Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 29 maiatza, 2020 Invest in Basque Country Invest in Basque Country

Elkarrizketa Mariano Arconadari, Gasteizko Michelin lantegiko zuzendariari

Automozioaren sektorea txakalaldi betean dagoen honetan, Arabako lantegiko (taldeak Europan daukan garrantzitsuena) arduradun nagusiak batasuna, gogoeta estrategikoa eta zentzua eskatzen ditu euskal industriaren lehiakortasuna hobetzeko

Automozioaren sektorea txakalaldi betean dagoen honetan, Arabako lantegiko (taldeak Europan daukan garrantzitsuena) arduradun nagusiak batasuna, gogoeta estrategikoa eta zentzua eskatzen ditu euskal industriaren lehiakortasuna hobetzeko

 

Mariano Arconadak urtebete darama Michelin enpresak Gasteizen duen lantegiaren zuzendaritzan. Talde frantsesak Europan duen lantegi garrantzitsuena da: ia 3.500 langile ditu, zazpi futbol zelaiko azalera, eta auto, meatzaritzako ibilgailu eta obra publikoetarako gurpiletan espezializatutako ekoizpena. Pneumatiko bikainak, 1966ko urtarrilaren 5az geroztik sektoreko eraikitzaile garrantzitsuenak hornitzen dituztenak, gero kontinente guztietara esportatzeko. Bide, Ubide eta Portuetako ingeniari honek elkarrizketa bat eskaini dio SPRI Taldearen Enpresa Buletinari, non hizpide hartu baititu lantegiaren egungo egoera (une honetan bere bigarren ABEEan murgilduta dago) eta, batez ere, denon arteko elkarlanaren premia handia, euskal industriaren lehiakortasuna hobetzeko.

 

Nissan enpresak konfirmatu du Katalunian duen lantegia itxiko duela. Nola eragingo dizue horrek?

 

Albiste txarra da, zalantzarik gabe. Kolpe gogorra da Espainiako edozein zonaldetako ehun industriala galtzea, batik bat, enplegu zuzenentzat eta zeharkakoentzat. Gure kasuan, ez ditugu pneumatikoak zuzenean fabrikatzen Nissan-en lantegirako eta, beraz, neurriak ez digu eragingo, baina hori pentsatzeak egoeraren ikuspegi oso pobrea emango liguke, izan ere, produkzio hori talde japoniarraren beste lantegi batzuetara joango den arren, azkenean buelta etorriko zaigu guri ere.  Beraz, oso albiste txarra da. Uste dut horrek erakutsiko digula sektorean inplikatuta gauden eragile guztioi -hasi gobernutik eta sindikatuetatik eta zuzendaritza-kargu eta langileetaraino- zer egin behar dugun gure lantegien lehiakortasuna goi-mailan mantentzeko. Argi dago lehiakortasunik gabe ez dagoela etorkizunik.

 

Automozioaren sektoreak kolpe gogorra jaso du (Euskadin 60 auto baino ez ziren saldu apirilean), zure ustez nolakoa izango da txakalaldia gainditzeko trantsizioa?

 

Gasteizen zorteko gaude, jarduera bat baino gehiago dauzkagulako gure lantegian, eta iraun dezala zorte horrek! Pneumatikoak fabrikatzen ditugu autoetarako, obra zibilerako eta ingeniaritzarako, eta gure produkzioaren % 80tik gora esportatzen dugu. Bi baldintza horiei esker, ez gaude produktu mota baten edo gune geografiko zehatz baten menpe. Halere, une honetan kontsumoa eta merkatua txakalaldi betean daude. Hona hemen datu batzuk: aurtengo apirilean iazkoan baino % 30 pneumatiko gutxiago fabrikatu ditugu autoen atalean, eta eskerrak Hyundai-k Korean duen lantegi baterako eskaera iritsi zitzaigula. Hasieratik ahalegindu ginen eredu izaten geldialdian, baina orain eredu eta konponbidearen parte ere izan nahi dugu martxan-jartze prozesuan.

 

Nolakoa izan da maiatzeko eszenatokia?

Autoentzako pneumatikoen jarduerari dagokionez, % 40an gaude. Argi dago kopuru horiek ez direla igoko, autorik saltzen ez bada, eta jendea errepidean mugitzen eta ohiko bizimodua berreskuratzen hasten ez bada. Nork egiten digu tira? Auto fabrikatzaileek, kontsumoak, salmentak, bidaiarien garraioak… Obra publikorako pneumatikoei dagokienez, esan behar da estuki lotuta daudela inbertsio-aldiekin; beraz, kasu honetan ere, patroi bera dugu: inbertsiorik ez badago, zaila da eskaera izatea… Eta, azkenik, obra zibilerako pneumatikoak ditugu, Ipar eta Hego Amerikako aire libreko meatzeetan erabiltzen diren gurpil handiak, eta zorionez, merkatu horrek arrakastatsua izaten jarraitzen du. Esan liteke iazko maila berean jarraitzen dugula… Beraz, balantze globalari erreparatuz gero, Gasteizko lantegia bere ohiko ekoizpenaren % 40an dago, eta gainera, bizi dugun ziurgabetasun honen erdian. Nork iragarriko du zer gertatuko den hemendik aurrera? Nor ausartuko da halakorik egitera? Zeintzuk dira elementu garrantzitsuenak? Zuhurtasun handiz jarraitu behar dugu aurrera, eta jakina, funtsezkoa izango da datozen hilabeteetako bilakaera.

 

Bizi dugun ezohiko egoera honen ondorioz bi ABEE negoziatu behar izan dituzue, azkena datorren irailaren 15era bitartekoa. Espero baino oposizio handiagoa sumatu duzue ordezkari sindikalen artean?

Ezinbesteko arrazoiengatik egin genuen lehen ABEE-a lehengaiekin -batik bat, Italiako gune kaltetuenetatik zetozenekin- arazoak izaten hasi ginenean, eta orain irailaren 15era arteko bigarren espediente baten erdian gaude; antolakuntza eta produkzio arloko neurri bat da, helburutzat duena bizirautea, enplegua mantentzea, suspertzeko prozesuan kolaboratzea eta denbora irabaztea. Horixe baita garrantzitsuena momentu honetan: denbora irabaztea. Argi dago ABEE bat ez dela nahikoa, baina agente sindikalek izan duten portaeraz galdetzen badidazu, esango dizut sindikatu gehienek elkarrizketarako gogoa erakutsi dutela, ulertzen dute testuingurua eta parte aktibo izan nahi dute. Zeren konponbidea denon esku baitago, hasi Gobernutik eta bere maila guztietatik eta enpresari, langile, gizarte eta sindikatuetara. Horregatik, pozik nago alderdien arteko elkarrizketa ondo doalako eta konponbideak aurkitu ditugulako helburu bera lortzeko: etorkizuna eta enplegua mantentzea.

 

Lana zailtzen dute langileek lantegian erabili behar dituzten norbere babeserako ekipoek (NBE) eta bete behar dituzten segurtasun protokoloek?

 

Ez. Ezarri dugun protokoloa denok bermatu duguna da, eta itxialdiaren hasieran prebentzioko delegatuekin eta gure teknikariekin abiarazitako lan baten emaitza. Hainbat neurri ezarri ditugu, pentsaraz diezaguketenak oztopatu egiten dutela langileen jarduera… Baina egiari zor, ez dut uste produkzioa murriztuko denik segurtasun protokoloak betetzeagatik. Zenbat eta lehenago onartu hori gure egungo modus operandiaren parte dela, hobe denontzat.

 

Egin dizkiezue testak langileei?

 

Ez. Michelin-en indarrean dauzkagun protokoloen artean hainbat neurri dauzkagu ezarrita: langile batek sintomaren bat badu, bere medikuarengana edo enpresako medikuarengana joan behar du, eta jarraibideak emango zaizkio Osalan-ek agindutakoaren arabera, tratamendua jaso dezan.  Aitortu behar dut Michelin taldeak pentsatu duela langileei testak egitea, baina kontua da azken asteetan eztabaida handia sortu dela testen eta haien emaitzen inguruan, askotan zalantzan jartzeko modukoak baitira. Eta nahiago izan dugu lan hori osasun erakunde eskudunari uztea, errespetu osoa merezi baitigu.

 

Azken egunotan sarri entzuten ari gara posible izan litekeela lan-erreforma indargabetzea, zer iruditzen zaizu?

Nadia Calviño gobernuko hirugarren presidenteordeak berak esan du proiektu hori zentzugabea dela eta kaltegarria gainera. Ildo beretik, CEOE patronalak adierazi zuen harri eta zur gelditu zela lan-erreforma indargabetzeko proiektuarekin eta Calviñok berriz esan zuen ezin dela aukera hori planteatu gure historiako atzeraldi handienean murgilduta gaudenean. Horregatik, apaltasun osoz diotsut guztiz ados nagoela iritzi horiekin eta kontu hau astakeria bat dela esan duten pertsona guztiekin. Ez dugu ahaztu behar gure enpresetan aplikatzen ari garen ABEEen eredua lan-erreforma horretan oinarritzen dela, eta horixe dela suspertze-fase honetan enpresa gehienei bizirauteko aukera eman dien eredua.

 

ABEErik gabe, amildegian behera joango ginateke?

 

Bat-bateko heriotza, dudarik gabe. ABEErik gabe, aurre egin beharko genioke hasieran imajinatu genuena baino suspertze-prozesu askoz konplexuago bati.  Ikusi besterik ez dago irizpideak etengabe ari direla aldatzen, eta Espainiako Bankuaren, Europako Banku Zentralaren, NDFren edo nazioarteko agentzia garrantzitsuenen iragarpenak zaharkituta gelditzen ari direla egun batetik bestera. Testuinguru horretan, uste dut inoiz baino beharrezkoagoa dela jakitea non saiatu behar dugun gehiago eta zer ez dugun ukitu behar. Ezinbestekoa da inplikatutako eragile guztiok zentzuz jokatzea.

 

Zein errezeta proposatzen duzu suspertze-prozesua azkartzeko? Renove plan gehiago, gastu publiko handiagoa, laguntza zuzenak, subsidioak…

 

Erabili dezagun zentzua. Hain zuzen, neurri horiexek hartzen ari da Europar Batasuna, zeinak zirriborro bat iragarri baitu 750.000 milioi euro inguruko laguntza eta maileguak banatzeko. Badirudi laguntza-sorta horretatik 140.000 milioi euro iritsiko direla Espainiara laguntza (demagun 70.000 milioi direla) eta mailegu (beste 70.000) bezala. Berriro diot hau dena onartzeko dagoela oraindik, baina neurria bide onetik doa. Halere, badakigu denok dirua ez dela dohainik, eta iristen den guztia baldintzekin iritsiko dela. Eta talka-eszenatoki horretan, gastu horren kontrol-plan bat inposatuko da, uste dut hori dela giltzarria.

 

Zer esan nahi duzu?

 

Gai izan behar dugula galdera honi erantzuteko: nola eta zertan gastatu behar dugu dirua? Eta zentzua erabili behar dugu, alegia, nork bere etxeko ekonomian erabiltzen duen irizpide bera. Denok dakigu une honetan zer den lehentasunezkoa eta zer ez. Irizpide horixe aplikatu behar genuke maila guztietan (norbanakoa, familia, enpresa, Estatua…) diru hori eraginkortasunez iritsi dadin sektore garrantzitsu guztietara, eta euro bat bera ere ez dadin alferrik galdu. Bestela, enpresari batek oporretara joateko mailegu industrial bat eskatzea bezala izango litzateke.

 

Zure ustez, zer da orain funtsezkoa ez dena?

 

Uste dut kontsumoa sustatu behar dela, eta laguntza-programak sortu behar direla kontsumo horrek gehien ukitzen dituen sektoreentzat. Gainera, uste dut gizarte gisa eskuzabalak izan behar dugula, eta kontsumoa berreskuratzeko prozesuan laguntzen saiatu. Horretarako, jakina, balio erantsia duten gauza guztietan inbertitu behar da. Birusa iritsi zenetik, Michelin-en zorrotz kontrolatzen hasi gara mila eurotik gorako gastu guztiak. Finantza zuzendariak edo neronek aztertzen dugu interesgarria edo egokia den diru hori gastatzea momentu honetan. Beti da interesgarria dirua gastatzea, baina une egokia al da? Orain gastatu behar da? Zer gertatuko da gastatzen ez badut? Zer galduko dut balio erantsi hori sortzen ez badut? Ez dut asmorik inori leziorik emateko, baina hor doa aholku txiki bat: gastatzera goazen bakoitzean, galde diezaiogun geure buruari interesgarria eta egokia ote den gastatzea; eta beste horrenbeste, ingurune batean inbertitzera edo hari dirua ematera goazen bakoitzean.

 

 

Lehen urtea duzu Gasteizko Michelin lantegiaren zuzendaritzan, eta inoizko krisirik okerrenari aurre egitea egokitu zaizu. Aurretik jakin izan bazenu, agian ez zenukeen erronka onartuko…

Enpresako pertsona naiz, eta enpresak eskatzen badit kargu berri bat hartzeko, hartu egingo dut. Pentsa ezazu nire bizitza profesionalean 13 aldiz aldatu naizela lanpostuz, beraz, ez nukeen ezezko borobilik emango. Baina, gainera, COVID-19aren testuingurua eta gure lantegiaren diagnostiko industriala bereizi behar dira. Koronabirusaren eszenatokiak denak kutsatzen du, testuingurutik ateratzen du epe ertainera egiten ari ginen lana; etorri da birusa, ekarri ditu bere protokoloak eta behartu gaitu gauza mordo bat berrikustera, baina etorri bezala joango da egunen batean… Eta argi dago ez garela itzuliko duela bi urte geunden puntu berera, bizitzak eboluzionatu egiten duelako, baina testuinguru berri batera iritsiko gara, eta hartara egokitu beharko dugu lehenbailehen.

 

Taldearen “harribitxia” gidatzea lagungarri izango da trantsizioa errazago egiteko… ala ez?

 

Duela urtebete etorri nintzen Gasteizko lantegira, enpresaren soldadu ona naizelako, eta funtsezko helburu batekin iritsi nintzen: denekin lan egitea lantegi honen lehiakortasun industriala hobetzeko. Michelin taldearen “harribitxia” omen gara, eta pozgarria da hori entzutea, baina, hori gorabehera, apaltasunez jarraituko dugu aurrera, inor baino gehiago garenik pentsatu gabe, eta gogor lan eginez zerbait izatera iristeko. Ezin duzue imajinatu gure lehiakideek eta senide ditugun taldeko lantegiek nola egiten duten lan lehiakortasuna hobetzeko. Hala, COVID-19a iritsi baino lehen, helburutzat genuen denon artean lehiakortasuna hobetzea, eta orain ere halaxe da, eta halaxe izango da hemendik aurrera. Sinetsidazu esaten badizut Gasteizek asko daukala hobetzeko lehiakortasun industrialean.

Lotutako albisteak

28 Azaroa, 2023 Invest in Basque Country
Pesint: industria-instalazioetako emisioak murrizteko konpromisoa
Irakurri gehiago
17 uztaila, 2023 Azpiegiturak
LemuGroupek etorkizuneko paperaren converting sektorerako makinak egiten ditu Tolosaldean
Irakurri gehiago
24 maiatza, 2023 Invest in Basque Country
SPRI Taldeak topaketa bat antolatu du Euskadin kokatutako atzerriko enpresekin
Irakurri gehiago
10 urtarrila, 2023 Invest in Basque Country
Euskadin kokatutako atzerriko enpresek uste dute fakturazioa handituko dutela 2023an
Irakurri gehiago
30 Azaroa, 2022 Invest in Basque Country
SPRIk laguntza ematen du euskal enpresentzat estrategikoak diren hornitzaileak erakartzeko
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak