Eusko Jaurlaritzak industrian erreferentzia diren EAEko 20 ETEren eta mundu osoko startup teknologikoen arteko lankidetza sustatzen du
EAEko 20 enpresa txiki eta ertainek eta mundu osoko startupek berrikuntza-proiektuak garatuko dituzte industria adimenduna, zibersegurtasuna eta trantsizio energetikoa bezalako esparrutan, Eusko Jaurlaritzak eta Spri Taldeak sustatutako BIND berrikuntza irekiko plataforman parte hartzeari esker. Ekimen horrek mundu osoko startup teknologikoekin konektatzen ditu enpresak, benetako erronkei erantzuteko proiektu pilotuak garatuz.
Emaitzak BIND Demo Day-n aurkeztuko dira, uztailaren 2an, Bilbao Exhibition Centren (BEC). Ezinbesteko hitzordua da korporazioentzat, ETEentzat, sozietate publikoentzat, inbertitzaileentzat eta berrikuntzaren eta ekintzailetzaren funtsezko beste eragile batzuentzat. Bertan, industria-prozesuei aplikatutako azken joerak eta soluzio teknologikoak ezagutaraziko dira, horiek aplikatzen ari diren startup eta enpresen eskutik.
Benetako erronketarako soluzio teknologikoak
2026ko edizioan, industriaren, manufaktura aurreratuaren, zerbitzuen, elikaduraren eta energiaren sektoreetan erreferenteak diren ETEek parte hartu dute, hala nola Composites Martiartu, Draxton, H2SITE, Industrias Mail, Loramendi, Oilasko Berriak, Vicrila eta Xardexka enpresek.
ETE horiek 7 erronka nagusi definitu dituzte beren sektoreetan, esparru hauetan: antolaketa efizientea, negozioa eta bezero digitala, industria adimenduna, zibersegurtasuna eta jasangarritasuna eta trantsizio energetikoa. Horretarako, adimen artifiziala, zibersegurtasuna eta IoT aplikatzen dituzten soluzio teknologikoak lehenetsi dituzte.
Hauek dira euskal ETEekin proiektu pilotuak egiteko beren teknologiak erabiliko dituzten startupak:
- Aiplux (Singapur): Startup honen azken belaunaldiko adimen artifizialeko azpiegiturak jabetza intelektuala modu seguru eta efizientean kudeatzen eta araudia betetzen laguntzen die erakunde eta enpresei.
- Data Value Management (Araba): Adimen artifizialean oinarritutako aplikazio interaktiboak garatzen ditu, datuen ustiapena, sistema prediktiboekin elkarreragitea, chatbot-ak eta adimen artifizialeko agenteak garatzea, zereginak automatizatzea eta esku-koadro integralak sortzea ahalbidetuz.
- Greendeal (Peru): Hondakin plastiko konplexuak balio handiko eraikuntza-material jasangarri bihurtzen ditu, termokonpresio-prozesu berritzaile baten bidez.
- Isso Technologies (Bizkaia): Bere plataforma sinplea eta adimenduna da, eta bertatik bertara egiten diren eragiketak eta barne-prozesuak digitalizatzen ditu adimen artifizialaren, blockchain-en eta errealitate hedatuaren bidez. Horri esker, enpresak datuak bildu, kudeatu eta ziurta ditzake edozein gailutatik.
- Secrets Vault (Bartzelona): Bere soluzioek datu konfidentzialak babesten, kutxa gotor digitalak garatzen eta langileen autentifikazio fisikoa irudiaren bidez indartzen laguntzen diete enpresei.
- Secur0 (Madril): Zibersegurtasun iraingarriko zerbitzuak modu berritzailean eskaintzen ditu, 600 hacker etiko baino gehiagoko sare batek enpresetan eragin ditzakeen kalteberatasunak detektatuz.
- Vors Control (Nafarroa): Modelatzeko eta kontrolatzeko dituen soluzio aurreratuek sistema eta prozesu industrialak optimizatzen dituzte kontrol-teknika sendoen bidez.
- We are Clickers (Bizkaia): Data analytics, business intelligence, machine learning eta Adimen Artifizial generatiboaren soluzio aurreratuak eskaintzen ditu, enpresei beren efizientzia hobetzen, kostuak murrizten eta diru-sarrerak handitzen laguntzeko.
Nola garatu berrikuntza irekiko proiektuak startupekin
BIND plataformak deialdi berri bat ireki du programan parte hartu eta mundu osoko startup talentuarekin batera berrikuntza bultzatu nahi duten enpresa txiki eta ertainentzat. Duela 10 urtetik hona, Eusko Jaurlaritzaren berrikuntza irekiko plataformak enpresei laguntzen die hauen erronkei soluzioa ematen, beren prozesuak lehiakorragoak, efizienteagoak eta jasangarriagoak egiten dituzten soluzio teknologiko berritzaile eta pertsonalizatuen bidez.
Plataforman parte hartu eta startup teknologikoen zerbitzuak kontratatu nahi dituzten enpresak hemen erregistratu daitezke. Zuen zalantzak argitzeko, plataformak “Cómo innovar sin riesgo: casos de éxito de pymes vascas con BIND” izenburua daraman online jardunaldia antolatu du, maiatzaren 7an. Bertan, Xardexka eta Loramendi enpresa txiki eta ertainen kasu arrakastatsuak plazaratuko ditu eta edizio berria aurkeztuko du.