Filtra tu búsqueda



Mikel Jauregi sailburua (ezkerretik bigarrena).
Finantziazioa
Albisteak 22 urtarrila, 2025

FFinkatuzek 15 M-ko inbertsioa egingo du Arania Taldean, altzairuaren eraldaketaren arloko erreferentean

FINKATUZen laguntzarekin, Arania Taldeak 50 M €-ko inbertsio-plana bultzatu nahi du datozen hiru urteetan, eta horietatik erdia baino gehiago Euskadin gauzatuko da.

Eusko Jaurlaritzak, FINKATUZen bidez, eta Finantzen Euskal Institutuak (FEI) kudeatuta, ARANIA TALDEAN 15 milioi euroko kapital-gehikuntza egitea formalizatu du gaur. Ogasun eta Finantza Sailak eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak zenbait hilabetez gaia landu eta aztertu ondoren, egingo den ekarpen horrek partaidetza minoritarioa bermatzen du altzairuaren eraldaketan liderra den eta Europan erreferentea den industria-talde horretan. Eragiketa kokatzen da Eusko Jaurlaritzak Euskadiren hazkunde ekonomikoa sustatzeko, euskal enpresak errotu eta nazioartean hedatzeko eta industria-sarea sendotzeko duen konpromisoaren barruan. Euskadiko industria-politikaren funtsezko hiru helburutan jarduten da: industria gehiago, industria-taldearen hazkundea eta nazioartekotzea babestuz; industria hobea, berrikuntzarako eta garapen teknologikorako gaitasunaren alde eginez; eta emisio gutxiago, jasangarritasunerako eta emisio txikietarako estrategiarekin.

Akordio horren esparruan, Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak eta Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak Taldeak Zornotzako Euba auzoan duen lantegia bisitatu dute, instalazioak enpresaren zuzendaritza-taldearen eskutik ezagutzeko, Eric Arana presidentea buru zela.

ARANIA TALDEA duela 85 urte ezarri zen Euskadin, eta urtean 400.000 tona altzairu prozesatu ekoizteko gaitasuna du. Abangoardia teknologikoaren aldeko apustua egin du etengabe, eta, horri esker, sektoreko adierazgarririk handienetako bat bihurtu da. Nazioarteko merkatu handietan presentzia sendotu du, 65 herrialdetan baino gehiagotan jarduten baitu eta % 80ko esportazio-ratioak baititu. Taldea bost markak osatzen dute: Arania, Aratubo, AR Racking, AR Shelving eta Lamincer. ARANIA TALDEAREN hazkundearen eragile nagusia giza kapitala izan da, inklusibitatearen, berdintasunaren eta pertsonen ahalduntzearen aldeko konpromiso irmoarekin. 1.085 pertsonak baino gehiagok lan egiten dute taldean.

Bi aldeek, Eusko Jaurlaritzak eta Arania Taldeak, operazio honen berri eman dute gaur prentsaurrekoan. Ogasun eta Finantzetako sailburu Noël d ‘Anjouk bere hitzaldian adierazi duenez, “gure sailek hainbat hilabete daramatzate ekarpen hori gauzatzeko lanean eta analisian; ekarpenak altzairuaren eraldaketan liderra eta Europan erreferentea den industria-taldean gutxiengoen partaidetza bermatzen du. Finantzen Euskal Institutua eta Euskadiko Arrisku Kapitaleko Sozietatea elkarlanean aritu dira operazioa arrakastaz gauzatzeko. Finkatuzek 226 milioi euro ditu gaur egun euskal konpainien alde apustu egiten jarraitzeko, eta 2025ean zehar ziur nago operazio gehiago ikusiko ditugula”.

Bestalde, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik nabarmendu duenez, “Euskal Autonomia Erkidegoa Europan berrindustrializazioaren aitzindari izatea nahi dugula aldarrikatzen dugunean, gaurkoa bezalako eragiketez ari gara. Arania Taldea Europan altzairuaren eraldaketan punta-puntako industria da, eta bere kapitalean parte hartze honekin herri-mailako apustu bat egiten dugu posizio lider hau indartzeko eta bere sustraitzea bermatzeko. Eusko Jaurlaritzak Araniari ere lagundu nahi dio bere etorkizuneko erronketan, bai nazioartekotze-prozesuan, bai bere gaitasun berritzailean, bai bere deskarbonizazio-estrategian. Gure proposamena argia da, hots, sektore honek aberastasuna, enplegua eta ongizatea sortzeari dagokionez gizarte gisa egiten digun ekarpenaz jabetzen den industria-politika.  Azken batean, industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago eragiten dituenari buruz ari gara hizketan”.

Halaber, Arania Taldeko presidente Eric Aranak nabarmendu duenez, “Finkatuzen babesa jasotzeak harrotasunez betetzen gaitu eta norabide onean goazela adierazten digu. Akordio honek zentzu handia du guretzat; familia-enpresa bezala gure 85 urteko historiarekin eta gure balioekin oso bateragarria den bazkide bat aurkitu dugu”.

FINKATUZen babesarekin, datozen hiru urteetan 50 M€ inguruko inbertsio-plana bultzatu nahi da, eta inbertsio horietatik erdia baino gehiago Euskadin gauzatuko dira. Inbertsio horiei esker, industria-taldearen lidergoa sendotu ahal izango da, eta negozio bakoitzean erreferentzia gisa finkatu ahal izango da. Hazkunde-plan hori hiru arlotan ardaztuko da:

  1. Jasangarritasun-estrategia indartzea, emisio txikiko altzairua garatzearekin.
  2. Hazkunde- eta nazioartekotze-estrategia bultzatzea (Ameriketako Estatu Batuak eta Latinoamerika).
  3. Lantokien digitalizazio-gaitasunak eta teknologia berriak hobetzea eta indartzea.

FINKATUZek Euskal enpresa estrategiko eta traktoreetan egiten duen laugarren eragiketa da hau (ITP Aero, CAF eta Kaiku Korporazioan egindako eragiketekin batera), eta beste bi sektore biltzen ditu: altzairu-eraldaketa eta industria-apalategiak. Hala, inbertsio-laguntza instituzionala indartzen da funtsezko sektoreetan, hala nola aeronautikan, garraioan, nekazaritzako elikagaietan eta siderurgian.

 

Lotutako albisteak

Goi-teknologiako  bederatzi  enpresa  berri  eratu  dira  Basque  Tek  Ventures  egitasmoari  esker
16/01/2025 Finantziazioa

Goi-teknologiako bederatzi enpresa berri eratu dira Basque Tek Ventures egitasmoari esker

Eusko Jaurlaritzaren ekimenak enplegu eta fakturazio handiagoa sortuko duten enpresa horiek eratzeko prozesua bultzatu eta lagundu nahi du.

Industria  gehiago  eta  hobea  sortzeko  Eusko  Jaurlaritzaren  politikak  4.100  enpresa  baino  gehiagori  ekarri  die  onura  2024an,  745  milioi  euroko  inbertsio  pribatua  bultzatuta
14/01/2025 Ekintzailetza

Industria gehiago eta hobea sortzeko Eusko Jaurlaritzaren politikak 4.100 enpresa baino gehiagori ekarri die onura 2024an, 745 milioi euroko inbertsio pribatua bultzatuta

Mikel Jauregi sailburuak SPRI taldeak koordinatutako euskal industriari laguntzeko programa nagusien 2024ko emaitzak aurkeztu ditu, 272 milioi euroko inbertsio publikoa eragin dutenak. Datorren otsailean ETEentzako 2025 Laguntza Programa berri bat iragarriko da, 500 milioi eurokoa

Mikel  Jauregi:  “Euskadi  Europako  berreindustrializazioaren  liderra  izan  dadin  lanean  ari  gara”

Mikel Jauregi: “Euskadi Europako berreindustrializazioaren liderra izan dadin lanean ari gara”

Euskadik Europako industrian kontsolidatutako egoeran ekin dio 2025. urte honi eta erronka garrantzitsuak ditu aurrean. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrean onartutako eta berrikuntzaren eta trantsizio energetikoan aurrera egitearen aldeko aurrekontu hedakorrak ditu, ikuspegia betiere lehiakortasunean aurrera egitean jarrita. Mikel Jauregi sailburuak 2025 honetan Jaurlaritzak bideratuko duen politika industrialari buruzko funtsezko gakoak...

Eusko  Jaurlaritzako  industria-sustapenerako  programek  335,4  milioi  euro  mobilizatu  dituzte  2024an  inbertsio  pribatuan

Eusko Jaurlaritzako industria-sustapenerako programek 335,4 milioi euro mobilizatu dituzte 2024an inbertsio pribatuan

SPRIren inbertsio publikoa 55,4 milioi eurokoa izan da, langabeziaren inpaktu handiko eremuentzako dirulaguntzen, oinarri teknologia duten ETEak sortzeko eta garatzeko dirulaguntza itzulgarrien edo teknologia handiko makinak erosteko dirulaguntzen bitartez

Jon  Ansoleaga  Ugarte,  SPRIko  zuzendari  nagusi  berria
17/12/2024 Ekintzailetza

Jon Ansoleaga Ugarte, SPRIko zuzendari nagusi berria

Enpresen Garapenerako Agentziako arduradun berriak euskal industria bultzatzeko lan egingo du, besteak beste I+Ga, jasangarritasuna, eraldaketa digitala, nazioartekotzea eta inbertsioen eta talentuaren bilaketa sustatzeko politiketatik abiatuta

Joan blog-era

Jarraitu gurekin

Gure sareetan espezializatutako kanalak eta eguneroko aktualitateak.