Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 1 iraila, 2022 Ingurumen-jasangarritasuna

Euskadik Kontingentzia Energetikoaren Plana aurkeztu du, eragile guztien ekarpeneekin osatuta eta hobetuta

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusi Iñigo Ansolarekin batera, Euskadiko Energia Kontingentzia Planaren bigarren bertsioaren xehetasunak eman ditu prentsaurrekoan.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, eta Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusia prentsaurrekoan.
  • Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusi Iñigo Ansolarekin batera, Euskadiko Energia Kontingentzia Planaren bigarren bertsioaren xehetasunak eman ditu prentsaurrekoan
  •  Dokumentuak eragile publiko eta pribatuen ekarpenak jasotzen ditu, eta Trantsizio Ekologikoko Ministeriora bidali da, energia sortzeari eta eskariari, sare elektrikoei edo gas-sistemari buruzko neurriekin
  •  Gainera, euskal administrazio publiko osoari aplikatzeko jarraibide bat borondatez onartzeko konpromisoa jasotzen da. Jarraibide horretan kasuistika berriak sartu dira klimatizazioan, termostatoan, argiztapenean, elektrizitatearen kontsumo-tresnetan, ur eta hondakinetan, isolamenduan, kontsumo-kontrolean, autokontsumo berriztagarrian, mugikortasun jasangarrian eta sentsibilizazioan eta informazioan
  •  Udalen eta tokiko erakunde txikien kasuan, EEEk tutoretza-zerbitzu berria aktibatu du diruz lagundutako energia-auditoriak diseinatzeko, eta enpresentzat ere proposatu da

 

Eusko Jaurlaritzak Kontingentzia Energetikoaren Planaren bertsio berri bat egin du, Europar Batasunaren esparruan eta Europak bizi duen energia-alertaren testuinguruan gasaren eta energiaren kontsumoa murrizten laguntzeko adostutako helburuarekin.

Dokumentu horrek indarrean eta malgu jarraitzen du, eta administrazioaren, enpresen eta herritarren zutabeei eusten die, Eusko Jaurlaritzako sail guztiek, foru-aldundiek, Eudelek, talde politikoek, klusterrek eta enpresa-elkarteek egindako ekarpenekin.

Dokumentuak berehala jarduteko beharrei erantzuten die indarrean dauden hogei bat programa eta tresna indartzearen bidez, eta, era berean, epe ertain eta luzean jarduteko estrategia definitzen du, erakundeen inplikazioa behar duten egitura-neurriekin eta ekonomiaren deskarbonizazioaren aurrerabidean eragina izango duten 30 proiektu estrategiko zehaztearen bidez.

Kontingentzia Planak Europako erabakiei adi egoteko, Estatuaren eskumeneko neurriak abiarazteko eta Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan erabakitasunez jarduteko beharra aitortzen du.

Planaren helburua lortzeko jarduketa-esparruak energia-efizientzia, energia berriztagarri eta alternatiboen sorkuntza, ekonomia zirkularra eta hondakinen kudeaketa izango dira. Horretarako, herritarrei informazioa zabaltzearen eta herritarrak sentsibilizatzearen garrantzia azpimarratuko da eta informazioa areagotuko da.

Planaren bertsio berriaren berritasunak

Arau-ikuspegitik, lehen bertsioan jasotako erreferentziez gain, Euskadik epe ertainean energia berriztagarriak sortzearen alde egin duen apustuak izapidetzen ari den Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala eta etorkizuneko Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Legea (haren zirriborroa aurki igorriko zaio Gobernu Kontseiluari) hartzen ditu bere gain epe ertaineko erreferentziazko araudi gisa.

Administrazio publikoentzako instrukzio eguneratua

Euskal administrazio publiko osoan aplikatu beharreko instrukzio bat borondatez bere gain hartzeko konpromisoa jasotzen da, aurreko astean Kongresuak balidatutako abuztuaren 1eko Errege Lege Dekretuan adierazitakotik haratago.

Instrukzio horrek 2019ko Jasangarritasun Energetikoaren Legea erreferentziatzat hartzen jarraitzen du, eta, bertan, hainbat kasuistika eta iradokizun gaineratu dira honako arlo hauetan: klimatizazioa, termostatoa, argiztapena, elektrizitatea kontsumitzen duten tresnak, ura eta hondakinak, isolamendua, kontsumoen kontrola, autokontsumo berriztagarria, mugikortasun jasangarria, sentsibilizazioa eta informazioa.

Irailean, Jasangarritasun Energetikoaren Talde Instituzionala biltzeko deialdia egingo da, instrukzioaren bertsioa berresteko eta hura artikulatzea eta indarrean jartzea erabakitzeko. Nolanahi ere, administrazioek irailaren 1etik aurrera lanean hasteko beharrezkoak diren neurriak eta erabakiak aurreratu ahal izango dituzte.  (ikus Planaren II. Eranskina)

Udalen eta toki-erakunde txikien kasuan, tutoretza-zerbitzu berria aktibatuko da, diruz lagundutako energia-auditoretzak diseinatu eta Energiaren Euskal Erakundearen finantzaketa biguna jasoko duten ekintzak gauzatu ahal izateko.

Enpresentzako programak eta ekimen berriak indartzea

Enpresei lotutako neurri propioei buruzko eranskinari dagokionez, adostasuna dago kontingentzietarako babesik onena dauden programak eta tresnak indartzea dela adieraztean. Hala ere, auditoriak egiteko eta aurreztera bideratutako neurri “zuzentzaileak” aplikatzeko laguntza handiagoa eskatzen da enpresa txiki eta ertainentzat.

III. Eranskinean jasotako indarreko programez gain, ekimen berriak aztertzen dira:

  • Sektore ekonomiko guztietako ETE eta mikroETEentzako aholkularitza eta laguntza espezifikoak abiaraztea proposatzen da (udalentzat diseinatutako ekimenaren ildotik)
  • Salgaien trenbideko garraioa sustatzea
  • Eusko Jaurlaritzak ibilgailu jasangarriak eskuratzeko eman ditzakeen laguntzei buruzko informazioa neurri handiagoan helaraztea (adibidez, MOVES III programa)
  • Salgaien errepideko garraioko flotak modernizatzeko laguntza-programa baten aukera ebaluatzea
  • Enpresetako teilatuak eguzki-plakak instalatzeko baliatzea

Euskadiko eskumen-esparrutik kanpo har daitezkeen neurriak

Enpresa txiki eta ertainetan jarduteaz gain, alerta edo aurrelarrialdiko egoera dela eta, enpresa-jarduera intentsiboan (eta, bereziki, industria-jardueran) eragina izango duten garrantzi handiagoko neurriak hartu behar dira.

Hori dela eta, eranskin berri bat (VI. Eranskina) gaineratu da. Bertan, Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikoko Ministerioari klusterrek eta elektrizitate- eta gas-enpresa intentsiboek eskatutako hamar bat neurri hartzea iradokitzen zaio, energia-kostu handiak direla eta bizi dituzten zailtasunak nabarmen arindu ahal izateko.

Eskariari lotutako neurriak (etengarritasun-mekanismoari lotutakoak), sare elektrikoei lotutako neurriak (lineak tentsioarekin mantentzea, adibidez), energiaren sorkuntzari lotutako neurriak (kogenerazioari lotutakoak) eta gas-sistemari lotutako neurriak (programatutako gas natural likidotuaren kargamentuak iristea eta gas berriztagarriak sartzea, adibidez).

Abian jarriz gero Estatuko industria osorako onuragarriak izango liratekeen neurritzat hartzen dira.

Energiaren Euskal Erakundearen partaidetza duten etorkizuneko proiektu estrategikoen zerrenda zabaldu da

Dokumentuaren berrikuspenari esker, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak zabaldu egin du energia garbiak (hala nola biogasa, biometanoa, biomasa, hidrogenoa, energia fotovoltaikoa eta geotermia) sortzeko apustuan kontuan hartu beharreko 30 ekimen garrantzitsuen zerrenda.

Familia eta kolektibo kalteberak

Kontsumoa murriztera bideratutako kontingentzia energetikoaren planak, jakina, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak abiarazitako mekanismoen bidez pertsona eta familiarik kalteberenentzako laguntza areagotzeko konpromisoa jasotzen du.

Sentsibilizazioa eta informazioa

Azkenik, planak informazio- eta sentsibilizazio-ekintzak indartzearen garrantzia azpimarratzen du. Horretarako, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren lankidetza baliatuko da.

Ildo horretan, Euskal Irrati Telebista Publikoak, EITBk, konpromisoa hartzen du Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritzeko, langileentzako kontzientziazio-, dibulgazio- eta prestakuntza- eta informazio-kanpainen bidez, eta EKIN KLIMA estrategia areagotzeko, herritarrei zuzendutako kanpainekin.

Lotutako albisteak

22 apirila, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
SUDS Drenaje Sostenible, hiri-eremuan euri-uren kudeaketa jasangarriago baten aldeko apustua egiten duen enpresa donostiarra
Irakurri gehiago
18 apirila, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Net-Zero Basque Industrial Super Cluster ekimenak EPRIren European Workshop Weeken hartuko du parte aste honetan
Irakurri gehiago
11 apirila, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Arquinea, eraikinak birgaitzeko bazkidea da, etxebizitza eraginkorragoak eta jasangarriagoak lortzeko helburuarekin
Irakurri gehiago
Ser b-CORP libro Comunidad NORTE 11 apirila, 2024 Berrikuntza
B Corp izatea, enpresen indarra mundua aldatzeko erabiltzea da
Irakurri gehiago
9 apirila, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Elirecon, hiru hamarkada hondakin sanitarioen tratamenduan
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak