Elkarrizketak 13 Azaroa, 2025

Alerionek atmosfera leherkorretan funtzionatzeko gai den munduko lehen dronea diseinatu du

Euskadiko ETEa tripulaziorik gabeko aireontzietan espezializatuta dago, industria-operazio kritikoak seguruagoak, eraginkorragoak eta jasangarriagoak izan daitezen
-

Orain hamar urte eratu zuten Alerion Europako Espazioko Agentziaren inkubagailuaren barruan. Gaur egun, Euskadiko ETE hau Gipuzkoako Teknologia Parkean dago eta teknologia aeroespazialean oinarritutako drone adimendunen soluzioetan espezializatuta dago. Teknologia hori, besteak beste, azpiegitura kritikoak (aerosorgailuak, findegiak, eguzki-instalazioak…) eta atmosfera leherkorrak ikuskatzeko erabiltzen du. Hain zuzen ere, azken eremu horretan, hain muturrekoak diren mota horretako inguruneetarako drone espezifikoa garatu du eta mundu mailan lehenengoa izango da. Elisa Mangadoren hitzetan, “aurrerapen aitzindaria da, eta azpiegitura kritikoen ikuskapen-lanetarako aro berria irekiko du”.

Azken garapen horrekin jarraituta… Zer kontatu diezagukezu?

Urnietako (Gipuzkoa) gure egoitzan sortu eta fabrikatu da oso-osorik, eta hegaldi autonomoari aplikatutako ingeniaritzan, segurtasunean eta adimen artifizialean urte askoan egindako ikerketa-lanaren emaitza da.

Muturreko hegaldietarako dronea dela esan dezakegu…

Halaxe da. Atmosfera leherkorretan (ATEX) funtzionatzeko diseinatu den munduko lehen ATEX dronea da. Aurrerapen teknologiko aitzindaria da, eta azpiegitura kritikoen ikuskapenean aro berria zabaldu duena. Bi helburu oso argi ditu droneak: gizakiaren arriskua desagerraraztea edo ahalik eta gehien gutxitzea ingurune arriskutsuetan, eta ingurune horietan ikuskapenak maizago, modu seguruagoan eta eraginkorragoan egin ahal izatea.

Zer dira atmosfera leherkorrak?

Airea eta substantzia sukoiak (hala nola gasak, lurrunak, lainoak edo hauts erregaiak) nahas daitezke espazio horietan, eta, sugar-puntu batekin kontaktuan jarriz gero, leherketa eragin dezakete. Horrelako inguruneak ohikoak dira instalazio petrokimikoetan, findegietan, biltegiratze-deposituetan edo gas- eta energia-industrietan. Orain arte, eremu horietako ikuskapenak eskuz egin behar izaten zituzten, langileak arriskuan jarrita eta segurtasun-protokolo oso konplexuekin. Garatu dugun droneari esker, ordea, ikuskapen bisualak, termikoak eta estrukturalak urrunetik egin daitezke, langileak arriskuan jarri gabe eta lantegiko jarduera eten beharrik izan gabe. Garapen horrekin, indartu egin dugu industria-segurtasunari aplikatutako berrikuntza teknologikoarekiko dugun konpromisoa, drone horrek hobekuntza operatiboa ez ezik, azpiegitura kritikoak ikuskatzeko modua ere aldatzen baitu, eta seguruagoa, zehatzagoa eta eraginkorragoa den aukera eskainita.

Droneez eta robot hegalariez ari bagara, gauza beraz ari gara?

Denok hitz egiten dugu droneez, baina termino tekniko egokia tripulaziorik gabeko aireontzia litzateke. Hala ere, bai, hitz egin dezagun droneei buruz, horixe baita denok erabiltzen dugun hitza.

Gaia lurrera ekartzeko… Nolakoak dira Alerionen droneak haien tamainari eta bateriaren gaitasunari dagokienez?

Hyperion da gure drone nagusia eta % 100ean garapen propioa da, I+G arloko gure taldeak eta gure pilotuek elkarrekin egindako lanaren emaitza. Drone hori ere oso-osorik Urnietan diseinatzen, fabrikatzen eta probatzen dugu. Hain zuzen ere, han bertan dugu gure hegaldi eremu propioa. Tamainari dagokionez, 25 kilogramo baino gutxiagoko droneak (gehienetan, 5 eta 10 kilo artekoak) dira, konfigurazioaren arabera. Autonomia aldatu egiten da karga erabilgarriaren eta egin beharreko lanaren baldintzen arabera: hamar bat minutuko misio laburrak edo ordubete baino gehiagoko hegaldiak, ingurune kontrolatuetan.  Hyperionek potentzia, egonkortasuna eta zehaztasuna konbinatzen ditu, eta ingurune industrial zailetan lan egiteko diseinatuta dago, hala nola aerosorgailuetan edo energia-instalazioetan. Izan ere, toki horietan, fidagarritasuna eta segurtasuna funtsezkoak izaten dira. Baina berezia egiten duena ez da bakarrik bere errendimendua. Izan ere, barne-garapenean eta eremu horretan urte askoan pilatutako ezagutzaren emaitza ere bada.

Offshore funtzionamendua da aurrean duzuen testuinguru zorrotzenetako bat. Zergatik?

Gure pilotuak dagokion parke eolikoraino iritsiko den itsasontzian sartu eta, handik, aerosorgailuen ikuskapena egiten dute. Itsasoaren erdian daude, itsasontzia mugimenduan dagoela eta parean egitura erraldoia izaten dute. Ingurune beldurgarria izaten da, eta doitasun handia eskatzen du. Ikuskapen-prozedura teknikoa lurreko aerosorgailu (on shore) baten oso antzekoa da, baina badu konplexutasun osagarri bat ere: etengabe mugitzen ari den gainazal batetik aireratzea eta lurreratzea. Horri aurre egiteko, gure ingeniaritza-taldeak aireratzeko eta lurreratzeko plataforma espezifikoa garatu du, barne mailan diseinatutakoa, eta segurtasuna eta eraginkortasun operatiboa baldintza txarretan ere mantentzeko aukera ematen du.

Egia al da hasiera batean enpresa ez zela droneen garatzaile gisa sortu?

Egia esan, bai eta ez. Alerion espazio-nabigazioko teknologia droneei transferitzeko ideiarekin sortu zen, droneak erabat autonomo bihurtzeko eta gizakiaren esku-hartzerik gabe egitura konplexuetatik gertu misioak egiteko gai izateko. Hasiera-hasieratik, enpresaren DNAn sartuta egon da honako hauen arteko konbinazioa: droneak, adimen artifiziala eta nabigazio aurreratua. Denboraren poderioz, oinarri teknologiko hori zabalduz joan zen: ikusmen artifizialeko gaitasunak, biki digitalak eta kalteen interpretazio automatikoa sartu genituen, eta beste urrats bat eman genuen geure droneak diseinatzen hasi ginenean. Gaur egun, balio-kate osoa barne hartzen dugula esan dezakegu, hasi garapen teknologikotik eta landako operazioraino, eta horixe bera da beste batzuengandik bereizten gaituena. Aukera ematen digu benetan berritzeko, bezeroaren behar bakoitzera egokitzeko eta, batez ere, merkatuarekin batera eboluzionatzeko.

ESAk (Europako Espazioko Agentziak) zein GAMESA eolikoen enpresak funtsezko zeregina bete zuten lehen urte haietan…

Halaxe da, bai. Europako Espazioko Agentziaren (ESA) transferentzia teknologikoko programaren barruan sortu ginen, industria arloan teknologia espaziala aplikatzeko helburuarekin. Eta oso goiz hasi ginen Gamesarekin elkarlanean, teknologia hori aerosorgailuen ikuskapenera egokitzeko eta eskalatzeko. Horixe izan zen abiapuntua. Urteen poderioz, drone bidezko industria-azpiegituren ikuskapen aurreratuan oinarritutako negozio-lerrorantz aurrera egin dugu, batez ere sektore eolikoan, baina baita ingurune petrokimikoetan, energetikoetan eta iristeko zailak direnetan ere.  Gaur egun, mundu osoan banatuta dauden bezeroekin egiten dugu lan, eta aliantza estrategikoak ditugu konpainia handiekin. Horietako bat da, hain zuzen ere Repsol, Corporate Venture programaren bidez. Egindako bidea bizia eta zirraragarria izan da, erronkaz betea, baina baita oso aberasgarria ere. Eta hauxe da interesgarriena: aurrerantzean iritsiko dena are eraldatzaileagoa izango dela dirudi.

Zer unetan dago oraintxe bertan enpresa?

Gure historiako une ilusionagarrienetako batean gaudela esango nuke. Negozioari dagokionez, hedapen-fasean gaude bete-betean: urtean % 100 baino gehiago hazten ari gara, eta kontratuak sinatu ditugu munduko energia-enpresa nagusietako batzuekin. Maila teknologikoan, proiektu disruptibo berriak ikertzen eta sustatzen jarraitzen dugu, hala nola muturreko inguruneetarako drone espezializatuak edo mantentze-lan prediktiboei aplikatutako Adimen Artifizialeko (AA) soluzioak. Eta, giza arloari dagokionez, lantalde gaztea dugu, oso prestatua eta konprometitua, berrikuntzaren, segurtasunaren eta bikaintasunaren kultura partekatzen duena. Espiritu hori bera da honaino ekarri gaituena. Laburbilduz: hazkundea, heldutasuna eta, batez ere, etorkizunak ekarriko digun horrekiko ilusioa nagusi diren unea bizi dugu.

Etorkizunari begira, zein dira ETE honen erronkak?

Gure erronka nagusia berrikuntza aplikatua da; hau da, nola eraman teknologia urrats bat harago segurtasuna eta eraginkortasun industriala hobetzeko. Horren adibide argia da gure azken garapena: atmosfera leherkorretan (ATEX) funtzionatzeko ziurtagiria lortu duen munduko lehen dronea, lehen aipatu duguna. Urnietako gure egoitzan diseinatu eta fabrikatu dugu oso-osorik, eta jauzi ikaragarria da petrokimika edo energia bezalako sektoreentzat, segurtasuna kritikoa baita horietan. Orain, helburua ziurtagiri eta hedapen operatiboan aurrera egitea da, gaur pertsonak arrisku handiarekin bakarrik sar daitezkeen eremuetan ikuskapenak egin ahal izateko. Laburbilduz, Alerionen etorkizunaren oinarriak izango dira hauek: berrikuntzaren alde egiten jarraitzea, gure eragiketak nazioartekotzea eta gure teknologiaren aplikazioak industria sektore berrietara hedatzea. Eta hori guztia beti filosofia berberarekin: munduan zeharreko operazio kritikoak seguruagoak, eraginkorragoak eta jasangarriagoak bihurtzea.

Lotutako albisteak

Edi  Elevator  enpresak  plataforma  jasotzaile  bat  garatu  du  mugikortasun  urriko  pertsonen  autonomia  hobetzeko
11/09/2026 Ekintzailetza

Edi Elevator enpresak plataforma jasotzaile bat garatu du mugikortasun urriko pertsonen autonomia hobetzeko

Arabako konpainiak Easytrans sortu du, ibilgailuaren atoi-bolan instalatu ondoren, aulkia edo scooter-a eskuz altxatu gabe 120 kilo arte kargatzeko aukera ematen duen jasotze-sistema.

IDDTEK,  industria  eta  talentua  konektatzen  dituen  ingeniaria
10/09/2026 Berrikuntza

IDDTEK, industria eta talentua konektatzen dituen ingeniaria

Derioko enpresa 140 langile izatera iritsi da, eta SPRI Taldearen zibersegurtasun-programaren laguntza jaso du

AJL  Ophthalmic-ek  begiko  kirurgian  zehaztasuna  hobetzeko  sistema  digital  bat  garatu  du

AJL Ophthalmic-ek begiko kirurgian zehaztasuna hobetzeko sistema digital bat garatu du

Oftalmologoei begi barneko lente torikoak ezartzeko beharrezkoa den kornearako markaketa egiten laguntzeko osasun dispositiboa sortu du euskal enpresak.

Sutargik  negozioa  indartu  du  ekonomia  zirkularraren  eta  medikuntzaren  sektoreetan

Sutargik negozioa indartu du ekonomia zirkularraren eta medikuntzaren sektoreetan

Tolosaldeko enpresak, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei lan-aukerak eskaintzen dizkienak, interes ekonomikoko bi elkarte sortu ditu

Welleok  algoritmo  propioak  eta  datuen  analisiak  konbinatzen  ditu,  osasun  eredu  prebentiboan  aurrera  egiteko
08/09/2026 I+G+B

Welleok algoritmo propioak eta datuen analisiak konbinatzen ditu, osasun eredu prebentiboan aurrera egiteko

Test azkarrak, osagarri pertsonalizatuak eta erabiltzaile bakoitzaren bilakaeraren etengabeko jarraipena egiteko aukera ematen duen aplikazioa konbinatzen dituen ekosistema bat sortu du euskal konpainiak.

Secur0:  “BINDek  ateak  ireki  dizkigu  bertako  startup-ekin  lan  egin  izana  aurkezpen-txartelik  onentzat  hartzen  duen  industria-ekosistema  batera”
07/09/2026 Ekintzailetza

Secur0: “BINDek ateak ireki dizkigu bertako startup-ekin lan egin izana aurkezpen-txartelik onentzat hartzen duen industria-ekosistema batera”

Zibersegurtasun erasokorrean diharduen Madrilgo enpresak SPRI Taldearen programan parte hartu du promozio bereko beste hiru startup-ekin batera. Esperientzia horri esker, bere ereduak baliozkotu eta Euskadiko enpresa-sarean murgildu ahal izan da, “Estatuko industria- eta zibersegurtasun-ekosistema indartsuenetako batean".

ResQaR-k  bide-segurtasuna  hobetzeko  erreskate-orria  digitalizatzen  du

ResQaR-k bide-segurtasuna hobetzeko erreskate-orria digitalizatzen du

Aikox-ek garatutako ekimenak QR kodeak erabiltzen ditu larrialdi zerbitzuek ibilgailuen informazio kritikoa berehala eskuragarri izan dezaten.

EHUko  Energia  Berriztagarrien  eta  Hidrogeno  Berdearen  Laborategia,  ekoizpen  “eraginkorrago,  fidagarriago  eta  ekonomikoki  lehiakorrago  baten”  bila
03/09/2026 I+G+B

EHUko Energia Berriztagarrien eta Hidrogeno Berdearen Laborategia, ekoizpen “eraginkorrago, fidagarriago eta ekonomikoki lehiakorrago baten” bila

Potentzial handiena industria astuna deskarbonizatzean, energia berriztagarria biltegiratzean eta elektrifikazio zuzena nahikoa ez den aplikazioetan lehengai eta erregai fosilak ordezkatzean datza.

Sabelec:  berrikuntza  biomedikoa  zauri  konplexuen  erronkari  aurre  egiteko
03/09/2026 Ekintzailetza

Sabelec: berrikuntza biomedikoa zauri konplexuen erronkari aurre egiteko

Gipuzkoako enpresak mikrokorreentea eta adimena konbinatzen dituen gailu mediko bat garatzen du orbaintzea bizkortzeko.

TEN4CARE  proiektu  europarrak  inplante  adimenduna  garatzen  du  tendinopatietako  ehunen  birsorkuntza  bizkortzeko
01/09/2026 I+G+B

TEN4CARE proiektu europarrak inplante adimenduna garatzen du tendinopatietako ehunen birsorkuntza bizkortzeko

Ekimenak, Horizonte Europak finantzatua eta Biokeralty Research Institute euskal enpresak parte hartzen duena, biomaterial aurreratuak, nanoteknologia, adimen artifiziala eta fabrikazio aurreratua konbinatzen ditu, gihar-hezurretako lesioen tratamendua hobetzeko.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.