Euskal enpresaren blog-a Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa
Albisteak 8 uztaila, 2022 I+G

Tapiak Alemanian bisitatutako multinazionalek Euskadiren aldeko apustua berretsi dute

Ekosistema berritzailea eta gaitasun teknologiko industrialak nabarmenduz
    • Enpresa-misioan gainera digitalizazioan, hidrogenoan eta robotikan punta-puntako zentroak bisitatzeko aukera izan du euskal ordezkaritzak.
    • Tapia: “Euskadin oso adi egon beharko dugu Alemaniako ekonomiaren eta industria-jardueraren bilakaerarekin, horrek euskal ekonomian izango duen eragina saihestezina izango baita”.

    Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak amaitu du Alemanian astelehenetik ostiralera egin duen enpresa-misioa. Bertan, Euskadin ekoizpen-plantak dituzten multinazional nagusietako zuzendariekin bilerak egin ditu eta egoitza nagusiak bisitatu ditu. Zehazki, TRUMPF (Ditzingen), SIEMENS ENERGY eta BAYER (Berlin) taldeetako ordezkariekin biltzeko aukera izan du, baita GRUPO MERCEDES (Stuttgart) taldearen egoitza nagusian izandako topaketarekin ere, Iñigo Urkullu lehendakaria bertan zela.

    Bisitatutako multinazionalen ordezkari guztiek beren euskal partnerekin gaur egun dituzten enpresa-harremanei eusteko interesa adierazi dute, hau da, Trumpfek Arabako Lantekekin, Siemens Energyk Siemens Gamesarekin (Zamudion du egoitza Siemens Gamesak) eta Bayer enpresak Donostiako Viralgenekin. Mercedes Benz Taldeak ere Gasteizko ekoizpen lantegiaren aldeko apustua sendotu egin du

    Euskadin erreferentzia berezia duten sektoreetan aritzen diren lau enpresek (makina-erreminta, energia, automobilgintza eta biozientziak) berretsi egin dute beraz Euskadiren aldeko apustua, euskal ekosistema berritzailea eta gaitasun teknologiko eta industrialak nabarmenduz.

    Hidrogenoa, digitalizazioa eta robotika

     Sailburuak, Mikel Amundarain Industriako sailburuordearekin eta Ainhoa Ondarzabal SPRI Taldeko Basque Trade and Investment-eko kontseilari delegatuarekin batera, DLR Lampoldshausen Institutua – Espazio Propultsioko Institutua eta hidrogenoaren ekoizpenean ikerketa aurreratuko zentroa – ezagutzeko aukera izan du, baita FESTO enpresa ere, ia 100 urteko historia duen familia-enpresa independentea. FESTO automatizazio eta prestakuntza teknikoko tekniken mundu mailako fabrikatzaile liderra da, ekoizpen adimendunera bideratuta, adimen artifizialaren eta ikaskuntza automatikoaren aldeko apustuaren bidez. Festok Aplikazio Zentro bat du (Festo Experience Center) AICn, Boroan, eta euskal enpresa nabarmenekin lankidetza ildoak ditu.

    Misioa astelehenean hasi zen Munichen, Bavarian bizi den euskal talentuari buruzko jardunaldi batekin. Euskal ordezkaritzak Municheko Unibertsitate Teknikoa (TUM) bisitatu zuen, Kepa Iturralde donostiar eta doktorearen Eraikuntza eta Robotika Katedra (BR2) ezagutzeko.

    Talentua

     Ondoren, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek networking-topaketa batean parte hartu zuten Bavarian bizi diren hogeita hamar bat profesional euskaldunekin. Horien artean, Airbus, BMW, Maier, Orona, Fagor Ederlan, Arteche, Amazon eta Schaeffler enpresetako ingeniariak eta hezkuntza eta osasun sektoreetako profesionalak.

    Alemaniako testuinguru ekonomikoa eta Euskadirekin duen harremana

     Arantxa Tapia sailburuak egin duen bidaia Alemanian zalantza eta kezka handiko unean egokitu da; izan ere, aste honetan bertan, Alemaniako kantziler federala, Olaf Scholz, herrialdeari zuzendu zaio, datorren neguan Alemaniak izan ditzakeen energia-mugei aurre egiteko neurriak hartzeko beharraz ohartarazteko. Ukrainaren inbasioak, segurtasun energetikoak eta inflazioak ziurgabetasun kezkagarria sortu dute arduradun politiko eta enpresarialen artean.

    Alemania Europako ekonomiaren motore garrantzitsuenetakoa da, eta harreman komertzial handia du Euskadirekin; gainera, Eusko Jaurlaritzaren 2021-2024rako nazioartekotze-estrategiaren lehentasunezko herrialdeetako bat da. Horregatik, Tapia sailburuak adierazi du Euskadin oso adi egon beharko dugula alemaniako ekonomiaren eta industria-jardueraren bilakaerarekin, horrek euskal ekonomian izango duen eragina saihestezina izango delako.

    Ziurgabetasunez betetako nazioarteko testuinguruan bagaude ere, kontsultatutako Alemaniako enpresa handiek hazkunde-aurreikuspenei eusten diete eta Euskadiko ekoizpen-planten aldeko apustua egiten dute.

     TEKNIA euskal enpresak Stuttgarteko Forschner PTM GmbH alemaniarra erosi duela iragarri du

     Sailburuak gogorarazi du Euskadi-Alemania lankidetza norabide bikoitzeko harremanean oinarrituta dagoela. Gaur, Elorrion egoitza duen TEKNIA talde multinazionalak Stuttgartetik gertu dagoen Forschner PTM GmbH konpainia alemaniarra erosi duela iragarri du. 100 langile dituen enpresa da, eta Tekniak 22 ekoizpen-instalazio izango ditu mundu osoan. Egoitza Baden-Wutenbergen duen eta aurrerantzean Teknia Stuttgart izena izango duen enpresa gama altuko osagaietarako barra mekanizatzen espezializatuta dago, eta instalazio horrek garrantzi berezia izango du etorkizuneko ibilgailu autonomoetan.

     

Albisteak 28 iraila, 2022 I+G
RECREATE proiektuak konpositeen hondakinak berrerabiltzeko teknologia berritzaileak bultzatzen ditu
Irakurri gehiago
Albisteak 23 iraila, 2022 I+G
Ikerketa baten arabera, esnetarako behien metano-isuriak % 20 murriztu daitezke
Irakurri gehiago
Josu Aztiriaren argazkia Elkarrizketak 12 iraila, 2022 Berrikuntza
“Baldintza ezinhobeak ditugu industria adimendun potente bat izateko. Orain apustu estrategiko bat behar dugu eta azkar gainera”
Irakurri gehiago
Albisteak 8 iraila, 2022 I+G
H-Acero, hidrogenoa erabiliz sektore siderurgikoa deskarbonizatzeko proiektua
Irakurri gehiago
Albisteak 8 iraila, 2022 I+G
SPRIk eta EEEk Clean Energy Transition Partnership europar lankidetzaren aukerak aurkeztu dituzte
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak