Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 15 ekaina, 2023 I+G Adimen artifizial aplikatua programa

Orai, urtebeteko bidea eginda, indartsu eta asmo handiz etorkizunerantz

Egindako apustua sendotu, eta adimen artifizial sortzaileko proiektuekin hazten jarraitzen du

Duela urtebete sortu zen Orai adimen artifizialeko langunea, industria eta enpresak lehiakorragoak izan daitezen laguntzeko. Lengoaia naturalaren prozesamenduko (NLP) goi-mailako ikerketan eta soluzio teknologiko adimendunetan espezializatutako langunea da Orai, eta goi-mailako ikerketa eta soluzio teknologiko adimendunak eskaintzen dizkie enpresa eta erakundeei. Adimen artifizialaren eremuan Elhuyar Fundazioak egindako apustu estrategikoa izan zen Orai, eta apustuaren sendotasuna agerian geratu da lehen urteko ibilbide oparo honetan.

Teknologiaren transferentzia areagotzen eta negozio-aukerak sortzen

Euskal Herriko ekosistema industrialarekin eta administrazio publikoekin eskuz esku lan egiten jarraitzen du Oraik. Hainbat alderdi aipatu ditu Oraiko koordinatzaile Josu Aztiriak: «Proiektu garrantzitsuak ditugu, eta gure teknologiarekin sortutako plataformak eta merkaturatze-bideak ere areagotu ditugu. Administrazio publikoan zenbait lizitazio irabazi ditugu bilatzaile aurreratuen eta QA edo galdera-erantzun bidezko sistema aurreratuen arloan». Fabrikazio industrialaren esparruari dagokionez, COGiLE proiektua amaitu berri dute: «NLP alorra gidatu dugu proiektuan; elkarrizketa-laguntzaileak, testu-meatzaritza eta hizketa-teknologiak jarri ditugu fabrikazio adimendunaren zerbitzura».

Orairen teknologiarekin sortutako Elia eta Aditu plataforma arrakastatsuez gain, ahots pertsonalizatuak sortu eta garatzeko zerbitzu-ildo berri bat ireki du Elhuyarrek, Orairen lankidetzarekin. Aztiriak azpimarratzen duenez, «puntako ikerketa egiten, industria-ekosistemara transferitzen eta, era berean, negozio-ildo berriak irekitzen laguntzen ari da Orai».

Lehen mailako agente teknologiko gisa urrats sendoak ematen

Ikerketa-proiektu estrategikoak gidatzen ari da Orai adimen artifizial sortzailean eta hizkuntza-eredu erraldoien ildoan, «konputazio eta datu-multzo txikiagoekin kalitate goreneko teknologiak sortzeko», azaldu du Oraiko koordinatzaileak. Izan ere, hizkuntza guztiek ez dituzte, adibidez, ingelesak dituen baliabide oparoak halako teknologiak sortzeko. «Eremu horretan, esaterako, bi artikulu zientifiko aurkeztuko ditugu aurki adimen artifizialaren eta NLPren arloan mundu mailan garrantzitsuena den ACL kongresuan».

Bestalde, «Creative Europe deialdiaren diru-hornidurari esker, bikoizketa automatikorako plataforma adimendun bat garatzen ari gara, MultilngTool, ikus-entzunezko edukiak automatikoki azpititulatu, itzuli eta bikoizteko gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, euskaraz, katalanez eta galegoz, ikasketa automatikoa eta ikasketa sakoneko azken estrategiak eta teknikak erabiliz», dio Aztiriak. Espainia osoan berrikuntza teknologikoen esparruan 2022an diru-laguntza lortu duen proiektu bakarra izan da.

Guztiontzako eta gizartearen onurarako teknologia ekoizten

Adimen artifizialaren aroan gertatu daitezkeen alborapenak zuzentzen saiatzen da Orai; «teknologia etikoak eta sozialki arduratsuak ekoizten ditugu, guztiontzako adimen artifiziala sortzeko, inor baztertuko ez duena eta gizarte inklusiboagoa egiten lagunduko duena». Horren adibide gisa aipatu ditu, batetik, genero-alborapena saihesteko Oraiko ikertzaileek itzulpen automatikoan egindako ekarpen zientifiko-teknologiko berriak; bestetik, «Euskal Herriko hezkuntza-erakunde nagusiekin lankidetzan, desgaitasuna duten haurrei laguntzeko sortzen ari garen hizketa-ezagutzailea, eta, azkenik, baliabide urriko hizkuntzak teknologikoki garatzeko Linguatec europar proiektua berritzeko ematen ari garen urratsak».

Konfiantzako aliatu teknologikoa

Hizkuntza-eredu neuronal erraldoiek eta adimen artifizial sortzaileak jokalekua aldatu dute azken hilabeteetan, «baina Oraik indartsu eta asmo handiz heldu dio olatu berri horri», dio Aztiriak. NLP alorrean espezializatuta egoteak, urte askotako eskarmentua izateak eta aldaketa teknologikoei adi egoteak «aukera ematen digu ikerketa-ildo berriak sortu eta soluzio teknologikoak berritzeko. Inpaktu ekonomiko eta disrupzio handiko garaiak espero dira; baina, era berean, aukera handiak irekitzen dira, eta enpresa eta erakundeei jauzi horretan laguntzeko konfiantzako aliatu teknologiko bilakatu da Orai. Aukeren analisi errealistetan, bideragarritasun ekonomiko eta teknikoen zorroztasunean, garapen- eta inplementazio-faseetako eraginkortasunean, eta konfiantzan eta gertutasunean oinarritutako harremanak dira gure ardatza». Bide horretan, NLP teknologiak eta AA sortzaileko proiektuak inplementatzeko aholkularitza teknologikoa eskaintzen hasiko da Orai.

Lotutako albisteak

23 otsaila, 2024 Ekintzailetza
Eusko Jaurlaritzak 11 proiektu teknologiko babestu ditu Basque Tek Venture programaren lehen edizioan; proiektu guztiak dira fakturazio- eta enplegu-sortzaile handiak
Irakurri gehiago
23 otsaila, 2024 I+G
BRTAko teknologia-zentroek gama altuko mikroskopia elektronikoaren industriako aplikazioa indartu dute
Irakurri gehiago
22 otsaila, 2024 I+G
Liof Pharmak medikamentu esterilak fabrikatzen dizkie hirugarrenei fokua nazioartean jarriz
Irakurri gehiago
26 urtarrila, 2024 I+G
92,5M € Euskadiko enpresentzat industria-ikerketarako laguntzetan
Irakurri gehiago
25 urtarrila, 2024 BDIH
European Digital Innovation Hubsen bigarren bilera nazionala egin da Bilbon
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak