Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 6 Azaroa, 2023 Ingurumen-jasangarritasuna Energia

PowerfulTree-k parke agrovoltaikoak bultzatzen ditu elikagaien produkzioari uko egin gabe energia sortzeko 

Arabako startupak energia garbitik abiatuta landareak eta laboreak hobetzen dituen 4.0 doitasuneko proiektua garatu du
Imanol Olaskoaga

Parke agrovoltaikoen testuinguruan, Euskadiko PowerfullTree enpresak landareak eta laboreak hobetzeko soluzioa garatu du. Irtenbide horrek nekazaritzako eta energia garbiaren produkziorako lurzoruaren erabilera konbinatzen ditu. Zuzendari nagusiak, Imanol Olaskoagak, Made in Basque Country programan orain gutxi adierazi duenez, 4.0 zehaztasuneko nekazaritza da, ingurumena gehiago errespetatzen duen eredu ekonomikoa eraikitzeko proiektu berritzaile eta disruptore batean sartua dagoena.

Zer da teknologia agrovoltaikoa?

Teknologia agrovoltaikoa aldi berean elikagaiak eta energia produzitzeko lurzorua partekatzea ahalbidetzen duen teknologia da. Horixe da denak ados dauden kontzeptua, baina hortik abiatuta, hainbat interpretazio daude. Baina guk beste zerbait ere gehitzen diogu horri: benetan agrovoltaikoa izan dadin, lehentasunak laborantzan egon beharko luke. Hau da, nekazaritzako edo energia arloko produkzioa bultzatu beharko litzatekeen erabaki beharko balitz, elikagaien produkzioak izan beharko luke lehentasuna.

Horren berritzailea eta punta-puntakoa den teknologia dela jakinda, ba al dago hori arautzen duen legeriarik?

Inpaktu-proposamena denez, herrialde aitzindariek, Frantziak kasu, legeak egin dituzte kontzeptu horren erabilera desegokia eta landatar mundua aurka jartzea saihesteko. Frantziako Parlamentuak 2023ko otsailaren 7an onartu zuen energia berriztagarrien produkzioa (ENR) bizkortzearekin lotutako legeak xedatuakoaren arabera, instalazio bat agrovoltaikoa izan dadin, nekazaritzako produkzioak izan beharko luke haren jarduera nagusia eta adierazgarria.

 Zer testuingurutan sartu zen proiektua?

Klima-aldaketak laborantzetan duen eraginarekin lotuta Kolonbian sortu zen ideia da. Zehatzago esanda, kafearekin lotuta gertatzen zena aztertzen ari zirela sortu zen; tenperaturen igoerara egokitu ahal izateko, Andeetako hegaletan gora egin behar du pixkanaka, eta horrek tentsioa sortzen du deforestatzen diren lur berrien gainean.

Klima-aldaketaren ondorioak laboreetan ere larriak zirela ikusita, proiektua Europara ekarri genuen, eta enpresa Valentziako Komunitatean sortu genuen. Azkenean, ordea, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako erakundeen laguntzari esker, proiektu hau Gasteizera ekartzea lortu genuen. Bazkideon ustez, bere garaian, oso enpresa teknologikoa zenez, Euskadiko teknologia-zentroen sareak garapen bizkorra erraz zezakeen.

Zein dira helburuak?

Ohiko instalazio fotovoltaikoek ez bezala, potentzia elektrikoa (MPPT) maximizatzera bideratutako eguzki-jarraipeneko sistemak dituzte, gure kasuan, itzalak modu adimentsuan egiteko gai diren sistema agrovoltaikoen aldeko apustua egin dugu, laboreak hazteko baldintza egokiak eskaintzeko.

Ikuspegi praktikotik begiratuta, nolakoak dira panel horiek?

 Instalazio horiek egitura altuagoa dute, eta horrek aukera ematen du azpian nekazaritzako lanak egiteko. Egitura horretan, biratzeko gaitasuna duten plakak jartzen dira, laborean instalatutako sentsoreetatik datozen datuak jasotzen dituen algoritmo batek kontrolatutako ardatz baten gainean. Era berean, kontrol-sistema adimendunak panelen posizioa aldatzeko aukera ematen du hainbat parametroren arabera: landareak aprobetxa dezakeen irradiazioa, tenperatura, hezetasun mailak, substantzia jakin batzuen kontzentrazioak edo labore bakoitzaren baldintza fenologikoak.

Ba al dago proiektu piloturik abian?

Estatu mailan proiektu pilotuak diseinatzen ari gara, mahastietan, ureztatutako olibadietan, kiwian, sagarretan eta udareetan, hezurra duten frutetan eta fruta subtropikaletan. Bakoitzak zailtasun eta helburu desberdinak ditu. Kasu batzuetan, itzala emateko sareak erabiltzen dira lehendik eta modelo hori bera erabiltzea da bistakoena. Beste kasu batzuetan, arazoa beste bat da: ureztatzeko ura aurreztea eta lurruntze bidez galtzen den ura. Laborantzetako itzala emateko sistema aktiboaren bidez, Frantziako lehen esperientzietan, erabilitako uraren % 40 baino gehiago aurreztea lortu dute. Beraz, klima-aldaketaren ondorioak jasateko arrisku handiagoa duten Mediterraneoko eremuetan emaitza hobea izango dela aurrez ikus dezakegu.

 Zein dira era horretako proiektuek dituzten erronka teknikoak?

Txandaketako laboreetan, adibidez, erronka teknologikoa are handiagoa da, egituren azpian dauden makinak zabalagoak baitira. Hori dela eta, garapen estrukturalak konplexuagoak dira eta, laborantza iraunkorretan ez bezala, egitura beraren azpian gutxienez hiru labore, hiru eredu fenologiko eta hiru algoritmo desberdin txandakatuko ditugu. Apustu konplexua da, baina, dagokion laguntza jasoz gero, horrekin hasi nahiko genuke.

 Euskadin proiektu agrovoltaikoak ezartzen ari al zarete?

Bai; Euskadin definizio-fasean dauden proiektuak ditugu. Epe luzerako baimenak dituzten proiektuak dira, 12 hilabete baino gehiagokoak, eta zailtasun erantsi bat dute: ez dago legeria berezirik energia agrovoltaikorako. Guk gai horretan aitzindari izatea proposatzen dugu, Frantziaren ereduari jarraituz, eta bide hori erraztea bi munduen arteko elkarbizitza lortzeko: nekazaritzakoa eta energetikoa.

Parke agrovoltaiko bat parke fotovoltaiko bat baino errentagarriagoa al da?

Etorkizuneko eredua da gure ustez errentagarriena, baina gaur egun, balio-katea garatuta ez dugunez, fotovoltaikoa errentagarriagoa da. Agrovoltaikoa teknologia berria da, eta dena frogatzeke du, baina uste dugu eredua egokia dela, elikagaiak produzitzeari uko egin gabe, energia produzitu ahal izateko.

 Proiektua ekonomikoki errentagarri egiteko estrategiarik ba al duzue?

Gure helburua da energia agrovoltaikoa errentagarri bihurtzea, energia berriztagarriekin lortu izan den moduan. Abantaila bat ere badugu: badakigu zertan eta non egin behar dugun lan. Fotovoltaikoarekin konparatuta, inbertsio-kostu handiagoa dugu, egiturak altuagoak direlako eta proiektuak gutxi direlako.  Bestalde, energia arloko sarrerak txikiagoak dira irradiazioaren zati bat landarearen mesedetan erabiltzen delako. Baina, horren aurrean, nekazaritzako produkzioarekin lotutako diru-sarrerak gehituko ditugu. Gainera, energia elektrikoaren zati bat erabili nahi dugu laboreen eraginkortasuna hobetzeko, ureztatzeko, berotzeko edo hozteko. Etorkizunera begira, aldiz, irradiazio-zikloa handitu eta nekazaritza-prozesuak robotizatu nahi ditugu. Are gehiago, zergatik ez, tokian tokiko ongarriak produzitu nahi ditugu, gure agrovoltaikoaren energiarekin sortutako hidrogeno berdearen bidea erabiliz. Hau da, 0 km-ko ongarriak lirateke.

Gure energia-independentziak izango lukeen garrantziaz asko hitz egin izan da, baina elikadura mailako independentziak ere garrantzia izan beharko luke, ezta?

Energia-independentziaren aldeko apustu handia egiten ari dira, eta PowerfullTree-n uste dugu hori beharrezkoa dela. Era berean, ordea, gure ustez, teknologia agrovoltaiko lehiakorra garatzeko gai bagara, urte gutxiren buruan ez diegu uko egin beharko laboreei energia-garapenetarako. Gainera, zalantzan jarri ezin ditugun bi fenomeno daude: egunero jan beharra dugu eta elikatu beharreko biztanle kopurua gero eta handiagoa da. Teknologia agrovoltaikoak elikadura mailako segurtasuna lortzeko helburua betetzea ahalbidetzen digu energia berriztagarrietara bideratutako beharrezko trantsizio energetikoari uko egin gabe. Pandemiaren eta gero Ukrainan piztutako gerraren ondorioz, urrunetik datozen elikagaiekiko mendekotasun handia dugula jabetu gara. Ez ditzagun ahaztu supermerkatuetan ohiko bihurtu ziren apal huts haiek edo kasu batzuetan oraindik ere elikagai batzuek duten prezio altua.

Lotutako albisteak

Mikel Lasa, CEO de EIT InnoEnergy Iberia 4 ekaina, 2024 Ekintzailetza
Mikel Lasa (EIT InnoEnergy): “Startupak funtsezkoak dira mugikortasunaren sektorea eraldatzeko”
Irakurri gehiago
9 maiatza, 2024 Azpiegiturak
Egoingo lau proiektutatik bat atzerritik iristen da dagoeneko
Irakurri gehiago
29 apirila, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Enforced Group: “Areto garbiak diseinatzen ditugu, txertoak eta proteina alternatiboak garatzeko”
Irakurri gehiago
17 apirila, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Javier Albarrán: “Medusak ibilgailu elektrikoen flotak kargatzeko aukera ematen du, alferrikako potentzia elektrikoa oinarri bezala hartuz”
Irakurri gehiago
25 Marzo, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Arkitecnicas: “Passivhaus estandarra da oraingoz dagoen eraikitzeko modurik onena”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak