Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 30 Marzo, 2023 Azpiegiturak SPRILUR

Sprilur-ek obrak eta proiektuak egiteko 27 milioi euroko hamar lehiaketa argitaratu ditu 2023ko lehen hiruhilekoan

Enkarterri, Ezkerralde eta Oarsoaldeako Eskualdeko Plan Estrategikoen (EPE) barruko proiektuak bereziki garrantzitsuak dira eta 14,6 milioi euroko zuzkidura dute.
Sprilur Eibarren eraikitzen ari den Erisonoko eraikin berriaren 3D irudia

 

Datozen hilabeteetan esleitu eta hasiko dira eraikin berriak egiteko, lehentasunezko jarduera-eremuak leheneratzeko eta erabiltzen ez diren eraikinak eraisteko nahiz proiektuak idazteko lanak eta zerbitzuak.

 

 Sprilur-ek, Eusko Jaurlaritzari atxikitako lurzoruaren kudeaketako sozietate publikoak, urbanizazio- eta eraikuntza-obretarako eta proiektuak idazteko 27 milioi euroko hamar lizitazio argitaratu ditu urtearen lehen hiru hilabeteetan.

 

Sprilur-ek 16 milioi euro inguruko 18 lehiaketa argitaratu zituen 2022an. Aurten, hiru hilabete bakarrik igaro diren arren, dagoeneko gainditu du iaz lizitatutako guztiaren kopurua. Aurten jarraipena emango zaie joan den ekitaldian hasitako lizitazio batzuei, eta beste batzuk (proiektuak idaztekoak) urbanizazio- edota eraikuntza-obra bezala esleitu eta abiaraziko dira 2023an. Hala,  lehiaketara atera dira Iruña Okako (Araba) Subillabide industrialdean 11.000 metro koadroko nabe industrial bat handitzeko lanak, non automobilgintza sektoreko enpresa bat kokatuko baita. Orobat argitaratu da Gasteizen Fabrikazio Aurreratuko Zentroa (GFA) egiteko proiektuaren idazketa kontratatzeko lehiaketa -hori ere automobilgintzaren sektorerako-, zeinetan fabrikazioko teknologia aurreratuak sortuko baitira. Bi proiektuek 7 eta 13 milioi inguruko zuzkidura izango dute, hurrenez hurren.

 

Bizkaian, euskal erakundeek Ezkerralderako onartu duten Eskualdeko Plan Estrategikoaren (EPE) barruan,  Sprilur-ek aurreikusita dauka erabiltzen ez diren eremuak birgaitzeko trakzio-proiektu bat abiaraztea, eta, hain zuzen, horretarako argitaratu du Barakaldoko Burtzeña industrialdeko Maser pabilioia eraisteko lizitazioa. Sozietate publikoaren asmoa da prozesu bat abiatzea lurzoru prekarioetan jarduera ekonomikoak ostatatzen dituen kaltetutako ingurune industrial hori (ia 300.000 metro koadro) berreskuratzeko. Ingurune horretan bertan argitaratu da Santurtziko Etxe Uli zabortegi zaharra (105.000 metro koadro) zigilatzeko proiektua idazteko lehiaketa, bai eta Sestaoko Ibarzaharra industrialdeko partzela batean 11.000 metro koadroko eraikin tertziario berri bat egiteko proiektuaren lehiaketa. Eraikin horretan ostatatuko dira zerbitzu eta produktu mediko-sanitarioetan espezializatutako enpresetatik sortutako ekimenak. Gainera, Sprilur-ek badu beste proiektu estrategiko bat eskuartean, zehazki Enkarterrietan, non aurreikusita baitago Muebles Vizcaya lantegi zaharraren (Gueñes) kanpoaldea eta barnealdea eraistea lehen fasean. Goitik behera zaharberritu ondoren, 3.000 metro koadroko eraikinak bere baitan hartuko ditu Bioekonomia Gunean sortutako ekimenak. Bizkaiko obra-proiektuen eta zerbitzuen kontratazio horiek egiteko aurreikusitako inbertsioak 2,63 milioi eurokoak dira.

 

Sprilur-ek eraikuntza-lanak gauzatzeko 17,5 milioi euroko hiru lehiaketa lizitatu ditu Gipuzkoan.

 

Duela gutxi argitaratu den bezala, Sprilur-ek berriki esleitu ditu Pasaiako Portuko Herrera ingurunean 4.941 metro koadroko erabilpen tertziarioko eraikin berri bat eta inguruko urbanizazio osagarria egiteko lanak. Eraikin horrek ostatatuko ditu Adinberri proiektutik sortutako enpresa ekimenak eta zerbitzuak. Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Udalek Pasaialdea (Oarsoaldea) ekonomikoki suspertzeko sortu dituzten Eskualdeko Plan Estrategikoen barruan kokatzen da ekintza hori. Eibarren, berriz, Sprilur-ek duela gutxi lizitatu ditu Erisono industrialdean 5.905 metro koadroko eraikin tertziario berri bat eraikitzeko obrak. Lau solairu izango ditu eta barruan bulegoak egongo dira.

 

Azkenik, Sprilur-ek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irungo Udalak partaidetutako Bidasoa Oarsoko Industrialdea, S.A.k Irungo Araso industrialdean nabe modular berriak eraikitzeko lanak esleitu ditu, inguruko enpresen espazio eskaera gero eta handiagoari erantzuteko.

 

2023ko lehen aldi honetarako aurreikusitako inbertsio bolumenetik % 90,5 (24,59 milioi euro) bideratuko dira obrak gauzatzera, urbanizaziora eta eraikuntzara, eta gainerako % 10 inguru proiektuak idaztera eta zerbitzuetara.

 

 

 

Lotutako albisteak

25 apirila, 2024 Azpiegiturak
Danobatek 20 milioi euro inbertitu ditu Elgoibarko egoitza berrian
Irakurri gehiago
9 apirila, 2024 Azpiegiturak
Euskadiko industriaren ingurumen-hobekuntza bultzatzea, Deskarbonizazio Industrialerako Programaren bidez
Irakurri gehiago
25 Marzo, 2024 Azpiegiturak
Sprilurrek eta Ihobek Euskadiko Lurzoru Estrategia partekatuko dute Bartzelonako Advanced Factories nazioarteko foroan
Irakurri gehiago
21 Marzo, 2024 Azpiegiturak
BIND 4.0, 25 hub onenen artean Europako startupetarako Financial Times-en arabera
Irakurri gehiago
1 Marzo, 2024 Azpiegiturak
Euskadiko enpresa liderrak martxoaren 1etik aurrera inskribatu ahal izango dira BIND 4.0 programan, startupekin berritzeko
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak