Arantxa Tapia sailburua, ekitaldian.
Albisteak 25 urria, 2021

Basque Green Deal Gunea, Europako itun berdearen espiritua zabaltzeko Euskadi zeharkatuko duen foroa abian jarri da  

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak, Tabakalerarekin batera, klima aldaketari aurre egiteko konpromisoa berretsi dute, bakoitzak bere eskumenetatik ekintza eta neurri zehatzak bultzatzeko akordio berdea bere eginez

 

Europar Batasunak 2019ko abenduan proposatutako Europako Itun Berdea edo European Green Deal mekanismo nagusienetakoa da EBko kide diren herrialdeei krisitik ateratzen eta etorkizun jasangarriagoa lortzen laguntzeko. Itun Berdea Europar Batasunak 2050ean neutraltasun klimatikoa lortzea ahalbidetuko duen hazkunde-estrategia da.

 

Testuinguru horretan, Euskadirentzat garapen inklusiboa eta jasangarriaren beharra azaltzeko, Eusko Jaurlaritzak Basque Green Deal Gunea sortu du: urtea amaitu baino lehen euskal hiriburuetatik igaroko den foroa, Europako itun berde horren espiritua zabaltzeko.

 

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Eneko Goia Donostiako alkateak, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak eta Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusiak, azaroaren 2ra arte indarrean egongo den lehen Basque Green Deal Gunea inauguratu dute gaur goizean Donostiako Tabakaleran, Klima Aldaketaren aurkako Nazioarteko Egunean bertan.

 

Tapiak nabarmendu du zeinen garrantzitsua den euskal gizarteak ekonomiaren eta ingurumenaren bide-orri horren ardatz nagusiak ezagutzea: “badakigu gizarteak erronka hau partekatzen duela” adierazi du. Euskadi izan zen, 2019ko uztailean, klima-neutraltasunaren aldeko konpromisoa hartu zuen Europako lehen eskualdeetako bat, Iñigo Urkullu lehendakariaren Klima Larrialdiaren Deklarazioarekin. Sailburuaren ustez, “erakundeok eta herritarrok aktiboki parte hartzen dugu klima-aldaketaren aldeko ekintzan, baina bizkortze eta intentsitate handiagoa behar dugu politika publiko guztietan eta ekintza indibidualetan“. Ekintza bakoitza, txikia bada ere, garrantzitsua dela azpimarratuz, Tapiak ez du aukera galdu eta adierazi du gaur goizeko ekitaldia, “ekitaldi jasangarria” dela, “IHOBEren Erronka Garbia metodologiaren bidez ziurtatua, eta emisioak ingurumen-proiektuekin konpentsatuko direla, adibidez, zuhaitzak landatuz”.

 

Hain zuzen ere, gaur, igandea, Klima Aldaketaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta instituzio-arteko ekitaldian Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, Tabakalerarekin batera, klima-aldaketari aurre egiteko politikak sustatzen jarraitzeko konpromisoa berritu dute.

 

Tapia sailburuak Glasgowko COP26aren atarian gogorarazi duenez, “eskualdeek eta toki-erakundeek klima-aldaketa arintzeko eta egokitzeko neurrien % 80 baino gehiago hartu ditugu. Euskadi Europako eskualde aktiboenetako bat da klimaren trantsizioan”. The Climate Group-ek, ekintza klimatikoaren arloko nazioarteko sarerik garrantzitsuenetakoak, anbizio klimatikoan liderrak diren munduko 18 eskualdeen artean kokatzen du Euskadi. Sailburuaren ustez, “2050erako Euskadi karbono isurietan neutroa lortzea konpromiso partekatua da”, eta, horretarako, “funtsezkoa da energia berriztagarrietarantz igarotzea jauzi kualitatibo bat emanez eolikoan edo fotovoltaikoa ekoizteko energia-komunitateetan. Halaber, I+Garen aldeko apustua egin da bektore energetiko berriak garatzeko, hala nola hidrogeno berdea”. Ohartarazi duenez, klima-aldagaia modu integralean aplikatu behar da. “Mugikortasun elektrikoaren edo Smart griden abangoardian egon behar dugu, gure ibaiak edo portuak babestu behar ditugu, eta, aldi berean, ingurumena eta ingurunea errespetatzen duten nekazaritza- eta baso-jarduerak sustatu”.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, Asensiok “aire osasungarria, planeta osasungarria” leloa eta Naturklimaren txostena ekarri ditu gogora, trafikoa airearen kutsadura-gune handienetako bat dela baieztatzen duena. Halaber, ohartarazi du datozen 30 urteetan gipuzkoarren erdiek baino gehiagok inpaktu larriak jasango dituztela berotze globalaren ondorioz.

 

“Testuinguru horretan, -nabarmendu du diputatuak- ezin dugu onartu gure klima-politikak sektorialak edo partzialak izatea. Trantsizio ekologikoak eta hura martxan jartzeko beharrezkoa den itun sozial berdeak gure agendaren erdigunean egon behar dute”.

 

Eneko Goia Donostiako alkateak gogorarazi du Donostiak “bere ibilbide-orria trazatuta” duela Klima 2050 Planarekin, eta plan horrek ezartzen dituela klima-aldaketaren aurkako borrokan udalaren jarduna gidatuko duten jarduerak, lehentasunak eta irizpideak. Plan horrek emisioen murrizketa eta uholde-arriskua duten eremuetako jarduketak jasotzen ditu, itsas-inpaktuagatik kosta-lerroan edo hiri-bilbean esku-hartzean, berdegune berriak sortzeko. Era berean, Goiak azpimarratu du Udala buru-belarri ari dela lanean karbono aztarnaren balantzea murrizten lagunduko duen garraio publiko eta pribatuaren eskema bat diseinatzeko. Goiak esan duenez, hiri-laborategi horretan hainbat neurri ezartzen ari dira, hala nola bizikleta publikoaren zerbitzua indartzea edo Topoaren zerbitzua hobetzea, eta neurri berriak hartzen jarraituko da, hala nola eraikinen isolamendu termikoa hobetzea edo hiri-autobusen flota elektrifikatzea, Basque Green Deal estrategia globalaren esparruan aurrera egin ahal izateko.

 

Azkenik, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendariak nabarmendu du “NEW EUROPEAN BAUHAUS Europako Batzordearen ekimen berrian posizionamendu aparta” lortu duela. Lau euskal erakunde, horien artean TABAKALERA dago, aukeratu dituzte bazkide, eta, gainera, Uliako Lore Baratzak baratze-lorategi komunitarioaren Donostiako proiektuak jaso du emandako lehen sarietako bat. “Potentzial handi horrek posizio bikainean jartzen gaitu sektore sortzailearen eta beste sektore batzuen arteko lankidetza errealak bultzatzeko orduan, inpaktu positiboa eta eraldatzailea lortzeko.”

 

ERAKUSKETA:

Erakusketa ia sei metro luzeko ilustrazio handi batek osatzen du. Ilustrazio horrek erakusten du pertsonen eguneroko erabakiek nola eragiten duten Europako erakundeek sustatutako itun berdearekin zerikusia duen guztian. Standak gai hauei heltzen die: energia-efizientzia, energia berriztagarriak, mugikortasuna, hurbileko produktuen kontsumoa eta ekonomia zirkularra.

 

Erakusketan etengabeko informazioa dago, standetan eta liburuxketan, honako gai hauen inguruan: emisioen murrizketa, ekonomiaren deskarbonizazioa, ekonomia zirkularra (hondakinak baliabide-iturri gisa erabilita), energia-efizientzia, mugikortasun jasangarria, elikadura-katearen jasangarritasuna edo zero kutsadura ingurune osasungarria lortzeko.

 

Basque Green Dealen standak gonbidatu egiten gaitu jasangarritasunarekin konprometitzeko egunerokotasunean har daitezkeen erabakiei buruzko gogoeta egitera. Posible da etxeko esparruan ere efizientzia-irizpideekin, energiaren zentzuzko kontsumoarekin, hurbileko produktuen kontsumoarekin, berrerabilerarekin eta birziklapenarekin bat egitea.

 

JARDUEREN AGENDA:

Urriak 25 19:00 – HITZLDIA; 52 Ekintza Klima Aldaketari aurre egiteko (IHOBE)

 

Urriak 26 19:00 – HITZALDIA: Elikagaien xahutzea Euskadin (ELIKA)

 

Urriak 27 18:00 – HITZALDIA: EKIOLA energía-kooperatibaren aurkezpena

 

Urriak 28 18:00 – ENPRESARA BISITA: Garapen Jasangarriaren adibidea ORONA

 

Urriak 29 19:00 – DASTAKETA: “BASQUE WINE” eta EUSKAL GAZTA dastaketa

 

Urriak 30 18:00 – HERRITARREN TAILERRA

 

Urriak 31 egun osoz – EKOTEST – Birziklapenari buruzko jolasa EKOADRILAKO pertsonaiekin.

 

Azaroak 1 egun osoz – ESCAPE ROOM – Jasangarritasun eta erronka klimatikoen inguruko jolasa

Azaroak 2 19:00 – SHOW ROOM bertako 3 enpresen EKONOMIA ZIRKULARREKO esperientziak

 

Egunero, “EKOJOLASA” gunea zabalik egongo da, eta haurrentzako jolasak egingo dira bertan. Astegunetan, 17: 00etatik 19: 00etara, eta larunbat, igande eta jaiegunetan, goizez 11: 00etatik 13: 00etara eta arratsaldez 17: 00etatik 19: 00etara.

Lotutako albisteak

Euskadiko  industria  normaltasunez  ari  da,  joan  den  asteleheneko  itzalaldi  orokorraren  ostean

Euskadiko industria normaltasunez ari da, joan den asteleheneko itzalaldi orokorraren ostean

“Gure industria-sektorearen lana aitortu nahi dugu", aditzera eman du Mikel Jauregi, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua

Haizelur,  nazioartekotzearen  aldeko  apustua  egiten  duen  doitasun-mekanizazioaren  arloko  Debako  ETEa

Haizelur, nazioartekotzearen aldeko apustua egiten duen doitasun-mekanizazioaren arloko Debako ETEa

Enpresaren esportazioek SPRI Taldearen zibersegurtasuneko programaren dirulaguntza jaso dute eta negozioaren % 35era iritsi dira dagoeneko

Pradales  Lehendakaria:  “Gure  Plan  Industriala  europar  jarraibideekin  lerrokatzen  ari  gara”

Pradales Lehendakaria: “Gure Plan Industriala europar jarraibideekin lerrokatzen ari gara”

"Euskadi eragile garrantzitsua izan daitekeelako eta izan behar duelako prozesu horretan”

Euskadik  bere  automobilgintza  sektoreko  industria  indartuko  du  errepideko  garraioaren  deskarbonizazio  adimendunerako  laguntza-programa  berri  batekin

Euskadik bere automobilgintza sektoreko industria indartuko du errepideko garraioaren deskarbonizazio adimendunerako laguntza-programa berri batekin

Eusko Jaurlaritzak "Emisio Txikiagoko Ibilgailuak" laguntza-programa aurkeztu du Industriaren Defentsarako Taldearen baitan, euskal automobilgintzaren sektoreak egungo muga-zergen gerraren testuinguru globalean dituen erronkei erantzuteko 

Euskadik  bere  aurrerapena  sendotu  du  ingurumenaren  babesean,  airearen  kalitatean  eta  isurketen  murrizketan  hobekuntza  nabarmenak  eginez,  Ingurumen-koiunturari  buruzko  2024ko  txostenaren  arabera

Euskadik bere aurrerapena sendotu du ingurumenaren babesean, airearen kalitatean eta isurketen murrizketan hobekuntza nabarmenak eginez, Ingurumen-koiunturari buruzko 2024ko txostenaren arabera

Euskadiko airearen kalitatea nabarmen hobetu da, zeren 2023ko egunen ia % 91k kalitate "ona" edo "oso ona" izan baitute

Euskadik  Brasilgo  itsas-sektore  eolikoko  erakunde  nagusiak  hartu  ditu  hango  merkatuaren  garapena  bultzatzeko  misioan

Euskadik Brasilgo itsas-sektore eolikoko erakunde nagusiak hartu ditu hango merkatuaren garapena bultzatzeko misioan

Flanders Investment & Trade eta Euskadiko Energia Klusterraren lankidetzaz antolatutakoa

Mikel  Jauregi  sailburuak  eta  PepsiCo-ko  presidenteordeak  enpresak  Etxabarri-Ibiñako  instalazioa  “zero  emisioko”  munduko  lehena  izateko  egin  duen  apustua  aztertu  dute
06/03/2025 Deskarbonizazioa

Mikel Jauregi sailburuak eta PepsiCo-ko presidenteordeak enpresak Etxabarri-Ibiñako instalazioa “zero emisioko” munduko lehena izateko egin duen apustua aztertu dute

Elikagaien eta edarien multinazionalak Arabako Parke Teknologikoan instalatu du bere Hub Digital Globalaren zati bat, datuetan eta adimen artifizialean espezializatua.

Ekisolarrek  bere  negozioa  deskarbonizaziorantz  hedatu  nahi  du

Ekisolarrek bere negozioa deskarbonizaziorantz hedatu nahi du

Gasteizen kokatuta dagoen enpresak SPRI Taldearen BDIH Konexio programaren laguntza jaso du eta estalki industrialetan energia fotovoltaikoa eskaintzen du.

Euskadi  agenda  2030  sariak  60  erakunde  aintzatetsi  ditu,  garapen  jasangarriaren  helburuekin  duten  konpromisoagatik

Euskadi agenda 2030 sariak 60 erakunde aintzatetsi ditu, garapen jasangarriaren helburuekin duten konpromisoagatik

SPRIk eta Euskadiko Parke Teknologikoak konpromiso-diploma lortu dute

E&M  Combustion-ek  Chileko  meatzaritza  deskarbonizatzen  laguntzen  du  hidrogenoa  erabiliz,  Sprilur-en  Bildosola  Poligonotik

E&M Combustion-ek Chileko meatzaritza deskarbonizatzen laguntzen du hidrogenoa erabiliz, Sprilur-en Bildosola Poligonotik

Euskal ingeniaritzak hidrogenoaren errekuntzako I+G proiektu pilotu hau garatu du Chileko Gobernuarentzat.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.