Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 7 abendua, 2023 Ekintzailetza Up Euskadi BIND

Nazioarteko erakundeek Eusko Jaurlaritza eta SPRI saritu dituzte enpresentzako startup bidezko berrikuntza-programagatik

BIND 4.0 plataformak Startup Ecosystem Stars 2023 saria jaso du industriari aparteko laguntzarengatik, Parisen.
  • BIND 4.0 plataformak International Chamber of Commerce (ICC) eta Mind the Bridge erakundeek ematen dituzten Startup Ecosystem Stars 2023 bi sari jaso ditu, Exceptional Industry Support (Industriarako Aparteko Laguntza) eta SME Support (ETEen Laguntza) kategorietan

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren BIND 4.0 berrikuntza irekiko plataformak —SPRIk kudeatzen duenak— Startup Ecosystem Stars 2023 saria jaso du Exceptional Industry Support eta SME Support kategorietan. Saria Parisen banatu da, sarien lehen edizioaren ekitaldi entzutetsuan. Antolatzaileak International Chamber of Commerce (ICC) —170 herrialdeko 45 milioi enpresa ordezkatzen dituen nazioarteko enpresa-elkartea— eta Mind the Bridge —egoitza Silicon Valley-n eta Europako hainbat herrialdetan duen berrikuntza irekirako plataforma globala— dira. 

Ekitaldian Europako Batzordeko kideak izan dira, hala nola Iliana Ivanova, Berrikuntza eta Ikerketa, Kultura, Hezkuntza eta Gazteria komisarioa eta Mariya Gabriel, Bulgariako lehen ministrordea eta EBko Berrikuntza eta Ikerketa, Kultura, Hezkuntza eta Gazteria komisario ohia. Gainera, irekiera-hitzaldia ELGAko (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) Gobernu Digital, Berritzaile eta Irekiko Dibisio-buru Carlos Santisok egin du.

Startup Ecosystem Stars sariek gobernu-erakunderik onenak eta beren eskualdeetan berrikuntza babesteko bultzatzen dituzten ekimenak saritzen dituzte. Startupen ekosistemaren “izartzat” hartutako jardunbideen artean, honako hauek daude: prestakuntza-programak, berrikuntza irekirako laguntzak tokiko industriarentzat, berrikuntza-ekosistemen finantza-sustapena eta talentu ekintzailea garatzeko laguntza. 

BIND 4.0 plataformak Exceptional Industry Support kategorian jaso du saria, prestakuntzaren, nazioartekotzearen eta munduko berrikuntza-hub aurreratuenetan murgiltzearen bidez Euskadiko konpainietan eta industria-klusterretan berrikuntza irekia bultzatzeko jardunbiderik onenengatik. Eusko Jaurlaritzaren izenean, SPRIk eta BICek (BIC Araba, BIC Bizkaia, BIC Bizkaia Ezkerraldea eta BIC Gipuzkoa) jaso dute sari hau. Estíbaliz Hernáez Laviña, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak, eta Leyre Madariaga, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko eta Ekintzailetzako zuzendariak.

Estíbaliz Hernáezen hitzetan, “sari honek Euskadi Espainian eta Europan berrikuntzaren garapenaren eta eskalatzearen alde egindako lana aintzatesten du. Era berean, Startups eskalatzeko eta ETEen eraldaketa digitalerako programen bidez eskaini dugun laguntza integralaren aitorpena da. Programa horiekin, batez ere, azelerazioan eta aukerak eskuratzean jarri dugu arreta, BIND 4.0 plataformaren bidez “.

Bestalde, Leyre Madariagak nabarmendu du mundu mailako aintzatespen horrek berretsi egiten duela euskal industriaren eta berrikuntza irekiaren arteko sinergien garrantzia: “Startupekiko lankidetza eta haien teknologiekin eta talentuarekin landutako enpresa-berrikuntza faktore estrategiko gisa finkatu da euskal industrian. Lehiakortasun handiagoa izateko eta egungo gizartearen erronkei modu arin eta efizientean erantzuteko aukera ematen die enpresei. Sariak indartu egiten du Euskadik duen posizioa, eta berrikuntzarako eta ekintzailetzarako eskualderik sendoenetako bat da.

Bizkortze-programaren 8. edizioa egiten ari da gaur egun, eta Euskadin diharduten enpresa global nagusiek hartu dute parte, hala nola Mercedes-Benz, Iberdrola, Unilever, Gestamp, ITP Aero, Angulas Aguinaga, Faes Farma eta Quirónsalud enpresek. Programa horri honako hauek gehitu behar zaizkio: SME Connection programa, 3 edizio daramatzana euskal ETEak eta startup berritzaileak lotzen industriaren erronkei soluzio bat emateko, eta BIND GovTech ekimena, euskal sozietate publikoek beren digitalizazioa sustatzeko erabiltzen dutena. 

BIND 4.0, berrikuntza irekirako eredu arrakastatsua

BIND  Eusko Jaurlaritzak sustatutako berrikuntza irekiko plataforma publiko-pribatu bat da, eta funtsezko hiru helburu ditu: euskal industria-ekosisteman startupen garapena bizkortzea, enpresen eraldaketa digitala sustatzea eta Euskadiko ekosistema industria-ekintzailetza aurreratuko hub gisa kokatzea. 2016an abian jarri zenez geroztik, plataformak 200 startup baino gehiago bizkortu eta 300 berrikuntza proiektu baino gehiago garatu ditu bere 3 programen bidez.


BIND 4.0 plataformak, halaber, nazioarteko errekonozimendua jaso du eskualdeko berrikuntza eta enpresa-ingurunea sustatzeko jardueragatik. 2020. urtean, berrikuntza-plataformak Europako Batzordeko Barne Merkatu, Industria, Ekintzailetza eta ETEen Zuzendaritza Nagusiaren saria jaso zuen Enpresa Sustapenerako Europako Sarien XIV. edizioan, enpresa-ingurunearen hobekuntzaren kategorian. Sari horri Startup Ecosystem Stars 2023 saria gehitu behar zaio. Sari horrek berrikuntzarako eta ekintzailetzarako eskualde sendo gisa finkatzen du Euskadi Europaren barruan.

Lotutako albisteak

Wake Up Euskadi 31 urria, 2024 Ekintzailetza
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
29 urria, 2024 Digitalizazioa
Virtualwarek Suediako Simumatik enpresa erosi du ia 1,4 milioi euroren truke
Irakurri gehiago
marketing IA spri 29 urria, 2024 Ekintzailetza
Neetyk marketina iraultzen ari da Adimen Artifizial automatizatuaren bidez
Irakurri gehiago
28 urria, 2024 Ekintzailetza
Safeloc: “Gure industria digitalizatzen eta automatizatzen jarraitzen dugu, edo ezin izango dugu lehiatu”
Irakurri gehiago
25 urria, 2024 Ekintzailetza
Italiako Novac eta Gipuzkoako Battbelt startupak nagusitu dira Mubil Mobility Awards 2024 sarietan
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak