Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 30 Marzo, 2021 Zibersegurtasuna Basque Cybersecurity Center (BCSC)

SealPathek dokumentu korporatibo partekatuak babestu eta monitorizatzen ditu

Bizkaiko enpresak erakundeen ingurunetik atera behar diren dokumentuak eta artxiboak 'sekurizatzen' ditu, enpresatik kanpo dauden pertsonek kontsultatu ahal izateko
Luis Ángel del Valle, CEO de SealPath
Luis Ángel del Valle, SealPatheko CEOa.

International Data Corporation (IDC) erakundearen txosten baten arabera, Espainiako zibersegurtasunaren merkatuak 1.324 milioi euro mugituko ditu 2021ean, 2020an baino %8,1 gehiago. Bai enpresek bai administrazio publikoek segurtasun-soluzioak bultzatuko dituzte, zibererasoen kopurua eta konplexutasuna areagotzearen aurrean.

Industria-esparruko segurtasuna kritikoa da bai IT inguruneetan bai OTetan, baina ez da ahaztu behar, produkzio-prozesuetako arriskuez edo ekipo informatikoei egindako mehatxuez haratago, datuek, pertsonalak edo industria-diseinuari lotuak izan, arreta eta babes handiagoa behar dutela.

SealPath enpresa bilbotarrak 10 urte baino gehiago daramatza informazioaren segurtasunean zentratuta. Informazio hori, hainbat arrazoi direla medio, beste erabiltzaile batzuekin partekatu behar da, edo munduan zehar joan daiteke memorien edo gailu informatikoen barruan, lapurtzeko, plagiatzeko edo atzemateko arriskuarekin. Luis Ángel del Valle SealPatheko CEOak azaldu duenez, “edozein lekutan egon daitekeen informazioa babestean zentratzen gara. Informazioa dagoen lekura bidaiatzen duen informazioa babesteko soluzio bat da. Gure soluzioari esker, une bakoitzean informazioa nork eskuratzen duen edo norbait baimenik gabe sartzen saiatzen den ikus dezakegu”.

Enpresa batek bere langile edo bezero batzuekin nolabaiteko informazio garrantzitsua partekatzeko arrazoiak askotarikoak dira, eta, horregatik, soluzio berritzaileak behar dira, SealPath enpresak proposatzen duena bezalakoak. “Gure bezeroen erdiak industria-sektoretik datoz; automobilgintzatik, aeronautikatik, defentsatik, helikoptero-fabrikatzaileetatik, guda-orgetatik edo energia-sektoretik. Informazio baliotsua dute, datu tekniko edo finantzarioekin, eta beren ekipoetan deskargatzen dituzten pertsona batzuekin partekatzen dute. Informazio pribatura sarbidea dute motorren edo modeloen xehetasunekin, eta informazio hori kontrolpean eduki nahi dute. Gure konponbideari esker, norbaitek dokumentua ikus dezake, baina ezin du inprimatu, ezin du kopiarik egin edo ezin du dokumentu hori ordenagailutik atera. Informazioa beti dago babestuta bidalketan, gordeta eta erabilera momentuan. Dokumentu zifratu hori alda daiteke, eta horrekin egiten ari direnaren auditoria osoa dago: noiz ireki duzun, norbait baimenik gabe sartzen saiatu den, edo haiek babesgabe uzteko baimena duen norbait fitxategi pila bat babesgabe uzten ari den, datuen lapurretaren zantzu bat izan daitekeena”, gaineratu du.

Informazioaz hitz egiterakoan, SealPathek zehaztu du egituratu gabeko formatuko dokumentuak babestu daitezkeela, hala nola Office fitxategiak, PDFak, testu lauak, irudiak, audioak eta bideoak. SealPathen Security Sandbox izeneko CAD motako diseinu-fitxategietarako soluzio zehatz bat ere garatu dute, Autocad, Inventor, Catia, SolidWorks edo Siemens Solid Edge fitxategiak babesten dituena.

SealPatheko bezeroek babestu nahi dituzten dokumentu motei dagokienez, sektorearen arabera aldatu egiten dira, Bilboko enpresaren CEOak azpimarratu duenez: “Diseinuak, kontratuak… izan daitezke, sektorearen arabera. Industria jabetza intelektuala, prozesuei buruzko informazioa eta ‘know-how’ a babesten saiatzen da. Finantza-sektoreak erregulazioak, PCI araudia, kreditu-txartelak, ordainbideak… ditu ardatz bezala. Araututa dauden eta kontrolpean eduki behar diren datuak. Beste sektore batzuetan, hala nola osasunean edo administrazio publikoetan, garrantzitsuena datu pertsonalak babesteko arauak betetzea da”.

Hala eta guztiz ere, SealPathen soluzioek gainbegiratu egiten dute dokumentu jakin batekin zer gertatzen den bitartekoek gure erakundetik kanpo kontsultatzen dutenean. Barne-mailan, ‘Ransomware’ delakoaren moduko mehatxuen aurrean gure datuak babestean ere eragiten du konponbideak, konpainiaren sortzaileetako batek azaldu duenez: “Konpondu nahi ditugun arazoak joango den langile baten barne-mailako informazio-ihesa dira, baita, batzuetan, giza akatsak ere, adibidez, behar ez duzun norbaiti mezu elektroniko bat bidaltzen diozunean. Leuntzen ditugun beste arazo batzuk informazioaren kanpoko ihesekin lotutakoak dira. Adibidez, orain ‘ransomware’ -en erasoen pandemia dago. Horiek taldeen datuak zifratzen dizkizute eta erreskate ekonomikoa eskatzen dizute. Jendea gero eta kontzientziatuago dagoenez, ‘back ups’ -ak erabiltzen ditu informazioa berreskuratzeko eta erreskatea ordaindu beharrik ez izateko. Baina erasotzaileek orain joeraz aldatu dute: diru-kopuru bat eskatzen dizute zifratu dizuten informazioa deszifratzeagatik eta beste kopuru bat lapurtu dizkizuten datuak argitara ez ateratzeagatik. Enpresa batzuek diru asko ordaintzen dute beren datuak argitara ez ditzaten, badakitelako auzitan, lege-urratzeetan eta izen oneko kalteetan sartuko direla. Guk sareko arrakala batetik ere babesten dugu informazioa”.

SealPathek nazioarteko negozio bokazioa du. Bere Bilboko operazio-zentroarekin eta bulego komertzialekin, eta Madrilen, Portugalen, Arabiar Emirerri Batuetan eta Polonian duen presentziarekin, 25 herrialde baino gehiagotan lan egiten du zuzenean, eta fakturazioaren %40ak esportazioetan du oinarria. Etorkizuneko erronkak datuetan zentratutako segurtasunaren erreferentzia bihurtzea eta haren marka-irudia maila globalean indartzea dira.

Hurbiletik begiratuta, Bizkaiko enpresa Zibersegurtasuneko euskal ekosistemaren parte da, Zibersegurtasun Euskal Zentroa (BCSC) sortu zenetik bultzatua, eta Luis Ángel del Valle bera Cybasqueko kidea da, Euskadiko zibersegurtasun-industriak ordezkatzen dituen elkarteko kidea. Bere ustez, sektoreak Euskadin aurre egin behar dion erronketako bat arlo horretan trebatutako profesionalak prestatzea da: “Behar asko daude eta programazioarekin, ‘Hacking’ etikoarekin edo segurtasun-auditoretzekin lotutako profilak sustatzen saiatzen ari gara. Belaunaldi berriak motibatzen saiatu behar da, Stem ildoen alde egin dezaten, eta, zehazki, zibersegurtasunarekin zerikusia duen guztiaren alde”.

Lotutako albisteak

Iñaki Aldama, Bullhost 23 maiatza, 2024 Digitalizazioa
“Sarera konektatuta dagoen edozein aparatu sarrerako ate bat da eraso bat jasotzeko”
Irakurri gehiago
2 apirila, 2024 Ekintzailetza
Perseus: “Perseusen I+G+b da gure zerbitzuak hobetzeko erabiltzen dugun indarra”
Irakurri gehiago
30 Azaroa, 2023 Zibersegurtasuna
Euskodata: “Enpresak oraindik ez dira kontziente zibersegurtasunaren arloko arriskuez”
Irakurri gehiago
11 urria, 2023 Zibersegurtasuna
HSI: “Euskadiko enpresen erdia baino gehiago zibereraso baten biktima izan da”
Irakurri gehiago
19 iraila, 2023 Ekintzailetza
Osane Consulting: “Zibersegurtasunean inbertitzea da gure negozioaren biziraupenaren edo heriotzaren arteko aldea”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak