Euskadik eta Txinako Jinan hiriak automobilgintza, manufaktura aurreratua eta energia berrien arloetako lankidetza sendotu dute
Eusko Jaurlaritzak eta Jinan Txinako hiriak lankidetza-akordioa sinatu dute Jinan – Shandong eta Euskadiren artean aldebiko harremanak sendotu eta areagotzeko gai hauekin lotuta: automobilgintza, manufaktura aurreratua, energia berriak eta energia berrietarako ekipamenduen fabrikazioa.
Memorandum of Understanding (EUM) hitzarmena Industriako sailburuorde Andoitz Kortak eta Jinan hiriko Udal Herri Gobernuko alkateordeak, Xie Kun jaunak, sinatu dute Euskadiko Teknologia Parkearen Gipuzkoako campusean, Miramonen.
Sinatze-ekitaldian izan dira honako hauek ere: Li Guanghui, Jinan hiriko Laiwu barrutiko Herri Gobernuko alkatea; Geng Runian, Jinan hiriko Industria eta Informazioaren Teknologikoen Sailaren zuzendariordea; Lyu Jialiang, Jinan hiriko Zientzia eta Teknologia Sailaren zuzendariorde eta itzultzailea; Li Qi, Jinan hiriko Zhangqiu barrutiko Herri Gobernuko alkateordea; eta Di Jianli, Jinan hiriko Ikerkuntzaren Sustapen Saileko dibisio mailako talde zuzendarikoak, Txinaren aldetik, eta Yuete Ye, Eusko Jaurlaritzako Shanghaiko (Txina) Basque Trade & Investment bulego komertzialeko zuzendaria.
Euskadiren eta Jinanen arteko harremana 2018an sortu zen Txinako agintariek Euskadiko erakunde eta enpresetara egindako bisitarekin. Ondoren, SPRIko arduradunak Txinako hiri hartara bidaiatu zuten eta, iaz, Jinaneko ordezkaritza batek Euskadi bisitatu eta Basque Trade & Investmentekin bildu zen Elkar Ulertzeko Memorandum hau negoziatzeko.
Elkarlaneko esparruak
Akordio horri esker, honako gai hauei buruzko ezagutzak, esperientziak, datuak, ekimen politikoak eta I+G arloa partekatu ahal izango dituzte automobilgintzarekin eta manufaktura aurreratuarekin lotuta: energia berriko ibilgailuak, gidatze autonomoa eta ibilgailu adimendun konektatuak, osagaiak eta talentuaren garapena.
Jinan ibilgailu komertzialen eta astunen produkzioan funtsezko zentroa da eta bertan dago Sinotruk enpresa, adibidez. Gainera, azpiegituretako eta berrikuntza teknologikoko inbertitzaile handiekin ibilgailuen elektrifikazioaren aldeko apustua egiten ari da. Era berean, Jinanek manufaktura sektore sendoa du eta azken urteotan % 30eko gorakada izan du komunikazioko eta elektronikako ekipamenduen eta eraikuntzarako eta prozesu metalurgikoetarako makina astunen fabrikazioan oinarrituta.
Era berean, ekipamenduen fabrikazioarekin, energia-azpiegituraren instalazioarekin eta mantentze-lanekin, sare elektriko adimendunarekin, energiaren biltegiratzearekin eta energia berriko ibilgailu elektrikoekin, manufakturakoekin, lotutako ezagutzak partekatuko dira, baliabide ekonomikoak eta legegintza arlokoak barne.
Ildo horretan, Jinan bere energia-azpiegiturak hobetzen ari da, sare adimendunak erabiliz bere industrien energia-eraginkortasunaren alde egiten baitu, bai eta energia berriztagarrietako proiektuetan ere, bereziki eguzki-energia berriztagarriekin eta eskala eoliko txikikoekin lotuta. Gainera, inbertsio handiak egin ditu energia eta bateriak biltegiratzeko, eta hidrogeno berdean egindako inbertsioa bikoiztu du, hala nola State Power Investment Corporation buru duena, mundu mailako hidrogeno-ekosistema industriala sortzea helburu duena.
Jinani buruko datu batzuk
Jinan Shandong probintziako hiriburua da (Txina) eta 9 milioi biztanle inguru ditu. Gainera, bertako biztanleria gero eta handiagoa da industrializazioari eta urbanizazioari esker.
Ekonomikoki, Jinan Txinako gune industrial eta komertzial garrantzitsua da; haren BPGa 167.501 milioi eurokoa da (Euskadikoa baino 1,8 aldiz handiagoa) eta 10.244 km2-ko azalera du (Euskadikoa baino 1,4 aldiz handiagoa). Jinaneko funtsezko sektoreak dira automobilgintza, informazioaren teknologiak, manufaktura aurreratua, energia berriak, industria farmazeutikoa eta material aurreratuak.
Hirian, garapen ekonomikoko hainbat eremu nagusi daude; Jinaneko Goi Teknologiako Eremua eta Jinaneko Garapen Ekonomikoko Eremua dira horietako bi (Estatuko zein nazioarteko inbertsioak erakartzen dituzte). Gainera, Jinan ezaguna da bertako industria automotriza dela eta, eta enpresa handiak daude bertan: China National Heavy Duty Truck Group (SINOTRUK), esate baterako.
Lotutako albisteak

Euskadik osasun arloko berrikuntzan duen posizioa indartu du Alemaniako MedtecSUMMIT 2025 delakoan
Basque Trade & Investmenten ordezkaritza batek Basque Health Clusterraren ordezkariekin batera parte hartu zuen ekitaldian, Bavariako erakunde estrategikoekiko harremanak estutzeko eta lankidetzarako arloak jorratzeko, medikuntza arloko gailuei aplikatutako adimen artifiziala eta osasun digitala kasu

Euskal sektore aeroespazialak loturak estutu ditu Estatu Batuetako industriarekin
Euskadiko enpresa eta zentro teknologikoen ordezkaritza batek Estatu Batuak bisitatu ditu sektorearen egungo egoera ezagutu eta herrialdeko eragile estrategikoekin harreman berriak finkatzeko

Euskadik nazioarteko estrategia indartu du Bruselan
Basque Trade & Investmenten ordezkaritza batek Belgikako hiribururako misioa egin du aste honetan, Europar Batasuneko politiken, finantzaketa-mekanismoen eta hainbat sektoretako negozio-aukeren ezagutzan sakontzeko

Imanol Pradales: “Bizi dugun une historikoan, munduak eskaintzen dizkigun aukera guztiak aprobetxatzen jarraitzeko erabakia eta anbizioa dugu, baita Estatu Batuetan ere”
Sektore aeroespazialeko hainbat euskal enpresatako ordezkariekin eta Basque Trade & Investment (BT&I) Agentziaren ordezkari batzuekin elkartu da Imanol Pradales Lehendakaria, Washingtonen

Euskadik Brasilgo itsas-sektore eolikoko erakunde nagusiak hartu ditu hango merkatuaren garapena bultzatzeko misioan
Flanders Investment & Trade eta Euskadiko Energia Klusterraren lankidetzaz antolatutakoa