Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 10 otsaila, 2023 Azpiegiturak SPRILUR

Iberdrola eta SPRILURek birkarga elektrikoko bi puntu inauguratu dituzte Gasteizko Azucarera Eraikinean

Arabako Ali-Gobeo Industrialdeko birkarga-puntuak jartzea posible izan da Iberdrolak eta SPRILURek (SPRI Taldean integratua eta Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikia) sinatu duten akordioari esker
Energia %100ean berdea darabilen azpiegitura horretan posible da lau auto kargatzea batera

Arabako Ali-Gobeo industrialdean kokatutako enpresa guztiek aukera izango dute birkarga elektrikoko instalazio publiko hori erabiltzeko

 

Iberdrolak eta SPRILURek ibilgailu elektrikoentzako birkarga-puntu bi ipini dituzte Gasteizko Ali-Gobeo Industrialdeko La Azucarera Eraikinean, industrialde horretan kokatutako enpresa guztiek erabili dezaten.

Erakunde biek bat egin dute eraikin ezagun horren aparkalekuan bi kargagailu elektriko jartzeko (bakoitza 7,4 kW-koa), zeintzuetan posible izango den lau auto kargatzea batera.

Instalazio hauen erabiltzaileek aukera izango dute euren auto elektrikoen bateriak kargatzeko %100ean berdea den energiarekin, hau da, sorkuntza berriztagarrietako iturrietatik datorren eta jatorri-bermearen ziurtagiria (GdOs) duen energiarekin. Gainera, birkarga-puntuak ikusgai egongo dira Iberdrolaren Birkarga Publikoko aplikazioan.

Arabako Ali-Gobeo Industrialdeko birkarga-puntuak jartzea posible izan da Iberdrolak eta SPRILURek (SPRI Taldean integratua eta Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikia) sinatu duten akordioari esker, zeinaren bidez Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakunde horrek lurzorua laga baitu, eta konpainiak ekipoak jarri eta instalazioak muntatu.

horrelako lankidetza publiko-pribatuko ekimenak lagungarri dira interes orokorreko proiektuak garatzeko

Txaber Ourok, SPRILUReko zuzendari nagusiak, hauxe nabarmendu du: “horrelako lankidetza publiko-pribatuko ekimenak lagungarri dira interes orokorreko proiektuak garatzeko, eta zehazki akordio honek berretsi egiten du SPRILUR Taldearen lerrokatze estrategikoa Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH). Hala, Azucarera eraikineko espazio honek aukera emango die industrialdean kokatutako enpresei espazio “berde” batean birkargatzeko euren ibilgailuak lantokitik hurbil. Azucarera eraikinak azken urteotan ingurumenarekin lotutako neurri eta hobekuntza garrantzitsuak jarri ditu martxan, bai kanpoaldeko egituran, bai barneko azpiegituran, eta eurei esker lortu du bere kalifikazio altua eraikin jasangarri gisa”.

Bere aldetik, Iberdrolaren Euskadiko delegatu komertzial David Martínezek hauxe nabarmendu du: “Iberdrola inbertsio handia egiten ari da horrelako azpiegituretan, ibilgailu elektrikoen erabiltzaileei hiri arteko joan-etorrietarako estaldura emateko. Instalazio berritzaileak dira, egokiak edozein auto elektrikorentzat, eta aukera ematen dutenak bateriak oso azkar kargatzeko. Horri gehitzen badiogu konpainiak Espainia osoan daukan birkarga-sarea, argi ikusten da apustu irmoa egin dugula mugikortasuna deskarbonizatzeko”.

Euskadin Iberdrolak baditu sarbide publikoko 157tik gora plaza horrelako autoen erabiltzaileek euren bateriak birkarga ditzaten, eta erabilpen publikoko eta jabetza partekatuko beste 97 birkarga-puntu kudeatzen ditu.

 

Iberdrola: Mugikortasun elektrikoa eta susperraldi berdea

Iberdrolak mugikortasun jasangarriko plan bat dauka martxan, ibilgailu elektrikoentzako birkarga-puntu gehiago sortzeko datozen urteetan. Ekimen horrekin aurreikusten du datozen urteetan birkarga-puntuak jarriko direla etxeetan, enpresetan eta hiri-bideetan, hirietan nahiz autobide garrantzitsuenetan. Birkarga-estazio gehiago jartzeko apustu horren barruan, estazio ultra-azkarrak (350 kWtik gorakoak), super-azkarrak (100 kWtik gorakoak ) eta azkarrak (50 kWkoak) jarriko dira.

Iberdrolak argi dauka Espainian elektro-mugikortasuna bultzatu beharra dagoela, ekintzak modu eraginkorrean koordinatuz inplikatutako eragile nagusiekin. Zentzu horretan, konpainiak hirurogeitik gora akordio egin ditu administrazio, erakunde, enpresa, zerbitzu-estazio, kontzesionario eta ibilgailu elektrikoen fabrikatzaileekin azpiegiturak hedatzeko.

Bera izan da The Climate Group taldearen EV100 ekimena sinatu duen Espainiako lehen enpresa elektrikoa. Bere helburua da ibilgailu elektrikoetaranzko trantsizioa azkartzea,  konpromisoa hartuz 2030erako bere ibilgailu flota osoa elektrifikatzeko eta birkarga ahalbidetzeko Espainian nahiz Erresuma Batuan dituen negozioetako langileentzat.

 

SPRILURi buruz

SPRILURen helburua da kalitatezko industria-azpiegitura jasangarriak eskaintzea, eta helburu horri jarraiki, enpresei eskaintzen dizkie euren premietara egokitutako industria-lurzoru urbanizatua, eraikin industrialak eta baita ere bulegoak, gai izan daitezen euren jarduera ekonomikoak modu optimoan garatzeko. Era berean, partaide nagusia da 12 Industrialdeak sozietateetan, zeintzuek ehundik gora industrialde kudeatu baitituzte EAEn euren 40 urteko ibilbidean.

Jarduera-ziklo berri honetan, Euskadiko lurzoruaren kudeaketako sozietate publikoak aro berri bat hasi du, zeinetan lehentasuna eman baitio erabiltzen ez diren industrialdeen berraktibatze, berreskuratze eta leheneratzeari. Bere helburu nagusia da lurzoruaren artifizializazioa saihestea eta lurzoru berririk ez garatzea, eta baita ere kutsadura, narriadura edo erabilpen ezagatik aukeratzat har daitezkeen lurrak berreskuratu eta balioan jartzea. Lur horietako askok berehalako esku-hartzea behar izaten dute, eta ingurumen arloko neurri garrantzitsuak hartu behar izaten dira erabilera berreskuratu eta balioan jartzeko. Zentzu horretan, eta ekintzarako tresna diren heinean, SPRILURek erakunde arteko akordioak baliatzen ditu Foru Aldundiekin, Udalekin eta hurbileko agenteekin –Industrialdeak sozietateak-, enpresen sustapena bultzatzeko eta azpiegiturak nahiz enpresa-jarduerarako guneak sortzeko modu jasangarrian.

SPRILUR Taldea estrategikoki lerrokatuta dago GJHekin, horregatik akordio eta proiektuak bilatuko ditu enpresen garapena bultzatzen eta interes orokorreko ekimenak ahalbidetzen dituzten eragile publiko eta pribatuekin.

 

Lotutako albisteak

bluemaster 7 uztaila, 2024 Azpiegiturak
BLUEMASTER, ebaketa-erremintaren merkatuko liderra
Irakurri gehiago
WELD LAN Calderería 24 ekaina, 2024 Azpiegiturak
WELD LAN, Galdaragintzan adituak. Makineria industrialerako piezen fabrikazioa
Irakurri gehiago
5 ekaina, 2024 Azpiegiturak
Adimen Artifizialak zer nolako eragina du mugikortasunean?
Irakurri gehiago
5 ekaina, 2024 Azpiegiturak
Ipargamak fabrikatzaile europarrak kontrolatu eta ziurtatutako altzairua eskaintzen du
Irakurri gehiago
Puertas SECADES 30 maiatza, 2024 Azpiegiturak
Puertas Secades: “Bere bezeroen arreta pertsonalizatuan oinarritutako enpresa familiarra”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak