Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 22 uztaila, 2021 Digitalizazioa EIKTak

Xenonek ikasgelak eraldatzen ditu ikasleen ikaskuntza-prozesuak hobetzeko

Gipuzkoako enpresak Kristau Eskola, Euskal Herriko Ikastolak eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoen sarea bezalako zentroen digitalizazioan buru izan da, eta Acer, Microsoft edo Google bezalako sektorean liderrak diren kolaboratzaileak ditu
Xenon

Pandemiak aurrekaririk gabeko eragina izan du hezkuntza-sektorean, aurrez aurreko irakaskuntza-eredutik eredu digitalerako trantsizioa sortu baitu, halako paradigma aldatzeak dakartzan erronka guztiekin. Ikastetxeek presaka sartu behar izan dituzte teknologiak, baita beren jarduera digitalizatu ere, eta, askotan, agerian gelditu da teknologian oinarritutako metodologia bat ezartzeko baliabide eta ezagutza eskasia.

Astigarragan (Gipuzkoan) finkatuta, Xenon enpresa teknologikoak, 1999tik, ikastetxeei teknologia berrietan oinarritutako metodologia-aldaketa horretan laguntzeko lanean dihardu, horrela, ikasgeletako ikaskuntza-prozesuak hobetzeko. “Teknologia ez dator soilik ikasten den euskarria ordezkatzera, ordezkapen soilak ez baitu inolaz ere ikaskuntza hobetzen. Ikastetxeen helburua lan-dinamikak eraldatzea eta berrikuntza erraztuko duten zeregin eta ekintza berriak sartzea izan behar da, baita ikasleei trebetasunak eta gaitasunak eskaintzea ere. Hor dago aldaketa”, ohartarazi du Roberto Baptista Xenoneko zuzendari komertzialak.

Hori horrela, Gipuzkoako enpresak zentro batek dituen baliabideak eta eraldatzeko martxan jarri behar dituen prozesuak aztertzen ditu. “Jarduera askoz ere arinagoa, irekiagoa, autonomoagoa eta lehiakorragoa egitea da gure helburua”, esan du Baptistak, eta gaineratu du “teknologia berriek erraztu egingo dutela lan-dinamika aktibo berriak eta ikaskuntza-sekuentziak txertatzea, ikastetxeko prozesu pedagogiko osoa kontrolatu ahal izateko, bai eta ikaskuntzarako tresna profesionalak hedatzeko ere. Modu honetara ikasle bakoitzaren aurrerapen pedagogiko indibidualari buruzko datu jarraitu eta pertsonalizatuak izango ditugu. Horrela, ikaskuntza-prozesuaren autonomia ikasleei helarazten diegu, protagonismo handiagoa emanez, eta, informazio-hartzaileak izateaz gain, ezagutza-sortzaileak ere badira”.

Xenonek digitalizazioak eragiten dituen puntu guztiak biltzen eta kontuan hartzen dituen eraldaketa metodologiko baten alde egiten du, “teknologia behar bezala ezartzeko sare-egituraren egokitzapenetik, ikaskuntza-prozesuaren barruan irakasleek tresnen gaitasun-erabileran garapen profesionalerako plan bat diseinatzera; eta IKT langileak teknologiaren kudeaketa egokia egiteko gaitzetik, ikasleentzako teknologia egokiena aukeratzeko aholkularitzara”, zehaztu du zuzendariak.

Baina hori ez da nahikoa, Baptistak azaltzen duenez. “Proiektuak arrakasta izan dezan, funtsezkoa da etengabeko laguntza-zerbitzu bat izatea planifikatutako helburuak betetzen diren aldian-aldian aztertzeko, bai eta egunerokoan sortzen diren gorabeherak modu automatizatuan kudeatzeko tresnak ematea ere”.

Horretarako, Astigarragako enpresak hezkuntza-arloan digitalizazio-proiektuak zuzentzen dituzten plataforma nagusiekin (Google eta Microsoften lan-plataformak, esaterako) akordio-sare bat eratu du urte hauetan; gainera, sektorean liderrak diren gailuen fabrikatzaileen laguntza ere izan du, hala nola Acer enpresarena. Zuzendari komertzialaren arabera, “azken urteotan hezkuntzako 1. fabrikatzaile gisa finkatu da Acer. Eta guk Xenonetik lau urte daramatzagu Europan proiektu bolumen handiena duen partnerra izaten fabrikatzaile horrentzat”.

Presentzia Euskadin

Xenonek Penintsula osoko enpresa eta zentroetarako lan egiten badu ere, Euskadin presentzia berezia du. Lurraldeko hezkuntza-erakunde nagusiekin lankidetzan aritu da, hala nola Kristau Eskolekin, 133 ikastetxerekin, Euskal Herriko Ikastolekin, 74 ikastolekin, edo Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoen sarearekin, hezkuntza-teknologiaz hornitzeko enpresa homologatu gisa.

Baptistak azpimarratzen duenez, “urte honetan eta datorren ikasturteari begira, administrazio publikoa inbertsio handiak egiten ari da teknologia Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoen sarera errazago irits dadin. Adibidez, bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasle guztiei garapen pedagogikorako gailu digital bat eskaintzea helburu duten proiektuak martxan jartzen ari dira, bai eta irakasleen trebakuntza-planak ere, beren ikastetxeen barruan teknologiari zentzua emateko”.

Oscar Fernandezek, Xenoneko CEOak, zehaztu duenez, “gizartea, eta bereziki unibertsitate aurreko hezkuntza-etapetan dauden ikasleak, oso mundu digitalizatuan bizi da. Gure eginbeharra, hezkuntzarena, administrazioena eta familiena, haurrak teknologien erabilera egokian heztea da, etorkizunean esparru horretan autokudeatzeko gai izan daitezen eta uneoro modu arduratsu eta seguruan jarduten jakin dezaten”. Izan ere, Fernandezek nabarmendu duenez, “OCDEk dagoeneko behar horiei buruz hitz egiten du hezkuntzarako gaitasun-esparru teorikoan, “2030erako ikaskuntzaren iparrorratza”, eta bertan adierazten du zer trebetasun berri landu behar diren ikastetxeetan, ikasleei begira, 2030erako ongizaterako bidean, gaitasun globalarekin bat egiteko”.

SPRI Taldearen helburuetako bat euskal enpresen eraldaketa digitala da. Besteak beste, Basque Industry 4.0, BDIH Konexio, Zibersegurtasun Industriala, Enpresa Digitala edo Inplantalariak laguntza-programen bidez bultzatzen du. Aurkitu hemen eskuragarri dauden laguntza guztiak.

Lotutako albisteak

18 apirila, 2024 Digitalizazioa
Hobycasa, aurrez fabrikatutako egurrezko etxeen arloan liderra den Gasteizko enpresa
Irakurri gehiago
12 apirila, 2024 Digitalizazioa
Lau ekintzailek plataforma bat sortu dute 4.0. Industriako proiektuak online kudeatzeko
Irakurri gehiago
12 apirila, 2024 Digitalizazioa
ScrapAdek hondakinen salerosketa-prozesua errazten die mundu osoko enpresei
Irakurri gehiago
5 apirila, 2024 Digitalizazioa
Zure enpresa industria adimendun bilakatzen laguntzen dizu Smart Industry programak
Irakurri gehiago
5 apirila, 2024 Digitalizazioa
Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak