Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 6 Azaroa, 2018 Digitalizazioa Enpresa digitala Industria adimenduna Smart Industry Programa

Nexmachinak prozesu industrialak monitorizatzen ditu gauzen Internet (IoT) eta kudeaketa-software propioa erabiliz

iQmenic plataforma garatu du Bizkaiko enpresa horrek IoT sentsoreek bidaltzen dituzten datuak kudeatzeko
iQmenic, Nexmachinaren monitorizazio-plataforma

 

iQmenic plataforma garatu du Bizkaiko enpresa horrek IoT sentsoreek bidaltzen dituzten datuak kudeatzeko

 

Honela defini genezake gauzen Internet edo IoT: datuak atzitzeko gai den eta informazio digital hori haririk gabe bidaltzeko gai den objektu bihurtzea objektu analogiko bat. Geroz eta gehiago erabiltzen da gauzen Internet zenbait alorretan: hiri adimendunak (zakarrontzietako sentsoreak, aparkatzeko lekuak detektatzeko sistemak, kaleak jasangarriki argiztatzeko gailuak eta eraikinen edukiera kontrolatzekoak…), etxea (hozkailu, kafe-makina eta, are, hortzetako eskuila adimendunak, besteak beste) eta industria. Business Insider Intelligenceren azken azterketaren arabera, 2023rako gauzen Internet darabiltzen 40.000 milioi gailu egongo dira mundu osoan.

 

Nexmachina euskal konpainiak sei urte bete ditu azaroan. IoT soluzioak eta konektagarritasuna ditu espezialitate Nexmachinak, eta aldaketa- eta hazkunde-urtea izango du 2019a: langile-kopurua bikoiztea espero du (bost ditu gaur egun), eta fakturazioa handitzea. Egoitza, oraintsu arte, DeustoKabin izan dute, Deustuko Unibertsitatearen enpresa-inkubagailuan, eta, Bilboko bulego berri batzuetara joanda, martxan jarri dute aldaketa horietan lehena.. Fernando Presa da Nexmachinako zuzendari nagusia.

 

Zer egiten duzue Nexmachinan?

Bi negozio-lerro ditugu: batetik, iQmenic plataforma garatu dugu, industrian eta hiri adimendunetan erabiltzen diren sentsoreen sareak kudeatzeko, kontsumitzaileei laguntzeko… Baliozkotze-proba pilotuak egin ditugu zenbait bezeroren artean, eta sentsoreak jarri zakarrontzietan, upategietako andeletan, makinetan, aparkalekuetako zoruetan…, eta “bizia eman” diegu zenbait objekturi. Gure iQmenic plataformak kudeatzen du informazio hori guztia: datuak atzitzen ditu, denbora errealean monitorizatzen, alerten berri ematen eta txosten zehatzak egiten. Gainera, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, alemanez eta txineraz erabil daiteke plataforma.

Bigarren negozio-lerroa, berriz, haririk gabeko teknologia eta komunikazioen alorrekoa da. Oso ondo ezagutzen dugu mundu hori, Nexmachina martxan jarri baino 12 urte lehenagotik. WiFi sareen proiektuak egiten ditugu, bai eta azken bost urteotan sortutako zenbait teknologienak ere (Sigfox, Lora eta abar). Aurtengo uztailean, berriz, bost urteko kontratua izenpetu dugu Hispasatekin, nazioartean WiFi sareetarako eta gauzen Interneterako haririk gabeko teknologiak garatzeko. Kolonbian jarriko dugu martxan lehen proiektua. Gure mikroETE honentzat bikaina da lehen akordio hori, aukera emango baitigu diru-sarrerak handitzeko eta hurrengo bi urteotan langile-kopurua ia bikoizteko.

 

Zer proiektu ari zarete garatzen 4.0 industriaren arloan?

Pintuberri Industrial izan dugu 4.0 industriaren eremuko lehen bezeroa. Bizkaiko Berriz herrian dago ETE hori, eta piezak pintatzen ditu zenbait sektoretarako; besteak beste, automobilgintzarako eta eraikuntzarako. Pintatze-prozesuan, piezak garbitu, uretan pasatu, margotu eta labean lehortzen dira, kotxeak garbitzeko tunel moduko batetik igarota. Zenbait aldagai kontrolatu behar izaten dira prozesu horretan: pH-a, tenperatura, presioa, hezetasuna, labealdia eta fosfatazioa. Orain arte, langile batek jasotzen zituen, eskuz, fabrikazio-agindu horiek. Guk digitalizatu egin dizkiegu prozesu horiek, ezaugarri batzuk neurtzeko sentsoreak jarrita (pH-a, tenperatura, presioa eta koipegabetzea), eta gure IQmenic plataformara bidaltzen dugu informazio hori guztia, denbora errealean. Laneko aginduak eta bideoak lotzen dira, eta ahal lortzen da laneko agindu jakin baten trazabilitatea.

 

Zer beste proiektu duzue gauzen Interneten alorrean?

Txakolin-, sagardo- eta Arabako Errioxako ardo-upategietako andelak digitalizatzen ari gara, bai eta Eusko Label etiketadun olioarenak ere. Eusko Labelen produktuak kontrolatzen eta egiaztatzen dituen Hazi organoak upategi bakoitzeko zenbait andel erabiltzen ditu bere produktuetarako, eta bermatu nahi du bai andelek bai haien edukiak betetzen dituztela ezarritako baldintza bereziak. Andelen edukiak inongo aldaketarik edo manipulaziorik ez duela jasan ziurtatzeko, zenbait sentsore jarri ditugu, irekierak, ontzi-aldaketak eta tenperatura-gorabeherak detektatzeko. Denbora errealean bidaltzen da informazio hori, eta iQmenicek kudeatzen du. Oraingoz, Arabako Errioxako bi upategitan eta olio-upategi batean ari gara garatzen proiektua; urte-amaiera aldera, berriz, beste bi upategitara hedatuko dugu.

 

iQmenic softwarea garatu duzue datuak kudeatzeko. Pentsatu al duzue hardware edo sentsore propiorik sortzea gauzen Interneterako?

Oraingoz ez dugu geure sentsore propiorik egiteko asmorik, eta jada merkatuan dauden soluzioak erabiltzen ditugu. Irekia da iQmenic plataforma, eta aukera ematen du edozein sentsore-mota konektatzeko eta txertatzeko. Nolanahi dela ere, ari gara pentsatzen Eusko Labelen andeletarako geure sentsore propioak egitea.

 

Nola erantzuten dute enpresek gauzen Interneten alorreko zuen zerbitzuen berri ematen diezuenean?

Hemen, Euskadin, lortu du Eusko Jaurlaritzak mezua hedatzea, Basque Industry 4.0 estrategiaren bidez. Trebakuntza-saio ugari egin dira, eta ekitaldi asko programatu; egokia izan da estrategia, gure ustez, behin eta berriro azaldu beharreko kontuak baitira. Enpresetara joaten garenean, ezagunak egiten zaizkie jada gauzen Internet edo IoT eta 4.0 industriaren kontzeptuak, lehendik jasoa baitute informazioa, eta ez dira aho zabalik geratzen. Nolabaiteko ezagutza-maila berenganatzen hasi dira enpresak, eta badakite digitalizazioranzko urrats hori egin beharra daukatela eta, horrenbestez, Nexmachina eta antzeko enpresak behar dituztela soluzioak eta zerbitzuak eskain diezazkieten.

 

Zein dira Nexmachinaren erronka nagusiak? Eta gauzen Internetenak?

Hazi egin nahi du gure enpresak, eta, horregatik, hau izango da gure erronka: adimen artifizialez hornitzea iQmenic, zerbitzu berriak eskaintzeko. Bezeroen ERPak eta CRMak gure plataforman txertatzeko ere ari gara lanean.

Gauzen Interneti dagokionez, berriz, zain gaude 5G-k zer ekarriko. Izan ere, baterien iraupenak mugatu egiten du gauzen Internetekin lotura duten gailuek datuak bidaltzeko duten ahalmena. Etorkizuneko 5G-k gainditu egingo ditu muga horiek, eta hobera egingo du egoerak. Bestalde, egungo komunikazio teknologia bakoitzak —SigFox, Lora…— bere eremu propioa izango du, nire ustez behintzat. Ez da egongo besteak irentsiko dituen teknologia bat, eta bat edo bestea erabiliko ditugu, premien arabera. Komeni da, bestalde, gauzen Internet ez estandarizatzea, hartara aplikazio, operadore eta soluzio berriak sortuko baitira, eta sormena gehiago landuko. Estandarizatuko balitz, mugatu egingo lirateke hura garatzeko aukerak.

Lotutako albisteak

17 apirila, 2024 Digitalizazioa
Trakek lidergoa indartu du fisioterapia digitalaren arloan, Adimen Artifizialari esker
Irakurri gehiago
Aitor Alapont. 12 apirila, 2024 Digitalizazioa
P4Q, 25 urte eta aurrera jarraitzeko 100 milioi arrazoi
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
15 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Infoboxek kongresu perfektua eskaintzen du, klik bakarrean
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak