Jon Villamil, Batura Mobile konpainiako fundatzailea eta zuzendari nagusia.
Berrikuntza Ekintzailetza Eraldaketa digitala I+G+B
Elkarrizketak 9 abendua, 2020

Batura Mobile: “Aplikazio irisgarriak garatzen ditugu eta lantegiko langileen lana ulertzen saiatzen gara”

Mugikorretarako aplikazioen sorkuntzan espezializatutako enpresa bizkaitarrak hainbat konponbide garatu ditu ondasunen trazagarritasunerako, hornikuntza-katea kudeatzeko eta sarbideak kontrolatzeko
-

 

Batura Mobile konpainia, 2006tik gailu mugikorretarako aplikazioen garapenean espezializatua dagoena, mugikorren eboluzio eta eraldaketaren lekuko zuzena izan da. Une honetan, 21 langile ditu, azken hiru urteetan bere plantilla bikoiztu du, eta hemendik aurrera ere hazten jarraitzea espero du. Bilboko enpresa honen negozio-ardatzetako bat da 4.0 Industriarekin lotutako aplikazioak garatzea. Jon Villamil-ekin, Batura Mobile enpresaren fundatzaile eta zuzendari nagusiarekin, hitz egin dugu.

 

Zer egiten duzue Batura Mobile enpresan?

Mugikorretarako aplikazioak garatzen ditugu 4.0 industria, smart city, osasun, mugikortasun, elikadura eta marketin sektoreetarako. Gure konponbideek erdian jartzen dute erabiltzailea, hala lantegiko langilea nola azken bezeroa. Helburua da gaur egun eskuz edo paperean egiten diren prozesuak digitalizatzea eta, horrela, erabakiak errazago hartzea. Jakina, aplikazio mugikorrak makinekin integratzen dira, eta produkzio ekosistemaren parte bihurtzen dira.

 

Emango diguzu zuen aplikazioen adibideren bat?

4.0 Industriaren barruan, argindar-lineekin komunikatzen diren edo ureztatze-sistemak irekitzen dituzten aplikazio mugikorrak sortu ditugu. Adibide zehatzetara joz, digitalizazioarekin eta eraldaketa digitalarekin lotutako aplikazioak garatu ditugu biltegietarako edo produktuen irteerarako. Zentzu horretan, Ekanban tresna digitala garatu dugu Orkli enpresarekin batera. Hornikuntza-katea kudeatu eta digitalizatzeko sistema bat da, kontsumoak denbora errealean kontrolatzen dituena eta aukera ematen duena bezero eta hornitzaileen arteko informazioa eta material fluxua optimizatzeko. Tresna horri esker eskaerak automatizatu egiten dira, stock-ak modu gardenean kontrolatzen dira eta hornikuntza-katea produktiboagoa egiten da.

 

Biltegien munduarekin jarraituz, ULMA Construcción enpresarekin elkarlanean ari gara euren biltegietatik irteten diren piezen trazagarritasun-sistema bat ezartzeko. Android terminalak erabiliz, langileek piezen irteera-parteak digitalizatu ditzakete, gero materiala kamioietan kargatu eta obretan banatzeko. Hori lagungarri da lehen paperean egiten zen lana digitalizatzeko. Era berean, akatsak murrizten dira materialen entregetan, eta trazagarritasuna bermatua dagoenez, lermak edo bestelako galerak saihesten dira.

 

Bestalde, smart tag edo etiketa adimendunak fabrikatzen dituen Solos enpresa australiarrarekin kolaboratzen dugu. Aplikazio mugikorrak eta APIak garatzen lagunduko diegu, euren bezeroek operagarritasuna eman diezaieten etiketa adimendun horiei konponbide mugikorren bidez. Etiketa adimendunak saltokietako produktuetan jarriko dira, eta bezeroak etiketarekin elkarreragin ahal izango du mugikorretik, dela marketin ekintzak garatzeko edo dela stock-en jarraipena egiteko.

 

ATE izeneko produktu bat garatzen ari gara, zeinaren helburua baita enpresetako sarrera-erregistroak digitalizatzea. Erregistro horri tinta elektronikoa duten smart card edo txartel adimendunak gehitu dizkiogu. Enpresan sartzen zarenean, txartelean inprimatuta daramatzazu bisitari buruzko datu guztiak, eta orain txarteleko informazioa ateen irekierarekin eta eraikin barruko trazagarritasunarekin lotzen ari gara. Horrela, desagertu egiten da segurtasun saileko pertsona batek sarbidea emateko egiten zuen paper hura, haren ordez sistema digitalizatu bat ezartzen delako.

 

Sektore industrialerako aplikazioen garapena ez da agertzen 4.0 Industriako teknologia bideratzaile bezala, bai ordea adimen artifiziala, IoT edo big data. Horrek ez zaituzte sentiarazten mundu horretako “neba pobrea” bazinate bezala?

Halaxe gara, eta harro gaude. Badakigu puzzlearen pieza oso txiki bat garela, baina gure ustez 4.0 Industriako zati garrantzitsu eta ahaztu bat gara, zeinak adimen handiagoa ematen baitio langileari, hau da, produkzio-katean dagoen pertsonari. Zentzu horretan, gure tresna eta garapenen helburua da pertsona horien lana errazago eta produktiboago egitea.

 

Eta nolako harremana duzue langile horiekin? Nolako harrera egiten diete zuen konponbideei?

Urte hauetan aurkitu dugun erronka edo oztopoetako bat izan da bezeroek ez zekitela nola hartuko zituzten langileek gure aplikazioak. Askotan kezkatuta agertzen ziren, ez zekitelako nola erreakzionatuko zuten eskuzko lana atzean utzi eta plataforma digital batekin elkarreragiten hastean. Eta egokitzapena harrigarria izan da. Aplikazio irisgarriak garatzen ditugu eta lantegiko langileen lana ulertzen saiatzen gara. Horri esker, errazagoa izan da onarpena lortzea.

 

Nolako inpaktua izan du edo dauka oraindik COVID-19aren pandemiak zuen jardueran?

Pandemiak inpaktu negatiboa izan du. Urte honetarako hazkunde-aurreikuspenak ez dira bete. Hala ere, hazten jarraitzen dugu eta hori oso positiboa da, gauzak nola dauden ikusita. Baina etorkizunak kezkatzen gaitu, ez dakigulako krisiak nolako eragina izango duen gu baino latzago kolpatuko dituen beste sektore batzuetan. Uste dugu gure sektoreak hazten jarraituko duela, eta helburutzat hartu dugu hazkunde hori gure enpresarantz eta gure konponbideetarantz bideratzea.

 

Eta pandemiaz harago, zeintzuk dira datozen hilabeteetarako dituzuen erronkak?

Gure sektoreko enpresen erronketako bat da talentua erakartzea eta talentu horri eustea. Defizit handia dago zentzu horretan.

 

Horrez gain, aldaketetara egokitu behar dugu. Esan bezala, puzzle osoaren zati oso txiki bat gara, eta 4.0 Industrian aurrerapen handiak gertatzen ari dira adimen artifizial, IoT nahiz big data arloetan. Horrek eragin positiboa izango du gugan, baina gai izan behar dugu aldaketa horien abiadurara moldatzeko.

 

4.0 Industria, smart city, osasuna, zahartzea, mugikortasuna eta beste hainbat bertikaletan lan egin dugu, baina horietako batzuk nahiko geldirik daude une honetan. Horregatik, gure plangintzan sartzen ez ziren beste ildo batzuetan hasi gara lanean, esaterako, kirolaren sektorerako aplikazio mugikorretan. Aplikazioak egiten ari gara Errealarentzat, eta aukera gehiago ere iristen ari zaizkigu arlo horretatik.

Lotutako albisteak

AT  Mecasol-ek  digitalizazioaren  eta  jasangarritasunaren  aldeko  apustua  sendotzen  du  bere  hazkunde  industrialean

AT Mecasol-ek digitalizazioaren eta jasangarritasunaren aldeko apustua sendotzen du bere hazkunde industrialean

Bizkaiko enpresak bere gaitasun produktiboak hobetu ditu eta soluzio pertsonalizatuak eskaintzen dizkie mekanizazio eta soldadura arazo konplexuei.

Mein,  zehaztasun  eta  kalitate  handiagoa  ahalbidetzen  duen  Gipuzkoako  fundazioa
07/07/2025 I+G+B

Mein, zehaztasun eta kalitate handiagoa ahalbidetzen duen Gipuzkoako fundazioa

Ezkio-Itsasoko enpresak SPRI Taldearen BDIH Konexio programako laguntza bat jaso du eta fakturazioaren % 95 baino gehiago esportatu egiten du.

EIDEk  diseinuaren  eta  prestakuntzaren  munduko  mapan  jarri  du  Bilbo
03/07/2025 Berrikuntza

EIDEk diseinuaren eta prestakuntzaren munduko mapan jarri du Bilbo

Euskadiko Diseinugileen Elkarteak Guggenheim museoan 22 herrialdetako 100 gazte diseinatzaileren talentua aitortu du, diseinuari gizarterako bektore estrategiko gisa egindako ekarpenagatik

Wend-ek  harreman  sozialak  plan  errealekin  egindako  aplikazioaren  bidez  iraultzen  ditu
03/07/2025 Berrikuntza

Wend-ek harreman sozialak plan errealekin egindako aplikazioaren bidez iraultzen ditu

Euskal aplikazioak jende berria ezagutzeko berezkotasuna aisialdi partekatuaren bidez berreskuratzen du eta erabiltzailearen esperientzia hobetzeko berrikuntzaren alde egiten du.

Smart  to  Walk,  trekking-a  esperientzia  adimentsu  bihurtzen  duen  startup-a
03/07/2025 Ekintzailetza

Smart to Walk, trekking-a esperientzia adimentsu bihurtzen duen startup-a

Urdulizen jatorria duen enpresa honek, makila adimendun bat eta app osagarri bat sortu ditu mendi-ibiliak seguruagoak, sozialagoak eta konektatuagoak izan daitezen.

Nuuk  Mobility-k  Espainiako  bi  gurpileko  flotarik  handienak  kudeatzen  ditu

Nuuk Mobility-k Espainiako bi gurpileko flotarik handienak kudeatzen ditu

Bizkaiko enpresak 14.000 ibilgailu baino gehiago administratzen ditu Espainian eta Portugalen. Bere bezeroen artean Correos, Burger King edo Popeyes daude.

Kalmanek  makineriaren  arriskuetatik  babesten  duten  karenatuak  egiten  ditu
30/06/2025 Berrikuntza

Kalmanek makineriaren arriskuetatik babesten duten karenatuak egiten ditu

Gipuzkoako enpresak neurrira egindako zerbitzua eskaintzen du, galdaragintzako prozesu guztiak barne hartzen dituena, diseinutik hasi eta egiturak ebaki, tolestu, soldatu, muntatu eta margotzeraino.

Aitzgorri:  «Ezin  da  dibertsifikatu  berritu  gabe,  eta  geure  kasuan  hori  gertatzen  zen  robotikarekin»
30/06/2025 I+G+B

Aitzgorri: «Ezin da dibertsifikatu berritu gabe, eta geure kasuan hori gertatzen zen robotikarekin»

Gipuzkoako enpresa 35 urteko esperientzia du galdaragintza astunaren sektoreko erreferente moduan, eta ekarpenak egiten dizkie I+G prozesuei eta teknologia aurreratuari

Developair-ek  AA  aplikatzen  du  software  tresnen  belaunaldi  berri  bat  sortzeko

Developair-ek AA aplikatzen du software tresnen belaunaldi berri bat sortzeko

Donostiako startupak hainbat soluzio eskaintzen ditu industriarako, hala nola trenbide aeroespaziala, energia, automobilgintza eta medikuntzarako, besteak beste.

Erakarrek  LED  panel  jasangarri  eta  adimendunak  fabrikatzen  ditu

Erakarrek LED panel jasangarri eta adimendunak fabrikatzen ditu

Gipuzkoako enpresak tinta elektronikoaren teknologia sartu berri du bere eskaintzan, energia kontsumo baxuarekin eta ikuspen handiarekin.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.