Albisteak 19 maiatza, 2026

Eusko Jaurlaritzak bikoiztu egin ditu industriaren efizientzia energetikoa bultzatzeko laguntzak, 52 milioi euroraino

Industriaren efizientzia energetikoaren bidez autonomia energetikoa sustatzeko apustua indartuko du Eusko Jaurlaritzak, eta hori ezinbestekoa da ekoizpen-sarearen lehiakortasuna indartzeko eta inportazio energetikoekiko mendekotasuna murrizteko
-
  • Industriaren efizientzia energetikoarentzako urteko aurrekontu-zuzkidura handiena duen laguntza-programa da; guztira, 52 milioi euro. Industria-sektorearentzako dagoen guztizko zenbatekoa bikoiztu egin da, 2025ekoarekin alderatuta

Eusko Jaurlaritzak laguntza-programa berri bat jarri du abian, industria-sektorean efizientzia energetikoa sustatzeko, energia-aurrezpena bultzatzeko eta ekoizpen-prozesuetan berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko. Laguntzak maiatzaren 19an sartuko dira indarrean, EHAAn argitaratu ondoren.

Hala iragarri du Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak gaur goizean Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.

Guztira, 52 milioi euro izango dira, eta 2025eko aurrekontu-zuzkidura bikoiztu egingo da. Programa hau beren produkzio-sistemen eta -prozesuen efizientzia hobetzeko inbertsioak egiten dituzten industria-sektoreko enpresentzat da; hala, beren lehiakortasuna indartuko dute energiaren prezioen aldakortasunak markatutako testuinguru honetan.

Programa horrek urteko aurrekontu-zuzkidura handiena du industriaren efizientzia energetikoarentzako, eta erakundeen arteko lankidetzan oinarritzen da; izan ere, 26 milioi euro Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAEk) jarriko ditu. Hala, Eusko Jaurlaritzak indartu egingo du autonomia energetikoarekin eta industria-eredu efizienteago eta jasangarriagoarekin duen konpromisoa. Horri dagokionez, esan behar da 2025eko deialdian efizientzia energetikoa bultzatzeko laguntzen onuradunen % 50 baino gehiago ETEak direla.

Laguntza horiek Industria – Euskadi 2030 Planaren “Emisio Gutxiago” ardatz estrategikoaren barruan sartzen dira, eta Eusko Jaurlaritzak deskarbonizazioarekin eta industria-lehiakortasunaren hobekuntzarekin duen konpromisoa indartzen dute. Efizientzia energetikoaren bidez, nabarmen murrizten da energia-kontsumoa, eta, beraz, baita elektrizitatearen eta gasaren faktura ere; hori da industriak nazioarteko merkatuetan lehiatzeko duen gaitasuna baldintzatzen duen faktore nagusietako bat.

Euskadiko industriaren energia-intentsitatea % 66 hobetu da azken 40 urteotan. Izan ere, Euskadi aitzindaria da Europan industriaren energia-intentsitatearen indizearen bilakaerari dagokionez, eta horrek euskal industrian garatutako efizientzia-neurriak bermatzen ditu —efizienteagoak eta jasangarriagoak dira— industria-BPGaren unitate bera ekoizteko energia-kontsumoa nabarmen murriztu baita.

Programa berri horri esker, Europako herrialde liderrekin alderatuta Euskadik duen posizioa indartuko da industriaren efizientzia energetikoaren alorrean, eta Alemania, Frantzia edo Italia bezalako ekonomien aurretik jarriko da. Energia-intentsitateari dagokionez, Euskadi Alemania baino % 5 hobeto dago, Italia baino % 7 hobeto eta Frantzia baino % 24 hobeto.

Horrela, energia aurreztera eta efizientziaz erabiltzera bideratutako politika publikoen hainbat hamarkadatako ibilbide etengabea sendotu egingo da.

 

Programaren ezaugarriak

Kalkuluen arabera, 200 industria-proiektu ingururi lagundu ahal izango die programak, eta horiek 195 milioi eurotik gorako inbertsioak mobilizatuko dituzte. Jarduketen bidez, urtean 830 GWh aurreztuko direla kalkulatu da; hau da, Euskadiko guztizko industriaren energia-kontsumoa % 4,2 murriztuko da.

Beraz, industriarentzako bultzada hori aurrerapauso handia da Eusko Jaurlaritzak ezarritako helburua betetzeko; 2030. urterako energiaren guztizko kontsumoa gutxienez % 12 murriztea. Alde horretatik, Euskadik dagoeneko lortu du bere energia-kontsumoa % 5,4 murriztea, 2021ekoarekin alderatuta, eta industria-sektorea izan da —kontsumo osoaren ia % 50 izanik— murrizketa horretan gehien lagundu duena.

Gehienez ere 4 milioi euroko dirulaguntzak emango dira industria-jarduketa eta -talde bakoitzeko. Dirulaguntzak inbertsioaren % 15etik % 30era bitarte estaliko du, proiektuaren ezaugarrien arabera, eta ehuneko hori handitu egingo da jarduketak energia berriztagarriekin konbinatzen diren kasuetan. Orientazio horrek programaren ikuspegi integrala indartzen du, eta efizientzia, aurrezpena eta energia-iturri jasangarrien hedapena uztartzen ditu.

Aurreko edizioekin alderatuta, segidako konkurrentzia-sistemaren bidez garatuko da programa. Horrela, eskaerak iristen diren hurrenkeraren arabera aztertuko dira, betiere behar bezala beteta badaude, eskuragarri dauden funtsak agortu arte. 2027ko maiatzaren 19tik ekainaren 30era arte eskatu ahalko dira dirulaguntzak, eta informazio guztia EEEren web-orrian kontsulta daiteke, https://www.eve.eus/eu/.

Ekimen horren bidez, Eusko Jaurlaritzak Europako erreferente gisa finkatzen du Euskadi efizientzia energetiko industrialaren alorrean, eta, aldi berean, aurrera egiten du energiaren guztizko kontsumoa murrizteko eta deskarbonizatzeko helburuak betetzen, oinarri industrialaren lehiakortasuna eta iraunkortasuna sendotuta.

 

Autonomia energetikoa eta inportatutako erregai fosilen murrizketa

Erregai fosilekiko mendekotasuna murriztea, trantsizio energetikorako beharrezkoa ez ezik, behar ekonomiko, industrial eta estrategikoa ere bada. Eta bizkortu egin behar da, lehiakortasunik galdu gabe eta enplegua arriskuan jarri gabe.

Euskal industria-sektorean, energia-kontsumoaren % 46k jatorri fosila du. Zifra garrantzitsua da, baina Europako batezbestekoa (% 49) baino txikiagoa eta Estatukoa (% 56) baino txikiagoa.

Euskadiko industriak du gaur egun erregai fosilekiko gure inguruko mendekotasun-tasa txikiena. Gure industriak jasangarriagoa izateko duen konpromisoaren eta lankidetza publiko-pribatuaren bidez urteetan garatu den laguntza instituzionalaren emaitza da hori.

Gainera, gure industria elektrifikatuago dago. Kontsumitzen duen energiaren % 43 elektrizitatea da; Europan zifra hori % 33 da, eta Estatuan, % 31. Hala ere, gure inguruko fosilekiko mendekotasun-tasa txikiena izan arren, Eusko Jaurlaritzak proiektu errealen bidez haratago joan nahi du.

Energia-autonomiarantz aurrera egiteko eta erregai fosilekiko mendekotasuna murrizteko hauek dira Eusko Jaurlaritzaren jarduteko ardatzak:

 

Efizientzia energetikoa:

  • Erregai fosilak murrizteak energia gutxiago kontsumitzea eta iturri jasangarrietatik egitea dakar. Lehenengo palanka efizientzia energetikoa eta industriaren modernizazioa da.
  • Eusko Jaurlaritzak manufaktura-industrian energia aurrezteko, efizientziaz erabiltzeko eta emisioak murrizteko jarduketak bultzatzen ditu. 52 milioi euroko aurrekontu-zuzkidura du, 2025eko aurrekontu-zuzkiduraren bikoitza.

 

Elektrifikazioa:

  • Euskadiko garraio-sare elektrikoaren potentzia % 40 baino gehiago handitzea lortu du Eusko Jaurlaritzak, izapidetzen ari den 2025-2030 aldiko Sare Elektrikoen Plangintza proposamenaren barruan.
  • Igoera hori euskal industria-sarearen premia estrategikoari emandako erantzuna da. 117 industria-enpresari emango die zerbitzua, eta 70.000 industria-lanpostu baino gehiago babesten lagunduko du.
  • Garraio-sarea indartzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak Iberdrola Distribución-en Urteko Inbertsio Plana onartu du: 332 milioi euro 2027tik 2029ra bitartean, eta 110 milioitik gora 2027an. 2026an baino % 42 gehiago.
  • Azpiegitura elektrikoak indartzeko baliabide-bolumen hori funtsezkoa da garapen ekonomikorako, industria-lehiakortasunerako eta produkzio-jarduera berriak lurraldera erakartzeko.

Energia berriztagarriak:

  • 2024an Euskadin bertako ekoizpen elektriko berriztagarria elektrizitate-kontsumoaren % 7,9 zen; Europako batezbestekoa, berriz, % 46,9.
  • Eusko Jaurlaritzak energia berriztagarrien aldeko apustua egin du, sorkuntza propioa bizkortzeko asmoz, hala lurraldea estandar kontinentaletara hurbiltzeko. Autokontsumorako instalazioen sustapena —tamaina ertain eta txikikoa— eta kokalekurik onenetan garapen eoliko eta fotovoltaiko handiak

Autokontsumoa:

  • Azken 5 urteotan, 186 MW handitu da autokontsumoko potentzia instalatua Euskadin: 2020an 7 MW ziren, eta 2025ean 193. Joera hori lagungarria izango da 2030. urtea baino lehen autokontsumoan Europako mailara iristeko.
  • Eusko Jaurlaritzak, EEEren bidez, autokontsumorako laguntza-programa bat du, eta 80 milioi euroko hasierako zuzkidura du 2025-2026 aldirako.

Garapen eoliko eta fotovoltaiko handiak:

  • “2030era arteko EEEren lehentasunezko jarduteko eremuak” garatuko ditu Eusko Jaurlaritzak. “EEE eredua” aplikatuta aukeratu dira eremu horiek. Eredu horrek Euskadin energia berriztagarrien proiektuak modu errealistan eta arrazionalean hedatzeko baldintzak ezartzen ditu.
  • Proiektu eoliko eta fotovoltaiko berriek 450 MW sortzeko gaitasuna handituko dute 2030era arte. Horrek, 2030era arte aurreikusitako autokontsumoko 300 MW-en igoerarekin batera, sorkuntza elektriko propio hori bikoiztea ekarriko du datozen bost urteetan, ratioa %7,9tik %15era handituta.
  • Horretarako, Eusko Jaurlaritzak, EEEren bidez, 80 milioiko inbertsioa aurreikusi du 2030era arte, lankidetza publiko-pribatuaren bidez.

Hidrogenoarekin lotutako energia-azpiegiturak:

  • Iberiar penintsulatik datorren hidrogeno berdearen eta antzeko energia berriztagarrien kontsumoa eta energia-segurtasuna areagotzeko, Eusko Jaurlaritzak, EEEren bidez, hidrogenoarekin eta CO2-arekin lotutako energia-azpiegituretan inbertitzearen alde egingo du, 75 milioi euroren bidez.

 

Lotutako albisteak

Eusko  Jaurlaritzak  HAZITEK  programaren  bidez  505  milioi  euro  mobilizatu  ditu  aurten  industria  arloko  I+G  proiektuetan,  duela  bi  urte  baino  bi  aldiz  gehiago

Eusko Jaurlaritzak HAZITEK programaren bidez 505 milioi euro mobilizatu ditu aurten industria arloko I+G proiektuetan, duela bi urte baino bi aldiz gehiago

Euskadi 2030 Industria Planaren “Industria Hobea” ardatz estrategikoak programaren aurrekontua handitzea ahalbidetu du, eta 169 milioi euroko zifra historikora iritsi da; hau da, duela bi urte programak izan zuen aurrekontua baino % 86 handiagora

Industriaren  Euskal  Kontseiluak  Euskadi  2030  Industria  Planaren  lehen  jardueren  balantzea  egin  du

Industriaren Euskal Kontseiluak Euskadi 2030 Industria Planaren lehen jardueren balantzea egin du

Buru izan dira Ramiro González Arabako diputatu nagusia, Elixabete Etxanobe Bizkaikoa, Eider Mendoza Gipuzkoakoa eta Mikel Jauregi Industriako sailburua.

Industriarako  sare  elektrikoen  belaunaldi  digital  berria  ‘made  in  Euskadi’  izango  da

Industriarako sare elektrikoen belaunaldi digital berria ‘made in Euskadi’ izango da

Grid4Industry proiektua Euskadi 2030 Industria Planaren bosgarren proiektu eraldatzailea da, eta industriako sare elektrikoak digitalizatzeko garapen teknologikoa bultzatzen du. Euskadin garatutako soluzioak munduaren gainerako herrialdeetara esportatuko dira

Eusko  Jaurlaritzak  14  milioi  inbertituko  ditu  aurten  ETE-en  zibersegurtasuna  indartzeko

Eusko Jaurlaritzak 14 milioi inbertituko ditu aurten ETE-en zibersegurtasuna indartzeko

Eusko Jaurlaritzak 1.047 milioi euro bideratu ditu ETE-en defentsarako, % 51,4ko igoerarekin (87 milioi euro gehiago), zehazki, enpresa txiki eta ertainak eraldatzeko eta dibertsifikatzeko laguntzetara. Guztira, Eusko Jaurlaritzak 277 milioi euro bideratuko ditu ETE-entzako laguntzetara

Euskadik  AA  aplikatuaren  kongresua  egin  du  industriaren  produktibitatea  eta  fakturazioa  handitzeko

Euskadik AA aplikatuaren kongresua egin du industriaren produktibitatea eta fakturazioa handitzeko

Testuinguru horretan kokatzen da BidaIA: Industria Sailaren ekimen publiko bat, ETE industrialean AAren ezarpena antolatzeko, errazteko eta bizkortzeko. Eusko Jaurlaritzaren Eraldaketa Digitaleko laguntza-programek, horien artean AA aplikatukoek eta zibersegurtasun industrialekoek, 28 milioi euroko zifra errekorra lortu dute aurten

Makina-Erremintak  portaera  desberdina  izan  du  2025ean  Azpisektorearen  arabera,  eta  2026an  egoera  geopolitiko  aztoratuaren  eragina  jasaten  ari  da
06/05/2026 Kluster politika

Makina-Erremintak portaera desberdina izan du 2025ean Azpisektorearen arabera, eta 2026an egoera geopolitiko aztoratuaren eragina jasaten ari da

Automobilgintzak Mendebaldean bizi duen egoera korapilatsuaren aurrean, zenbait sektorek, hala nola aeronautikak, trenak, energiak edo defentsak, dinamismo handiagoko egoerak dituzte

Eusko  Jaurlaritzak  nazioarteko  industria-inbertsiorako  “lur  emankor”  gisa  kokatu  du  Euskadi

Eusko Jaurlaritzak nazioarteko industria-inbertsiorako “lur emankor” gisa kokatu du Euskadi

Mikel Jauregi sailburua “Invest in the Basque Country” ekitaldiaren buru izan da Madrilen, nazioarteko industria-ordezkaritza zabal baten aurrean

Eusko  Jaurlaritzak  euskal  startupen  hazkundea  bizkortzeko  HAZTEN  SCALE-UP  arrisku-kapitaleko  funtsa  eratu  du  50  milioi  eurorekin

Eusko Jaurlaritzak euskal startupen hazkundea bizkortzeko HAZTEN SCALE-UP arrisku-kapitaleko funtsa eratu du 50 milioi eurorekin

HAZTEN SCALE-UP Arrisku Kapitaleko Funtsa Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa sozietateak kudeatuko du, eta Eusko Jaurlaritzak startupen hazkundea scale up fasean bizkortzeko duen ahalmena indartuko du

Eusko  Jaurlaritzak  50  milioi  euro  gehiago  emango  dizkio  garapen  teknologikoaren  bitartez  industria-ehundura  eraldatzeko  programari

Eusko Jaurlaritzak 50 milioi euro gehiago emango dizkio garapen teknologikoaren bitartez industria-ehundura eraldatzeko programari

Hazitek programak 169 milioi euroko zuzkidura izango du aurrerantzean. Mikel Jauregi sailburuak Euskadiko ezkutu industrialaren lehenengo neurri-paketearen aurkezpenean jakinarazi zuenez.

Eusko  Jaurlaritzak  BIND  berrikuntza-plataformarekin  bat  egiteko  11.  deialdia  egin  die  euskal  enpresei
10/04/2026 Up Euskadi

Eusko Jaurlaritzak BIND berrikuntza-plataformarekin bat egiteko 11. deialdia egin die euskal enpresei

Gaur egun, hainbat esparrutako (hala nola industriako, energiako, makina-erremintako eta automobilgintzako) erreferentziazko 100 enpresak baino gehiagok hartzen dute parte BINDen

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.