Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 17 urtarrila, 2020 I+G

Aernnova-k Concorde-ren “oinordeko” den hegazkin supersonikoaren fuselajea diseinatu du

LAerion enpresak Aernova aukeratu du -egoitza Arabako Teknologi Parkean duen enpresa aeronautikoa- erreaktorearen zati kritiko hau garatzeko, zeinak gai izan behar duen 1.700 km/h abiaduran hegan egiteko

Aerion enpresak Aernova aukeratu du -egoitza Arabako Teknologi Parkean duen enpresa aeronautikoa- erreaktorearen zati kritiko hau garatzeko, zeinak gai izan behar duen 1.700 km/h abiaduran hegan egiteko

Hona hemen proiektu supersoniko baten historia. Negozio-hegazkin bat da, Concorde mitikoaren oinordekoa, eta aeronautikako Aernnova enpresa arabarrak diseinatuko du negozioetarako jet ikusgarri honen fuselaje zentrala. Aerion Supersonic konpainia iparramerikarrak bultzatu du proiektua eta, aurreikuspenen arabera, 2024an hasiko da hegaldi-programa.

 

AS2 erreaktoreak -horixe da bere izen komertziala- hamabi bidaiarirentzako lekua du eta Mach 1.4 abiaduran egin dezake hegan, hau da, orduko 1.700 km baino gehiago. Aernnova enpresako Harreman Instituzionaletako zuzendari Javier Fernández de Retanak adierazi duenez, muga horiek gainditu ahal izateko, funtsezkoak izango dira konpainia arabarraren talentua eta gaitasuna. Aernnova liderra da aireko egituren diseinu eta fabrikazioan, 4.700dik gora langile ditu eta lanean ari da Espainian, Mexikon eta Brasilen.

 

Elite ekonomiko eta enpresarialentzako proiektu esklusibo bat al da hau?

Proiektuaren helburuetako bat da hain garesti ez izatea. Egia da business jet bat dela, eta tarifak hegaldi arruntenak baino garestiagoak izango direla, baina ez dira izango garai batean Concorde hegazkinak jartzen zituenen parekoak. Zentzu horretan, hegazkin hau askoz merkeago izatea nahi dugu.

  

Zergatik uste duzu zuen esku utzi duela AerionSupersonic enpresak fuselaje zentrala bezalako zati garrantzitsu bat?

Jakinarazpen batean adierazi zutenez, gure ibilbidea izan zen gu aukeratzeko arrazoietako bat. Kaudimen handiko enpresa gara gure sektorean, ingeniaritza eta kalitate arloetan ezarri ditugun estandarrei esker; espezialistak gara gauza zailak egiten, eta oso onak gara, orobat, material konposatuen garapenean. Uste dut arrazoi horiek guztiek eragina izan dutela gu erreferentetzat hartzeko.

 

Zein fasetan dago zuen parte-hartzea?

Dagoeneko lanean ari gara, hogei bat laguneko lantaldearekin Zamudioko Teknologi Parkean, eta beste senior talde batekin Miñaoko bulegoan (Arabako Teknologi Parkean). Oso talentu ona da eta bertakoa gainera, hau da, gure inguruko ingeniaritzetan bildutakoa (Bilbo, Gasteiz…).

 

Esan liteke AS2 dela Concorde ikonikoaren oinordekoa? Proiektu hark ez zuen esperotako arrakastarik izan hainbat arrazoigatik, zergatik uste duzu lortuko duela honek?

Proiektu hau ere hegazkin supersoniko bat izango da, baina kontzeptua desberdina da Concorde izan zenarekin alderatuta; hegazkin hura duela ia 50 urte diseinatu zen eta edukiera handiagoa zuen, 50 bidaiarirainokoa. Esan beharrik ez dago teknologiak izugarri aurreratu duela harrezkero, AS2 modeloan ikusten den moduan. Material desberdinak izango ditu eta, esan bezala, modu oso desberdinean eraikiko da: oso gutxi kontsumituko du, txikiagoa izango da (12-14 bidaiari) eta, batik bat, askoz  zarata gutxiago egingo du. Hori oso garrantzitsua da abiazio supersonikoaren arloan, eta arazo handi bat izan zen Concorde modeloarentzat. Zentzu horretan, AS2 modeloa bereziki eraikita dago soinua arazo bat izan ez dadin.

 

Horrelako jet batek zenbat denbora beharko luke Foronda-New York arteko bidaia egiteko?

Atlantikoa gurutzatzeko zazpi bat ordu behar badira batez beste, AS2 modeloak lau orduan egingo luke ibilbidea, Forondako pistatik bertatik aireratuta.

 

Zuen arabera, 2019a urte ona izan zen Aernnova enpresarentzat, hainbat erosketa egin dituzuelarik Txina, Ingalaterra eta Estatu Batuetan. Egon behar duzuen tokian al zaudete?

Saiatzen gara behinik behin, eta nik baietz esango nuke, une honetan egon behar dugun tokian gaudela. Badaukagu ibilbide-orri bat, Boeing nahiz Airbus enpresen proiektu berrietan parte hartzen jarraitu nahi dugu eta, batez ere, apustu sendoa egin nahi dugu nazioartekotzeko. Zentzu horretan, joan den urrian egin genuen gure azken erosketa. General Electric Aviation aireko egituren negozio unitatea erosi genuen Hamble hirian (Erresuma Batua) eta, horri esker, Erresuma Batuan dugun fakturazioa handitu ahal izango dugu 200 milioi eurora iritsi arte.

 

Txinako aeronautika zergatik ez da hasi zuzenean sektorean lehiatzen Boeing eta Airbus bezalako enpresen ondoan?

Momentuz gure bezeroei laguntzeko bakarrik gaude Txinan. Airbus eta Boeing enpresek eskaera-zorro oso garrantzitsua dute herrialde hartan, eta eurek eskatzen digute laguntzeko. Hegazkinen fabrikazioko merkatuak bere ibilbidea egingo du Txinan, ez dago zalantzarik, baina ez da izango prozesu azkarra. Denbora beharko da horretarako, baina iritsiko da, uste baino lehenago gainera. Horregatik, prest egon behar dugu.

 

Epe laburrean ikusiko al dugu hegazkin elektrikorik?

Badaude helburu hori lortu nahi duten hainbat programa, besteak beste, Europar Batasunak bultzatutako Clean sky (zeru garbia ingelesez) aeronautika sektoreko I+G-rekin lotutako programa garrantzitsuena. Bere esparru ugarietako batean parte hartzen ari gara, hegazkin elektrikoena delarik horietako bat. Kasu honetan, lau motorreko hegazkin arrunt baten prototipoa garatu nahi da; motorretako bat elektrikoa izango da eta asmoa da ikerketak aurrera egin dezala, ikusteko nola lan egiten duen prototipo horrek. Baina ezin dut ziurtatu uste baino lehen hegazkin elektrikoak ikusiko ditugunik zeruan. Uste dut lehenago iritsiko direla modelo hibridoak, apustu hori ez baita izango auto elektrikoarena bezain azkarra.

Lotutako albisteak

Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
30 Azaroa, 2023 I+G
Armando Astarloa (UPV/EHU): “Talentua eta prestakuntza funtsezkoak dira erdieroaleen sektorean”
Irakurri gehiago
21 Azaroa, 2023 I+G
Rooster Capitalek I+Gak enpresak balizko inbertitzaileekin elkartzeko duen gaitasuna aztertzen du
Irakurri gehiago
6 Azaroa, 2023 I+G
Semantic Systems: “PILAR proiektuaren bidez, industria adimenduna lagundu nahi dugu konektibitate eta zerbitzu soluzio osoa garatuz”
Irakurri gehiago
26 iraila, 2023 I+G
Eva Arrilucea: “Ezin dugu teknologia- edo ekonomia-subiranotasunik izan industria subiranotasunik ez izanez gero”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak