Euskadik bere mikroelektronikako bide orria definitu du, gaitasunak, erronkak eta aukerak identifikatzen dituen azterlan batekin, Europan bere posizionamendua bultzatzeko
- Asmoa da azterlanak mikroelektronika Euskadiko sektore estrategiko gisa garatzeko bide orria definitzen laguntzea, Kontuan hartuta arlo horrek burujabetza industrialerako eta teknologikorako duen funtsezko rola.
- Jardunaldiak euskal ekosistemako eta administrazio publikoetako ordezkariak bildu ditu, eta, besteak beste, AA txertatua edo sentsorika kuantikoa bezalako ildo estrategikoetan jarri du arreta.
Gaur goizean “Mikroelektronikaren sektorea Euskadin” azterlana aurkeztu da Bilbon, euskal ekosistemaren erradiografia zehatza, Basque Microelectronics Hubek (BMH) sustatuta, GAIA Klusterrarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta SPRIrekin lankidetzan. Aurkezpen jardunaldian enpresa eragileak, zentro teknologikoak, unibertsitateak, lanbide heziketako zentroak eta erakundeetako arduradunak elkartu dira, Europako subiranotasun teknologikorako funtsezkoa den esparru horren inguruan emaitzak partekatzeko, estrategiak lerrokatzeko eta lankidetza publiko-pribatuak aktibatzeko.
Ikerlana IKEI eta Octantis aholkularitzek egin dute, eta mikroelektronikaren euskal ekosistemaren lehen karakterizazio sakona da. Helburua izan da inplikatutako eragileak identifikatzea, dauden gaitasunak mapatzea, Euskadi erdieroaleen Europako balio kateetan nola sartzen den aztertzea, eta etorkizuneko ikuspegia duten jarduera ildo estrategikoak proposatzea. “Erabaki publiko eta pribatuak hartzeko tresna estrategiko gisa balio nahi du, mikroelektronikaren balio katea indartzeko, inbertsioa sustatzeko eta erakartzeko, eta talentuaren formazioa bideratzeko, ekosistema kohesionatuagoa eta lehiakorragoa sustatuz”, azpimarratu du Tomas Iriondo GAIA Klusterreko zuzendari nagusiak aurkezpenean.
Bere hitzaldian, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko zuzendariak, Elixabete García Caballerok adierazi duenez, “diagnostiko hau Eusko Jaurlaritzaren Industria Planak funtsezko sektoreak indartzeko, balio-kateak osatzeko eta industria-eredu iraunkorra eraikitzeko zehaztutako ahalegin estrategikoan txertatzen da”.
Analisiak egiaztatzen du, Euskadiko mikroelektronikaren sektorea oraindik hazten ari bada ere, gaitasun teknologiko garrantzitsuak daudela, eta oinarri industrial sendoa, balio handiko nitxo jakin batzuetan ekosistema lehiakor bat eraikitzea ahalbidetzen dutenak.
Gaur egun, elektronikaren arloak –modu partzialean, mikroelektronika biltzen du– 141 enpresa eta 3.733 enplegu ditu Euskadin, enpresa bakoitzak 26,5 langileko tamaina izanik batez beste. Dimentsio hori, EAEko industria osoari dagokionez, txikia bada ere, bere inpaktua esanguratsua da, izaera transbertsala duelako: “mikroelektronika funtsezko teknologia da automobilgintza, industria aurreratu, osasun, energia, telekomunikazio eta antzeko sektoreetarako, eta beharrezkoa da gainerako teknologia erraztaileekin (AA, ziber, kuantikoa) integratzea eta eboluzionatzea”, gogorarazi du Iriondok.
Jarduera ildoei dagokienez, identifikatutako enpresa gehienen arloak dira sistemen integrazioa, software txertatua edo osagai elektronikoekin produktuen garapena, eta oso gutxi dira txipen diseinuan edo erdieroaleen fabrikazio fase aurreratuetan zuzenean lan egiten dutenak –txostenak islatzen duenez–.
Ildo horretan, txostenak hainbat erronka estruktural identifikatzen ditu, “mikroelektronikaren ekosistema sendo bat bultzatzeko, elkarrekin eta heldutasun eta autonomia maila handiagoarekin landu beharrekoak”, aurkezpenean azpimarratu denez. Hauek dira:
- Nortasun sektorialaren falta: Mikroelektronikak ez du ikusgarritasun instituzional propiorik I+G edo industria politiken barruan, eta horrek sektore estrategiko gisa duen posizionamendua mugatzen du.
- Talentu kualifikatuaren gabezia: Mikroelektronikako formazioan eskaintza espezifiko eskasa dago, eta Euskadin profil tekniko aurreratuak erakartzeko eta atxikitzeko zailtasuna gero eta handiagoa da.
- Kanpoko mendekotasun teknologikoa: Euskal enpresak txipen eta osagaien inportazioaren mende daude neurri handi batean, eta horrek zaurgarri egiten ditu hornidura kate globalaren disrupzioen aurrean.
- Ekosistema zatikatua: Enpresa, unibertsitate eta zentro teknologikoen arteko lankidetza mugatua da oraindik, eta horrek sinergiak sortzea, ezagutza partekatzea eta inpaktu proiektuak abiatzea zailtzen du.
- Azpiegitura berezirik eza: Euskadin ez dago arlo horretan erreferentziazkoak diren instalazio zientifiko-teknologiko espezifikorik, hala nola clean roomak edo fabrikazio nodoak, eta horrek zaildu egiten du diseinu eta ekoizpen fase aurreratuagoetarako jauzia ematea.
Espezializazio aukerak
Erronka horiei dagokienez, txostenak nitxo teknologiko eta estrategiko batzuk identifikatzen ditu, non Euskadi bereizi, balioa sortu eta Europa mailan posizionatu daitekeen:
- AA txertatua eta txip espezializatuak: Euskadik hardware optimizatuaren diseinua landu dezake adimen artifizialeko lanetarako, ingurune industrialei, makineria adimendunari edo mugikortasun aurreratuari begira, elektronika industrialean eta software txertatuan duen ezagutza aprobetxatuz.
- Sentsore aurreratuak eta teknologia kuantikoak: Doitasun handiko sentsorika, sentsorika kuantikoa barne, aukera bat da osasuna, energia, defentsa edo espazio bezalako sektoreetan bereizteko.
- Fotonika integratua eta komunikazio optikoak: Esparru emergente bat, komunikazio, detekzio edo LIDAR aplikazioetarako osagai fotonikoak txipetan integratzeko aukera ematen duena, material aurreratuen eta telekomunikazioen arloan bertan dauden gaitasunekin lerrokatua.
- Advanced packaging: Txipen muntaketa eta kapsulatze aurreratua (chipletak, 3D packaging, etab.) erdieroaleen balio kateko etapa kritikoa da, eta Euskadiko fabrikazio aurreratuko eta makina-erremintako indarguneekin lotzen da.
- Defentsarako eta espaziorako aplikazio estrategikoak: Sektore horietan burujabetza teknologikoaren beharrak aukerak zabaltzen ditu osagai mikroelektroniko erresistente eta seguruak garatzeko, euskal ehun aeroespazialarekin, defentsakoarekin eta zibersegurtasunarekin lankidetzan.
Diagnostiko horrekin eta administrazioen, enpresa sarearen eta sistema zientifiko-teknologikoen arteko bultzada partekatuarekin, “Euskadik pauso erabakigarria eman du espezifikotasun eta espezializazio handiko ekosistema sendo bat eraikitzeko, Europako mikroelektronikaren barruan balio erantsi handiko nitxoetara bideratua”, GAIAko zuzendari nagusiak azpimarratu duenez.
Azterlanaren aurkezpen egunean enpresetako, zentro teknologikoetako, unibertsitateetako, kluster sektorialetako, lanbide heziketako zentroetako eta administrazioetako ordezkariak bildu dira, eta foroan emaitzen azalpena eta networking finantzaketari buruzko informazio saioak uztartu dira, ekosistemako eragileei zuzenduta. Txostenaren emaitzak aurkezteaz gain, jardunaldian informazio saio bat ere sartu da, mikroelektronikako I+G+B proiektuak garatzeko laguntza esparru nagusiei buruzkoa, Europa mailan (JU txipak), estatu mailan (PERTE Chip) eta erkidego mailan (Eusko Jaurlaritzaren ildoak). Basque Microelectronics Huben ekintza plana ere aurkeztu da, eragileei laguntzeko, lankidetza proiektuak dinamizatzeko eta ekosistemaren jarraipena egiteko zerbitzuak jasotzen dituena.
Ildo horretan, Spriko Eraldaketa Digitaleko teknikari Asier Horasek nabarmendu zuenez, “Euskadin erdieroaleen sektorea bultzatu ahal izateko une historiko baten aurrean gaude, eskuragarri dauden finantzaketa lerro anitzen eta Europako Batzordearen apustu irmoaren bidez, sektorea transbertsala eta estrategikoa baita”.