Berrikuntza Ekintzailetza I+G+B
Elkarrizketak 14 maiatza, 2020

Grado Cero: hondeamakinentzako zali eta paletatik Covid-19a prebenitzeko maskaretara

Arabako Grado Cero konpainiak bere jarduera birmoldatu du, makina astunentzako osagaiak fabrikatzetik maskarak fabrikatzera igarotzeko, eta horretarako, zazpi makina erosi ditu Txinan
-

 

Arabako Grado Cero konpainiak bere jarduera birmoldatu du, makina astunentzako osagaiak fabrikatzetik maskarak fabrikatzera igarotzeko, eta horretarako, zazpi makina erosi ditu Txinan

 

Javier Aracamak, Arabako Grado Cero konpainiaren fundatzaileak (1990az geroztik hondeamakinentzako osagaien fabrikazioan espezializatua –zaliak, palak, eskuareak- dagoenak), argi zeukan zerbait egin beharra zeukala bere enpresaren jarduera bizirik mantentzeko, bestela bai baitzekien Aldi Baterako Lan Erregulazio Espediente bat aplikatu beharko zuela goizago edo beranduago. Txinako osasun larrialdia urrunetik ikusi zuenean, ohartu zen bazetorrela Europara ere; hala, denbora errekorrean birplanteatu zuen bere enpresaren jarduera, helburutzat hartuz beharrezkoa izango zen eta eskaera izango zuen produktu bat merkaturatzea. Eta produktu horrek maskara forma hartu zuen. Ongi ezagutzen dituenez makina-erreminta eta elektronika arloak, bi milioi euro inbertitu ditu eta zazpi makina erosi ditu Txinan, maskarak Gasteizen bertan fabrikatzeko. Dena aurreikusi bezala badoa, aste honetan bertan hasiko dira lehen unitateak fabrikatzen. Helburua? “Gure makinekin orduko 40.000 maskara ekoiztea” dio Aracamak Jundizeko industrialdean duen lantegitik.

 

Hondeatzaile batentzako zali bat edo pala bat eta maskara bat; ez du ematen antz handirik dutenik, Aracama jauna…

Argi dago oso desberdinak direla. Sektore guztiz desberdinak dira, baina testuinguru berezi-berezi batean gaude, eta ez dugu egokitzea beste irtenbiderik…

 

Edo bestela, zer?

Neurri traumatikoago bat hartu beharko genuen gure jendearentzat (85 langile dauzkat plantillan), Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espediente bat, edo langileak kaleratu beharko genituen, hasieratik ikusi baikenuen krisia oso gogorra eta larria izango zela.

 

Eta nola gertatu da Grado Cero enpresaren metamorfosia?

Gure esperientziak eraman gaitu horretara. Bi aukera geneuzkan, patuaren zain gelditzea edo benetan beharrezkoa izango zen produkturen bat aurkitzea. 90eko hamarkadan, hondeamakinen arloko jarduera abiarazi nuenean, ez neukan inolako esperientziarik, eta bete-betean harrapatu ninduen 90-92 urteetako krisiak. Handik urte batzuetara, gauza bera gertatu zitzaidan 2008an, krisi hura ere abisatu gabe iritsi zelako. Horregatik, senari jarraitzen diot neurriak hartu, errealitate berrira egokitu eta konponbideak bilatzeko orduan. Horrela, gai izango naizelako saldu ahal izango den, eskaera izango duen eta aktibo mantenduko gaituen zerbait ekoizteko.

 

Maskarak…

Hori da. Inbertsio handi bat egin dugu (bi milioi euro) eta zazpi makina erosi ditugu Txinan, zeintzuen bidez posible izango baitugu orduko 42.000 maskara -ahoa eta sudurra babesten dituztenak- ekoiztea errendimendu betean, Jundizen dauzkagun instalazioetan.

 

Ikusirik nolako  zailtasunak dituen kanpo-merkatuak une honetan, nolakoa izan da zazpi unitate horiek erosteko prozesua?

Eskarmentu handia dugu esportazioan, fabrikatzen dugun guztiaren % 80 atzerrian saltzen dugulako. Aldi berean, inportatzaileak gara, beste herrialde batzuetatik datozen lehengai oso bereziak behar ditugulako. Hortaz, bageneukan harremana kanpo-merkatuarekin, bai Europan eta bai mundu osoan. Gure banatzaileak izan dira Txinako ateak ireki dizkigutenak, eurek esan digute zeintzuk diren produktu zehatz honen premiak eta eskakizun industrialak. Hortik abiatuta, asko azkartu zen dena Internetez, horrela bilatu genituen informazioa, erreferentziak, produktuak… Ikaskuntza espres bat egin dugu negozio berezi honi buruz, gero oinarri solido samar bat izateko bai makinak eta bai materialak erosteko orduan.

 

Oinarrizko produktu gehienak –adibidez, latexezko eskularruak- Asia hego-ekialdean fabrikatzen dira, eta salmenta-prezioak hirukoiztu egin dira krisia hasi zenetik…

Pentsatzen dut antzeko zerbait gertatzen ari dela, guri gertatu zaigu behintzat. Makinak erosteko hitzartutako hasierako prezioa ia bikoiztu egin zen hegazkina aireratu baino lehen… “Hartu edo utzi” esaten dizute, eta inpotentzia handia sentitzen da. Gainera, kontuan izan behar da operazio hau posta elektronikoz itxi dugula, beraz, pentsa ezazu nolako bermeak izan ditzakegun elkarrengandik hain urrun egonik…

 

Ohituta zaudete makina-erremintarekin, planoekin, elektronikarekin, eta abarrekin lan egitera; zergatik ez dituzue zeuok fabrikatu?

Astirik ez dagoelako. Sei hilabete eta urtebete bitartean beharko genuke hutsetik eraikitako makina bat prest izateko, eta jendeak oraintxe bertan behar ditu maskarak.

 

Zazpi makinak operatibo dauzkazunean, zein dira fabrikazioko aurreikuspenak?

Hasieran, espero dugu gai izango garela hilean bost milioi unitate inguru ekoizteko, eta dena aurreikusi bezala badoa, pixkanaka produkzioa handitu ahal izango dugula 15 milioi maskara egiteraino. Baina, alde batera utzita makinak horretarako gai izango diren ala ez, kontuan hartu behar dugu baita ere nolako arazoak izan ditzakegun maskarak egiteko behar diren lehengaiak aurkitzeko.

 

“Makinak gai izango diren…” Zer esan nahi duzu?

Txinan erosi ditugun makinek ez dute Euskadikoen kalitate bera. Eta jakina, ez dituzte betetzen Europak eskatzen dituen segurtasun- eta kalitate-neurriak. Horregatik, oso langintza serioa eta konplexua da makinak martxan jartzea. Baina, hori gorabehera, ez dute funtzionatzen funtzionatu beharko luketen bezala…

 

Zergatik?

Funtsean, Txinan ohituta daude akats, errore eta arazo sistematikoak dituzten makinekin lan egitera.  Lan-esku ugari dute, eta ez da arraroa sei pertsona ikustea makina baten inguruan, denak prest huts egiten duenean konpontzen saiatzeko; aldiz, hemen ezin dugu hori ulertu, ez litzateke posible izango. Guk ez dugu horrela lan egiten, ezin dugu. Makina egonkor bat behar dugu, piezak egingo dituena modu sostengatuan eta errefus-indize oso baxuarekin. Eta pertsona bakar batek kontrolatuko duena lan-baldintza arruntetan, inolako arriskurik gabe. Horregatik, makinak berrikusi behar ditugu, eta behar bezala egokitu. Banan-banan eta zehatz-mehatz. Zalantzarik gabe, hori erronka handia da, eta gure mekaniko eta elektronikoak lanean ari dira, buru-belarri.

 

Krisia normalizatzen denean, zer uste duzu ikasiko dugula egoera honetatik?

Denok ikasi beharko genuke auto-askitzaileagoak izan behar dugula etorkizunean. Une zehatz honetan, maskarekin ikusi dugu sekulako menpekotasuna dugula Txina bezalako herrialdeekiko, baina ez da gauza bera gertatzen sektore guztietan. Oso eroso bizi ginen, eta egoera horretatik atera behar dugu, borrokatu eta hobetu, etorkizunean auto-askitzaileago izateko. Ez bazara gai zeure kabuz aurrera egiteko, inork ez dizu ezer oparituko.

 

Lotutako albisteak

Ayesa  Digital  zibersegurtasun  poskuantikoa  industrian  txertatzeko  proiektu  baten  buru  da
12/05/2026 I+G+B

Ayesa Digital zibersegurtasun poskuantikoa industrian txertatzeko proiektu baten buru da

Enpresa Espainiako eta Latinoamerikako zerbitzu digitalen hornitzaile nagusietako bat da, eta Hazitek programak finantzatutako BAQURA proiektuan parte hartzen du.

CIMICOk  hondakin-uren  tratamendurako  teknologia  berritzaileak  eskaintzen  ditu

CIMICOk hondakin-uren tratamendurako teknologia berritzaileak eskaintzen ditu

Donostiako enpresak ingeniaritza, biologia eta digitalizazioa batzen ditu bere aplikazioetan

Sentinel  Eventsek  aisialdiko  segurtasuna  ulertzeko  modu  berri  bat  diseinatu  du
11/05/2026 Ekintzailetza

Sentinel Eventsek aisialdiko segurtasuna ulertzeko modu berri bat diseinatu du

Sentinel eskumuturrekoak larrialdietan prebentzioa, kontrola eta erantzuna uztartzen ditu.

EXFAN  proiektuak  hegazkintzako  propultsioaren  eraginkortasuna  hobetzen  du
08/05/2026 I+G+B

EXFAN proiektuak hegazkintzako propultsioaren eraginkortasuna hobetzen du

Egile gipuzkoar konpainia EXFANeko kide da, erregai-piletan soberan dagoen beroa propultsiorako energia erabilgarri bihurtzeko ekimena.

Ormola,  kanpoko  argiteriarako  injekzio-moldeen  fabrikatzaile  europar  handiena
07/05/2026 I+G+B

Ormola, kanpoko argiteriarako injekzio-moldeen fabrikatzaile europar handiena

Azpeitiko enpresak SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren dirulaguntza jaso du, eta urtean negozioa % 15 handitzea aurreikusten du

Vyne  HR,  adimen  artifizialarekin  talentu-hautaketa  prozesuen  etorkizuna
07/05/2026 Ekintzailetza

Vyne HR, adimen artifizialarekin talentu-hautaketa prozesuen etorkizuna

Arabako startup-ak 4YFN 2026 nazioarteko azokan parte hartu du SPRI Taldearen eskutik, bere talentua kudeatzeko plataforma adimendunarekin.

Glualek  nazioartean  duen  posizionamendua  bultzatzen  du,  soluzio  hidrauliko  aurreratuetan  espezialista  gisa
06/05/2026 Berrikuntza

Glualek nazioartean duen posizionamendua bultzatzen du, soluzio hidrauliko aurreratuetan espezialista gisa

Euskal ETEak Santiago Bernabeu estadioko belar atzeragarriaren diseinuan parte hartu du, ingeniaritza ikonikoko proiektuan 

Leire  Balzategui:  “Robotekin-en  erronketako  bat  robotika  eta  automatizazioa  enpresa  gehiagotara  eramatea  da,  batez  ere  enpresa  txiki  eta  ertainetara”
05/05/2026 I+G+B

Leire Balzategui: “Robotekin-en erronketako bat robotika eta automatizazioa enpresa gehiagotara eramatea da, batez ere enpresa txiki eta ertainetara”

Robotika eta Automatizazioko Euskal Elkartearen zuzendari nagusi berriak sektorearen ekosistema aktibatzearen, eragileen arteko lankidetza indartzearen eta teknologia horiek enpresa-sarera hurbiltzearen alde egin du.

Emaia  Health,  emakumeen  prebentzio  kardiobaskularrerako  plataforma  digitala  asmatu  duen  smart  up-a

Emaia Health, emakumeen prebentzio kardiobaskularrerako plataforma digitala asmatu duen smart up-a

Donostiako enpresak Bind 4.0 programan parte hartzen du Keralty enpresa eragile izanik

iSenseDNA:  gaixotasun  neurodegeneratiboen  ondorengo  aldaketa  molekularrak  denbora  errealean  detektatzeko  nanosentsoreak
04/05/2026 I+G+B

iSenseDNA: gaixotasun neurodegeneratiboen ondorengo aldaketa molekularrak denbora errealean detektatzeko nanosentsoreak

CIC biomaGUNEk European Innovation Council (EIC) Pathfinder Open programak finantzatutako proiektu europar honetan parte hartzen du. Kontinentean merkatu berriak irekitzeko potentziala duten teknologia disruptiboak sustatzeko xedea du programa horrek.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.