Euskadik Europako Espazio Agentziaren Enpresen Inkubazio Zentroen (ESA-BIC) egoitzetako bat izango du
- Aurrera egingo da Euskadi 2030 Industria Planean teknologia kritikoei, lehentasunezko sektoreei eta balio-kate estrategikoei lotutako enpresa berritzaile berrien alde egiteko eta, era horretan, industria gehiago eta hobea sortzeko, autonomia estrategikoa irabazteko eta kalitatezko enplegua sortzeko aurreikusitako helburuan.
Eusko Jaurlaritzako Industria Sustatzeko sailburuorde Andoitz Kortak eta Ekintzailetza eta Nazioartekotzearen zuzendari Ane de Ariñok Euskadi Europako Espazio Agentziaren Enpresen Inkubazio Zentroen (ESA-BIC) egoitza izendatzeko ekitaldi ofizialean parte hartu dute gaur. Izendapen horrekin, Euskadi funtsezko lurraldea izango da Europako ekintzailetza teknologiko espaziala garatzeko, eta komunitate zientifikoaren, industrialaren eta sortzen ari diren aukera teknologikoen arteko loturak bultzatuko ditu.
Horren bidez, aurrera egingo da Euskadi 2030 Industria Planean teknologia kritikoei, lehentasunezko sektoreei eta balio-kate estrategikoei lotutako enpresa berritzaile berrien alde egiteko eta, era horretan, industria gehiago eta hobea sortzeko, autonomia estrategikoa irabazteko eta kalitatezko enplegua sortzeko aurreikusitako helburuan.
Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak martxoaren hasieran hartu zuen erabakia, eta gaur egin da ofizial, Villafranca del Castilloko Sateliteen Jarraipen Estazioan (VILSPA), Villanueva de la Cañadan (Madril). Estazio hori Europako Espazio Agentziaren (ESA) munduko sareko garrantzitsuenetako bat da.
Gune berri horri esker, esparru espazialeko lau startup berri inkubatu ahal izango dira datozen hiru urteetan, ESA zigiluak hazteko, espezializatzeko eta nazioartean konektatzeko eskaintzen dituen aukerekin, eta 60.000 euroko gutxieneko finantzaketarekin.Zenbateko horren erdia Ministerioak jarriko du, eta Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek beste 30.000 euroko ekarpena egingo dute gutxienez.
ESA-BIC izenekoak teknologia espazialean oinarritutako enpresa-ideiak sektore espazialetik haratagoko merkataritza-potentziala duten startup berritzaile bihurtzen espezializatuta dauden zentroak dira, eta laguntza teknikoa, enpresa-laguntza eta finantza-laguntza eskaintzen diete sortzen ari diren enpresei.Era berean, teknologia satelitalei lotutako kontzeptuak, datuak edo aplikazio espazialak industria zientifiko, komertzial edo teknologikoetan aplika daitezkeen soluzio bihurtzen laguntzen diete ekintzaileei.
Azken urteetan ehunka startup babestu dituzten Europako inkubagailuen sare zabal baten parte dira, eta espazioarekin zerikusia duten teknologiek hainbat sektoretan inpaktua izatea ahalbidetzen dute, hala nola zehaztasun-nekazaritzan, mugikortasunean, komunikazioetan edo osasunean. Orain arte, 400 enpresa emergente baino gehiago izan dira ekimenaren onuradunak, Alemanian, Frantzian, Suitzan edo Erresuma Batuan.
Euskadi ez ezik, Gaztela-Mantxa eta Murtziako Eskualdea ere hautatu dituzte. Hiru zentro horiek Europako Espazio Agentziaren (ESA) Enpresen Inkubazio Zentroen sare nazionalean txertatuko dira. Sare horrek egoitzak ditu, halaber, Andaluzian, Katalunian, Gaztela eta Leonen, Madrilgo Erkidegoan eta Valentziako Erkidegoan, eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak finantzatzen eta koordinatzen ditu Espainiako Espazio Agentziaren (AEE) eta ESAren bitartez