Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 9 abendua, 2020 Berrikuntza Digitalizazioa Ekintzailetza I+G Bind40 Bio-osasuna Fast Track Innobideak programa Industria adimenduna Ris3 Euskadi Smart Industry Programa UP Euskadi

Batura Mobile: “Aplikazio irisgarriak garatzen ditugu eta lantegiko langileen lana ulertzen saiatzen gara”

Mugikorretarako aplikazioen sorkuntzan espezializatutako enpresa bizkaitarrak hainbat konponbide garatu ditu ondasunen trazagarritasunerako, hornikuntza-katea kudeatzeko eta sarbideak kontrolatzeko
Jon Villamil, Batura Mobile konpainiako fundatzailea eta zuzendari nagusia.

 

Batura Mobile konpainia, 2006tik gailu mugikorretarako aplikazioen garapenean espezializatua dagoena, mugikorren eboluzio eta eraldaketaren lekuko zuzena izan da. Une honetan, 21 langile ditu, azken hiru urteetan bere plantilla bikoiztu du, eta hemendik aurrera ere hazten jarraitzea espero du. Bilboko enpresa honen negozio-ardatzetako bat da 4.0 Industriarekin lotutako aplikazioak garatzea. Jon Villamil-ekin, Batura Mobile enpresaren fundatzaile eta zuzendari nagusiarekin, hitz egin dugu.

 

Zer egiten duzue Batura Mobile enpresan?

Mugikorretarako aplikazioak garatzen ditugu 4.0 industria, smart city, osasun, mugikortasun, elikadura eta marketin sektoreetarako. Gure konponbideek erdian jartzen dute erabiltzailea, hala lantegiko langilea nola azken bezeroa. Helburua da gaur egun eskuz edo paperean egiten diren prozesuak digitalizatzea eta, horrela, erabakiak errazago hartzea. Jakina, aplikazio mugikorrak makinekin integratzen dira, eta produkzio ekosistemaren parte bihurtzen dira.

 

Emango diguzu zuen aplikazioen adibideren bat?

4.0 Industriaren barruan, argindar-lineekin komunikatzen diren edo ureztatze-sistemak irekitzen dituzten aplikazio mugikorrak sortu ditugu. Adibide zehatzetara joz, digitalizazioarekin eta eraldaketa digitalarekin lotutako aplikazioak garatu ditugu biltegietarako edo produktuen irteerarako. Zentzu horretan, Ekanban tresna digitala garatu dugu Orkli enpresarekin batera. Hornikuntza-katea kudeatu eta digitalizatzeko sistema bat da, kontsumoak denbora errealean kontrolatzen dituena eta aukera ematen duena bezero eta hornitzaileen arteko informazioa eta material fluxua optimizatzeko. Tresna horri esker eskaerak automatizatu egiten dira, stock-ak modu gardenean kontrolatzen dira eta hornikuntza-katea produktiboagoa egiten da.

 

Biltegien munduarekin jarraituz, ULMA Construcción enpresarekin elkarlanean ari gara euren biltegietatik irteten diren piezen trazagarritasun-sistema bat ezartzeko. Android terminalak erabiliz, langileek piezen irteera-parteak digitalizatu ditzakete, gero materiala kamioietan kargatu eta obretan banatzeko. Hori lagungarri da lehen paperean egiten zen lana digitalizatzeko. Era berean, akatsak murrizten dira materialen entregetan, eta trazagarritasuna bermatua dagoenez, lermak edo bestelako galerak saihesten dira.

 

Bestalde, smart tag edo etiketa adimendunak fabrikatzen dituen Solos enpresa australiarrarekin kolaboratzen dugu. Aplikazio mugikorrak eta APIak garatzen lagunduko diegu, euren bezeroek operagarritasuna eman diezaieten etiketa adimendun horiei konponbide mugikorren bidez. Etiketa adimendunak saltokietako produktuetan jarriko dira, eta bezeroak etiketarekin elkarreragin ahal izango du mugikorretik, dela marketin ekintzak garatzeko edo dela stock-en jarraipena egiteko.

 

ATE izeneko produktu bat garatzen ari gara, zeinaren helburua baita enpresetako sarrera-erregistroak digitalizatzea. Erregistro horri tinta elektronikoa duten smart card edo txartel adimendunak gehitu dizkiogu. Enpresan sartzen zarenean, txartelean inprimatuta daramatzazu bisitari buruzko datu guztiak, eta orain txarteleko informazioa ateen irekierarekin eta eraikin barruko trazagarritasunarekin lotzen ari gara. Horrela, desagertu egiten da segurtasun saileko pertsona batek sarbidea emateko egiten zuen paper hura, haren ordez sistema digitalizatu bat ezartzen delako.

 

Sektore industrialerako aplikazioen garapena ez da agertzen 4.0 Industriako teknologia bideratzaile bezala, bai ordea adimen artifiziala, IoT edo big data. Horrek ez zaituzte sentiarazten mundu horretako “neba pobrea” bazinate bezala?

Halaxe gara, eta harro gaude. Badakigu puzzlearen pieza oso txiki bat garela, baina gure ustez 4.0 Industriako zati garrantzitsu eta ahaztu bat gara, zeinak adimen handiagoa ematen baitio langileari, hau da, produkzio-katean dagoen pertsonari. Zentzu horretan, gure tresna eta garapenen helburua da pertsona horien lana errazago eta produktiboago egitea.

 

Eta nolako harremana duzue langile horiekin? Nolako harrera egiten diete zuen konponbideei?

Urte hauetan aurkitu dugun erronka edo oztopoetako bat izan da bezeroek ez zekitela nola hartuko zituzten langileek gure aplikazioak. Askotan kezkatuta agertzen ziren, ez zekitelako nola erreakzionatuko zuten eskuzko lana atzean utzi eta plataforma digital batekin elkarreragiten hastean. Eta egokitzapena harrigarria izan da. Aplikazio irisgarriak garatzen ditugu eta lantegiko langileen lana ulertzen saiatzen gara. Horri esker, errazagoa izan da onarpena lortzea.

 

Nolako inpaktua izan du edo dauka oraindik COVID-19aren pandemiak zuen jardueran?

Pandemiak inpaktu negatiboa izan du. Urte honetarako hazkunde-aurreikuspenak ez dira bete. Hala ere, hazten jarraitzen dugu eta hori oso positiboa da, gauzak nola dauden ikusita. Baina etorkizunak kezkatzen gaitu, ez dakigulako krisiak nolako eragina izango duen gu baino latzago kolpatuko dituen beste sektore batzuetan. Uste dugu gure sektoreak hazten jarraituko duela, eta helburutzat hartu dugu hazkunde hori gure enpresarantz eta gure konponbideetarantz bideratzea.

 

Eta pandemiaz harago, zeintzuk dira datozen hilabeteetarako dituzuen erronkak?

Gure sektoreko enpresen erronketako bat da talentua erakartzea eta talentu horri eustea. Defizit handia dago zentzu horretan.

 

Horrez gain, aldaketetara egokitu behar dugu. Esan bezala, puzzle osoaren zati oso txiki bat gara, eta 4.0 Industrian aurrerapen handiak gertatzen ari dira adimen artifizial, IoT nahiz big data arloetan. Horrek eragin positiboa izango du gugan, baina gai izan behar dugu aldaketa horien abiadurara moldatzeko.

 

4.0 Industria, smart city, osasuna, zahartzea, mugikortasuna eta beste hainbat bertikaletan lan egin dugu, baina horietako batzuk nahiko geldirik daude une honetan. Horregatik, gure plangintzan sartzen ez ziren beste ildo batzuetan hasi gara lanean, esaterako, kirolaren sektorerako aplikazio mugikorretan. Aplikazioak egiten ari gara Errealarentzat, eta aukera gehiago ere iristen ari zaizkigu arlo horretatik.

Lotutako albisteak

15 apirila, 2024 Berrikuntza
Gymchess: “Entrenamendu kognitiboa da gure garuna zaintzeko modu eraginkorrena”
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
19 Marzo, 2024 Berrikuntza
Sirope: “Brandingaren garrantzia bereganatu ez duten enpresak desabantaila-posizio batetik abiatzen dira”
Irakurri gehiago
11 Marzo, 2024 Berrikuntza
Altzairu herdoilgarria da Didheyaren etxebizitzetarako eta garraio publikorako osagarrien balio bereizgarria
Irakurri gehiago
4 Marzo, 2024 Berrikuntza
Kupsak hogei bat herrialdetara saltzen ditu modu erregularrean bere berniz eta pintura industrialak
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak