Reparaciones Samur, negozioa dibertsifikatzeko konpresoreen salmentan eta mantentze-lanetan espezializatutako enpresa
Reparaciones Samur Abadiñoko enpresa da, eta 34 urteko esperientzia du konpresoreen salmentan eta mantentze-lanetan. Jarduera dibertsifikatu nahian dabil eta injekzio-moldeak hozteko makinen merkatuan murgildu da. SPRI Taldearen dirulaguntzak jaso ditu digitalizaziorako.
Enpresa 1992an sortu zen Abadiñon Compresoras Samur enpresaren jarraipen gisa. 120 langile zituen, Ormazabal Taldearen parte zen eta itxi egin behar izan zuen krisiaren ondorioz. “Enpresa horretako langileek Reparaciones Samur sortu genuen 1992an. Laguntza teknikoan aritzen ginenak izan ginen” adierazi du Ander Bengoa kudeatzaileak.
Enpresa berriak jarduera berbera mantendu du. “Bezeroei zerbitzu teknikoa eskaintzen jarraitu nahi genuen”. Hortaz, lau enplegaturekin hasi ziren eta enpresa handituz joan dira. “Bazkide batzuk erretiroa hartzen joan dira eta kudeatzailea naiz 2017az geroztik. Urte horretan pabilioia handitu genuen, alokairuan, eta 2022an eraikina erosi genuen”.
Reparaciones Samurrek hainbat ekipo saltzen, konpontzen eta mantentzen ditu. Orain arte konpresoreetan eta zinta-zerretan zentratu dira, “baina saturatutako merkatua dela ikusirik, injekzio-moldeak hozteko makinen munduan sartu gara eta merkatu berriak aztertzen ari gara”. Tokiko ingeniaritza-enpresa batekin berriki sinatutako hitzarmen bati esker, kontsumoak eta efizientzia energetikoa monitorizatzeko zerbitzuan kokatu dira, “bezeroarentzako zein guretzako kontsultarako plataforma integratu batean, mantentze-lan prebentiboak eta zuzentzaileak hobeto exekutatzeko.
Gure proposamen komertzialak hobetzeko, hitzarmen horretan bertan zuzenean kudeatzen ditugu dirulaguntzak eta CAES ziurtagiriak, balio bereizgarria duen erantzun bat emateko”.
Marka mota guztientzako eta askotariko sektoreentzako mantentze-lanak eskaintzen dituzte: industria orokorrarentzat, automobilen industriarentzat, galdategientzat, elikagaien industrientzat edo aroztegientzat. “Konpresoreak, zinta-zerrak edo hozteko makinak behar dituen edozein zerbitzurentzat da”.
10 langile dira guztira eta urteko fakturazioa 1,7 milioi eurotik gorakoa da. Gainera, % 70eko hazkundea izan dute azken 9 urteetan. “Hazkunde jarraitua dugu”. Euskadin zentratzen da haien merkatua, baina Errioxako eta Nafarroako enpresei ere saltzen diete.
Enpresak SPRIren dirualguntzak jaso ditu digitalizaziorako, eta “ezartzen ari garen RP berriarentzat” erabili dituzte.
Erabiltzeko prest dauden soluzioak eskaintzea, hobekuntzak egitea eta barne-prozesuak dira erronkak: “ERP berrian, lokalizazioaren kudeaketan, monitorizazioan, makinen azterketa prediktiboan eta airearen, hotzaren eta ebaketaren arloko marka berriekin egindako hitzarmenetan ari gara hori ezartzen, bezero mota guztien espektroa barne hartzeko”.
SPRI Taldeak Euskadiko enpresei aukera ematen die bere kanaletan jardueraren berri emateko. Zure proiektua gure gaiekin (I+G+b arloa, digitalizazioa, nazioartekotzea, ekintzailetza, berrikuntza…) lotuta badago, Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.