Euskal enpresaren blog-a Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa
Albisteak 5 abendua, 2021

Sprilur-ek jasangarritasun arloko jardunbide egokiak partekatu ditu EHUko Ingeniaritza Zibileko ikasleekin

Ihobe eta Sprilur-en Eraikuntza, Urbanizazio eta Birgaitze Jasangarriko Gidaliburuen aplikazioa ikasgai bat da EHUko Ingeniaritza Zibileko ikasketa-programan.

Sprilur-ek azaldu du zeintzuk diren bere proiektu eta obretan aplikatzen dituen eta urbanizazio eta eraikuntza jasangarriaren sektorean erreferentziazkoak diren “Eraikuntza jasangarriko gidaliburuen” giltzarriak.

 

Sprilur-ek (SPRI Taldean integratutako eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko sozietateak) unibertsitatera eraman ditu urbanizazio eta eraikuntzako proiektu eta obretan aplikatzen dituen jasangarritasun arloko jardunbide egokiak eta ingurumenarekin erlazionatutako neurriak. EHUko Ingeniaritza Zibileko ikasketa-programak berriro gonbidatu du Sprilur lan-saio batean parte hartzera eta bere esperientzia azaltzera. Saio hori 4. ikasturteko ikasleei zuzendurik dago, Obrak planifikatu eta kudeatzeko proiektuei buruzko programaren barruan. Aurkene Niñok, Sprilur Taldeko Jasangarritasun arduradunak hartu du parte saioan eta Eraikuntza eta Eraiste lanetako Hondakinei buruz mintzatu da.

 

Niñok azaldu du zeintzuk diren Eraikuntza Jasangarriko Gidaliburuetan jasotzen diren garapen jasangarriko neurriak, hots, Sprilur-ek eta Industrialdeak sozietateek gauzatzen dituzten proiektu, urbanizazio lan eta sustapenen eraikuntzan aplikagarri direnak. Aurten ingeniaritzako ikasleei jardunbide egokiak irakasteko hartu den adibidea Arteako Bildosola Industrialdea izan da, zeinetan hiru industria-eraikin berri egiteko proiektua eta lanak egin baitira Eraikuntza Jasangarriko Gidaliburuak aplikatuta. Proiektu hori exekuzio-fasean dago gaur egun.

 

Prestakuntza-saioan, Sprilur-eko Jasangarritasun arduradunak nabarmendu du BIM teknologia aplikatu dutela proiektuan eta orobat azpimarratu du beste hainbat neurri jasangarriren garrantzia, besteak beste, material jasangarri eta birziklagarriak erabiltzea, hainbat azterlan xehe egitea (geoteknia, hobekuntza energetikoko eta autokontsumo fotovoltaikoko ikerketak…), eta hondakinak balorizatzea, hondakin  gutxiago bota behar izateko. Ondorio bezala, esan du garrantzitsua dela “diseinuan eta eraikuntzan BIM teknologia inplementatzea, horrela eraginkorrago izateko eta erraz zuzendu daitezkeen datuak eskuratzeko, eta, bestetik, “beharrezkoa dela proiektuen jasangarritasun-maila hasieratik baloratzea, hasi diseinutik eta exekuzio, mantenimendu eta bizitzaren amaieraraino, etekina ateratzeko diru eta ingurumen aldetik”.

 

Operatiboki, gidaliburu hauek etengabe eguneratzen den onlineko plataforma ireki bat dira, non erakundeek eta enpresek hainbat parametro aurki ditzaketen (eraikuntzako elementuak, ekosistema-zerbitzuak, sarbidea eta mugikortasuna, ingurunearen integrazioa eta segurtasuna…), eta horiek baliatzen dituzte euren eraikina edo urbanizazioa pertsonalizatzeko eta, horrela, ingurumen arloko kalifikazioa lortzeko. Hala, plataformako erabiltzaileek DURBE bereizgarria eskura dezakete, hots, analisiaren bukaeran eta amaierako proiektuan lortutako anbientalizazio eta jasangarritasun gradua adierazten duen akreditazio ofiziala.

 

Sprilur-ek EHUrekin abiatua duen lankidetza-ekimen honen helburua da ezagutza eta esperientziak partekatzea enpresaren eta unibertsitatearen artean. Garapen jasangarriarekin hartua duen konpromisoari jarraiki, Sprilur Taldeak 2021-2024 urteetarako Plan Estrategikoan jasotako zortzi jarduera-ildoak txertatu eta lerrokatu ditu Garapen Jasangarriko Helburuekin (GHJ), Euskadi 2030 Agendan proposatutako helburuak lortzeko eta, era berean, giza garapeneko plan jasangarri bat ahalbidetzeko.

 

Albisteak 24 urtarrila, 2022 Azpiegiturak
BCSCk ekimena bat jarri du martxan sare sozialetan #Zibersegurolak izatera animatzeko
Irakurri gehiago
gorka urtaran viroria-gasteiz green youth challenge
Albisteak 24 urtarrila, 2022 Azpiegiturak
Begiratu: Green Deal Youth Challenge Vitoria-Gasteiz
Irakurri gehiago
Albisteak 20 urtarrila, 2022 Azpiegiturak
Eusko Jaurlaritzak 16 milioi inbertituko ditu Erisono handitzeko, Eibarren industria aurreratu berria bultzatzeko
Irakurri gehiago
Albisteak 11 urtarrila, 2022 Azpiegiturak
Ermuak biki digital bat txertatu die igogailu publikoei euren funtzionamendua hobetzeko
Irakurri gehiago
Albisteak 19 abendua, 2021 Azpiegiturak
Gasteizko Azucarera eraikineko atrioa eszenatokitzat erabili da kultur arloko bideoklip bat eta integrazio sozialeko kanpaina bat grabatzeko
Irakurri gehiago

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak