Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 13 urria, 2020 Digitalizazioa Industria adimenduna Smart Industry Programa

e-coordina: datuen analitika langileen errendimendua neurtzeko

Konpainia donostiarra langileen kudeaketarako eta tele-prestakuntzarako tresnen garapenean espezializatuta dago
Iñigo Martínez, e-coordina enpresako zuzendari nagusia.

 

10 urte baino gehiagoko ibilbidea egin ondoren, e-coordina enpresa laneko arriskuen prebentziora eta giza baliabideen kudeaketara bideratutako tresna digitalen garapenean espezializatu da. Bere hurrengo helburua da “e-coordina Factory” garatzea, datuen analitikan eta Big Data-n zentratutako produktuak kudeatzeko tresnen lantegi bat. Iñigo Martínezek, e-coordina enpresako zuzendari nagusiak, beren garapenen gakoez hitz egin digu.

 

Zer egiten duzue e-coordina enpresan?

Oinarri teknologikoko aholkularitza bat gara, laneko arriskuen prebentzio eta giza baliabideen esparrutik datorrena. Gure proiektuek lotura estua izan dute beti pertsonekin, eta une batean ohartu ginen beharrezkoa zela horrelako gaien kudeaketa teknologikoa egitea. Ia dena eskuz egin izan da, txostenak paperean edo Excel dokumentuetan prestatu izan dira, eta ikusi genuen beharrezkoa zela prozesu automatizatuagoak eta informazioa aztertzeko tresnak eskuratzea. Gure jarduera-eremu nagusiak bi izan dira: hornitzaileen sarrera-kontrola eta prestakuntza-prozesuak.

 

2007an jarri ginen martxan, eta gaur egun 60 pertsona dauzkagu gure antolakundean.  Gure egoitza zentrala Donostian dago, hantxe daukagu Sail Teknologikoa eta han egiten ditugu gure garapen informatikoak. Badugu beste bulego bat Madrilen, eta han dauzkagu Sail Komertziala, Operazioen Saila eta Bezeroarentzako Arreta eta Euskarri zerbitzua. Horiez gain, bulegoak ditugu orobat Tarragonan, Londresen eta Bogotan.

 

Nolako zerbitzuak eskaintzen dituzue?

Sarreretako kontrolerako, Access Point izeneko tresna dugu, zeinak aukera ematen baitie enpresei hornitzaileen sarrera kontrolatzeko, eta informazioa ere biltzen du, horrela jakiteko zeintzuk diren hornitzaile aproposenak. Produktu horren helburua da kontratazio-kate seguruagoa lortzea, eta enpresek benetan homologatuta dauden hornitzaileak kontrata ditzatela.

 

Tele-prestakuntzari dagokionez, aplikazioak garatu nahi ditugu lana segurua izan dadin. Adibidez, langile batek sakelakoan ikus ditzake jarduera segurtasunez egiteko jarraitu behar dituen urrats guztiak, eta enpresak kontrolatuko du informazio hori egokia dela.

 

Orobat garatzen ditugu presentzia kontrolatzeko tresnak, sakelakotik fitxatzeko aukera ematen dutenak. Tresna horrek langilearen geo-kokapena kontrolatzen du, eta mezuak bidaltzen ditu garaiz fitxatu duen ala ez jakiteko.

 

Enpresa bateko lan-giroa neurtzen duen tresna bat ere garatu duzue, ezta?

Bai. Human Pull du izena. Lan-giro ona edukitzeak lantaldeen produktibitatea hobetzen du. Horregatik, garrantzitsua da uneoro jakitea zein aldarte duten antolakundeetako langileek. Normalean, enpresek urtean behin aztertzen dute euren langileen egoera. Orain, Human Pull tresnari esker, uneoro egin ditzakegu azterketa horiek, eta informazio eguneratua eduki. Hala, bitarteko aginte-karguek azkarrago hartu ahal izango dituzte erabakiak.

 

Tresna honen helburua da jendea pozik egon dadila eta, horrela, enpresak produktiboago bihurtzea. Gainera, talentuari eutsi nahi diogu, langileak ez daitezen joan beste leku batzuetara. Konpainiei makinetatik edo produkziotik ateratako datuak eta informazioa emateko metodo tradizionalez harago, ezin ditugu pertsonak ahaztu; arlo hori lantzea garrantzitsua da teknologiaren ikuspegitik.

 

Nola neurtzen da langileen aldartea?

Human Pull-ek psikologia positiboaren metodologia erabiltzen du, eta hainbat item neurtzen ditu: lanpostuari buruzko balorazioak, lankideekiko komunikazioa, kontziliazioa…  132 galderako inkesta bat da. Guk multzo horretako bloke bat bidaltzen dugu astero. Eta erantzunen bilakaera ikusiz jakin daiteke zein den langile bakoitzaren eboluzioa denboran zehar.

 

Bestalde, Human Pull baliagarri da konpainiaren helburuak finkatzeko. Eta, etorkizunean, tresna hau erabiltzen duten konpainiak (sektore edo tamaina berekoak) elkarren artean konparatu ahal izango dira, ikusteko bakoitzaren lan-giroa egokia den hirugarrenekin alderatuta.

 

Zein da zuen bezeroen profila?

700dik gora bezero dauzkagu eta enpresa handiak dira, 100 langile baino gehiagokoak. Edozein sektoretarako gai tangentzialak lantzen ditugu. Badauzkagu bezeroak administrazio publikoan, hoteletan, industrian, galdategietan, bankan, aseguruen sektorean… Pertsonekin lan egiten dugu, eta pertsonak toki guztietan daude.

 

Zeintzuk izango dira zuen hurrengo urratsak?

“e-coordina Factory” sortu nahi dugu, kudeaketako tresnak eskainiko dituen lantegi bat, enpresek euren prozesuak automatizatu eta datuak eskuratu ditzaten. Konpainia batzuekin milioi bat dokumentutik gora kudeatzen ditugu urtean. Datu horiek prozesatu eta aztertu egin behar dira, eta informazioa eman behar da. Etorkizunean datuen analitikaren edo Big Data-ren zerbitzu hori eskaini nahi genuke, hori baita landu behar dena konpainiari balioa emateko. Kontua ez da enpresa bakoitzarentzako tresna espezifikoak sortzea, baizik eta konponbide globalak garatzea gero konpainia bakoitzari egokitzeko.

Lotutako albisteak

17 apirila, 2024 Digitalizazioa
Trakek lidergoa indartu du fisioterapia digitalaren arloan, Adimen Artifizialari esker
Irakurri gehiago
Aitor Alapont. 12 apirila, 2024 Digitalizazioa
P4Q, 25 urte eta aurrera jarraitzeko 100 milioi arrazoi
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
15 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Infoboxek kongresu perfektua eskaintzen du, klik bakarrean
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak