Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 9 Azaroa, 2020 I+G

Leartiker animalia-jatorriko elikagaien nutrizio-kalitatea hobetzeko proiektu baten buru da

NUTFOOD animalien elikaduran hazi oleaginosoak sartzea ikertzen ari da, horietatik eratorritako produktuen kontsumoak pertsonen nutrizio-hobekuntzan nola eragiten duen aztertzeko
Leartiker

Leartiker zentro teknologikoak hobetutako nutrizio-kalitatea duten haragi- eta esneki-elikagaien kontsumoak pertsonen osasunean izan dezakeen eragina ikertzen du proiektu berri batean. NUTFOODek animalien elikaduran tokiko ekoizpeneko hazi oleaginosoen olioak eta opilak gehitzea proposatzen du. Horiek, “azken produktuaren nutrizio-kalitatea hobetuko dute, kontsumitzaileen osasunean onurak eraginez”, azaldu du zentro teknologikoak.

“Gaur egun, kontsumitzaileek gero eta elikagai osasungarriagoak eta naturalagoak eskatzen dituzte. Horregatik, elikagaien industrian, normalean, osasunerako onuragarriagoak diren elikagaiak birformulatzen lan egiten da, hain onuragarriak ez diren osagaiak murriztuz”, adierazi du Mondragon Korporazioaren Bizkaiko kooperatibak. Proiektu honetan, ordea, animalien elikadura da kontuan hartzen den esparru garrantzitsuena, horiek jaten dituzten lehengaien nutrizio-hobekuntzatik abiatuta, elikagai “osasungarriagoak” lortzeko.

Proiektua hiru ekintza-ildotan oinarritzen da: lehena, animalien elikaduraren azterketa, elikaduraren kalitatea optimizatzea helburu duena, produktu egoki eta osasungarri bat lortzeko; bigarrena, haragi- eta esneki-produktuen garapena; bertan, landutako elikagai “prototipoetan” (esnekiak eta haragiak) nutrizio- eta zentzumen-kalitatea mantentzen den aztertzen da; eta, hirugarrena, saiakuntza klinikoa, produktu prototipo horiek giza osasunean izan ditzaketen ondorio onuragarriak ikertzen dituena.

Horretarako, kooperatiba teknologikoan hazi oleaginosoen olioak eta opilak (hotzean prentsatua) lortzeko teknologiak dituzte, bai eta elikagaien prototipoak garatzeko instalazio pilotu bat ere. Aldi berean, lehengai guztien eta proiektuan zehar lortutako elikagaien nutrizio-profila “oso sakon” aztertzeko aukera ematen duten teknikak dituzte.

Nutfood abian jarrita, “hobekuntzak ematen dizkiogu nekazaritza-sektoreari, tokian ekoitzitako lehengai alternatiboak erabiliz, 2030erako Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategiaren ildoari jarraituz. Gainera, abeltzaintzan ingurumen-inpaktua murrizten laguntzen da, lehengai horien garraio-beharrak eta ardien metano-isurketa propioak murrizten baitira. Elikagaien industriak elikagai osasungarriagoak izatea ere ahalbidetzen da, haien osasunagatik gero eta kezkatuago dauden kontsumitzaileen egungo eskariari erantzuteko “, azaldu du Leartikerrek.

Berrikuntzaren aldeko apustu horrek interesa piztu du dagoeneko; izan ere, zentro teknologikotik diotenez, elikadura-kateko zenbait enpresak proiektuaren emaitzetan interesa dute, hala nola, lehen sektoreko hainbat eragilek, esnekiak eta haragiak eraldatzen dituzten enpresek, banaketa-enpresek eta Euskadiko Elikaduraren Clusterrak. “Nutfooden egingo diren esnekiek eta haragi-produktuek aukera ematen dute kalitate bereiziko produktuak balioesten dituzten merkatu berriak irekitzeko. Hori etiketa bereiziekin gauzatu liteke, kontsumitzailearentzat osasungarriak diren PUFA [gantz-azido poliinsaturatuak] eta antioxidatzaileak dituzten produktu-mota horietarako kalitate-marka edo label espezifiko bat sortuz “, hausnartu dute teknologia-zentrotik.

Leartikerrez gain, SPRI Taldearen ELKARTEK 2020 Programak babestutako proiektu honetan parte hartzen dute Neiker (BRTA euskal aliantzako kidea), EHU/UPV Metabolomips eta Tecnalia k, guztiak ere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak. Ikerketak 2020ko uda hasieran hasi ziren, eta 2021 amaieran bukatzea aurreikusita dago.

SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Hori dena Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako programen bidez lortzen da, eta horien informazioa hemen dago eskuragarri. 

Lotutako albisteak

23 apirila, 2024 Ekintzailetza
Emen4sport, kirol-arrakazta edonoren eskura I+G+b baten bidez
Irakurri gehiago
10 apirila, 2024 I+G
Errekak DUNE proiektu zientifikoan hasi du bere ibilbidea, torloju adimendunak garatzeko
Irakurri gehiago
9 apirila, 2024 I+G
CIC biomaGUNEk patentatutako teknologia batean oinarrituta antigorputzak azkar detektatzeko nanosentsoreak
Irakurri gehiago
26 Marzo, 2024 Berrikuntza
Sustatu berrikuntza-proiektuak zure enpresan Fast Track Innobideak ekimenarekin
Irakurri gehiago
20 Marzo, 2024 I+G
Masterly proiektu europarrak enpresen aurrerapen teknologikorako irisgarritasuna bultzatuko du
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak