Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 12 otsaila, 2021 I+G

“Ekozubia izan da gure aurtengo disrupzio handiena”

Viuda de Sainz enpresako I+G saileko buru José Manuel Baraibarren arabera, azpiegitura modular eta berrerabilgarri honen fabrikazioa eraikuntza-enpresak ekonomia zirkularraren alde egin duen apustuaren barruan kokatzen da

 

Euskadik berriki jakinarazi du bultzada bat eman nahi diola Ekonomia Zirkularrari, eta horri esker asmoa dela CO2 isurketak % 26 murriztea eta 3.000 enplegu berri sortzea. Erronka izugarria da, bat datorrena Ekonomia Zirkularreko Estrategiarekin, zeinak eragin handia izango baitu Euskadiko enpresetan, kalkulatzen baita datorren hamarkadan 10.000 milioi euro fakturatu daitezkeela produktu zirkularretan. Testuinguru horretan kokatzen da Viuda de Sainz eraikuntza-enpresa historikoa, zeinak zubi jasangarri eta berrerabilgarri bat patentatu baitu, Supersur saihesbidearen zabalkunde-lanetan erabiltzen ari dena. Behin eraikuntza-lanak bukatutakoan, beste tokiren batera eramango dute han erabili ahal izateko.  Euskal enpresa hau 1984an sortu zen Arraiz mendiaren magalean, gaur egun 230 pertsona enplegatzen ditu Abanto-Zierbenan duen egoitzan, eta José Manuel Baraibar da konpainiako I+G saileko burua.

 

Produktuaren berezitasunagatik, lehen galdera da zer den Ekozubi bat.

Denok dakigu zer den zubi bat eta zertarako balio duen, baina kasu honetan “eko” aurrizkiak sortzen du zalantza. Gurea zubi berezi bat da, ekodiseinu parametroak jarraituz diseinatu dena eta gainerakoengandik bereizten duten hainbat ezaugarri dituena, besteak beste, modularra, instalatzeko erraza eta berrerabilgarria izatea.

 

Ze tamaina dauka?

Zubi modular honek 34 metroko argia (bi euskarrien arteko distantzia) eta bederatzi metroko zabalera dauka, eta 95 tona pisatzen du. Zubiaren diseinua, zeina patentatua baitago, oso berritzailea da. Egitura mistoa du, eraikuntzan gehien erabiltzen diren bi materialez -altzairuz eta hormigoiz- egina, baina berezia da material horiek erabiltzeko moduagatik.

 

Diozuenez, zubiak 1.300 CO2 tona murrizten du obra baten ingurumen-inpaktua (kasu honetan Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbideko Peñascal-Bolintxu zatiko lanena)…

Aurrezki hori obra zehatz honetan lortu dugu, baina beti kontuan hartu behar da non dagoen kokatuta zubia, izan ere, kasu honetan kamioiek joan-etorri asko egiten dituzte Arnotegi tunelean induskatzen ari diren materiala lekuz aldatzeko. Ekozubiari esker, askoz azkarrago iristen dira material hori botatzen dugun gunera, eta horrela lortzen da kamioi-flotak kilometro gutxiago egitea eta erregaia aurreztea, 1.300 CO2 tona gutxiago isurtzeraino. IHOBErekin aritu gara lanean, horrelako zubi batek ingurumenari dakarkion abantaila kuantifikatu nahi genuelako, eta hauxe ondorioztatu dugu: ekozubiaren eraikuntza-prozesuan zubi tradizional bat eraikitzean baino berotegi efektuko % 77 gas gutxiago isurtzen da.

 

Horrelako azpiegitura bat obra zehatz baterako diseinatzen da, baina zer gertatzen da obra bukatzen denean?

Hain zuzen horixe da gure zubiaren abantaila. Zubi asko ia iraunkor izateko diseinatzen eta exekutatzen dira. Baina gure zubia obrek dirauten bitartean bakarrik egongo da bizirik, eta diseinatzaileoi oso mingarria egiten zitzaigun hormigoizko zubi bat eraikitzea gero eraisteko. Ez zeukan zentzurik, beraz, konponbide bat bilatzen hasi ginen, eta LEGO estiloko ideia bat garatu genuen, hau da, mekano bat bezala modularra izango zen egitura bat, desmuntatu eta biltegi batean gorde zitekeena, aurrerago beste toki batean operazio bera egin ahal izateko.

 

Zein testuingurutan sortu zen zubiaren diseinua?

Supersur saihesbidearen obrako benetako premia batetik sortu zen. Garraiorako zubi bat behar zen, baina ezaugarri oso bereziak izango zituena, hiru urtez bakarrik erabiliko zelako. Aldi-baterako zubi bat zen, zeinaren helburua baitzen A8 errepideko erabiltzaileei enbarazurik ez egitea eta errepidea ez moztea. Hala, enpresako I+G taldeak zubi modular, desmuntagarri, garraiaerraz eta berrerabilgarri baten ideia eta diseinua garatu zituen.

 

Momentuz zubi bat diseinatu eta fabrikatu duzue…  Nolako espektatibak dituzue aurten?

Proiektuaren diseinuarekin batera merkatuko azterketa bat egin  genuen ikusteko nola eraman genezakeen gure produktua merkatura, eta helburutzat hartu dugu urtean unitate bat fabrikatu eta merkaturatzea.

 

Diozuenez jasangarria da, baina segurua ere bada? Jasan ditzake hainbeste kamioiren joan-etorriak egunero halako tamaina duen obra batean?

Ingurumen alderdiaz gain, segurtasuna izan zen egiaztatu genuen lehen aldagaia. Zubi hau indarrean dauden araudi guztiekin (hala Espainiakoak nola Europakoak) proiektatu eta frogatu dugu, hots, euro-kode estruktural guztiekin. Zentzu horretan, zubiak betetzen ditu araudietan eskatzen diren muturreko muga-egoera eta segurtasun baldintza guztiak, baina, gainera, probak egin ditugu eredu matematiko oso aurreratuak erabiliz, eta horri esker segurtasun baldintza oso fidagarriak dituen eredu bat diseinatu ahal izan dugu.

 

Eta korronte zirkularrean murgilduta zaudetenez, zer etorriko da hemendik aurrera? Zer darabilzue buruan zuk zuzentzen duzun I+G+B sailean?

Gauza bat argi dago: gure sektorean ez da erraza berritzea. Artisauak gara eta obrak egokitu egin behar ditugu toki eta bezero bakoitzaren arabera. Horregatik, ekozubia izan da aurtengo disrupzio handiena. 2021ari dagokionez, Iceberg proiektuan murgilduta gaude. 40 enpresaz osatutako Europako partzuergo bat da, eta bost euskal enpresa gaude talde horretan. Europak (H2020 programa) finantzatutako proiektu bat da eta ekonomia zirkularraren testuinguruan kokatzen da. Helburua da Europa osoan dauden hondakin korronte desberdinak aztertzea eta eskura dauzkagun teknologiak aprobetxatzea hondakin horiek berriz sar daitezen produkzio-katean material erabilgarri bezala.

Lotutako albisteak

Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
30 Azaroa, 2023 I+G
Armando Astarloa (UPV/EHU): “Talentua eta prestakuntza funtsezkoak dira erdieroaleen sektorean”
Irakurri gehiago
21 Azaroa, 2023 I+G
Rooster Capitalek I+Gak enpresak balizko inbertitzaileekin elkartzeko duen gaitasuna aztertzen du
Irakurri gehiago
6 Azaroa, 2023 I+G
Semantic Systems: “PILAR proiektuaren bidez, industria adimenduna lagundu nahi dugu konektibitate eta zerbitzu soluzio osoa garatuz”
Irakurri gehiago
26 iraila, 2023 I+G
Eva Arrilucea: “Ezin dugu teknologia- edo ekonomia-subiranotasunik izan industria subiranotasunik ez izanez gero”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak