Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 18 Azaroa, 2021 Berrikuntza BDIH

ABC Compressors, bere produkzioaren % 90 esportatzen duen mundu mailako liderretako bat konpresoreen arloan

Eibarren kokatutako enpresa honek 200 lagun enplegatzen ditu eta BDIH Konexio programaren laguntza jaso du
Carlos Martín, zuzendari nagusia.

 

Ia 80 urteko ibilbidea duen ABC Compressors enpresa mundu mailako liderretako bat da PETezko botilak egiteko erabiltzen diren tamaina handiko konpresoreen fabrikazioan, eta 120 herrialdetan saltzen du. Eibarko konpainiak SPRI Taldearen laguntza jaso du BDIH Konexio programaren bitartez, zeinarekin Basque Digital Innovation Hub-ek ETEen eskura jartzen baitu fabrikazio aurreratuko aktibo eta zerbitzuen sare konektatu bat prestakuntzarako, ikerketarako, testak egiteko eta baliozkotze prozesuetarako.

 

BDIH Konexio programaren laguntzarekin metalezko 3D inprimaketari ekin diote Tekniker teknologi zentroarekin lankidetzan. “Konpresoreetako zilindroak bezero bakoitzaren neurrira egin behar dira, eta zilindro horiek egiteko prozesuan hainbat urrats daude: diseinua prestatzea, eredua diseinatzea, eredua fabrikatzea, lehen pieza galdatzea eta mekanizatua egitea. Prozesu horrek bost hilabete irauten du” azaldu du Carlos Martín zuzendari nagusiak.

 

3D bidezko inprimaketarekin hiru urrats kentzen zaizkio prozesu horri, eta epeak askoz laburragoak dira. “Oso lehiakorra da. Arazoa da 3D inprimaketa oraindik garestia dela, eta piezek estandar jakin batzuk bete behar dituztela. Aurrera egin behar dugu teknologian, baina baita ere araudietan”. Euren BDIH proiektua prozesuaren hasieran dago. “Tekniker orain arteko zilindro txikiena eraikitzen ari da, eta benetako makina batean probatuko dugu. Horrela jakingo dugu zenbateraino den funtzionala, zein diren kostuak, eraikuntza prozesuko desabantailak…”.

 

Konpainia 1943an sortu zen hiru familiaren ekimenez, eta oraindik ere familia enpresa bat da. Hasieran, tailerretarako konpresore txikiak fabrikatzen zituzten, baina 60 eta 70eko hamarkadetan fabrikatzaile frantses baten konpresore handientzako lizentzia lortu zuten. “Horrek goitik behera aldatu zuen enpresa, zeren sektore petrokimikorako konpresoreak egiten hasi ginen, eta presio altuko nahiz gasezko konpresoreak egiten zituen Estatuko fabrikatzaile bakarra bihurtu ginen”.  “Konpresoreek emari eta presio altuak jasan behar dituzte, eta gure makinek 20-50 tona bitarteko pisua dute” gaineratu du.

 

Enpresaren negozio-nitxo nagusia PETezko botilena da, “mundu mailako bigarren enpresa gara”. Atzetik letozke energia eta petrokimika sektoreak; “kasu horietan, gure espezialitatea da gasa konprimitzea, gero argindarra sortzen duten turbinak elikatzeko”.

 

Lantegiak Txinan eta Brasilen

Eibarko enpresaz gain, 2009az geroztik lantegi bana dute Txinan eta Brasilen. Bulego propioak ere badituzte Indian eta Estatu Batuetan. “Hiru produkzio-lantegi dauzkagu, baina zerbitzu tekniko propioak eskaintzen ditugu 60 herrialdetan”.

 

Enpresaren negozio nagusia -edariena- 120 herrialdetara iristen da, eta bere bezeroen artean daude, besteak beste, Coca Cola, Nestlé, Danone eta beste hainbat botilaratzaile. Petrokimika sektorean, berriz, Reunidas edo Técnicas Reunidas bezalako enpresekin lan egiten dute.

 

ABC Compressors enpresak eskaintzen dituen produktuak dira PETezko botilak haizatzeko konpresoreak eta gas natural, biogas eta hidrogenozko konpresoreak. “Fabrikazioaz gain, mantenimendu-lanak egiten ditugu, konpresoreak kudeatzeko produktuak eskaintzen ditugu eta zerbitizazioaz arduratzen gara oro har”.

 

Urteko fakturazioa 45 milioi euro ingurukoa da, eta enpresak 200 langile inguru enplegatzen ditu, horietatik hamar I+G arloan esklusiboki aritzen direnak.  Negozioaren % 5 bideratzen da berrikuntza eta garapenera.

 

Konpainia milioi bana eurotik gorako bi proiektu anbiziotsutan murgilduta dago SPRI Taldearen Hazitek laguntzen bitartez. Bata H2Sarea proiektua da, Nortegas enpresarekin lankidetzan garatzen ari direna, gasaren banaketa-sareak hidrogenoa onar dezan; eta bestea HyShore, Euskal Herriko Itsas Foroarekin eta Tubacex enpresarekin batera garatzen ari direna, presio altuko hidrogenoa sortzeko offshore plataforma eolikoetan.

 

Negozioaren % 90 baino gehiago esportatu egiten da eta Txina da enpresaren merkatu nagusia, atzetik dituelarik Estatu Batuak eta Asia hego-ekialdeko eremua. Beren erronkei dagokienez, hidrogenoa eta biogasa aipatu dituzte, “ikusirik teknologia berdeek pizten duten irrika, gure ustez hortxe daukagu hazteko potentzial handiena”.

Lotutako albisteak

27 Marzo, 2024 Berrikuntza
INCONEF, termodinamika- eta kontrol-ingeniaritza, mahasti artean
Irakurri gehiago
26 Marzo, 2024 Berrikuntza
Sustatu berrikuntza-proiektuak zure enpresan Fast Track Innobideak ekimenarekin
Irakurri gehiago
Bikote Solar AMercado de la Ribera 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
Bikote Solar, 18 urte eguzki-energia enpresa-sektorera eskaintzen
Irakurri gehiago
21 Marzo, 2024 Berrikuntza
Azalera bertikal eta altuetan korrosioaren aurkako estalduren egoera sentsoreekin neurtzen duten droneak
Irakurri gehiago
21 Marzo, 2024 Berrikuntza
Elkor, teknologia eta berrikuntza altzarien eta zuraren sektorerako
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak