Toni Ventura, Datapixel enpresako fundatzaile eta zuzendari nagusia.
Berrikuntza Eraldaketa digitala
Elkarrizketak 4 maiatza, 2020

Datapixel Europako proiektu batean parte hartzen ari da, eta proiektu horren helburua da fabrikazio gehigarria aplikatzea industria metalurgikoan

Euskal konpainia Integradde proiektuko kide da eta 3D bisioan oinarritutako neurketa konponbideak eskaintzen ditu
-

 

Euskal konpainia Integradde proiektuko kide da eta 3D bisioan oinarritutako neurketa konponbideak eskaintzen ditu

 

Hogei urtetik gorako ibilbidea duen Datapixel konpainia metrologian espezializatutako Innovalia taldeko hiru enpresetako bat da, eta 3D bisioan oinarritutako neurketa-konponbideak garatzen dituen Estatuko enpresa bakarra da.  Datapixel enpresa Europako Integradde proiektuan parte hartzen ari da Bizkaian duen egoitza nagusitik. Proiektu horren helburua da konponbide integral berri bat garatzea fabrikazio gehigarriko prozesuek metalezko osagai handien fabrikazioan izan dezaketen potentziala frogatzeko. Datapixel enpresaren fundatzaile eta zuzendari nagusi Toni Venturarekin hitz egin dugu ekimen honi eta bere enpresak duen paperari buruz.

 

Zein da Datapixel enpresaren jarduera?

3D bisioan oinarritutako kalitate-kontroleko sistemak eta neurketako metrologia sistemak fabrikatzen ditugu. Geuk egiten ditugu geure sentsoreak, eta laborategi bat ere badaukagu kalibrazio eta zertifikazio lanetarako. Alderdi hori oso garrantzitsua da, nazioarteko arauek erregulatzen dutelako metrologia eta trazagarritasun metrologikoa beharrezkoa delako. Kalitate-kontroleko eta neurketako metrologiako aplikazioetan espezializatu gara. Datuak atzematen ditugu eta informazioa sortzen dugu, horixe baita eraldaketa digitalaren oinarria. Manufaktura arloko enpresek elementu fisikoak fabrikatzen dituzte, hau da, dimentsioak eta formak dauzkaten objektuak, eta dimentsio eta forma horiek diseinatzaileak emandako baldintza funtzionalak bete behar dituzte. Elementu fisikoei buruzko informazioa atera behar da, beren osagai, elementu eta entitate fisikoetatik abiatuta. Beste arlo batzuetan objektu birtualekin lan egiten da hasieratik. 3D bisioa darabilten gure sentsore eta teknologiek unibertso fisikoko informazioa eramaten dute unibertso digitalera. Garrantzitsuena da zifra fisiko, dimentsio, forma, posizio, tolerantzia, datu eta abarretatik abiatuta sortzen dugun objektu digital horrek ahalik eta modu leialenean irudikatu behar duela objektu fisikoa. Eta hortik dator metrologia dimentsional industrialaren diziplina.

 

Zertan datza Integradde proiektu europarra?

Integradde Europar Batasunak kofinantzatutako proiektu pilotu bat da. Horrek esan nahi du Europa mailako esperimentu bat dela, zeinetan erakusten baita nola teknologia desberdinak integratuz konponbide bat eman diezaiekegun eraldaketa digitalaren munduko erronkei. Zehazki, Integradde proiektua fabrikazio gehigarrian oinarritutako fabrikazioan zentratzen da. Additive manufacturing teknologiak erabiltzen ditugunean, objektu fisikoa fabrikatzea prozesu osoaren zati oso txiki bat baino ez da. Fabrikatu edo 3Dn inprimatu baino lehen informazioa bildu eta digitalizatu behar da. Helburua da produkzio-ingurune desberdinetan esperimentatzea erakusteko teknologia digitalen arteko elkarreragina onuragarria izan daitekeela fabrikazio gehigarrirako. Proiektu honetan Europako 12 herrialdetako 26 bazkide daude. Proiektu pilotu hauen ezaugarri nagusia da oso hurbil daudela teknologiak edozein fabrikatan aplikatu ahal izatetik. Horrek esan nahi du eskuratzen dugun esperientzia errazago eraman daitekeela manufakturaren munduko beste ingurune eta antolakunde batzuetara.

 

Zein da Datapixel enpresaren papera Integradde proiektuan?

Arlo fisikoaren eta digitalaren arteko zubia gara. Gure lana da datuak atzematea piezak fabrikatzeko prozesuan. Bi modu daude fabrikazio gehigarria egiteko: ohikoena da objektu bat diseinatzea, simulazioak egitea eta objektua hutsetik fabrikatzea, baina bada beste metodo bat ere, alegia, hutsetik hasi beharrean, lehendik existitzen diren objektuetatik abiatuta fabrikatzea.  Demagun objektu bat daukadala eta haren gainean inprimatu nahi dudala materiala gehitzeko. Horrek esan nahi du objektu horri buruzko aurretiazko ezagutza behar dudala, eta hori lortzeko bide bakarra da gurea bezalako teknologiak erabiltzea. Guk informazioa jasotzen dugu oinarritzat erabiliko ditugun objektu horien forma eta tamainari buruz, eta gero amaierako produktuari buruzko informazioa biltzen dugu.

 

Metalezko fabrikazio gehigarriaren munduan, fabrikazio gehigarri hibridoa da joera nagusia, hau da, elkarrekin konbinatzea fabrikazio gehigarria eta beste fabrikazio mota tradizionalago bat, erauzketakoa, mekanizatu teknika tradizionalak darabiltzana. Izan ere, fabrikazio gehigarriak gaur egun ez dauka behar besteko mailarik kalitatezko produktuen akaberak emateko (azaleran eta dimentsioetan). Adibidez, plastikozko injekzio-molde batek azaleretan izan behar dituen akaberak lortzeko ezinbestekoa da mekanizatu teknikak erabiltzea. Beraz, produktuen azaleren ezagutza sakona behar da, eta horretarako baliatzen ditugu gure 3D digitalizazio-teknika optikoak.

 

Integradde proiektuak metalezko fabrikazio gehigarria du ardatz, eta horrek baditu abantailak eta desabantailak ere, ezta?

Erronka handiena da metalaren munduko fabrikazio-prozesu tradizionalak material-gehikuntzako prozesuez ordezkatzea. Metalezko fabrikazio gehigarriaren abantaila handiena da kanpoko forma eman diezaiekezula zure objektuei, baina baita ere barneko egiturak sor ditzakezula, beste ezein prozedurarekin lortu ezin direnak.  Piezak badu bolumena eta solidoa da, baina posible da barnean hutsuneak sortzea arinagoa izan dadin, edo bere propietate fisikoak hobetzea, eta barneko egitura horiek sekulako iraultza dira produktu askoren fabrikazioan. Esan ohi da metalezko fabrikazio gehigarria motelagoa dela, baina aukera ematen du erauzketako mekanizatu teknika tradizionalekin sortu ezin daitezkeen objektuak sortzeko.

 

Zein da Integradde proiektuaren helburu nagusia?

Elkarreragingarritasun digitala lortzea. Fabrikazio gehigarriko edozein prozesutan, ahaleginaren % 80 arlo digitalean egiten da: datuak sortzea, datuak manipulatzea, kalkuluak egitea, kopia digital bat sortzea… Eta sistemen arteko elkarreragingarritasunari esker lortzen da prozesu guztiak lotzen dituen hari digitala. Sistemak elkarrekin integratzen dira hizkera bera badute. Fabrikazioak bide luzea egin behar du oraindik ekipo guztiei (softwarearen diseinua, CAD tresnak, elementu mugatuen simulazioak, kalitatearen kontrola…) elkarreragingarritasun hori emateko berme guztiekin, eta horretan ari gara lanean. Datapixel-ek proposatzen du QIF (Quality Information Framework) izeneko estandarra erabiltzea; nazioarteko lehen estandarra da, laster eskuratuko du ISO ziurtagiria, eta guk fabrikatzen ditugunak bezalako sistemen elkarreragingarritasuna ahalbidetuko du.

 

Hari digital horrek zibersegurtasuna behar du. Bermatu behar dugu hari digitalaren barruan erabiltzen ari garen informazio guztia egonkorra dela, eta ez dela aldatuko. Zibersegurtasunaren mundua funtsezkoa da fabrikazioan. Sistemek, elkarreragingarriak izateaz gain, seguruak izan behar dute.

 

Zein puntutan dago une honetan Integradde proiektu pilotua?

Integradde 2018aren amaieran hasi zen, hiru urte iraungo ditu eta une honetan bide erdian gaude. Oraingoz, elkarreragingarritasunaren oinarriak ezarri ditugu. Prozesuen oinarriak jarri ditugu, hasi diseinutik eta simulazio, neurketa, eta fabrikazioraino, eta ezaugarri guztiak deskribatu ditugu elkarreragingarriak izan daitezen. Bestalde, lehen esperientzia errealak egin ditugu lantegietan. Teknologiak frogatzea helburu duen proiektu pilotu batek enpresa bakoitzaren funtzionamendua ulertu behar du lehenbizi. Ulertu behar da nolakoak diren prozesuak, nolakoak diren fabrikazio-inguruneak eta zein baldintza bete behar ditugun fabrikazio-proiektu anitz eta desberdinei erantzuteko.

Lotutako albisteak

EIDEk  diseinuaren  eta  prestakuntzaren  munduko  mapan  jarri  du  Bilbo
03/07/2025 Berrikuntza

EIDEk diseinuaren eta prestakuntzaren munduko mapan jarri du Bilbo

Euskadiko Diseinugileen Elkarteak Guggenheim museoan 22 herrialdetako 100 gazte diseinatzaileren talentua aitortu du, diseinuari gizarterako bektore estrategiko gisa egindako ekarpenagatik

Wend-ek  harreman  sozialak  plan  errealekin  egindako  aplikazioaren  bidez  iraultzen  ditu
03/07/2025 Berrikuntza

Wend-ek harreman sozialak plan errealekin egindako aplikazioaren bidez iraultzen ditu

Euskal aplikazioak jende berria ezagutzeko berezkotasuna aisialdi partekatuaren bidez berreskuratzen du eta erabiltzailearen esperientzia hobetzeko berrikuntzaren alde egiten du.

Nuuk  Mobility-k  Espainiako  bi  gurpileko  flotarik  handienak  kudeatzen  ditu

Nuuk Mobility-k Espainiako bi gurpileko flotarik handienak kudeatzen ditu

Bizkaiko enpresak 14.000 ibilgailu baino gehiago administratzen ditu Espainian eta Portugalen. Bere bezeroen artean Correos, Burger King edo Popeyes daude.

Kalmanek  makineriaren  arriskuetatik  babesten  duten  karenatuak  egiten  ditu
30/06/2025 Berrikuntza

Kalmanek makineriaren arriskuetatik babesten duten karenatuak egiten ditu

Gipuzkoako enpresak neurrira egindako zerbitzua eskaintzen du, galdaragintzako prozesu guztiak barne hartzen dituena, diseinutik hasi eta egiturak ebaki, tolestu, soldatu, muntatu eta margotzeraino.

Developair-ek  AA  aplikatzen  du  software  tresnen  belaunaldi  berri  bat  sortzeko

Developair-ek AA aplikatzen du software tresnen belaunaldi berri bat sortzeko

Donostiako startupak hainbat soluzio eskaintzen ditu industriarako, hala nola trenbide aeroespaziala, energia, automobilgintza eta medikuntzarako, besteak beste.

Erakarrek  LED  panel  jasangarri  eta  adimendunak  fabrikatzen  ditu

Erakarrek LED panel jasangarri eta adimendunak fabrikatzen ditu

Gipuzkoako enpresak tinta elektronikoaren teknologia sartu berri du bere eskaintzan, energia kontsumo baxuarekin eta ikuspen handiarekin.

RKL  Integral-ek  larrialdietarako  planak  prozesu  digital  adimendunetan  bihurtzen  ditu

RKL Integral-ek larrialdietarako planak prozesu digital adimendunetan bihurtzen ditu

Enpresa bizkaitarrak VES izeneko software bat garatu du, segurtasun integraleko planak digitalizatzen eta automatizatzen dituena.

Altersys,  bidesarietako  matrikula  bidezko  kobrantza  adimendunean  espezializatutako  enpresa

Altersys, bidesarietako matrikula bidezko kobrantza adimendunean espezializatutako enpresa

Enpresa bizkaitarrak ia hamar urte eman ditu softwarea garatzen, eta bere lehen hardwarea patentatzeko prozesuan dago, trafikoa aztertzeko kamera propioa.

Industriako  sei  kooperatibak  Batera  bultzatu  dute,  esfortzuak  batu  eta  modu  kolektiboan  lan  egiteko
16/06/2025 Berrikuntza

Industriako sei kooperatibak Batera bultzatu dute, esfortzuak batu eta modu kolektiboan lan egiteko

Elkartea Araban dago errotua, eta jarraikortasun-bokazioarekin jaio da, baita lurralde honetan eredu kooperatiboa erreferente bihurtzeko ere

Labelan,  labeak  eta  galdarak  konpontzen  espezializatutako  Zegamako  ETEa

Labelan, labeak eta galdarak konpontzen espezializatutako Zegamako ETEa

Enpresak SPRI Taldearen zibersegurtasun-programaren laguntza jaso du eta digitalizazioaren aldeko apustua egiten du, 3D piezak diseinatzearen bidez.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.