Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 5 ekaina, 2020 Berrikuntza Fast Track Innobideak programa

Orona-ren aurpegi sozialena: 50.000tik gora otordu banatuak Euskadin

“Jakioro” Orona kooperatibak eta Hazi Fundazioak bultzatutako ekimen bat da, euskal baserrietako soberakinekin plater prestatuak egiteko premia handiena duten pertsonentzat  

“Jakioro” Orona kooperatibak eta Hazi Fundazioak bultzatutako ekimen bat da, euskal baserrietako soberakinekin plater prestatuak egiteko premia handiena duten pertsonentzat

 

Industria eta Gizartea. Enpresa eta Jasangarritasuna. Gidalerro horiekin ari da lanean hasieratik bertatik Orona euskal kooperatiba: erreferente argi bat Europan elebazio bertikalaren sektorean, bere alderdi sozialena indartu duena pandemia, ziurgabetasuna eta premia nagusitu diren garai hauetan. Hernanin daukan oboide itxurako egoitza ikusgarritik (“Orona Ideo” du izena eraikinak) abiatu du “Jakioro”,  baserrietako tokiko produktuetan oinarritzen den ekimena. Horeca kanalak (hotelak, jatetxeak, tabernak, kafetegiak…) porrot egin ondoren produktu horietako askok alferrik galdu behar zutenez, Orona Fundazioak, Eusko Jaurlaritzaren eta HAZIren laguntzarekin, nahiago izan du produktu horiek jaso, sukaldatu eta prestatu, otorduak eskaintzeko premia handiena duten pertsonei.  Orona-ko Kanpo-komunikazio eta Harreman Instituzionaletako zuzendari Peio Garciandiak dio krisia hasi zenetik ia 50.000 unitate banatu dituztela Euskadi osoan.

 

 

 

Noiz hasi zen ekimen hau?

 

Martxoaren erdialdean, oraindik bizitzen ari garen krisi sozio-sanitario hau bere puntu gorenean zegoenean. Orona eta Hazi fundazioa berehala ohartu ginen konponbide bat aurkitu behar genuela pertsona kalteberenei laguntzeko eta, bide batez, euskal nekazaritzako soberakinari irtenbide bat aurkitzeko, produktu asko galzorian baitzeuden krisiaren ondorioz.  Lehengai horiek alferrik galtzen utzi beharrean, gure proiektuaren bidez guztiak jasotzen ditugu, beharrezko bermeekin tratatzen eta prozesatzen ditugu eta pertsona kaltetuenei entregatzen dizkiegu.

 

Nolakoa da prozesu hori, lehengaia jasotzen duzuenetik kolektibo kalteberenei banatzen diezuen arte?

 

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailaren menpeko Hazi Fundazioak bere gain hartzen ditu koordinazio- eta logistika-lanak. Berak jasotzen ditu baserrietako produkzioaren soberakinak, eta sasoiko elikagai horiek (kuiatxoak, urazak, azak, babarrun pintoak, garbantzuak…) astean birritan ekartzen ditu gure Fundaziora, gure elikadura-ereduari jarraiki; eredu hori 0 Km kontzeptuan oinarritzen da eta enpresa barruan Diámetro 200 deitzen diogu. Saski hori gure instalazioetan daukagunean -gogoan izan Oronak bi kantina dauzkala, beren sukaldeekin eta sukaldariekin, egunero kooperatibako 600 langileei jaten ematen dietenak-, soberakinak prozesatzen ditugu eta bakarkako plater prestatu bihurtu, tupper konpostagarri eta ultra-zigilatuetan. Egunean ia 2.000 otordu egiten ditugu Euskadi osoan banatzeko. Gurutze Gorriak eta Guztion Artean ekimeneko boluntarioek laguntzen digute zeregin horretan.

 

 

Zer dago menuan?

 

Hiru plater izaten ditu, sasoiko produktuen araberakoak. Badaude barazki pureak, lekaleak, garbantzuak, barazki kremak, plater erregosiak eta postreak ere bai, adibidez kiwi eta sagar bizkotxoak. Saiatzen gara denetarik sartzen. Osagaiak Eusko Label edo Euskal Baserri marketakoak dira, Barrenetxe, Garaia, Garlan, Udapa-Paturpat, Alberro, Karabeleko eta Lurrarte bezalako kooperatiba eta enpresek emandakoak. Esan bezala, soberakinak jaso ondoren platerak prestatzen ditugu Diamétro 200 jatetxeko instalazioetan, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean. Izen hori jarri genion egunero erabiltzen ditugulako tokiko eta sasoiko produktuak, ahal dela ekologikoak, Hernanin dugun egoitzatik 200 kilometro baino gutxiagora lantzen direnak.  Eta gure sukaldari Federico Pacha-k zaintzen du alderdi hori. Federicok Luis Irizarren sukaldean ikasi zuen eta berak koordinatzen du proiektu hau.

 

“Jakioro” proiektuak badu iraungipen-datarik?

 

Zoritxarrez, iruditzen zait oraindik luzaroan jarraitu beharko duela. Dagoeneko 45.000 otordu baino gehiago banatu ditugu, baina esango nuke iritsiko garela gutxienez 100.000 banatzera. Badirudi egoera hobetu dela pixka bat, baina premia sozial handia eta kolektibo kaltebera asko daude oraindik Euskadin.  Ezin dugu inor utzi atzean.

 

 

Bultzada sozial horrek -ez dena inola ere egun bakarreko kontua- lotura zuzena du kooperatibaren filosofiarekin, eko-diseinuaren, ekonomia zirkularraren eta jasangarritasunaren aldeko apustuarekin…

 

Zerikusi handia du, izan ere, ekonomia zirkular soziala sustatzen ari garelako horrelako ekimenekin. Kasu honetan, “Jakioro” proiektua ekonomia zirkularraren adibide ezin hobea da, kooperatiba gisa dauzkagun printzipioekin bat datorrena. Bere garaian, Orona izan zen sektore honetan ekodiseinuaren ziurtagiria lortu zuen munduko lehen enpresa, eta gero horixe aplikatu dugu enpresaren gainerako ekimenetan. Orona Fundazioaren misioak, kooperatibaren proiektu sozio-enpresarialarekin bat datorrenak, bi alderdi dauzka (etorkizuna eta ingurunea). Barne misioa da pertsonen garapena ahalbidetzea eta bultzatzea, eta kanpo misioak helburutzat du ingurunea garatzea sozio-ekonomikoki, kulturalki eta sozialki.

 

Nolako eragina izan du krisiak konpainiaren alderdi industrialenean?

 

Zorionez, oso bizirik mantendu dugu Oronaren jarduera.  Alderdi industrial guztia aktibo mantendu da azken asteotan. Era berean, milaka gailuren mantenimendua egiten dugu eta zerbitzua ematen diegu guztiei, besteak beste Estatu osoko 2.000tik gora ospitale eta egoitzatan instalatuta daudenei, beraz, ahalegin handia egin dugu, koronabirusaren fase gogorrenetan ere, igogailu horiek aktibo eta funtzionamendu-baldintza egokietan zeudela bermatzeko. Baina merezi izan du, enpresa osoak partekatu duen konpromiso bat izan delako, hasi mantenimendu-lanak egiten dituzten langileen kolektibotik -zeintzuk tinko aritu baitira lanean lehen lerroan- eta gure proiektua inoiz baino aktiboago mantentzen lagundu duten langile guztienganaino. Bihoakie nire aitortza eta esker ona denei.

 

Zein da Orona-ren tamaina enpresariala?

 

Gure tamaina gorabehera, igogailu osoak egiteko produkzio-gaitasun handiena duen enpresa gara Europan; gure produktuak % 100 Basque Country produktuak dira eta nazioarteko proiekzio handia dute.  2019an 801 milioi euroko negozio-zifra izan genuen.

Europan saltzen diren hamar igogailutik bat zuen markakoa da; harriagarria da hori…

Harrigarria da, baina egia. Big Four edo lau handienen ondoren, Europako bosgarren fabrikatzailea gara, 5.400 pertsona inguruko plantillarekin, eta ia 20.000 igogailu fabrikatu genituen iaz Euskadin. Berrogeita hamar bat ordezkaritza dauzkagu Estatuan, presentzia integrala dugu Europako 12 herrialdetan, eta mundu osoko ehundik gora herrialdetara esportatzen dugu.

Zeintzuk dira zuen epe laburreko helburuak?

Orona UE estrategiak markatutako ibilbide-orriari jarraituko diogu. Gure helburua da 2022rako presentzia izatea 14 herrialde baino gehiagotan, eta 8.000 langilera eta 1.200 milioi euro inguruko negozio-zifrara iristea. Funtsean, gure asmoa da lau konpainia multinazional globalekin lehiatzeko gai den Europako elebazio-operatzaile bakarra izatea eta esperientzia kooperatibo gisa dugun baloreak Europa osora zabaltzea.

Argazki horrekin, nola liteke lau “handi” horietako bat bera ere ez saiatu izana zuek xurgatzen edo zuekin bat egiten?

 

Agian gure eredu sozio-enpresarialarengatik, hain zuzen, bere ezaugarri garrantzitsuenetako bat delako oso errotuta egotea gure lurraldean eta gizartean. Eta horrexegatik -konpromiso maila horregatik eta gure berezitasunengatik- gara proiektu sozio-enpresarial berezi eta bakarra.

 

 

 

Lotutako albisteak

15 apirila, 2024 Berrikuntza
Gymchess: “Entrenamendu kognitiboa da gure garuna zaintzeko modu eraginkorrena”
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
19 Marzo, 2024 Berrikuntza
Sirope: “Brandingaren garrantzia bereganatu ez duten enpresak desabantaila-posizio batetik abiatzen dira”
Irakurri gehiago
11 Marzo, 2024 Berrikuntza
Altzairu herdoilgarria da Didheyaren etxebizitzetarako eta garraio publikorako osagarrien balio bereizgarria
Irakurri gehiago
4 Marzo, 2024 Berrikuntza
Kupsak hogei bat herrialdetara saltzen ditu modu erregularrean bere berniz eta pintura industrialak
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak