Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 23 ekaina, 2022 Digitalizazioa Basque Digital Innovation HUB

Basque Digital Innovation Hub-a teknologia digitalen Europako sare berrian sartu da

European Digital Innovation Hubs (EDIH) sareak leihatila bakar bezala funtzionatuko du enpresen lehiakortasuna hobetzeko

Europako Batzordeak ezagutzera eman du DIGITAL programaren (Digital Europe Programme-ren) lehen deialdiko ebaluazioaren emaitza. Basque Digital Innovation Hub (BDIH) sareak gainditu du ebaluazio-atalasea, “Bikaintasunaren zigilua” jaso du eta Europako EDIH sareko kide bilakatu da.

Europako EDIH sareko kide izateak aukera ematen digu Euskadiko eta Europako ETEei teknologia digital eta jasangarriak txertatzen laguntzeko, bideak jarriz ekosistema desberdinak elkarrekin konektatzeko, aukerak identifikatzen direlako Europako hainbat eskualdetako erabiltzaile nahiz hornitzaileentzat.  Horrela, euskal enpresentzat errazagoa izango da zabaltzea eta beste merkatu batzuk aprobetxatzea, EBko balio-kateak garatzea, aukera komertzial berriak sortzea edo aurreko esperimentuak edo  berrikuntza-pilotuak merkaturatzea.

EDIH-ek leihatila bakar bezala funtzionatuko dute; laguntza emango diete enpresei dinamikoki erantzuteko erronka digitalei eta lehiakorragoak izateko.

Sarbidea emanez esperientzia teknikora eta esperimentaziora, eta aukera emanez “inbertitu aurretik probatzeko”, EDIH-ek enpresei laguntzen diete beren prozesu, produktu eta zerbitzuak (komertzialak nahiz produkziokoak) hobetzen teknologia digitalak erabiliz. Baita ere eskaintzen dituzte berrikuntza-zerbitzuak, hala nola finantza-aholkularitza, gaikuntza, eta eraldaketa digital arrakastatsu bat lortzeko behar diren trebetasunak garatzea.  Kontuan hartzen dira, bestalde, ingurumen arloko kontuak, batez ere energia kontsumoarekin eta karbono isuri urriekin zerikusia dutenak.

BDIHren zerbitzuak ugaritzeko aukera hau gehitu egiten zaie BDIHk egun martxan dituen ekimenei. Hala, Taldeak uztailean egingo du BDIH Konexio laguntza-programaren hirugarren deialdia, enpresei teknologia digital eta jasangarriak aplikatzen laguntzeko, eta programa horrek milioi bat euro banatuko ditu dirulaguntzatan. Azken bi urteotan, BDIHko kide diren agente teknologiko espezializatuek laguntza pertsonalizatua eman diete 130etik gora enpresari balizko konponbide digital eta jasangarriekin probak egiteko, eta horretarako enpresen zerbitzura jarri dute aktibo eta zerbitzuen sare konektatu bat teknologia horien inguruko prestakuntzarako, ikerketarako, testak egiteko eta baliozkotze prozesuetarako.

BDIH Konexio programak 12.000€tik 20.000€ra bitarteko dirulaguntzak (gastuen % 80) ematen dizkie BDIH sareko kideekin (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agenteekin, hots, Teknologi Zentro, Unibertsitate, Lanbide Heziketako Zentro eta enpresetako I+G Unitateekin) edo Europako DIH zentro batekin (BDIHk harekin lankidetza akordioak baditu) elkarlan estuan garatutako proiektuak aurkezten dituzten enpresei.

Gainera, BDIHk, bere nodoetako koordinatzaileen eskutik, “Deep Dive Industria Digital eta Jasangarria” jardunaldiak aurkezten ditu, hau da, nodoen teknologiak eta haien aktiboen gaitasunak ezagutzeko maila tekniko handiko murgiltze jardunaldiak, nodo bakoitzeko kideetako senior langileek zuzenduak. Jardunaldi horien ezaugarri nagusia da praktikoak, proaktiboak eta interaktiboak izatea; denek dute egitura berdina eta aukera ematen diete bertaratuei lehen eskutik ikusteko nola hobetu ditzaketen teknologia digital eta jasangarriek euren enpresetako prozesu eta produktuak. Deep Dive jardunaldiak aukera paregabea dira adituak aktiboekin zuzenean lan egiten ikusteko, eta baita ere euren prozesu eta produktuetan konponbide teknologikoak txertatzeko aktibo horiek erabili dituzten beste enpresa batzuen benetako erabilpen-kasuak ezagutzeko. Horrez gain, bertaratuek euren premiak helarazi ahal izango dizkiete nodoetako adituei eta euren kasu partikularrei buruzko aholkularitza jaso. Deep Dive jardunaldiak datozen hilabeteetan egingo dira BDIH sareko kideen zenbait egoitzatan.

 

Basque Digital Innovation Hub

Euskadiko Digital Innovation Hub Eusko Jaurlaritzaren apustu berritzaile bat da, zeinaren helburua baita behar den azpiegitura ezartzea euskal enpresen eraldaketa digital eta jasangarria ahalbidetzeko. BIDHk lau urte baino gehiago daramatza martxan eta lankidetza publiko-pribatuan oinarritzen da. Jaurlaritzak eskaintzaren katalizatzaile-lana egiten du, bere gain hartuz eskaintza hori konpainietara helarazteko konpromisoa.

Euskal ETEek aukera dute BDIH sareko 30etik gora kideen (teknologi zentroak, unibertsitatea, prestakuntza zentroak eta enpresetako I+G-ko zentroak) I+G-ko teknologia- eta azpiegitura-eskaintza baliatzeko Basque Digital Innovation Hub-en bitartez.

Eskaintza hori eskuragarri dago euskal enpresek SPRI Taldearen web orrian kontsultatu dezaketen aktiboen katalogoan. Aktibo horiek eskaintzen dituzten zerbitzuak arlo hauetakoak dira: Fabrikazio gehigarria, Robotika malgua, Makina adimendun eta konektatuak, Zibersegurtasuna, Material aurreratuak, Sare elektriko digitalak eta Gailu medikoak eta osasun digitala.

 

Lotutako albisteak

18 Marzo, 2024 Digitalizazioa
Datozen hilabeteetan mantendu edo hobetu egingo direla aurreikusten dute euskal industriako sektoreek
Irakurri gehiago
14 Marzo, 2024 Digitalizazioa
Fulsion, herritarrei arreta emateko eragile adimendunak eskaintzen dituen euskal ETEa
Irakurri gehiago
14 Marzo, 2024 Digitalizazioa
Enpresa industrialen eta industria adimendunean espezialistak diren enpresa digitalen arteko elkarlana erraztuko du SPRI Taldeak
Irakurri gehiago
11 Marzo, 2024 Digitalizazioa
Soy Atenea, optiken eta bezeroen arteko harremana azkartzen duen Gipuzkoako startupa
Irakurri gehiago
KUIK DIGITAL SOLUTIONS 8 Marzo, 2024 Digitalizazioa
‘Kuik Digital Solutions ‘: Diversiusek eta Lautikek bat egin dute 360º software eta IT zerbitzuak eskaintzeko
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak