Euskal enpresaren blog-a Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa
Albisteak 9 abendua, 2021 I+G Bio-osasuna

SPRI Taldeak Basque Health Clusterren Jose Miguel Azkoitia Saria jaso du, Euskadiko biozientzien sektorea sendotzeko egindako apustuagatik eta ekarpenagatik

Saria gaur arratsaldean eman dute Basque Health Cluster Egunaren barruan. Bertan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak eta Osasun sailburu Gotzone Sagarduik parte hartu dute.

 

Getxoko portuan lehenengo Basque Health Cluster Eguna egin da gaur arratsaldean, Euskadiko biozientziako eta osasuneko enpresen sektorearen eguna, eta klusterrak Jose Miguel Azkoitia saria eman dio SPRI Taldeari. Sariarekin aitortu nahi da “SPRIk eta bere arduradunek egindako ekarpena, zuzenean lagundu baitute Basque Biocluster eta Basque Health Cluster sortzen eta garatzen, bizitzaren zientzien alde eginez zientzia horiek euskal ekonomian zuten presentzia oraindik hutsala zenean; zuzenean lagundu baitute azaleratzen ari den sektore bat eta klusterra bera sendotzen”.

Jose Miguel Azkoitia saria lehendabiziko aldiz eman da gaur arratsaldean, Euskadin Bio-Osasunaren sektorea aktibatzeko ahalegin eta esfortzu gehien eskaini zuen eragileetako bat izan zena gogoan. Sariarekin, Klusterrak sektorea sustatzeko diharduten edo horren garapenean eragin positiboa izan duten pertsonak edo erakundeak nabarmendu nahi ditu.

Ildo horretan, gogoratu behar da Eusko Jaurlaritzak euskal ekonomiari bultzada irmoa ematearen alde egin zuela 2000. urtean, ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako sektore berrien aldeko apustu estrategikoa eginez. Hausnarketa horren emaitza gisa, 2002an Espainian biozientziak garatzeko berariaz diseinatutako lehen estrategia sortu zen: Biobasque 2010 Estrategia. Urte horretan bertan, 14 enpresak «Basque Biocluster» elkartea sortu zuten. 2017ko urtarrilean, Basque Biocluster Basque Health Cluster bihurtu zen, eta, une horretan, laguntza asistentziala, dispositibo medikoak eta osasun digitala klusterraren parte izatera sartu ziren. Saria Aitor Urzelai SPRI Taldeko zuzendari nagusiak jaso du.

Mikel Alvarez Basque Health Clusterreko presidenteak “5 urteko bidaia eta aurreko bide luzea” izeneko hitzaldian azpimarratu duenez, 2020an, pandemian zehar, “ekoizteko gaitasuna duen sektore biosanitario bat edukitzearen garrantzia azpimarratu zen. Krisi pandemikoak agerian utzi du bio-osasunaren sektorean inbertitu behar dela, funtsezko elementu gisa. Klusterrak premiazko erantzunak arintzeko informazioa, koordinazioa eta bitartekaritza emanez kudeatzen du krisia, enpresa eta erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan. Klusterra, bere hamargarren urteurrenean, Euskadiko bio-osasunaren ekosistema egituratzeko elementu gisa agertzen da, eta bazkide kopuruan hazten ari da”, esan du.

Alvarezek gaineratu duenez, “Euskadi Bio-Osasunaren ekosistemaren erreferentzia bihurtu nahi dugu: dinamikoa, eraginkorra eta jasangarria”Horretarako, apustu hauek egin ditu: Euskadin Bio-Osasuneko enpresen kopurua eta tamaina haztea; lanpostu kualifikatuak sortzea; erakundeak nazioartekotzea; lankidetza publiko-pribatua areagotzea; bikaintasuneko ikerketa biomedikoa ekoiztea, eta atzerriko inbertsioak erakartzea.

Horrez gain, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak, eta Osasun sailburu Gotzone Sagarduik, industriari eta osasunari buruzko elkarrizketa interesgarria izan dute. Karl Schmiederrek (CEO messagingLAB) “What’s Your Bio Strategy? Negozioa prestatzen bioteknologiaren hurrengo belaunaldiarentzat” izenburuarekin emandako ponentziaren ondoren, biologia sintetikoari buruzko solasaldi bat egon da, partaide hauekin: Karl Schmieder bera, Juanjo Rubio, Nafarroako Berrikuntza Sozialeko Unitateko zuzendaria, eta Julio Font, Basque Health Clusterreko lehendakariordea.

Lehendakariaren hitzak

Ekitaldia Iñigo Urkullu lehendakariak bertan zeudenei zuzendutako bideo batekin amaitu da, Basque Health Clusterrek azken bost urteotan egindako lana goraipatu, “Bioosasunaren sektorea erreferente bihurtzeko”. Lehen bost urte horien ondoren, esan duenez, “oso balorazio positiboa partekatzen dugu, Euskadin biozientzietan eta osasunean diharduten 150 enpresa biltzen dituen sektore batekin, horietatik %90 enpresa txiki eta ertainak izanik, 8.000 profesional baino gehiagori enplegua emanez, eta Euskadiko BPGaren %1,9 lortuz, 1.600 milioi baino gehiago fakturatuta”, gogorarazi du.

Hazkunde ibilbidea azpimarratzeaz gain, lehendakariak etorkizun oparoa iragarri du sektorearentzat, “pandemian zehar are gehiago egiaztatu baita sektore horren garrantzia. Une kritikoetan, zuen gaitasun zientifikoa, teknologikoa eta ekonomikoa eskaini diozue gizarteari dituen beharrei erantzuteko, eta horrek eragin zuzena du gizartearen osasunean”, esan du.

Amaitzeko, Urkulluk esan du ezinbestekoa dela bioosasunaren sektore propioa eta lehiakorra edukitzea, osasun sistema hobetzeko. “Horregatik guztiagatik, eskerrik asko, zorionak eta urte askotarako”, esan du.

Basque Health Cluster

Basque Health Cluster 2010eko urrian sortu zen (Basque Biocluster), tokiko ekintzaile talde batek osatua, indarrak batzeko asmoarekin. Hamar urte baino gehiagoren buruan, erreferentziazko elkartea da EAEn biozientzien eta osasunaren sektorean. Pertsonen osasuna eta bizitza hobetzeko produktuak eta zerbitzuak garatzen dituzten erakundeak elkartzen ditu. Bere helburu nagusia da elkartutako enpresen interes komunak koordinatu, ordezkatu, kudeatu, sustatu eta defendatzea.

Horretarako, bazkideen lehiakortasuna bultzatzeko, balioa emateko ekintzak eskaintzen dituzte, hala nola: prestakuntza espezializatua, jardunaldi teknologiko sektorialak, nazioarteko azoketara joatea, networking ekitaldiak, lankidetza bidezko proiektuen dinamizazioa eta inbertsio foroen antolaketa.

Albisteak 29 uztaila, 2022 I+G
EKIN, Zornotzako enpresa bat liderra dena automobilgintzaren eta turbinen sektorerako brotxen fabrikazioan
Irakurri gehiago
Albisteak 27 uztaila, 2022 I+G
CTECHnano: “Gure bezeroek beren materialaren portaera hobetu edo alda dezakete gure teknologiaren bitartez”
Irakurri gehiago
Albisteak 21 uztaila, 2022 I+G
Euskal enpresek 1,1 milioi euroko laguntzak izango dituzte teknologia digital eta jasangarriak aplikatzeko
Irakurri gehiago
Albisteak 21 uztaila, 2022 I+G
Dibal-ek dendetan erosketa-esperientzia aldatzea bilatzen du Foodys proiektuaren bidez
Irakurri gehiago
Albisteak 15 uztaila, 2022 I+G
Ostirala 22an amaitzen da Sarrallek arlo zientifiko eta teknologikoan gradu bikoitzeko ikasketak egiten dituzten emakumeei zuzenduta dituen beka programan partehartzeko epea
Irakurri gehiago

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak