Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 30 iraila, 2021 I+G Industria adimenduna

Unceta Taldea, 150 urte industria hornitzen

Bere bosgarren belaunaldiaren zuzendaritzapean dagoen UNCETA enpresa gipuzkoarra erreferente bezala errotu da sektorean, berrikuntzari, jarrerari eta konstantziari esker
Borja Garate, fundatzailearen ondorengoa eta  Sariki-ko (taldeko filial bat) kudeatzailea.

 

Euskadin gutxi dira ia 150 urteko ibilbide profesionala duten enpresak. Gipuzkoako Unceta Taldea da horietako bat, hiru ekitaldi baino ez baitzaizkio geratzen urtemuga horretara iristeko. Une hori iristen denean, familiaren bosgarren belaunaldiak enpresa honen arrakasta ospatuko du. Familia-enpresa hau Eibarren jaio zen burdindegi bezala, gero Elgoibarrera aldatu zen, eta harrezkero gelditu gabe aritu da lanean eta lana sortzen Euskadin, Galizian, Madrilen eta Bartzelonan dituen egoitzetan, baina baita ere Kuba, Mexiko edo Estatu Batuetan; halaxe diosku Borja Garatek, fundatzailearen ondorengoak eta  Sariki-ko (taldeko filial bat) kudeatzaileak. Gaur egun enpresak 180 pertsona ditu plantillan, eta iaz 33 milioi euro fakturatu zituen. Konpainiaren jarduera industriako hornikuntzan garatu izan da beti, eta erreferente bilakatu da automozio, aeronautika eta makina-erreminta sektoreetako enpresa garrantzitsuentzako zehaztasun handiko makinen diseinu eta fabrikazioan.

 

Juan Pedro Uncetabarrenechearekin hasi zen dena 1874. urtearen inguruan…

Hori da. Juan Pedro Uncetabarrenechea eta Cendoya –gero abizena laburtu zuen Unceta bakarrik uzteko- gure arbasoak bizartegi bat ireki zuen Eibarren XIX. mendearen amaieran, aprobetxatuz ohitua zegoela baserrian ardiei ilea mozten…  Huraxe izan zen lehenengo Unceta burdindegiaren aurrekaria.

 

Nola gertatu zen hori?

Bizartegia irekitzeko erabakia hartu eta gutxira ohartu zen aizto asko beharko zituela, eta askotan joan behar izaten zuen Bilbora aiztoak erostera. Eta zer gertatu zen? Enpresariek erremintak behar zituztela une hartako arma-industria indartsuaren parean jartzeko, eta asko bizartegiko bezero zirenez, berari egiten ziotela enkargua erreminta horiek Bilbotik ekar zitzan. Horrela hasi zen guztia.

 

Nola iristen da enpresa bat tamaina horretako ibilbidea egitera, batez ere famili enpresa izanda?

Niretzat ezinezkoa da galdera horri erantzutea, ezin dizut esan nola iritsi garen honaino, baina gogoan daukat aitak (Ricardo Garate) erakutsi zidana: izan genezala jarrera, konstantzia eta anbizioa, eta zaindu genitzala gutarrak, batez ere garai zailetan. “Langileak dira enpresa bateko elementu garrantzitsuena” esaten zigun.

 

Zein industria-eremu hartzen ditu gaur egun Unceta Taldeak?

Hiru erakundek osatzen dute gure taldea: Ferretería Unceta (burdindegia), Metrología Sariki eta Sarikal Calibración. Lehenengoa hornitzaile industriala da eta hainbat produkturen 60.000tik gora erreferentzia saldu zituen iaz. Metrología Sariki 1985ean sortu zen, eta metrologia dimentsionalerako ekipo-ondasunak eskaintzen ditu; Sarikal Calibración-ek, bestalde, kalibrazio zerbitzuak eskaintzen dizkio industriari, bai bere laborategi zentralean eta baita ere bezeroaren etxean.

 

Konpainiaren historian inflexio-punturik egon bazen, 1965ean gertatu zen…

Akordio bat lotu genuen zehaztasunezko neurketan mundu mailako liderra den Mitutoyo enpresa japoniarrarekin. Akordio gogoangarria izan zen, eta bi alderdiek oso gogoan daukagu oraindik ere. Zergatik? Elkarri eskua emanda itxi genuelako tratua, idatzizko kontratu baten beharrik gabe. Aliantza hark ospea eman zigun orduan, eta oraindik ere ematen digu. Gainera, lehiakortasuna hobetzen lagundu die enpresei. Mundu osoan duten bezero zaharrena gara.

 

Zein da berrikuntzaren eginkizuna zuen taldean?

Esan genezake funtsezkoa dela. Adibidez, Unceta burdindegian berrikuntza per se ezin beharrezkoagoa da prozesuan, bereziki zentratzen garelarik optimizazioan, eraginkortasunean eta lehiakortasunean. Metrología Sariki enpresaren kasuan, eta besteak beste Eusko Jaurlaritzak eta SPRI Taldeak eman dizkiguten ekarpen eta laguntzei esker, I+G are garrantzitsuagoa da,  hainbat urteren ostean goitik behera aldatu baitugu negozio-eredua. Eta azkenik, Sariki-n alde batera utzi dugu produktuen salerosketa hutsa; orain, geuk diseinatu eta eraikitzen dugu produktua, eta geure markarekin saltzen dugu. Hortaz, esan liteke berrikuntza funtsezkoa dela gure taldearentzat, eta gero eta garrantzi handiagoa duela.

 

Zuena bezalako talde batek funts edo programa publikoak erabiltzen ditu eraginkortasuna, lehiakortasuna edo berrikuntza hobetzeko?

 Bai, Unceta taldea osatzen duten hiru enpresek erabili dituzte helburu horiek lortzera bideratutako programak. Beharbada Metrología Sariki izango da aktiboena, bokazio berritzaile handia duelako, baina, egia esan, gustuko dugu proiektuak onartzea merkatu-nitxo argi bat ikusten dugunean edo, nola ez, bezeroarengandik hurbil daudenean. I+G-ri erreparatuz, esango nuke TRLS altuak ditugula (6-7) eta, egiari zor, Hazitek bezalako programek hobetu egin gaituztela enpresa bezala.  Sekulako luxua da lurraldeko konpainien lehiakortasuna ekintzekin sustatzen duen administrazio bat izatea.

 

Azkenaldian milioi bat eurotik gorako inbertsioak egin dituzue Elgoibarren dituzuen instalazioak handitu eta hobetzeko. Baduzue beste proiekturik aurreikusita epe laburrean?

Proiektu asko daude, eta gogo handia ere bai, baina ezin dugu ahaztu une zailak bizi ditugula eta Espainiako industria ez dagoela ondo. Momentuz, eutsi egin behar diogu eta merkatua indartzen denean, urrats sendoak ematen hasiko gara berriro.

 

Lotutako albisteak

Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
30 Azaroa, 2023 I+G
Armando Astarloa (UPV/EHU): “Talentua eta prestakuntza funtsezkoak dira erdieroaleen sektorean”
Irakurri gehiago
21 Azaroa, 2023 I+G
Rooster Capitalek I+Gak enpresak balizko inbertitzaileekin elkartzeko duen gaitasuna aztertzen du
Irakurri gehiago
6 Azaroa, 2023 I+G
Semantic Systems: “PILAR proiektuaren bidez, industria adimenduna lagundu nahi dugu konektibitate eta zerbitzu soluzio osoa garatuz”
Irakurri gehiago
26 iraila, 2023 I+G
Eva Arrilucea: “Ezin dugu teknologia- edo ekonomia-subiranotasunik izan industria subiranotasunik ez izanez gero”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak