Europar Batasunak esparru berri bat proposatu du altzairuaren inportazioetarako
Europar Batasuna trantsizio estrategiko bat prestatzen ari da bere merkataritza-politika siderurgikoan. Egungo babes-neurriak 2026ko ekainaren 30ean amaituko direla ikusita, Europako Batzordeak Erregelamendu-proposamen bat aurkeztu du, altzairuaren inportazioetarako araubide juridiko berri bat ezartzeko xedez. Araudi-mugimendu honek merkatu komunitarioaren egonkortasunari jarraipena eman nahi dio, hamarkadaren bigarren erdirako aurreikusten diren gehiegizko ahalmen globalaren erronketara egokituz.
Industria-sarearentzat, proposamen honek eredu-aldaketa bat dakar, eta aurretiazko plangintza eskatzen du, bereziki kostuen egiturari eta hornikuntza-katearen trazabilitateari dagokienez.
Kontigenteen sistemaren bilakaera eta muga-zergen doikuntza
Esparru berriak urteko muga-zergen kontingenteen erabilera mantentzen du, inportazio-bolumen zehatz bat Batasunean eskubiderik gabe sartzea ahalbidetuz. Hala ere, proposamenak baldintzak gogortzen ditu muga horiek gainditzen dituzten eragiketetarako:
- Muga-zergaren igoera: Kontingentetik kanpoko inportazioen karga bikoiztu egingo da, egungo % 25etik % 50era igaroz.
- Hiruhilekoko kudeaketa: Kontingenteak itxitako hiruhileko epeetan kudeatuko dira. Sistema honen pean, hiruhileko batean erabili gabeko kuota-bolumenak ezingo dira hurrengo hiruhilekora pasatu; horrek zehaztasun handiagoa eskatuko du hornikuntza-logistikan.
Jatorriaren trazabilitatea
Hirugarren herrialdeetan egindako eraldaketa txikien bidez neurriak saihestea ekiditeko helburuarekin, proposamenak “Melt and Pour” (urtu eta isuri) jatorri-estandarra sartzen du.
Baldintza tekniko honek enpresa inportatzaileak behartuko ditu altzairua hasiera batean egoera likidoan urtu eta bere lehen forma solidoan isuri zen herrialdea dokumentu bidez egiaztatzera. Ildo horretan, egiaztapena fabrika-ziurtagirien bidez egingo da, merkatu komunera sartzen den lehengaiaren benetako jatorriaren gaineko kontrola indartuz.
Helburu estrategikoak eta aplikazioa
Proposamen honek Europako siderurgiaren lehiakortasuna babesteko beharrari erantzuten dio, sektore estrategikoa baita autonomia industriala eta trantsizio energetikoa bermatzeko. Batzordeak darabiltzan datuen arabera, altzairuaren munduko gehiegizko ahalmena 721 milioi tonara iristea aurreikusten da 2027an. Horrek kontrol-mekanismoak gogortzea justifikatzen du, deskarbonizazio-inbertsioak mantentzea ahalbidetuko duen ingurune ekonomikoa ziurtatzeko.
Testuinguru horretan, erregelamenduak bazterketak aurreikusten ditu Europako Esparru Ekonomikoko kideentzat (Norvegia, Islandia eta Liechtenstein) eta doikuntza espezifikoak jasotzen ditu Ukrainarentzat. Prozedura legegile arruntaren menpeko proposamena denez, Erregelamendu berri honen aplikazioa 2026ko uztailaren 1erako aurreikusten da, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak formalki onartu eta Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean (EBAO) argitaratu ondoren.
Araudi-agertoki berri honen aurrean, Basque Trade & Investment (BasqueTrade) agentziak bere aholkularitza-zerbitzu espezializatua jartzen du euskal enpresen eskura. Bere kanpo-sarearen eta adimen lehiakorreko zerbitzuen bidez, agentziak laguntza eskaintzen du neurri horiek hornikuntza-kateetan duten eragin espezifikoa aztertzeko, trazabilitate-eskakizun berriei buruzko zalantzak argitzeko eta kanpo-eragiketen plangintzan babesa emateko.