Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 19 urtarrila, 2022 I+G Energia

Saitec Offshore Technologies, itsas energia eoliko flotatzaile berritzailea

SPRI Taldearen Hazitek programako laguntzak jaso dituen konpainia honek SATH teknologia probatuko du bi urtez Bizkaiko kostaldean
David Carrascosa, Saitec Offshore Technologies enpresako Operazio zuzendaria.

 

Saitec Offshore Technologies, Saitec euskal ingeniaritzaren filiala lanean ari da sare elektrikoari konektatuta egongo den Espainiako lehen plataforma eoliko flotatzailean, zeina Bizkaiko kostaldeko Armintzan instalatuko baita bi urtez proba fasean. Konpainiak SPRI Taldearen Hazitek programako laguntza bat jaso du proiektua garatzeko.

 

Hazitek programak euskal enpresen ikerketa industriala eta garapen esperimentala babesten ditu.

 

Saitec Offshore Technologies enpresa, 2016an sortua, Saitec ingeniaritzaren (diziplina anitzeko ingeniaritza bat hainbat arlo lantzen dituena: azpiegiturak eta telekomunikazioak, ingurumena, industria, energia, etab.) spin-off bat da. “Saitec beti egon da oso konprometituta I+G-rekin, eta konpromiso horretatik etorri da Saitec taldeko presidente Alberto Galdosek zuzentzen duen patentearen ernamuina”, azaldu du David Carrascosak, Saitec Offshore Technologies enpresako Operazio zuzendariak.

 

Aukera ikusi zuten konponbide teknologiko bat garatzeko itsas energia eolikoaren sektorerako, eta “2014an buru-belarri murgildu ginen proiektu horren garapen teknologikoan, Saitec taldeko I+G sailaren barruan. Hainbat urtetan eskalako entseguak, garapen numerikoak, ereduak, ikerketak eta lehen analisi ekonomikoak egin ondoren, 2016an abiarazi genuen Saitec Offshore Technologies negozio-unitatea”.

 

SATH (Swinging Around Twin Hull) izeneko patenteari esker –itsasoko haize-sorgailuentzako plataforma flotatzaile bat–, proiektu berritzaile bat garatu dute. Itsas energia eolikoaren sektorean bi teknologia multzo handi daude: lurrari ainguratuak eta flotatzaileak. Orain arte, garapen gehienak sakonera gutxiko tokietan egin dira, hots, 50 metrorainoko sakonerako lekuetan, “non bideragarria baita egitura finkoak instalatzea itsas zolan”. Saitec-en sistema flotatzailearekin posible da muga hori gainditzea, “egitura tinko mantentzen duen kate-sistema baten bidez”. Eredua oso aproposa da Espainiako kostalderako, “plataforma kontinental eskasa duenez berehala gainditzen baita 50 metroko sakonera”. Horregatik, itsas energia eolikoaren garapenak konponbide flotatzaileak behar ditu.

 

David Carrascosak dio Saitec-en teknologia disruptiboa dela, “sektorean inoiz ikusi gabeko geometria batean oinarritzen delako: altzairua barik hormigoia erabiltzen du eraikuntzarako material nagusi bezala. Horrek lehiakortasun handia ematen dio prezio aldetik (altzairuarekin alderatuta), eta gainera aukera ematen du tokiko enplegua sortzeko, inguruko enpresak inplikatzeko eta hornikuntza-kate osoa albait hurbilen izateko”.

 

Funtsean, eskuartean duten proiektuan (DemoSATH) “gehienez 25 km-ko erradioan dauden enpresei esleitu diegu eraikuntzako aurrekontuaren % 75”.

 

“Espainian sare elektrikoari konektatuta egongo den lehen plataforma eoliko flotatzailea izango da. Orain arte proiektu txikiak baino ez dira egin, eta ez dira egon sarera konektatuta”. Une honetan Bilboko Portuko dike batean eraikuntza fasean dagoen DemoSATH plataformaren funtsa izango da bi megawatioko potentzia duen haize-sorgailu bat ezartzea, 2.000 etxe inguruko kontsumoa asetzeko modukoa. Gero, plataforma hori Armintzako Bimep entsegu-eremuan instalatuko da. Azpiegitura hori Eusko Jaurlaritzak bultzatu zuen 2015ean, eta harrezkero, aukera ematen du itsaso zabalean entseguak egiteko, itsas energia atzemateko gailuen prototipoekin zein bestelako ekipamendu osagarriekin.

 

Plataforma flotatzaile honek (obretan dago Bilboko Portuan 2020ko azaroaz geroztik) 30 metroko erruna eta 64 metroko luzera du, eta urteko hirugarren hiruhilekoan instalatuko da Armintzan, kostaldetik bi milia ingurura.

 

“Proba pilotu bat izango da frogatzeko SATH teknologia bideragarria dela teknikoki. Etorkizunean parke komertzial handiagoetan parte hartu nahi dugu, eta Saitec dagoeneko lanean ari da horretarako”.

 

Kalitate eta kantitate

Carrascosak zehaztu du gaur egun dozena bat inguru itsas proiektu eoliko flotatzaile daudela munduan, eta defendatzen du energia eolikoa itsasora eraman behar dela, “batetik, baliabide eolikoaren kalitatea eta kantitatea handiagoak direlako, eta, bestetik, paisaian duen inpaktu bisuala txikiagoa delako. Lehorrean espazioa mugatuta dago. Itsasoan turbina handiagoak erabil daitezke, ez daudelako errepideetan garraioak dituen mugak. 15 megawatioko potentziak lortzen dira 100 metrotik gorako palekin, alegia, lehorreko energia eolikoa sortzen duten palak baino bi aldiz handiagoko piezak erabiliz”.

 

Estatuak ibilbide-orri berri bat onartu du berriki, “itsas energia eolikoa eta itsasoko energiak izenekoa, zeinak helburutzat baitu 2030erako instalatuta izatea itsas energia eolikoko 1-3 gigawatio arteko potentzia, eta hori onuragarria izan da energia mota honentzat, orain arte ez baitzegoen helburu itxirik. Dagoeneko bidea egiten ari dira legeriari eta itsasoko espazioaren antolamenduari dagokienez, itsas energia eolikoa sortzeko eremuak egon daitezen”.

 

Saitec Offshore Technologies enpresak 35 bat langile ditu gaur egun, eta “dagoeneko hasi gara jarduera komertziala eta berrikuntza eta garapen jarduera konbinatzen”. Hazitek laguntzaz gain, plataforma flotatzailearen proiektuak finantzaketa jaso du Saitec taldearen funts propioetatik, EEEk (Energiaren Euskal Erakundea) emandako dirulaguntzetatik eta Estatuko Berrikuntza Agentziatik (CDTI), eta inbertsio pribatua ere lortu du itsas energia eolikoaren sektorean lider den RWE enpresa alemanaren eskutik. ­­

 

Konpainiak etorkizunean daukan erronka nagusia da bere teknologia eskaintzea itsas parke eolikoen sustatzaile garrantzitsuenei, “SATH teknologia itsasoko parke handietan instalatu dadin”. Merkatuei dagokienez, “mundu osora iritsi nahi dugu, baina momentuz herrialde zehatz batzuei bota diegu begia: Frantzia, Erresuma Batua, AEBak, Japonia eta Korea, besteak beste”. Halaber, teknologia flotatzaile honi esker itsas energia eolikoaren merkatua “globalizatzea nahi genuke, nagusiki Europan eta Txinan zentratutako merkatua  izateari utzita”.

Lotutako albisteak

10 apirila, 2024 I+G
Errekak DUNE proiektu zientifikoan hasi du bere ibilbidea, torloju adimendunak garatzeko
Irakurri gehiago
9 apirila, 2024 I+G
CIC biomaGUNEk patentatutako teknologia batean oinarrituta antigorputzak azkar detektatzeko nanosentsoreak
Irakurri gehiago
26 Marzo, 2024 Berrikuntza
Sustatu berrikuntza-proiektuak zure enpresan Fast Track Innobideak ekimenarekin
Irakurri gehiago
20 Marzo, 2024 I+G
Masterly proiektu europarrak enpresen aurrerapen teknologikorako irisgarritasuna bultzatuko du
Irakurri gehiago
AGV Ingenersun 18 Marzo, 2024 I+G
Ingenersun-ek bost tona jasotzeko gai den AGV robot bat garatu du
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak