, han sarearen funtzionamendua kudeatzeko.

 

Aqualia-k Arson Metering enpresarekin batera ezarritako proiektu horrek lider bihurtu du Formentera hornikuntza hidrikorako sareen kudeaketan, lehen uhartea baita kontagailuen tele-irakurketa adimenduneko sistema bat duena. Teknologia horrekin posible da kontsumoa kontrolatzea, baliabideak ez xahutzea eta ingurumen sostengarritasuna errespetatzea.

 

Arson Metering Leioan dago eta IoT Water Taldeko enpresa bat da. 2009tik ur edangarriaren arloko I+G da bere jarduera nagusia eta AquaCity, berriz, garatu duen gailu garrantzitsuena, sistema unibertsal bat, kontagailu fabrikatzaile guztiekin eta merkatuko ur kudeatzaile desberdinekin integratu daitekeena. “Hasieratik frogatu genuen tele-irakurketaren helburua ez dela datuak lortzea fakturatzeko, baizik eta sare hidrikoak monitorizatzeko eta optimizatzeko” azaldu du Jorge Manriquek, Arson Metering enpresako zuzendari komertzialak, “egunean 24 aldiz irakurtzen ditugu kontagailuak, horrela kontsumo profilak ateratzeko, sarearen egoera aztertzeko eta, funtsean, ura aurrezteko”.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow