Berrikuntza Eraldaketa digitala
Elkarrizketak 14 iraila, 2020

3R3D Technology Materials: neurrira eginiko 3D inprimagailuak eta inprimatzeko material berriak

Enpresa gipuzkoarrak ekojasangarritasunaren aldeko apustua egin du fabrikazio gehigarriko material berriak garatzeko
-

 

3R3D Technology Materials erreferentziazko konpainia da Euskadin 3D inprimaketako material termoplastikoen garapen eta salmentan. Irungo enpresa horrek prestazio handiko material birziklatuak ikertzen ditu, eta duela aste batzuetatik aukera ematen die bere bezeroei 3D inprimagailuak neurrira egiteko eta, horrela, proiektu zehatzei erantzuteko. 3R3D Technology Materials enpresako zuzendari nagusi Josu Aseguinolazarekin hitz egin dugu fabrikazio gehigarriaz eta enpresetan duen inpaktuaz.

 

Zein da 3R3D Technology Materials enpresaren jarduera?

Fabrikazio gehigarrirako edo 3D inprimaketarako material termoplastikoen ikerketa, garapena, fabrikazioa eta salmenta. 3D inprimaketako zerbitzuak ere eskaintzen ditugu enpresa eta partikularrentzat, eta hainbat markatako 3D inprimagailuen banatzaileak gara. 2016tik -martxan jarri ginenetik- lan egin izan dugu automozio, bioteknologia eta, besteak beste, dekorazio sektoreetako enpresekin. Une honetan, prestazio handiko 3D inprimaketako materialak lantzen ari gara medikuntzaren sektorerako eta ekonomia zirkularrarekin zerikusia duen guztirako. Ekonomia zirkularraren kasuan, batik bat erreparatzen diogu ekojasangarritasunari, bio jatorria duten eta petrolioarekin zerikusirik ez duten material birziklatuak prozesatzeko, eta orobat plastikoa eraldatzeko prozesu desberdinei.

 

Zein da zuen ekarpena ekonomia zirkularraren eta jasangarritasunaren arloetan?

Material interesgarriak garatu ditugu, munduan aitzindariak direnak. 3D inprimaketako material berriak sortu ditugu portuetan botatzen dituzten arrantza-sareekin. Hondarribiko ikastola batean ikasleek urtebetez bildutako plastikozko tapak birziklatu ditugu. Produktu berriak sortu ditugu dentsitate handiko poliestirenoa edo polipropilenoa erabiliz. Filamentu bat sortu dugu ur botiletako eta opil erretiluetako PET materialarekin.

 

Beste fabrikazio-prozesu batzuetako hondakinak bildu ditugu (adibidez, aroztegietan eta altzarien fabrikazioan pinu, astigar edo kortxoarekin lan egitean sortzen den zerrautsa), eta zuntz organiko horiek materialari gehitu dizkiogu prestazio berriak lortzeko. Animalien hezurrekin ere lan egin dugu, izan ere, animalien hezur mikronizatuak aprobetxatu ditugu garezurren biomodeloak egiteko, hezkuntzan erabil ditzaten ikasleei erakusteko edo ebaketa aurre-kirurgikoetan entseatzeko, hau da, zirujauak ebakuntza egin dezan eta hezurrarekin lan egitean izango lukeen sentsazioa esperimentatu dezan. Argindar eroaleak diren filamentuak ere landu ditugu. Ez dute zirkuitu integratuak egiteko besteko eroankortasunik, baina hainbat aplikazio izan ditzakete, adibidez, LED argiekin.

 

Era berean, kontsumigarriak itzultzeko hainbat programa abiarazi ditugu, fabrikazio gehigarriko prozesuetan erabiltzen diren elementu desberdinak (adibidez bobinak) berriz birziklatzeko.

 

4.0 Industriaren arloko 3D inprimaketa metalezko fabrikazio gehigarriarekin lotu ohi da. Baina zuek prozesu berriak dauzkazue eskuartean, WAAM edo hauts geruzen fusioaz (PBF) harago, ezta?

Ez ditugu ondo ezagutzen metalezko 3D inprimaketan erabiltzen diren teknologia desberdinak, baina badago bat gero eta gehiago indartzen ari dena: eduki metaliko handiko filamentu termoplastiken erabilera. Plastikozko objektuak sortzeko erabiltzen dugun FDM teknologia (filamentu urtuzko geruzak ezarriz modelatzea) bera da, baina filamentuek eduki metaliko handia dute. % 80 edo % 90eko portzentajeetara irits daitezke. Pieza fabrikatu ostean, material aglomeratzailea lurrundu egiten da eta metalezko pieza bakarrik gelditzen da.

 

Nolako konponbideak eskatzen dizkizuete zuen bezeroek?

Enpresa industrialek materialak eskatzen dizkigute gehienbat, euren produkziorako tresnak inprimatzeko euren 3D inprimagailuetan (prototipoak, txantiloiak eta produkturen batean txertatzen diren amaierako piezak ere bai).

 

Enpresek 3D inprimaketako zerbitzuak eskatu dizkigute gure sorreratik, eta kontsultak egin dizkigute jakiteko zein den euren jarduera zehatzerako behar duten inprimagailua; horregatik hasi ginen inprimagailuak banatzen. Gaur egun, koronabirusaren arazoa dela eta, nola jaitsi egin den 3D inprimagailuen salerosketa, aukera ematen diegu baldintza desberdinen araberako inprimagailu pertsonalizatu bat fabrikatzeko (tamaina, bolumena, estrusioaren kalitatea, e.a.). Badaukagu gaitasuna horrelako inprimagailuak muntatzeko gure instalazioetan. Badakigu nola funtzionatzen duen 3D teknologiak, eta nonahi aurki daitezkeen elementuekin eraiki ditugu gailu horiek. Ez dugu marka bat sortu, baina nahiko inprimagailu handiak dira (1 eta 1,5 metro artekoak), eta proiektu zehatzak garatzeko balio dute bai enpresentzat, bai administrazioentzat eta bai bestelako antolakunde batzuentzat.

 

Zeintzuk dira fabrikazio gehigarriaren abantailak erauzketako beste fabrikazio metodo tradizional batzuekin alderatuta?

Fabrikazio gehigarria oso garrantzitsua da 4.0 Industrian. Oinarrizko tresna da fabrikazio aurreratuaren arloan, diseinu digitalak objektu fisiko bihurtzen dituelako. Gainera, gai da konplexutasun geometrikoa eta muturreko pertsonalizazioa bezalako erronkei aurre egiteko, eta beste fabrikazio-prozesu batzuk baino askoz merkeagoa da. Bestalde, aipatzekoak dira ingurumen jasangarritasunaren arloan dauzkan abantailak ere: material gutxiago erabiltzen da objektuak ekoizteko, aukera handiak ematen ditu berrerabiltzeko edo birziklatzeko, karbono aztarna  murrizten da, piezen pisua murrizten delako, eta aukera ematen du bestela sortu ezingo liratekeen geometriak sortzeko.

 

Zeintzuk dira zuen etorkizuneko erronkak?

Gipuzkoako Ganberarena bezalako nazioartekotze-programekin jarraituko dugu, nazioartean ikusgarritasuna lortzeko. Marketin digitaleko aurrekontu bat izan nahi dugu geure burua ezagutzera emateko eta ikusgarriago bihurtzeko. Halaber, aurrera jarraituko dugu inprimatze bolumen txiki-ertain eta handiko 3D inprimagailu pertsonalizagarriak sortzeko negozio-ildoarekin. Baina, batez ere, aliatu estrategikoak eta finantzaketa bilatu nahi ditugu hurrengo negozio-planari ekiteko, zeinetan langile gehiago hartuko ditugun. Badugu proiektu bat, beste enpresa batzuekin batera esleitu zaiguna, fabrikazio gehigarriaren bidez osasun zentroetarako bio material berriak ikertzeko (BIO3D proiektua Eusko Jaurlaritzako Hazitek programaren barruan) eta horixe da bi urte eta erdiko epean izango dugun proiektu garrantzitsuena.

 

Lotutako albisteak

Urs  Spain,  azkartasunari  eta  teknologiari  esker  kudeaketa-sistemen  ziurtagiri-emaile  handiekin  lehiatzen  ari  den  enpresa
24/06/2026 Berrikuntza

Urs Spain, azkartasunari eta teknologiari esker kudeaketa-sistemen ziurtagiri-emaile handiekin lehiatzen ari den enpresa

Derioko enpresa URS multinazionalaren Espainiako delegazioa da eta prestakuntza-linea berritzaile bat ezarri du

Biotz-ek  teknologia  propioa  garatzen  du  industria,  energia  eta  mugikortasun  arloko  eraldaketa  digitala  bultzatzeko

Biotz-ek teknologia propioa garatzen du industria, energia eta mugikortasun arloko eraldaketa digitala bultzatzeko

Euskal enpresak adimen artifizialean oinarritutako irtenbideen aldeko apustua egin du, erakundeei efizientzia eta autonomia teknologikoa irabazten laguntzeko.

Goizper  Group:  berrikuntza  industriala,  errotze  kooperatiboa  eta  presentzia  120  herrialde  baino  gehiagotan
22/06/2026 Berrikuntza

Goizper Group: berrikuntza industriala, errotze kooperatiboa eta presentzia 120 herrialde baino gehiagotan

Gipuzkoako kooperatibak nitxo-espezializazioa, dibertsifikazio teknologikoa eta nazioartekotzea uztartzen ditu, Euskaditik industria-jarduera sortzen jarraitzeko asmoz.

Gantrex  Spain,  zerbitzu  osoa  eskaintzen  duen  garabietarako  errailen  kalitate  handiko  irtenbideen  fabrikatzailea
15/06/2026 Berrikuntza

Gantrex Spain, zerbitzu osoa eskaintzen duen garabietarako errailen kalitate handiko irtenbideen fabrikatzailea

Belgikako multinazional baten estatuko delegazioa da Sondikako enpresa, eta teknologiaren alde egiten du bere zerbitzua hobetzeko

Delta,  arte  grafikoen  erreferentea  Gipuzkoan
11/06/2026 Berrikuntza

Delta, arte grafikoen erreferentea Gipuzkoan

Donostiako enpresak 37 urte bete ditu bere produktuak eta zerbitzuak etengabe hobetzeko asmoarekin

Transkal  aurrera  doa  digitalizazio  logistikoan,  bere  ERP  sisteman  AAko  soluzio  propio  batekin

Transkal aurrera doa digitalizazio logistikoan, bere ERP sisteman AAko soluzio propio batekin

Gipuzkoako enpresak kudeaketa arintzeko tresna bat merkaturatu du, prozesu administratiboak eta operatiboak erraztu eta automatizatzeko.

Eñaut  Sarriegi  (ULMA  Handling  Systems):  “Automatizazioak  lan  ingurune  seguruagoak  eta  erosoagoak  sortzen  lagundu  behar  du”
09/06/2026 Berrikuntza

Eñaut Sarriegi (ULMA Handling Systems): “Automatizazioak lan ingurune seguruagoak eta erosoagoak sortzen lagundu behar du”

Enpresako Merkataritza eta Marketin zuzendariak EHUko ‘Human-Centred Intralogistics’ Udako Ikastaroan parte hartuko du non teknologiak ingurune logistikoetan pertsonen segurtasuna, ergonomia eta ongizatea nola hobetu dezakeen aztertuko da.

EuskoData,  40  urte  enpresei  laguntzen  beren  konfiantzazko  partner  teknologiko  gisa

EuskoData, 40 urte enpresei laguntzen beren konfiantzazko partner teknologiko gisa

Donostiako konpainia software-hornitzaile gisa hasi zen, eta, orain, mota guztietako irtenbide teknologikoak eskaintzen ditu

Loramendi  eta  Aurrenak:  mende  erdi  baino  gehiago  industria  berrikuntzan,  Arabako  zigiluarekin  eta  proiekzio  globalarekin
03/06/2026 Berrikuntza

Loramendi eta Aurrenak: mende erdi baino gehiago industria berrikuntzan, Arabako zigiluarekin eta proiekzio globalarekin

Mondragon taldeko kooperatibek ekoizpenaren % 90 esportatzen dute, eta galdaketaren sektorerako soluzio aurreratuetan munduko erreferente gisa finkatu dira

Ansareo  Technologies-ek  oinarrizko  azpiegituren  kudeaketa  eraginkorragoa  eta  prebentiboagoa  eskaintzen  du
03/06/2026 Berrikuntza

Ansareo Technologies-ek oinarrizko azpiegituren kudeaketa eraginkorragoa eta prebentiboagoa eskaintzen du

Euskal taldearen ekimenak digitalizazio, sentsorika, datu-analisi eta soluzio berritzaile gehiago eskaintzen dizkie landa-ezagutza teknikoari oso lotuta dauden zerbitzuei.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.